Rotuma

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Rotuma


Rotuma

Ez da estatua
Rotumako bandera
Bandera
LocationRotuma.png
Rotuma
Hiriburua 'Ahạu
Hiri nagusiak Motusa[1]
Administrazioa Rotumako Kontseilua, Fijiren barruan
Eremua 43 km²
Biztanleria 2.002 (2007)
Dentsitatea 65 biztanle/km²
Administrazioa Rotumako Kontseilua, Fijiren barruan
Dirua Fijiko dolarra
Herritarra rotumar
Hizkuntza(k) Fäeag Rotuma (rotumaera)
Ofiziala(k) fijiera, ingelesa, Fijiko hindia
12°30′42″S 177°51′9″E / 12.51167°S 177.85250°E / -12.51167; 177.85250

Rotuma Fijiko estatuaren menpean dagoen uhartedi bat da. Izen bereko uhartea eta bere inguruan dauden uhartetxo batzuek osatzen dute.

Bertan herri polinesiar bat bizi da; hizkuntza eta herri polinesiarra izateak eta geografikoki Fijiko beste uharteetatik oso aldenduta egoteak Rotuma erabat aparteko errealitate bezala definitzen dute. Politikoki ere hala da eta Fijiko estatuaren barruan berezko autogobernuko estatusa du.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fijitik 465 bat km iparraldera dago. Ekialdean Wallis eta Futuna ditu, iparraldean Tuvalu eta mendebaldean Vanuatu. Bere kultura polinesiarragatik uharte periferiko polinesiarretako bat da.

Rotuma uharteak berak 43 km²ko azalera du; bi zati nagusitan banatuta dago, ekialdekoa eta mendebaldean dagoen penintsula. Biak istmo estu batek lotuta daude; bertan Motusa hiri nagusi eta portua dago. Istmoaren iparraldean Maka badia dago eta hegoaldean Hopmafau badia. Badia hauek koralezko uharriz beteta daude.

Tontorrik garaiena erdialdeko Suelhof mendia (256 m) da; Sataruak, ekialdean, 166 m ditu.

Uharte nagusitik 50 m eta 2 km arteko distantzian, beti ere uharriek osatutako mugen barnean badira zenbait uhartetxo:

Horiez gain, bereizita dagoen uhartetxo-kate bat dago uharte nagusiko mendebaldetik 3-6 kmra. Ipar-ekialdetik hego-mendebaldera hauexek dira:

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hastapenak ahozko historian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rotumako ahozko historiaren arabera uharteetako lehen biztanleak Tongatik etorri ziren, Raho izenekoa burua zutela. Geroago kolono gehiago etorri ziren Tongatik eta horien ostean gehiago Tonga zein Kiribatitik, beraz denak herrialde polinesiarretatik. Samoarrek ere badute Rotumarekin zerikusia duen tradiziorik[3].

1850 eta 1850eko hamarkadetan, Ma'afu Tongako printzeak uhartedia berea zela aldarrikatu zuen eta bere menpeko arduradunak bidali zituen Rotuma kudeatzeko[4].

Lehen europarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rotuma ikusi zuela ezagutzen den lehen europarra Edward Edwards kapitain britainiarra da, 1791n. HMS Pandora itsasontziko eskifaia han lurreratu zen Bounty itsasontziaren errebolta ospetsuan[5] desagertutako marinelak bilatu nahian.

Pedro Fernandes de Queirós protugaldarrak ikusi zuen Tuamaco uhartea Rotuma dela uste duenik ere badago baina ez dago horren gaineko inolako ziurtasunik.

Balearen arrantzan aritzen ziren itsasontzietako kutuna, XIX. mendearen erdialdean Rotuma babeslekua izan zen hainbeste marinel iheslarirentzat, tartean delituengatik kondenatutakoak; haietako batzuek bikoteak sortu zituzten tokiko andreekin baina elkarren arteko ekintza bortitzen protagonista ere izan ziren beste batzuk.

