Marrazo balea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Rhicodontidae» orritik birbideratua)
Marrazo balea
60 Ma-0 Ma

[1]
Iraute egoera

Galzorian  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaChondrichthyes
OrdenaOrectolobiformes
FamiliaRhincodontidae
GeneroaRhincodon (en) Rhincodon
Espeziea Rhincodon typus
A. Smith, 1829
Banaketa mapa

Marrazo balea (Rhincodon typus) Rhincodontidae familiako espezie bakarra da, Rhincodon generokoa. Munduko arrainik handiena da, gutxi gorabehera 12 metro luze baita. Ur epel tropikal eta subtropikaletan bizi da. Adituen ustez, espeziea duela zazpi milioi urte sortu zen.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurkitu zen lehena 4,6 metrokoa zen: 1828an Hegoafrikako Table Bayko kostaldean harrapatu eta arpoitu zuten eta 6 libra esterlinan erosi; egun, Parisko Historia museoan dago. Lehen deskribapen zientifikoa handik urtebetera egin zuen Andrew Smith zientzialariak: britaniar armadarako lan egiten zuen mediku militarra zen, egun haietan Lurmutur Hirian zebilena. Marrazo balea izendatu zen, arrain fisiologia zela eta: marrazoa izan arren, balearen neurriak ditu.

Bizilekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsaso eta ozeano beroetan bizi da, tropikoaren alboan. Arrain pelagikoak direla uste da, baina urte batzuetan, kostaldera emigratzen dute, Australiako Ningaloo Reffera edo Hondurasko Utilara, adibidez. Nahiz eta ur handietan bizi, kostaldean ere aurki daiteke. ±30°-ko latitudean egoten da eta 700 metroko sakoneran. Bakarti jokatzen du; hala ere, batzuetan taldeak osatzen dituzte, janaria bilatzeko janari-kontzentrazio handiak egoten diren zonaldeetan.

Arrak harat-honat ibiltzen dira. ibilbide zehatzik gabe; emeek, berriz, leku jakinetan egon nahiago izaten dute.

Anatomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sabela guztiz zuria dute; bizkarraldea, aldiz, gris mota batekoa, beste motetako marrazoak baino ilunagoa. Orbanak eta marra zuri-hori bertikalak eta zeharkakoak ditu, xake-taula baten itxurakoak. Lohiune horiek espezimen bakoitzarentzako patroi bakarra irudikatzen dute: horrek biologoei aleak identifikatzeko eta biztanleria zenbatzeko laguntzen die.

Batzuek hamar zentimetroko lodierako azala dute. Gorputz hidrodinamikoa du, zabala eta sendoa, eta buruan eta bizkarraldean hainbat marra longitudinal erakusten ditu. Burua nahiko zabala du; alboetan bi begi txiki ditu, eta haien atzean, arnas-zulotxoak. Haietatik ura sartzen da arnasketa egin ahal izateko zakatzetan. Ahoa inoiz 1,5 metro zabal da eta barrualdean, hotz txiki eta zorrotzak dauzka, ilaretan. Bost zakatz pare ditu, printzadura erraldoiekin. Bi hegats pare ditu: horietako bi, bizkarraldean eta beste biak —oso indartsuak dira—, bularraldean.

Buztana inoiz 2.5 metro luze da. Gazteen gainaldeko hegatsa barrualdekoa baino handiagoa da; helduena, berriz, ilargi-erdiaren modukoa da eta propultsioa ematen die. Hala ere, ez da igerilari eraginkorra, igeri egitean gorputz osoa baitarabil, eta hori ez da arrainen artean oso ohikoa. Horren ondorioz, 5 km/h -ko abiaduraz mugitzen da: nahiko motel, hain neurri handiko arraina izanik.

Inoiz ikusi den marrazo balearik handiena 1947ko azaroaren 11n izan zen, Baba irlaren alboan, Karachitik (Pakistan) hurbil: 2,5 metro zabal zen eta 21,5 tonako pisukoa. Zenbaitek diote 18 metro edota gehiagoko luzerako marrazoak badirela. 1868an, Edward Perceval Wright irlandar botanikoak, Seychelles uharteetan zela, marrazo balea espezimenak behatu eta 15 - 21 metroko luzerako marrazoak ikusi zituela baieztatu zuen.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ura iragaziz elikatzen diren hiru marrazo espezieetako bat da, marrazo erraldoi (Cetorhinus maximus) eta marrazo aho-zabal (Megachasma pelagios) marrazoekin batera. Nagusiki, fitoplanktonez, nektonez, makro algaz eta krillez elikatzen da, baina baita karramarroen larbaz, txibiaz, arrain txikiz (sardinak, atunak eta horrelakoak) eta abarrez ere, ahotik ura xurgatu eta zakatzetatik kanporatzean, ura iragazi eta elikagaiak atxikiz. Hortzak dituen arren, ez dute elikaduran funtzio handirik.

Elikagaia usaimen bidez antzematen du.

Gizakiekiko harremanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marrazorik handiena izan arren, marrazo balea ez da arriskutsua gizakientzat. Izatez, nahiko amultsuak eta jolastiak dira urpekariekin. Gainera bada esaten dutenik gainazalera ateratzen direla urpekariek sabelean hazka egin diezaieten.[erreferentzia behar]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Jurassic Shark (2000) Jacinth O'Donnellen dokumentala; Discovery Channelek emana, 2006-8-5


Biologia Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.