Rostov
|
Rostov |
|||
|---|---|---|---|
|
|
|||
| Izen ofiziala | Ростов | ||
| Izen ezaguna | Rostov Veliki | ||
| Estatua | |||
| Oblast-a | Jaroslavl | ||
| Koordenatuak | 57°11′N 39°23′E / 57.183°N 39.383°EKoordenatuak: 57°11′N 39°23′E / 57.183°N 39.383°E | ||
| Eremua | 31 km2 | ||
| Garaiera | 100 m | ||
| Posta kodea | 78410 |
||
| Biztanleria | 31,792 bizt. (2010) | ||
| Dentsitatea | 1,03 bizt./km² | ||
| Sorrera | 862 (lehen aipamena) | ||
| http://www.admrostov.ru/ | |||
Rostov (errusieraz, Ростов), Errusiako hiririk zaharrenetako bat, Urrezko Eraztuna deritzon inguruko turismo-guneko garrantzitsuenetariko bat. Nero aintziraren ertzean dago, Jaroslavl oblastean, Moskutik 202 km ipar-ekialdera. 2002ko erroldan 34.141 biztanle zituen, eta 2010ean, berriz, 31.792.
Hiriaren izen ofiziala "Rostov" da, baina errusiarrek Rostov Veliki (Ростов Великий, "Rostov Handia") esaten diote, Rostov Don hiriarekin ez nahasteko (dena den, Rostov Don, gaur egun, Rostov Veliki baino askoz handiagoa da). Hiriko geltokiaren izena, edonola ere, "Rostov Jaroslavski" da, probintziaren izena hartuta.
Hiriaren lehen aipamena 862. urtekoa da; herri garrantzitsua izan zen, XIII. mendera arte errusiar erresuma garrantzitsuenetariko bateko hiriburua izan zenez. 1474. urtean, Moskuko Printzerrian sartu zuten. 1777. urtean, hiri-izaera eman zioten.
Erlijio-gune garrantzisua ere izan da historikoki: 988. urtetik apezpiku-hiria zen; XIV. mendean Rostoveko apezpikuak artzapezpiku-kargua hartu zuen; XVI. mendean, metropoliko apezpiku: apezpiku horietako batek, Jona Sisoievitxek, sustatu zuen hiriko Kremlin ospetsua egitea. XVIII. mendearen amaieran, metropoliko egoitza Jaroslavlera aldatu zuten.
Beste monumentu garrantzitsu batzuk ere erlijiosoak dira: XVI. mendeko Jasokundearen katedrala (XII. mendeko eraikinaren gainean eraikia), Errusiako kanpai handi eta famatuenak dituena (kanpai handienak, 1688. urtekoak, 32.000 kg inguru ditu); Salbatzailearen eliza, San Gregoriorena, San Joanena, Piztuerarena; eta aipatzekoa da, halaber, Jona Sisoievitxek bera bizitzeko eraikiarazi zuen egoitza ikusgarria (jauregiak, dorreak, eliza...).
Rostov inguruan daude monasterio famatu bi: bata, Abrahamena, XI. mendekoa, Errusiako zaharrenetarikoa; eta bestea Done Jakue Salbatzailearena, XVIII-XIX. mendeko eraikin neoklasikoa.
Bestalde, hiriko esmalteak oso ospetsuak dira.