Rhin
|
||||||
|---|---|---|---|---|---|---|
| Luzera | 1.230 km | |||||
| Emaria | Basilea: 1.060 m³/s Estrasburgo: 1.080 m³/s Kolonia: 2.090 m³/s |
|||||
| Iturburua | Alpeak (2.500-2.600 m) | |||||
| Ibai ahoa | Ipar Itsasoa | |||||
Rhin[1] (alemanez Rhein, frantsesez Rhin, nederlanderaz Rijn, erromantxeraz Rein, italieraz Reno) Europako ibairik garrantzitsuenetakoa da, eta 1.230 km-ko luzera du. Grisons Kantoian (Alpeak, Suitza) sortu, eta Herbehereetan itsasoratzen da, Ipar itsasoan.
Danubiorekin batera, Erromatar Inperioko iparraldeko muga osatu zuen. Garai hartatik aurrera, premiazko bidea izan da zonalderako, haren ertzetan dauden gaztelu eta hirien ugaritasunak erakusten duen bezala.
Eduki-taula |
Geografia[aldatu]
Suitzako Alpe mendietan du iturburua, Vorderrhein eta San Bernardino lepotik gertu jaiotzen den Hinterrehin adarren bilgunean, alegia. Iparralderantz egiten du ibaiak, eta Suitza eta Liechtenstein estatuen arteko muga eratzen du lehenbizi, eta Suitza eta Austriaren artekoa muga gero. Delta zabal batean zabaltzen da Konstantza lakuan barneratu aurretik. Aintziraren mendebaletik irteten da, eta norabide horretan segitzen du. Suitza eta Alemania estatuen arteko muga egiten du, halaber, Konstantza lakutik Basilea hirira arte. Basilean bertan, Aar ibaiaren ura hartzen du; handik aurrera, ontziz ibil daiteke. Gero, iparralderako norabidea hartzen du ibaiak, eta Frantziaren eta Alemaniaren arteko muga eratzen du.
Alemanian barneratzen da ondoren, eta Neckar ibaiarekin bat egiten du, Mannheim hiritik hurbil, eta, aurrerago, Mena ibaiarekin. Bingen eta Bonn hirien artean (150 km), haran estu batetik igarotzen da, mahastiez eta Erdi Aroko gazteluez inguratuta. Koblentza hiriaren parean, Mosela ibaia (1956az geroztik kanalizatua) batzen zaio Rhin ibaiaren emariari. Bonn hiritik aurrera zabaltzen da Rhin ibaiaren harana, Europako iparraldeko ordoki zabala osatzeraino. Kolonia, Düsseldorf eta Duisburg hiriak igarota, hiri horretan bat egiten du Ruhr ibaiarekin. Duisburgetik ibaiaren bokalera, handia da ontzien joan-etorria, eta, ubide-sare aberatsari esker, Alemaniako iparraldeko eta hegoaldeko beste ibai txikiagoekin dago loturik Rhin ibaia. Holandan barneratu bezain laster, hainbat adarretan banantzen da (Rijn, Lek eta Waal). Rhin ibaiaren ura azkenik Ipar itsasoan isurtzen da, Rotterdam hiria igaro eta portuko azpiegitura eratu ondoren.
Historia[aldatu]
Kultura asko sortu eta iraungi da Rhin ibaiaren arroan. Burdin Aroan zehar, La Tène kulturako herriak bizi izan ziren ibaiaren inguruan.K. a. I. mendean, Erromatar Inperioa eta Germania Magnaren arteko muga izan zen, jada III. mendean germaniar herriek muga edo ibaia zeharkatzean V. mendera arte gerra ugari izan ziren.
Karlomagnoren garaian, berriz, Karolingiar Inperioaren ezinbesteko ekonomia- eta politika-ardatz bihurtu zen. Ibaiak duen garrantzi estrategiko handia dela eta, istilu latzak izan ziren azken mendeetan Frantziaren eta Alemaniaren artean, eta, bi mundu-gerretan ere, gudu garrantzitsuak gertatu ziren.
XIX. mendera arte, ez ziren hasi Rhin ibaian ura erregulatzeko lanak; bihurgune ugari zituen batetik, eta maiz geratzen ziren, gainera, urpean ibai inguruko lurrak. Ur-hesi handi sendoak eraiki behar izan ziren. Holandar ingeniariek, halaber, ibaiaren bokalaren ingurua egokitu behar izan zuten XX. mendean, Ipar itsasoko urak ibaiaren bokaleraino barnera ez zitezen. Munduko ibaien artean, Rhin da, gaur egun, trafiko handiena eta trinkoena duena.
Ibilbidea[aldatu]
Hiri handi hauek zeharkatzen ditu: Basilea, Estrasburgo, Karlsruhe, Mannheim, Ludwigshafen, Wiesbaden, Mainz, Koblenz, Bonn, Kolonia, Düsseldorf, Krefeld, Duisburg, Nijmegen, Utrecht eta Rotterdam.
Ibaiadarrak[aldatu]
Ur-jauziak[aldatu]
Schaffhausen (Suitza) hiritik hurbil, Neuhausen am Rheinfall udalerria dago. Han daude Rhin ibaiaren ur-jauziak, Europako handienak.
Erreferentziak[aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ 159. araua, Euskaltzaindia, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0159.pdf. Noiz kontsultatua: 2010-10-14