Richard Nixon

Wikipedia, Entziklopedia askea

Txantiloi:Agintari infotaula

Richard Milhous Nixon (Yorba Linda, Kalifornia, AEB, 1913ko urtarrilaren 9a - New York, AEB, 1994ko apirilaren 22a), estatubatuar politikaria, Estatu Batuetako 37. presidentea. Lehendakariordea izan zen 1953 eta 1961 artean, eta presidente aukeratu zuten 1968an eta berriro 1972an. 1974an dimititu zuen Watergate eskandaluagatik.

Karrera politikoa

1945ean alderdi errepublikarreko kide egin zen, eta 1951n senatari hautatu zuten. Gogor jardun zuen komunistatzat salatzen zituen funtzionarioen aurka.

1952tik 1960 arte lehendakariorde izan zen, eta lehendakari gisa jardun zuen Eisenhower lehendakaria gaixorik egon zen bitartean ere. 1960an Alderdi Errepublikarraren hautagaia izan zen lehendakaritzarako hauteskundeetan, baina John F. Kennedy demokrata gailendu zitzaion.

1968an lehendakari hautatu zuten. Barne-politikan, gogor zapaldu zituen Vietnamgo gerrak eragin zituen protesta eta iskanbila larriak, eta arrazakeriaren aurka borrokatzen ziren beltzen erakundeak. Kanpo-politikan, Vietnam-go gerra izan zuen arazo nagusia; konponbide gisa Estatu Batuetako gudarostea pixkanaka handik ateratzen saiatu zen, baina aitzitik vietnamizazio-politika horrek Indotxina osora hedatu zuen gerra; 1972an bonbardaketa latzak agindu zituen Hanoin eta Haiphongen, baina, Estatu Batuek gerra galdua zutela ikusirik, azkenean bake-hitzarmen bat negoziatu behar izan zuten vietnamdarrekin.

Nixon izan zen Txinako errepublikarekin hitzarmenak egin zituen Estatu Batuetako lehen lehendakaria. Bestalde, arma estrategikoen kopurua mugatzeko hitzarmenak egin zituen Sobietar Batasunarekin. Txileko estatu kolpean esku hartzea agindu zuen, eta israeldarrei lagundu zien arabiarren kontrako gerran.

Henry Kissinger estatu-idazkariak eragin handia izan zuen Nixonen kanpo-politikan.

1972an lehendakari izendatu zuten berriro, baina handik bi urtera kargua utzi behar izan zuen Watergate auziagatik.

Kanpo-loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Richard Nixon Aldatu lotura Wikidatan



Erreferentziak