Rovaniemiko historia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Rovaniemiko historia (finlandieraz, Rovaniemen historia edo Rovaniemen kaupungin historia) Finlandia iparraldean dagoen eta Lappi eskualdearen hiriburua den Rovaniemi hiriaren historia da. Hiri honen lehenbiziko arrastoak historiaurrean aurki ditzakegu, baina aurreneko aipamena XV. mendekoa dugu. Ordutik hainbat gertaera bizi izan ditu biztanle-gune honek eta Finlandiako historian bete betean parte ez duen arren, ipar lurraldearen bilakaeraren erakusgarri da; aipatzekoak dira, besteak beste, Gerra Zibileko garaia, Laponiako Gerra eta XX. mendean hiriak izan duen hazkuntza etengabea.

Lappira iritsi zen lehen gizarte antolatua, Izotz Aroaren ondoren, iparraldeko klima leuntzen, glaziarrak urtzen eta itsasoa atzera egiten hasi zenean iritsi zela uste da, k.a. 6000. urte inguruan. Mendeetan eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estua izan zuten. Nahiz eta oraindik iparraldeko jatorrizko biztanleen, samien jatorria ezezaguna den, badirudi tribu hauen eta beranduago, k.a. III. milurtekoan Eskandinaviara ekialdetik sartu ziren herri uraldarren nahasketaren emaitza direla. Hasiera batean, hauen bizilekua Ozeano Artikoan hasi eta Finlandia, Norvegia eta Suedia erdialdean bukatzen zen, eta iparraldeko lurralde zabal honen jabe bakarrak izan zirela uste da, k.a. 500. urtera arte behintzat -hegoaldeko eta ekialdeko aurreneko tavastiar eta kareliarrak iristen hasiko ziren garaia-. Ehizatik, fruitu-bilketatik eta arrantzatik bizi ziren gehienbat eta ez zuten egonleku egonkorrik, ehizakiaren atzetik ibiltzen zirenez, sasoiaren arabera bizilekuz aldatu behar baitzuten. Dena den, orduan hondarrezko uharte bat baino izango ez zen Ounasvaararen hegalean, samien arbaso nomada hauen lehenbiziko arrastoak aurkitu dira, eta beraz, pentsatu izan da kokaleku egonkor bat bazela Kemi ibaiaren ertz honetan [1].

Kemi ibaiaren XVIII. mendeko marrazkia.

Erdi Aroan Suediar Erresumak herritarrak iparraldeko lurrak hartzera bultzatu zituen ipar-ekialdeko Laponiako merkataritza-bideak novgorodtarrengandik babesteko, eta lekukotasunik ez dagoen arren, historialariek uste dute arrazoi honengatik sortuko zela lehen egonleku egonkorra Rovaniemin. Kokaleku hau hegoaldetik etorritako tavastiar kolonoek XIII. mende hasieran eraikiko zuten eta hauekin batera, hego-mendebaldeko finnak, Itsaso Zuriko herritarrak, ekialdeko kareliarrak eta gainontzeko finnak (satakuntarrak, savoniarrak, ostrobotniarrak) iristen hasiko ziren. Hauen etorrerakin batera, samien lurraldea nabarmenki murriztu zen eta iparraldera jo edo kolono hauekin bizirauten ikasi behar izan zuten. Hiriaren lehenbiziko idatzizko aipamena, aldiz, 1453. urtekoa da; bertan, Ounas eta Kemi ibaien artean zegoen "Ruanim" izeneko herri bati buruz hitz egiten da eta bertako herritarren bizibidea abeltzaintza, laborantza, arrantza eta ehiza zirela aipatzen da. Garai hartan Rovaniemi Kemiko parrokia erraldoiaren lurren artean zegoen eta jabetzako lur hau Kemi ibaiaren itsasadarretik Rovaniemira, eta bertatik Haukipudas herriraino iristen zen; Ostrobotniako parrokia honen erdigunea zen eliza nagusia, gaur egun udalerria den Keminmaan zegoen. Baina, Rovaniemi herria muga ondoan zegoenez, arpilatua eta suntsitua izan zen askotan; esate baterako, garaiko kronikek esaten digute 1578an herriko 25 eraikinak suntsituak izan zirela eta 1611an, aldiz, bakea berrezarri zen arren, errusiarrek rovaniemitarrek berreraikitako 20 etxaldeak txikitu zituztela [1][2].

