Ronald Fisher

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ronald Aylmer Fisher

Ronald Aylmer Fisher (Londres, 1890eko otsailaren 17Adelaida, Australia, 1962ko uztailaren 29) estatistikari eta biologo nabarmen bat izan zen. Estatistikari gisa, "ia soilik bere kabuz estatistika zientzia modernoaren oinarriak finkatu zituen jakintsua"[1] izan zen, inferentzia estatistikoaren tresnak garatuz, berak asmaturiko egiantz handienaren metodoaren bitartez. Berari zor zaio halaber bariantza analisiaren garapena. Biologo moduan, ezaguna da genetikan eta eboluzioan egindako ikerketengatik, eugenesia arlo eztabaidatsuaren inguruan.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Londresko East Finchley auzoan jaio zen. Bere gurasoak George Fisher, enkante-etxe bateko langilea, eta Katie Heath, legegizon baten alaba, izan ziren. 7 anai-arreben txikiena izan zen[2]. Txikitatik erakutsi zuen matematikarako zaletasuna eta argitasuna. Zaletasun hau asetzeko, matematika irakasle onak izan zituen ikastetxeetan. Ikusmen arazoak zituela eta, argi elektrikoaz ez irakurtzeko aholkua eman zioten eta horrela, paperik eta arkatzik gabe ikasi behar izaten zuen. Horrela, problema matematikoak ikuspegi geometriko batez buruz ebazteko trebezia lortu zuen. Beste estatistikari batzuek bere froga matematikoak ilunak izatea eta intuizio hutsez jokatzen zuela leporatuko zioten, ordea, gerora.

1909. urtetik aurrera eta beka bati esker Cambridgen matematika eta fisika ikasi zituen eta biologiarako interesa ere piztu zitzaion Karl Pearsonen Mathematical contributions to the theory of evolution lanari esker, matematika zientzia fisikoetaz gainera beste arlo batzuetan ere erabil zitezkeela ulertu baitzuen. Gerra baino lehenxeago, 1912. urtean, William Sealy Gossetekin harremanetan ibili zen eta Gossetek aurkituriko t banaketari buruzko frogapen matematiko zorrotza egin zuen. Frogapena ez zuen onetsi Karl Pearsonek, argia ez zelakoan, baina bai ordea bigarren ekarpen garrantzitsu bat, Pearsonek bere Biometrika aldizkarian argitaratu zuena: korrelazio-koefizientearen banaketa deduzitu zuen, astebetean eta geometria erabiliz, Pearson eta bere lankideak ebazkizun honekin buru belarri luzez aritu baziren ere. Pearsonekiko harremanak zakartu egingo ziren gerora, Fisherek Pearsonen aldetik bere ikerketak baimenik gabe erabiliak, bere pertsona baztertu eta bere lana gutxietsirik ikusi zituenean. Munduko Lehenengo Gerra garaian, bere ikusmen arazoak direla eta, soldadu gisa onartua izan ez eta eskola publikoan aritu zen irakasle 5 urtez. 1918. urtean ospea ekarriko zion "The Correlation Between Relatives on the Supposition of Mendelian Inheritance" lan berritzailea plazaratu zuen eta horri esker bi lan-eskaintza jaso zituen: bata, Karl Pearsonen lan-taldean aritzeko, eta bestea, Sir John Russell buru zuen Rothamsted Experimental Station laborategian. Ikertzeko independentzia izango zuelakoan, bigarrena aukeratu zuen, Pearsonen lan-taldearen ospea handiagoa zen arren. Bitartean, bere ikerketa giroan ezagutu eta 16 urte besterik ez zituen Ruth Eileen Grattan Guinnessekin ezkondu zen 1917an ezkontza sekretu batean. Gerora 6 seme eta 3 alaba izango zituzten.

Rothamstedeko egonaldia oso emankorra izan zen. Saiakuntza-diseinua eta bariantza analisia bertan garatu zituen. Metodo berrien bilduma praktikoa Statistical methods for research workers izenburuko liburuan osatu zuen 1925. urtean. Liburua hainbat ikertzaileren eskuliburu bilakatu zen. Rothamsteden Gregor Mendelen ondoretasun-eskemak eta Charles Darwinen eboluzio-teoriak uztartu ere egin zituen eta emaitza gisa The genetical theory of natural selection lana argitaratu zuen 1930. urtean. Egindako ikerketek ospea ekarri eta Royal Society izenekoaren kide izendatu zuten 1929 urtean. Aldi berean, eugenesia arloan aritzen zen, xagutxo eta marraskiloekin saiakuntza ugari eginez. Gizakien eugenesia edo selekzio genetikoa ere defendatu zuen urte hauetan.

1933 urtean, Karl Pearson hil eta gero, honen lekua hartu ahal izan zuen Galton Laboratory izenekoan, Londresko University College erakundean, eugenesia ikerketak jarraitzeko. Ikerketa sail hau Karl Pearsonen semea zen Egon Sarpe Pearsonekin konpartitu behar izan zuen. Pearsonek estatistika arlo teorikoa bereganatu zuen eta Fisher eugenesia arlora mugatu behar izan zuen. Hikamikak sortu ziren bi sailen artean, aurretik Fisherek Karl Pearsonekin izan zituen tirabirek areagoturik. Pearsonen saileko Jerzy Neyman estatistikariarekin izan zituen harreman zailak eta ezadostasunak ere aipatu behar dira. Bere lan estatistikoa, ordea, jarraitu egin zuen, berak asmaturiko inferentzia fiduzialaren inguruan besteak beste. 1935 urtean The design of experiments (euskaraz, Saiakuntza-diseinua) argiratatu zuen, XX. mendean zehar argitalpen anitz izan zituena. University College izenekoan aritu zen urte guztietan Rothamstedeko laborategiak zeuden Harpendenen bizitzen jarraitu zuen eta Russellekin harremanak jarraitu zituen. Munduko Bigarren Gerra hasi zenean, University College zentroa itxi eta Rothamstedera itzuli zen. Han ere, gerra bete betean zegoela, ez zen giro izan ikerketak aurrera eramateko.

