Rosetta (zunda)

Wikipedia, Entziklopedia askea
EnzaiBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 17:44, 10 maiatza 2015
Rosetta
Rosetta zundaren eredua
Ezaugarri teknikoak
Misio mota: Kometaren orbitatzailea/zunda
Misioaren iraupena: 12 urte
Orbitatzailearen beste izenak: 2004-006A, 28169
Zundaren beste izenak: Philae
Jaurtiketa-eguna: 2004ko martxoaren 2a
Jaurtiketa lekua eta ordua: Kourouko Espazio Gunea, 07:17 UT.
Jaurtitzailea: Ariane 5 V-158
Zundaren eta orbitatzailearen pisua: 3.000 kg
Grabitazio laguntza: 3 Lurretik: 2005-03-04, 2007-11-13 eta 2009-11-13
1 Martetik: 2007-02-25
Zundaren helburua: 67P/Txuriumov-Gerasimenko kometa
Orbitatzailearen iritsiera: 2014ko abuztua
Zundaren iritsiera: 2014ko azaroa

Rosetta ESAk sortutako zunda bat da, 2004ko martxoaren 2an espazioratua. Honen helburua 67P/Txuriumov-Gerasimenko kometaren inguruan orbitatzea da. Zunda honek abiadura handia behar duenez, Lurraren eta Marteren grabitate-indarrez baliatu da 2014an 67P/Txuriumov-Gerasimenko kometara iristeko, 6.500 miloi km egin ondoren.

Europar Agentzia Espazialak (Alemanian) Rosetta zunda 3,4 km/s abiadurarekin Lurretik urruntzen zen heinean kontaktua mantentzen saiatu zen. Beraz orain arte bertan geratu diren aldaketa guztiak ikertzen egon dira.

Rosetta bi zatitan banatzen da, batetik laginak hartzeko atala eta bestetik lur hartzeko Philae izeneko aparailua. Kometa ikertzeaz gain, zundak, bidean aurkitutako bi asteroide ikertu ditu: (2867) Šteins eta (21) Lutetia. 1.300 milioi euro inguruko kostua izan zuen.

Misioaren helburua

Rosetta misioarekin, Lurrean bizitza sortzeko prozesuan kometek eragina izan ote zuten aztertuko dute. Izan ere, molekula organikoak garraiatzen dituzte kometek. Lurra jotzean, bertan uzten dituzte, eta posible dahorrek bizitza sortzen lagundu izana. Gainera, kometek daramatzaten elementu arinek eta lurrunkorrek ozeanoak eta atmosfera sortzen ere lagundu zutela pentsatzen dute[1].

Rosetta zunda

Rosetta kometa baten orbita jarraitzeko eta bertan lur hartzeko lehenengo misioa da. Helburu duen kometa 67P/Txuryumov-Gerasimenko kometa da. Zunda orbita jarraitzeko modulu batek eta lur hartzeko beste modulu batek, Philaek, osatzen dute[1].

Izenaren jatorria

Rosetta harriarengatik hartu du misioak izen hori. 1799an Egipton aurkitutako harri hura oso garrantzitsua izan zen hieroglifikoen esanahia argitu ahal izateko, eta misio honek Eguzki Sistemaren eboluzioaren inguruko misterioak argitzen lagunduko duela espero dutelako zientzialariek jarri diote izen hori[1].

Rosettaren ibilbidea

2004ko martxoaren 2an Lurretik atera zen. Ordutik bost itzuli eman dizkio Eguzkiari[1]. Rosetta zunda lehenik abiadura egokia hartzeko 2005, 2007, 2009 urteetan Lurraren ingurutik igaroko da eta Martetik bakarrik behin, 2007an (200km-ra hurbilduz).

Rosettak eguzki energia behar du ondo funtzionatzen jarraitzeko, beraz, azken aldiz Lurretik igaro ondoren, 2011 urtetik aurrera eguzkitik 800km-ra ezegoenez gero, zundak bere eragilea martxan ipini zuen, 67P/Txuriumov-Gerasimenko kometarantz abiatu zenean.

Rosetta zunda, beste planeten inguruetatik bidaiatzen dagoen bitartean hibernazio egoeran dago, hau da, bere azpisistemak babesten saiatzen da hauek ez higatzeko.

Asteroideen topaketa

2008ko irailaren 5ean Rosetta (2867) Šteins asteroidearen gainetik hegan egin zuen. Steins asteroidea E motatakoa da, 4,6km diametro dituena eta bere distantzia 900km ingurukoa. Topaketa Lurretik 360km-ra izan zen 8,62km/s abiadura zuelarik. Hau dela eta, ESA-k gertakizun honetatik probetxu atera zuen eta entsegu bat bezala hartu zuen benetan gertatu egingo zenerako.

2010eko ekainaren 810ean, Rosetta bigarren asteroidetik pasa zen, (21) Lutetia izenekoa.

2011ko uztailean, Rosetta hibernazio fasean sartu zen, zatirik bakartiena eta hotzena egin ahal izateko, Eguzkitik 800 milioi kilometrora. Bere barne iratzargailuak 2014ko urtarrilaren 20an esnatu zuen[1].

2014ko abuztuaren 6an, 67P/Txuriumov-Gerasimenko deituriko kometaren orbitan sartu eta harekin jiraka jarri zen[2].

67P/Txuriumov-Gerasimenko kometa

Txurimov kometa Rosetta zundatik ikusita, 2014ko irailaren 19an

Rosetta zundaren helburua 46P/Wirtanen kometa aztertzea zen baina bere jaurtiketaren atzeratzearen ondorioz Txuriumov-Gerasimenkoo kometa hautatu zuten.

Txuriumov-Gerasimenko aldizkako kometa bat da Jupiterretik banandu ondoren eguzkiko gertutasunean harrapaturik geratu dena.

Kometa honek 1969an aurkitu zuen Klim Txuriumov astronomoak Kiev-eko unibertsitatean, bere laguna Svetlana Gerasimenko-k ateratako argazki batzuei esker.

2014an Rosetta kometa honen inguruan orbitatzen hasi zen.

Philae modulua kometaratzea

Philae modulua 2014ko azaroaren 12an lurreratu zen 67P/Txuryumov-Gerasimenko kometan. Philaek 100kg pisatzen du eta hiru hanka ditu. Kometatik 22,5 kilometrora zegoenean banatu zen Rosetta zundatik, eta zazpi ordu geroago kometaren azala ukitu zuen. Zoritxarrez, kometari lotzeko pentsatuta zeuden sistemek ez zuten ongi funtzionatu eta bi salto egin zituen azkenean lurrean gelditu aurretik, kometaren grabitatea oso ahula baita. Nolanahi ere, kometan pausatu zen. Ez, ordea, pentsatuta zegoen lekuan. Nolanahi ere, hainbat datu jaso ahal izan zituen eta Lurrera bidali zituen bateriarik gabe gelditu aurretik [1].

Erreferentziak