Kristautasuna suediarren eskutik hedatzen hasi zen XVI. mende inguruan eta orduan, lehen elizak eraikitzen hasi ziren. Lurraldearen zabalera eta orografia dela-eta, hainbat eliza eraiki behar izan zituzten eskualdean erlijioa egonkortzeko eta honekin batera, samiek xamanismoa alde batera uzten eta iristen hasi ziren finlandiarren ohiturak bereganatzen hasi ziren. Hain zuzen ere, XVI. eta XVII. mendeen artean kolono asko iritsi zen ingurura eta ordura arte nomadak izandako samiak euren bizimodua arriskuan ikusten hasi ziren. Kemi ibaiaren inguruan bizi ziren samiak, haien artean rovaniemitarrak, kemi sami izenaz ezagunak ziren eta kemiera izeneko sami hizkuntza hitz egiten zuten. Gutxira, euren bizimodua mantedu nahi zuten samiak iparraldera bultzatuak izan ziren eta bertan gelditu zirenak, azkenik, finn kolono hauen kultura eta bizimodua bereganatu zuten. Kemi samien kultura XIX. mendearen bukaeran galdu zela esaten da, kemiko samieraren azkeneko hiztunarekin batera [3][4].

XIX. mendeko larru salerosketaren irudia; Arktikum.

XVII. mende bukaeran Izotz Aro Txikia izan zen eta herritarrek hildako asko eragin zituen gosete garai luzea pairatu zuten. Dena den, egonkortasun handiko garai luzea izan zen eta Errusiar Tsarerriaren eta Suediar Erresumaren iparraldeko muga lasaitu egin zen. XVIII. mendean baina, Finlandiaren kontrola izateko guduak hasi ziren. Finlandiako Gerran, azkenik, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu zuen finn nazionalismoaren laguntzaz eta Finlandia, Inperioko Dukerri Handi bihurtu zen. Hain zuzen ere, XIX. mende honen hasiera izan zen Rovaniemiren hazkuntza areagotu zen garaia; Ekialdeko Lappiko basoak ustiatzen hasi ziren eta baliabide naturalen erauzketak eta urre sukarrak herritar asko erakarri zituen hegoaldetik bertara. Gainera, Krimeako Gerra hastearekin eta Botniako golkoko itsas-merkataritza etetearekin batera, Tornio hiriak ere bere garrantzia eta nagusitasuna galdu zuen iparraldean eta, azkenik, merkatal-hiri tituluari uko egin behar izan zion. Kemi arrantza-herria Errusiar Inperioaren mendebaldeko muturrean zegoenez, tsarrak bertan mugako merkataritza garatzea erabaki zuen. Honela, Alexandro II.ak bultzatuta eta bereganatutako eskumen berriei esker, Finlandiako Dukerri Handiak Torniorekin batera Laponiako eta Ouluko probintzien garapena babestuko zuen hiri bat sortzea erabaki zuen Kemijokiren itsasadarrean. Horrela, Kemi hiriaren sorrera Rovaniemiren berpiztea izan zen era berean, Kemi ibaia probintzia osoko garraiobide nagusia bilakatu baitzen [1][5].