1942 urtean bere matrimonioa apurtu egin zen eta emazteak seme alabak hartu eta bere familiarekin joan zen bizitzera, Fisheren izakera gogorraz gogaiturik. 1943an, Leonard Darwin hil eta bere genetika-katedra lortu zuen Cambridgeko Unibertsitatean eta bertan jarraitu zuen lanean 1959ra arte, genetika arloan betiere.Adelaidan ikertzen jarraitzeko proposamena jaso eta onartu egin zuen. Bertan aritu zen 1962an zendu zen arte.[3][4]

Ekarpenak estatistikan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendearen hasieran, Karl Pearson zen estatistikaren gidaritza hartuta zuena. Gidaritza hau norabide jakinik gabekoa zela aipatu izan da ordea, estatistika lana korrelazio koefiziente andana kalkulatu eta datuei kurba teorikoak egokitzera mugatzen baitzen bere eskolan. Fisher izan zen bere ekarpenekin estatistikaren garapenerako oinarri finko bat emango zuena. Pearsonen eskolak asmaturiko koefiziente eta zenbatesleen baliotik haratago, hauen adierazgarritasuna zen bere kezka eta horrela zenbatesle ezberdinen lagin banaketak deduzitzeari ekin zion. Horrela, 1908. urtean asmaturiko Student t banaketa 1912. urtean matematikoki frogatu eta 1925. urtean t banaketa egun ezagutzen den eran, t=z\sqrt{n-1} aldakuntzaren bitartez, proposatzeaz gainera, bere garrantziaz jabetu zen bakarra izan zen, zenbatesleen banaketa azaltzeko eta lagin txikietarako erabil zitekeela ohartuz. Hain zuzen, honela idatzi zion William Sealy Gossetek:

« Studenten Taulen kopia bat bidaltzen dizut, seguru asko zu baitzara horiek erabiliko dituen bakarra!  »

—Gossetek Fisheri bidalitako gutun batean. 1922ko irailaren 22.

Aldi berean, egiantz handienaren metodoa garatu zuen 1912. urtean argitaratutako An absolute criterion for fitting frequency curves izenburuko artikuluan hasita[5] . Askoz ere beranduago, ordea, 1922. urtean hain zuen, azalduko ziren "maximum likelihood" edo "egiantz handien" hitzak lehenengo aldiz Fisheren beraren artikulu batean. Kontzeptu hau funtsezkoa suertatuko zen inferentzia estatistikoaren garapenean. Egiantz handienaren metodoek bariantza txikiko zenbatesleak, zenbatesle efizienteak alegia, ematen zituztela ohartu zen gainera. Bestalde, kontzeptu hauek garai hartan Karl Pearsonek proposatzen zituen khi-karratu txikienaren metodoen aurkakoak ziren. Bestalde, Karl Pearsonen khi-karratuan askatasun maila kopuruaren zuzenketa ere, zenbatetsi beharreko parametro kopurua kenduz eta egun guztiz onartua dena, berari zor zaio. Hauek guztiek ez zituzten Pearsonekiko harremanak gozotu.

Egiantz handienaren egituran, zenbatesleen askitasun ideia ere garatu zuen 1920 urtean. Tinkotasun zenbatesleen propietatea 1922 urtean plazaratu zuen. Fisheren informazio eta zenbatesle laguntzaile kontzeptuak 1925. urtean azaldu zituen. Erregresio tekniketan ere ikerketak egin zituen, erregresio linealaren koefizienteetarako adierazgarritasun-frogak desikatu zituen, koefiziente hauen lagin banaketak t banaketari buruzkoak zirela frogatuz.

Bariantza analisiaren eta saiakuntza diseinuaren garapena dira bere ekarpen garrantzitsuenetakoak. Arlo honetan idatzi zituen Statistical methods for research workers eta The design of experiments bi liburuak klasiko dira estatistikan. Azkenean garapenik izan ez zuen estatistika fiduziala ere berak garatu zuen. Beste ekarpen zenbait ere egin zituen analisi diskriminatzailean eta aldagaia kategorikoen koantifikazioan, besteak beste. Ekarpenen aniztasun eta sakontasunean parekorik izan ez duela aipatu da.[6]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Anders Hald: A history of mathematical statistics from 1750 to 1930‎.
  2. Anai biki batekin batera jaio zen, baina hura hilda jaio zen.
  3. (Ingelesez) F. Yates, K. Mather: Ronald Aylmer Fisher, Adelaidako Unibertsitateko Liburutegi Digitalean.
  4. (Gaztelaniaz) John Aldrich: Ronald Fisher: Biographical Sketch.
  5. (Ingelesez) John Aldrich: R. A. Fisher and the making of Maximum Likelihood 1912-1922. Statistical Science, 12 bol. 3 zbk. 1997. 162-176 orrialdeak.
  6. (Ingelesez) C. Radhakrishna Rao:R. A. Fisher:The Founder of Modern Statistics.