Rosalind Franklin

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Rosalind Elsie Franklin
Zientzialaria
Arloa Fisika, Kristalografia
Jaio 1920ko uztailaren 25a
Ingalaterra Notting Hill, Londres (Ingalaterra)
Hil 1958ko apirilaren 16a
Ingalaterra Chelsea, Londres (Ingalaterra)
Ikasleak Raymond Gosling
Lanak DNAren egituraren deskribapena


Rosalind Elsie Franklin (Notting Hill, Londres, Ingalaterra, 1920ko uztailaren 25a  - Chelsea, Londres, Ingalaterra, 1958ko apirilaren 16a ) biofisikaria eta kristalografialaria izan zen. DNA molekula, birus, ikatz eta grafitoaren egituren inguruan ekarpen garrantzitsuak egin zituen. Hala ere, X izpien difrakzio bidez DNAren lehen irudiak lortu izanagatik egin zen ezagun. Bere datuei esker, James Watson eta Francis Crickek DNAren egiturari buruzko hipotesia garatu zuten 1953an.

Aitzitik, DNAren egituraren inguruan argitaratu ziren artikuluetatik berea hirugarren tokian kokatu zutenean, hipotesiaren aldeko froga soil bat bezala gelditu zen. Gerora, helize bikoitzaren aurkikuntzan paper garrantzitsua izan ote zuen jakiteko, DNAren historia eta Franklinen ekarpenak ezagutzeko ikerketa bat egin zen.

DNAren inguruko lanak amaitu ondoren, Franklinek tabakoaren mosaiko eta poliomielitisaren birusen inguruko lehen lanak eraman zituen aurrera. 1958an hil zen 37 urterekin, obulutegiko minbiziak sortutako konplikazioengatik.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Notting Hillen jaio zen, Londonen, familia judu britaniar batean. Bere gurasoak, Arthur Ellis Franklin (1894-1964), Londongo bankaria, eta Francisca Waley Muriel (1894 -- 1976) izan ziren. Alaba zaharrena, bost senideetan bigarrena izan zen. Bere familiak Europatik naziengandik ihesean joandako judu errefuxiatuei laguntza eman zien.

Franklinek St Pauleko nesken eskolan ikasi zuen eta bertan zientzia, latina eta kirol arloan nabarmendu zen. 1938ko udan Cambridgeko Unibertsitatera joan zen eta 1945ean doktoratua lortu zuen.

1941 eta 1942 artean Ronald Norrishentzat egin zuen lan. Bigarren mundu gerran lagundu nahi zuenez, Kingston-upon-Thamesen British Coal Utilisation Research Associationen (ikatzaren erabilera aztertzen zuen elkarte britainiarra) ikatzaren porositatea ikertzen jardun zuen. Lani honi esker, erresistentzi altuko ikatz zuntzei buruzko ideia bat izan zuen eta 1945 egin zuen tesi doktorala horretan oinarritu zen.

Gerra amaitu ondoren, Jacques Meringekin Parisen lan eskaintza bat onartu zuen. Ikatza eta beste materia inorganiko batzuekin erlazionatutako X izpien difrakzioa ikasi zuen hiru urtez bertan. Hala ere, ez zuen inoiz produktu kimiko organikoekin kristalografia mailan lanik egin. Hori DNArekin lanean hasi zenean oztopo bat izan zen. Frantzian egon zen denbora horretan ikatzaren egiturari buruz argitaratu zituen ikerketei esker ospe internazionala lortu zuen. 1950ean Ingalaterrara itzuli zen lanera.

DNA molekularen inguruko lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1951ko urtarrilean Londonen John Randallek zuzendutako King's Collegen hasi zen lanean. Aurretik X izpiekin lanean aritu zenez, Randallek bere lana DNA molekulara zuzendu zuen orduan. Franklin Londonera iritsi aurretik, Maurice Wilkins eta Raymond Gosling ari ziren proiektu horretan lanean. Randallek ez zienez honen berri eman, Wilkins eta Franklinen artean iskanbila ugari izan ziren.

Franklin Raymond Gosling bere ikaslearen laguntzarekin, hain ondo ezagutzen zituen X izpien difrakzio teknikak aplikatzen hasi zen DNA molekularen gain. Ikerketa honetan Wilkinsek erabiltzeko esan zion materialari hobekuntza teknikoak egin zizkion eta honek hobekuntza horiei buruz galdegin zionean erantzun txar bat eman zion Franklinek. Franklin nortasun handiko emakumea zen eta behin baino gehiagotan egin zion aurre Wilkinsi.

Giro nahasi honen erdian, Franklin eta Goslingek DNAk bi forma zituela ikusi zuten: hezetasun altuetan (bustita dagoenean) DNA molekula luzea eta mehea da, lehortzean aldiz laburra eta lodia. Hauek, hurrenez hurren "B" eta "A" bezala ezagutzen diren DNA molekulak dira.

Franklin eta Wilkinsen artean zeuden arazoak zirela eta, Randallek DNAren gaineko lanak banatu egin zituen. Franklinek "A" molekula aukeratu zuen eta Wilkinsek "B". Momentu honetan Franklinek X izpien bidez atera zituen argazkiak "edozein substantziari X izpien bidez inoiz ateratako ederrenetakoak" zirela esan zuen J.D. Bernalek.

