Rodano (ibaia)
|
||||||
|---|---|---|---|---|---|---|
| Kokapena | Suitza, Frantzia | |||||
| Luzera | 812 km | |||||
| Arroa | 100.200 km² | |||||
| Emaria | 1.800 m³/s | |||||
| Iturburua | Alpeak | |||||
| Ibai ahoa | Mediterraneo | |||||
Rodano[1] (frantsesez, Rhône; frankoproventzeraz, Rôno; okzitanieraz, Ròse; alemanez, Rhone; Valaisko alemanieraz, Rotten), Frantziako ibai nagusietakoa. Suitza ere zeharkatzen du: han 290 km egiten ditu, haietatik 72 Leman edo Genevako aintzira zeharkatzeko.
Mediterraneoan isurtzen den Europako ibairik garrantzitsuenetakoa da. Izen bereko glaziarrean du iturburua, 1.750 m-ko garaieran, Aare mendialdean, Suitzako erdi-hegoaldeko Alpe mendietan. Mendebalderantz egiten du, eta Leman aintziran barneratzen da. Aintzira alderik alde igaro ondoren, Frantziako estatuan sartzen da (Rhône-Alpes), Jura mendiak inguratzen ditu eta Saona ibaiaren ura jasotzen du Lyon hirian. Hegoalderako norabidea hartzen du puntu horretan, eta Alpe aldeko ibaien ura biltzen du (Isère, Durance, Ardèche). Gard eta Vaucluseko behe-lautadak zeharkatzen ditu behe-ibilguan eta Arles hirira iritsi baino lehen bi adar nagusitan banatzen da, Mendebaldeko Rodano edo Rodano Txikia eta Rodano handia. Marseillako hiriaren mendebaldean isurtzen du ura Mediterraneoan, delta zabala eratu ondoren. Lyon hiritik bokaleraino ontziz ibil daiteke, Frantziako gobernuak 1940-1970 urteetan egin zituen bideratze-lanei esker. Beste ubide batek Rodano eta Rhin ibaiak lotzen ditu Saonatik Rhineraino luzatzen den ubidearen bidez.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.