Rovaniemik behin betiko burujabetasuna 1867an lortu zuen, Kemiko parrokiatik lehenbizikoz 1785ean banandu bazen ere; Rovaniemiko herria (Rovaniemen kunta) 1875ean sortuko zen. Garaiko lekukotasunen arabera, orduko rovaniemitarrak lau mila inguru ziren, baina kopuru hau azkar hazten hasiko zen hemendik aurrera. 1880ko hamarkadan herriak merkataritza eskubideak lortu zituen eta honi esker, Ipar Finlandiako merkataritza gune garrantzitsuena bihurtu zen XIX. mende bukaeran. Urtean hiru azoka antolatzen ziren -San Joan egunean, Done Mikel egunean (irailaren 29a) eta otsailean- eta hauetara juduak, tartariarrak eta ijitoak ere etorri ohi ziren salerosketak egitera. Hain zuzen ere, Rovaniemikoa janari, artisautza, egur, larru eta salgaien probintziako merkatu nagusiena zen, besteak beste Petsamo lurraldearen eta Kemiko portuaren erdibidean zegoenez, bidaiarien eta merkantzien halabeharreko geltokia zelako. Egur salerosketa oso garrantzitsua bihurtu zen herriaren ekonomian eta gutxinaka, basogintza industria garatzen hasi zen eskualdean. Herriko lehenbiziko eskola, liburutegia eta liburu-denda ere garai hartakoak ditugu; hala ere, aipatzekoa da 1870an eraiki zen eskolak kontrako aldeko baino herritar gehiago izan zituela, haurrak alpertuko zituen beldurra baitzuten rovaniemitarrek. Bigarren mailako hezkuntza emango zuen eskola, Rovaniemi Yhteislyseo (gaur egun Lyseonpuiston lukio dena), aldiz, 1908an eraiki zen. Hazkuntza honekin batera, udalerri honetan bizi ziren azkeneko samiek iparraldera jo zuten eta ondorioz, XIX. mendearen bukaera kemi samien heriotza-garaitzat hartzen da [6].

Hasierako industrializazio hau bultzatzeko garraiobide baliagarri eta modernoak behar ziren eta horrela, azpiegitura berriak eraikitzen hasi ziren eskualdean; Oulu hiriburuarekin bat egingo zuen Oulu-Tornio trenbidea, esaterako, 1903an bukatu zen. Rovaniemiko geltokia, aldiz, 1909an eraiki zen eta Laurila-Kelloselkä trenbidea lehenbizikoz urte berean iritsi zen herrira; garraio azpiegitura honi esker, Ekialdeko Lappiko basoak zuzenean Kemiko portuarekin lotuko ziren eta aberastasun garai oparoa iritsiko zen eskualdera [7].

Alemaniar soldaduak Rovaniemin (1942).

Dena den, XX. mende hasieran, Iraultza ondoren Errusian zebilen giro nahasiari probetxu atera nahian, finlandiarrek independentzia aldarrikatu zuten 1917an. Independentzia kontuan finlandiar gehienak ados zeuden arren, bi alderdi nagusien botere nahiak herrialdea Gerra Zibilera bultzatu zuen. Rovaniemik eta gainontzeko Ipar Finlandiako udalerriek Armada Zuriaren alde egin zuten; Oulu, Tornio eta Kemi hiriak, aldiz, Sobiet Batasunaren laguntza zuen Armada Gorriak kontrolatzen zuen Finlandia iparraldeko eremu bakarra ziren. Hiri hauetako herritar gehienak industrian ziharduten langile sozialistak zirenez, Gerra Zibila deklaratu zen unean bertan, hiriak Armada Gorriaren agindutara ezarri ziren. Hala ere, sozialistek Gerra Zibila galdu eta Finlandia herrialde subirano bihurtu zen; horrela, administrazio berriak Ouluko probintzia zatitu, Lappiko probintzia berria sortu eta Rovaniemi hiriburu izendatu zuen 1938an. Hiriburu berriak Kemik edo Torniok zuten nagusitasuna ez zuen arren, izendapen horren arrazoi ofiziala, hiriburua, Petsamoko nikel-meatzea kontrolatzeko gai zen hiri bakarra zela izan zen. Askoren ustez izendapen horrek mendeku kutsua izan zuen, bi hiriek Gerra Zibilean Armada Zuriaren aurka egin baitzuten; dena den, iparraldera zuzendutako azpiegitura berri guztiak Rovaniemira iristen hasi ziren itsas industria hirien kaltetan [8][5].

Rovaniemik hiriburu titulua jaso baino lehen, merkatal hiri ("Rovaniemen kauppala") eskubidea eskuratu zuen 1929an eta ordutik aurrera, bi udalerritan zatituta agertuko zaigu: alde batetik, Rovaniemen kauppala -merkatal hiria, hiriburu bihurtuko zena-, eta bestetik, Rovaniemen maalaiskunta -landa-herria-. Garai hartan hamar mila rovaniemitar inguru baziren merkatal eta landa udalerrietan eta egiazki herri oparoa bihurtu zen. Azken urtetako aberastasunak onuradun bat izan zuen, eraikuntza. Estilo inperialeko egurrezko etxebizitzak eraiki ziren, gehienez ere lau solairukoak, eta 1920ko hamarkadan nazioartean puri-purian zeuden art déco eta klasizismo estiloak gailendu ziren. 1930eko hamarkadan, aldiz, arkitektura funtzionalistaren kutuna diren harrizko eraikinak eraikitzen ziren eta Oiva Kallio arkitekto finlandiarrak diseinatutako ametsezko hiria gorpuzten hasi zen [5].

