Romain Rolland

Wikipedia, Entziklopedia askea
Romain Rolland.

Romain Rolland (Clamecy, Frantzia, 1866ko urtarrilaren 29a - Vézelay, Frantzia, 1944ko abenduaren 30a) frantsesezko idazlea izan zen.

Biografia

Historiako ikasketak egin ondoren, Erromara joan zen, eta Frantziara itzuli zenean, Letretako ikasketak egin zituen. Antzerkirako drama historikoak eta filosofikoak idazten hasi zen: Aërt (1897), Les loups (1897, Otsoak), Le triomphe de la raison (1899, Arrazoiaren garaipena), Danton (1901), Le quatorze-juillet (1902, Uztailaren hamalaua) eta La Montespan (1904).

Artista handiak miresten zituen, bestalde, eta haien biografiak ere idatzi zituen: Beethoven (1903), Michelangelo (1907), Haendel (1910) eta Tolstoi (1911).

Lehen Mundu Gerra hasi zenean, Suitzan zen, eta Frantzian nahiz Alemanian protesta ugari eragin zuen bakearen aldeko Au-dessus de la môlée (1915, Gatazkaren gainetik) obra idatzi zuen han. Urte berean, Literaturako Nobel Saria irabazi zuen.

Geroztik, Aux peuples assassinés (1917, Hil dituzten herriei) eta Les précurseurs (1923, Aitzindariak) idatzi zituen. 1920an argitaratu zuen bere eleberririk onenetako bat (Colas Breugnon); 1922an Europe aldizkaria sortu zuen. Indiako pentsalariei buruzko lanak ere idatzi zituen: Mahatma Gandhi (1923) eta Ramakrisnaren bizitza (1929). Sobietarren alde agertu zen, eta gerraren aurka zeuden alderdi guztien nazioarteko kongresuaren buru izan zen, Amsterdamen. 1928 eta 1945 bitartean Beethoven: sortzeko garai onak saiakeraren zazpi liburukiak argitaratu ziren, eta 1939an Robespierre drama kaleratu zuen. Le voyage intérieur (1943, Barne-bidaia) eta Charles Péguy (Péguy frantses idazlearen biografia) izan ziren Rollanden azken lanak.

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Romain Rolland Aldatu lotura Wikidatan