AEBetako esploratzaile talde batek ere artxipelagoa bisitatu zuen 1840an.

Britainiarren menpean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tongatik zetozen misiolari metodistak hara heldu ziren 1842an eta 1847an katolikoen txanda izan zen. Bi taldeen arteko talka aldez aurretik uhartediko zazpi barrutien artean piztutako gatazkarekin konbinatu zen. Giro honetan zenbait buruzagik 1879an egindako eskaria probetxatuz Erresuma Batuak Rotuma anexionatu zuen.

1881eko maiatzaren 13an, Fiji kolonia bihurtu zela zazpi urte pasatuta, anexio ofiziala burutu zen; gaur egun Rotuma Day ("Rotumaren Eguna") ospatzen da egun berean[6].

Fiji edo burujabetza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Britainiarrek Fijiko koloniako zati baten gisa administratu zuten Rotuma. 1970ean Fijik independentzia eskuratu zuenean bere barnean segitu zuen eta hala gertatu zen 1987ko militarren estatu-kolpearen ostean ere.

1970eko hamarkadan ere autogobernu osoaren aldeko taldeak egon ziren arren, batez ere 1987ko bigarren estatu-kolpearen ondoren Fijik Commonwealth erakundea utzi zuen; britainiarren babes mugaturik gabe geratzen zirelakoan rotumar batzuek, Noa'tạu barrutiko Mölmahao leinuak batez ere, ez zuten onartu Fijiko errepublikaren barruan geratzea. Haien arabera Rotuma Erresuma Batuaren menpean utzi zuten bertakoek, ez Fijiren menpean; 1987an "Rotumako errepublika" (Republic of Rotuma) independentea aldarrikatu zuten[7]. Biztanle gehienek ez zuten bide hori segitu baina estatus politikoaren gaineko desadostasunak oraindik badaude.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta politikoki 1881etik Fijiren menpean egon, Rotumako kultura bere ekialdean dagoen Polinesiako herriengandik askoz ere hurbilago dago, bereziki tongar, samoar, futunar eta uvearrengandik.

Fijiarrekiko oso desberdina den taldea izanik berezko gutxiengotzat jotzen da. Europarrekin sartutako gaixotasunek populazioaren beherakada ekarri zuten bere garaian, zenbait estimazioren arabera 5.000 (Tromelin 1828an) edo 2-3.000 (Lucatt 1841ean) zirelako[8]. 2007an[9] 9.984 rotumar zeuden; 2.000 bat baino ez dira bertan bizi eta beste gehienak Fijiko errepublikako beste leku batzuetan. Rotumar jatorriko 500-1000 bat lagun Australia, AEB, Zeelanda Berria eta Europan bizi dira.

Beren ezaugarriak mantendu nahian atzerritarrekiko kontaktua mugatu nahi izan dute eta 1985ean rotumarren %85ak turismoa uhartedian garatzeari ezezkoa eman zioten.

Mofmanuko hondartza Motusan.

Antolakuntza politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europarrak heldu zirenean Rotuma osorako hiru figura politiko zeuden:

  • fakpure: barrutiburuen batzarretako presidentea zen eta sạu delakoa aukeratzeko ardura zuen. Azken gerra irabazi zuen aliantzan nagusia zen barrutiko buruak okupatzen zuen kargu hau.
  • sạu: europarrentzat "Rotumako erregea" zen baina ez zuen botere sekularrik; errituetan esku hartzen zuen. Printzipioz kargu hau barrutiz barruti txandakatzen zen eta arau hau haustea gerrarako arrazoia bihurtzen zen.
  • mua: bere egitekoa ez da hain argia; aurrekoak bezala errituetan parte hartzen zuen eta iturri batzuen arabera apaiz gorena zen.

