Roberto Saviano

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Roberto Saviano
« Nik badakit eta frogak dauzkat. Eta, beraz, kontatu egiten dut. Egia diren gauzak.
Roberto Saviano, Gomorra
 »

Roberto Saviano (Napoli, 1979ko irailaren 22a) kazetari eta idazle italiar bat da. Bere idatzietan, artikuluetan eta Gomorra eleberrian literatura eta erreportajea erabiltzen ditu camorraren eta krimen antolatuaren errealitatea islatzeko, ekonomiaren eta enpresaren aldetik eta lurraldean duen hedaduraren aldetik ere.

2006an camorra-ko taldeek egin zizkioten lehen hilketa mehatxuez geroztik, Roberto Saviano babes neurri zorrotzekin bizi da. Mehatxu horiek salatu zituen bere eleberrian eta legalitatea aldarrikatzeko Casal di Principeko plazan egin zen manifestazio batean. Geroztik eskoltarekin ibili behar izaten du beti: bost pertsona eta bi kotxe blindatu dauzka bere segurtasuna bermatzeko.

Kolaborazio ugari idazten ditu Italiako eta nazioarteko komunikabide askorentzat: Italiako L'Espresso eta La Repubblica egunkarientzat; Estatu Batuetako Washington Post eta Time-rentzat; Espainiako El Pais-entzat; Alemaniako Die Zeit eta Der Spiegel egunkarientzat; Suediako Expressen-entzat; eta gutxi barru Britainia Handiko Times-entzat.

Haren jarrera ausarta dela eta, 'heroi nazionaltzat' hartu dute idazle garrantzitsu eta kultura arloko pertsonaia askok, haien artean Umberto Ecok.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saviano Filosofian lizentziatu zen Napoliko Universitá degli Studi Federico II unibertsitatean. Bertan, Francesco Barbagallo historialariaren ikasle izan zen. Kazetari karrera 2002an hasi zuen, aldizkari eta egunkari ugarirentzat idazten, hala nola, Pulp, Diario, Sud, Il Manifesto, Nazione Indiana webgunea eta Corriere del Mezzogiorno egunkaria, camorraren inguruko atalean. 2006ko martxoan Gomorra eleberria, errealitatean oinarritzen dena, argitaratu zuen; izen bereko antzezlan bat ere idatzi du, Mario Gelardirekin batera, eta eleberrian oinarrituta egindako pelikularen gidoilaria ere izan da.

Gomorra kasua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2006ko martxoan bere lehenengo eleberria, Gomorra-Viaggio nell’impero economico e nel sogno di dominio della camorra izenburukoa, argitaratu zuen. Eleberri horretan camorraren mundu ekonomiko eta kriminalean zehar bidaiatu zuen, baita camorra jaio eta oraindik bizirik dagoen tokietan zehar ere: Campania, Napoli, Casal di Principe, San Cipriano d’Aversa eta Aversa aldeko nekazaritza lurraldea ere. Autorea bertan hazi zen, eta irakurleari errealitate ezezagun bat erakutsi zion, bertan inoiz bizi izan ez denak ezagutzen ez duena. Liburuak luxuzko etxeez eta krimenaren munduko buruzagiez hitz egiten du.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Roberto Saviano Aldatu lotura Wikidatan