1951ren bukaeran DNA molekularen "B" eredua helize nat zela uste zuten, baina Franklinek zalantzak zituen "A" eredua helikoidala ote zen 1952ko maiatzean irudi asimetriko batzuk grabatu ondoren. Gai honen inguruan Franklin eta Goslingek txantxa bat egin zioten Wilkinsi, honek DNAren egitura helikoidala zela uste baitzuen. Txantxa hori, DNAren "A" ereduaren (kristalinoa) heriotza sentitzen zutela zioen idatzi bat izan zen.

1952an Rosalind Franklin eta Raymond Gosling X izpien bidez lortutako DNA molekularen argazkiekin aritu ziren lanean. Lan hau ogorra eta lzea izan zen, baina molekularen egiturari buruzko ezagupen asko lortu ziren.

1953ko urtarrilean, Franklin hiru proiektutako bilduma bat idazten hasi zen. Proiektu hauen oinarria DNA molekula helize bikoitz batez eratuta zegoela zen. Wilkinsek Franklinek DNAri ateratako argazkiak erakutsi zizkion Watsoni, Franklinen baimenik gabe. Argazki honekin eta Franklinek bildutako datuekin, beraiek aurrerago onartuko zuten bezala, DNAren egitura aurkitu zuten Watson eta Crickek.

Watson eta Crickek 1953ko Apirilaren 25ean Nature aldizkarian DNAren egitura azaltzen zuen artikulu bat argitaratu zuten. Bertan, Franklin eta Wilkinsen jakintza orokorrak zerbait estimulatu zituela onartu zuten. Gaur egun, badakigu proposatu zuten eredua Franklin eta Goslingen datuetan oinarritu zutela. Franklinen X izpien difrakzioari buruzko artikuluak Nature aldizkarian argitaratu ziren, itxuraz Watson eta Cricken ereduaren alde egiteko. Franklinek Londongo King's College utzi zuen Birkbeck Collegeera joateko.

DNAren egitura helize bikoitz bat zela ez zen 1961 arte onartu. Urtebete beranduago Medikuntzaren Nobel Saria eman zitzaien Watson, Crick eta Wilkinsi.

Tabakoaren mosaikoaren birusarekin lanean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Birkbeck Collegen Franklinek X izpien kristalografia erabili zuen tabakoaren mosaikoaren birusa (TMV) ikertzeko. 1955ean Nature aldizkarian artikulu bat argitaratu zuen Franklinek. Bertan, TMVren birus guztiak luzera bera zutela esaten zuen. Hau Norman Pirie birologo ezagunaren ideien aurka joan arren, Franklin zuzen zebilela frogatu zen azkenean.

Franklinek birus desberdinekin lan egin zuen Birkbeck Collegen egon zen denboran eta DNA egituraren inguruan egin zituen ekarpenak ez zirela kasualitate hutsa izan erakutsi zuen. Irudi onenak lortu eta interpretatzeko gaitasuna zuela erakutsi baitzuen.

Gaixotasuna eta heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1956an lan kontuengatik Estatu Batuetara egin zuen bidaia batean, osasun arazoren bat izan zezakeela susmatzen hasi zen. Urte hartan bertan egin zioten ebakuntza batean abdomenean bi tumore zituela ikusi zuten.

Minbiziaren aurkako tratamendua hartzen ari zen bitartean lanean jarraitu zuen. 1956an zazpi artikulu argitaratu zituen eta 1957an beste sei. 1957an gainera, poliomielitisaren birusarekin aritu zen lanean.

Azkenean, 1958ko Apirilaren 16an hil zen minbizi horrek sortutako konplikazioengatik. X izpi erradiazioekiko exposizioa minbizia izateko arrisku faktorea da eta ziurrenik bere lana izan zen gaixotasunaren eragilea.

Heriotza osteko polemika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Franklinen heriotza eta gero, polemika ugari sortu ziren bere inguruan.

King's College erakunde sexistatzat hartu izan da eta askotan aipatzen da Franklin baztertua izan zela bertan emakumea izateagatik. Honen adibide bat, bertan lan egiten zuten gizonek jangela handi eta eroso bat zuten bitartean, emakumeek ikasleen jangelan edo lantokitik kanpo bazkaldu behar zutela da. Honekin erlazionatutako beste salaketak, John Randallen taldean emakume bakarra zegoela dio. Hala ere, King's Collegen aldekoek garai hartarako emakumeen ordezkapena egokia zela uste dute.

Franklinekin erlazionatutako beste hika-mika bat DNA egituraren inguruan izan zuen ekarpenari lotuta dago. Franklinek X izpien bidez DNAri atera zion argazkia eta bere datuak Watsonen eskuetara zilegi ez den modu batean iritsi izan zitezkeen. Agian Wilkinsek Franklinen kajoitik hartu zituen berari kalte egiteko asmoz. 1953an Watson eta Crickek DNAren egiturari buruzko teoria azaldu zutenean Wilkinsekin banatu zuten meritua. Franklinek ez zekiela bere datuak nola interpretatu esan zuten aitzakia gisa.

Nobel Sariaren arauek zendutako hautagaiak izatea debekatzen du. Franklin 1958an hil zenez, Nobel Saria Watson, Crick eta Wilkinsek jaso zuten 1962an.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Rosalind Franklinen biografia elhuyarren[1]