Roh Tae-woo
| Roh Tae-woo 노태우 盧泰愚 |
|
|
|
|
|---|---|
| 1988ko otsailaren 25a – 1993ko otsailaren 24a | |
| Aurrekoa | Chun Doo-hwan |
| Ondorengoa | Kim Young-sam |
|
|
|
| Jaiotza | 1932ko abenduaren 4a (80 urte) Taikyu, Korea |
| Ezkontidea | Kim Yun-ok |
- Hau korear izena da, abizena Roh du.
Roh Tae-woo (koreeraz: 노태우; no tʰɛ.u ahoskatua; Taikyu, Keisho-hokudo, Japoniaren menpeko Korea —gaur egun, Hego Korea—, 1932ko abenduaren 4a) politikaria da.
Bizitza [aldatu]
Familia apal batean sortu zen. Koreako Akademia Militarrean ikasketak egin ondoren, Vietnamgo Gerran jardun zuen 1960ko hamarraldian. Chun Doo Hwan jeneralaren adiskidea zen, eta haren alde agertu zen lehendakaria eraisteko matxinadan; horrela, Chun Doo Hwanek lehendakaritza eskuratu zuelarik, Rohk armada utzi eta gobernuko zenbait kargu eskuratu zituen. Agintean zen Justizia Demokratikoaren Alderdia (DJP) alderdiko lehendakari izendatu zuten 1985ean.
Chunen diktadura zapaltzailearen aurkako matxinada lehertu zelarik, sistema demokratikoa ezartzeko lehen urratsak egin behar izan zituzten. 1987an Chunek bere kargua Rohren esku utzi zuenean, herritarren diktaduraren jarraipena etorriko zela uste izan bazuten ere, lehendakaritzarako hauteskundeak prestatzeko aukera emango zuten aldaketak egin ziren konstituzioan, eta Rohk oposizioaren eskaera gehienak onartu zituen.
1988an, Hego Korean lehendakaritzarako lehenengo hauteskunde demokratikoetan, Roh Tae-woo bihurtu zen Korea herrialde zatituaren buruzagi. Beste zenbait ekimenez gainera, bere agintaldian, 1991n, Hego eta Ipar Korearen adiskidantzarako hitzarmena sinatu zuen. Bere alderdiaren eta beste zenbaiten bategitetik sorturiko Alderdi Demokrata Liberaleko buruzagitza bertan behera utzi zuen 1992an, eta 1993an bertan behera utzi behar izan zuen lehendakaritza, konstituzioak agintzen zuenez.
1996an, Roh epaitu eta espetxeratu egin zuten, eta Chun Doo Hwani heriotza-zigorra ezarri zioten, ustelkeriaz eta hainbat hilketaz eta estatu-kolpea eman izanaz salatu zituztelarik; baina 1997an, Kim Young Sam lehendakariak eta haren ondorengo izendaturiko Kim Dae Jungek aske utzi zituzten, nazio-adiskidantzarako urrats gisa.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
| Aurrekoa Chun Doo-hwan |
Hego Koreako presidentea 1988–1993 |
Ondorengoa Kim Young-sam |
|
|||||||||