1860ko hamarkadan kristautasuna heldu zenean azken bi karguak desagertarazi zituzten. Administrazio kolonialak Resident Commissioner (1935etik District Officer) izeneko arduraduna izendatzen zuen; barrutietako buruzagiek osatutako kontseiluak aholkulari lanak egiten zituen. Fijiko independentziarekin kontseiluak Rotumako barne administrazioaren ardura osoa hartu zuen. Lehen estatu-kolpea baino lehen senatari bakarrak ordezkatzen zuen uhartedia Fijiko legebiltzarrean.

Fijiren barruan badago ere, Rotumak estatuko beste unitate administratiboek ez dituzten botereak ditu. Beste lurralde guztiak division izeneko lau unitatetan banatuta badaude ere, Rotuma ez dago horien barruan eta autogobernua duen Dependency izenekoa da. Hiriburua 'Ahạu da, Itu'ti'u barrutian; bertan dago tariạgsạu, denbora zaharretan sạu delakoaren jauregiari deitzen zitzaion honela eta gaur egun Rotumako Kontseilua biltzen den etxea da.

Estatu mailan rotuamr jatorriko bizilagunek ordezkari hauek dituzte:

Hauteskundeen esparruan 1997-1998ko konstituzioaren berrikuspena egin arte rotumarrak fijiartzat jotzen zituzten[10], hau da, ez zeuden berezko herri bezala onartuak. Harrezkero aparteko ordezkaritza lortu dute; kontuan izan Fijiko Legebiltzarreko ordezkari gehienak talde etnikoen arabera hautatzen direla. Beste aldetik, Rotuma, Taveuni eta Lau uharteek Lau Taveuni Rotuma "hautesbarruti irekia" osatzen dute; estatu osoan sufragio unibertsalaz aukeratzen diren 25 hautesbarrutietako bat da.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rotuma autonomoak diren zazpi barrutitan banatuta dago[11]; bakoitzak bere buruzagia (gagaj 'es itu'u) du; barruti bakoitzean herriak daude eta herrietako buruzagiak fa ‘es ho’aga deitzen dira. Hona hemen barrutiak eta beren herriak:

  1. Noa'tạu (hego-ekialdeko muturrean): Fekeioko, Maragte'u, Faf'iasina, Matu'ea, 'Ut'utu, Kalvaka.
  2. Oinafa (ekialdean): Oinafa, Lopta, Paptea.
  3. Pepjei (hego-ekialdean): 'Ujia, Uạnheta, Avave.
  4. Juju (hegoaldean): Tuại, Haga, Juju.
  5. Itu'muta (mendebaldeko penintsulan): Maftoa, Lopo.
  6. Itu'ti'u (zati nagusiaren mendebaldean): Savlei, Lạu, Feavại, Tuạ'koi, Motusa, Roupure, Melsa'a, Losa, 'Ahạu (hiriburua).
  7. Malha'a (iparraldean): Pepheua, 'Else'e, 'Elsio.

Barrutiko buruzagiek eta hautatutako ordezkariek Rotumako Kontseilua osatzen dute.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Hiri nagusia eta portua da.
  2. Erreferentzia Rotuma.neten.
  3. The History of Mankind, Friedrich Ratzel, II liburukia, A atala, The Races of Oceania, 173.or., MacMillan and Co., Ltd., 1896.
  4. "The Rotuman People", 4.or., in Te'o Tuvale, An Account of Samoan History up to 1918.
  5. Ikus Mutiny on the Bounty (1935eko filma) artikulua.
  6. 2008ko Rotumaren Eguna Fiji Timesen.
  7. Talde hori da infotaulan agertzen den bandera erabili zuena.
  8. Biztanleria Rotuma.neten.
  9. Fijiko erroldaren arabera.
  10. Gogoan izan estatu honetan "jatorri fijiar" eta "jatorri indiarrekoen" artean ika-mika ugari egon dela.
  11. Barrutietako mapa Rotuma.neten.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Rotuma Aldatu lotura Wikidatan