Finlandiar soldaduak Rovaniemira sartzerakoan aurkitu zuten irudia (Rovaniemiko gudua, 1944ko urrian).

Baina, hiriaren eta eskualdearen urre-aro honetan, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Herrialdeak bere independiente estatusa mantendu nahian eta SESB bere lurraldetik urruntzeko helburuarekin, Hirugarren Reicharekin bat egin zuen. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak hirian egokitu ziren eta herrialdearen defentsa antolatzeari ekin zioten. Eduard Dietl komandantea zen alemaniar armadaren buru eta eskizalea zenez, Rovaniemiko Ounasvaara muinoan lehenbiziko eski-pista egiteko agindua eman zuen. Sobietarrek ez zuten hiria behin ere bonbardatu, ez erasotu Neguko eta Jarraipenaren gerretan; dena den, joera hau Laponiako Gerrarekin aldatuko zen. Hain zuzen, Finlandiak SESBekin Moskuko armistizioa izeneko bake-akordioa sinatu zuen, eta horrek, alemaniarrak finlandiar lurretatik botatzea eskatzen zuen. Laponiako Gerra hasi zen 1944ko urriaren 1ean. Rovaniemiko 8.233 biztanleak herritik atera zituzten eta 4.800 inguru Suediara eta gainontzekoak hego Finlandiara eraman zituzten; Lappin zeuden 200.000 soldadu alemaniarrek, bestalde, bizilagun den Norvegiara, Reicharen herrialde satelitera alde egitea pentsatu zuten, baina ihes egin baino lehen, Lothar Rendulic ofizialak probintzia osoa suntsitzeko agindua eman zuen. Finlandiar soldaduak Kemi eta Tornio ingurura joan ziren alemaniarrak bertako portu estrategikoetatik urruntzen saiatzeko eta bitartean, naziek gotorleku sendoena zuten hiriaren jabe egin ziren, Rovaniemiren jabe hain zuzen ere. Urriaren 9an lehen aipatutako Lothar Rendulic ofizialak herri guztiak errausteko agindua eman zuenerako, alemaniar soldaduak hiriko azpiegitura, instalazio eta finlandiar administrazioaren eraikin nagusiak suntsitzen hasiak ziren; 13an, azkenean, sute handi bat piztu zuten Rovaniemin eta balio arkitektoniko ikaragarria zuten egurrezko eraikinak banan bana suaren garrak irentsi zituen, haien artean, hiriko eliza zaharra. Rovaniemiko gudua izenaz ezaguna den bataila urriaren 14 eta 16 artean izan zen; finlandiar soldaduak 14rako iritsi ziren hiriburura eta hiriaren kontrola eskuratzeko odolezko bi egun oso behar izan zituzten; alemaniarrak, bestalde, alde-egitearekin batera hondamendi kate bati hasiera emango zioten -Norvegiarako ihesean hurrengo herri kalteduna Kittilä izango zen-. Finlandiarrek hiria berreskuratu zutenerako hamazazpi eraikin ez beste guztiak txikituta zeuden, eraikinen %90a [9][10][11][12].

Gudu honen kalte ekonomikoa handia izan zen eta berreraikuntza lanak zortzi urtez luzatuko ziren, 50eko hamarkadara arte gutxienez. Hain zuzen ere, hamarkada hau Rovaniemiren berpiztea izan zen. Alvar Aalto arkitekto ospetsuak berreraikitze lanak zuzendu zituen eta hirigintza eraldatzailearen alde egin zuen; Aaltok hiri berriaren planoari elur-orein adar itxura eman zion eta arkitektoak berak diseinatu zituen eraikinen artean, besteak beste, Liburutegi Nagusiaren eraikina, Lappia-talo, Udaletxea, Aho familiaren etxeak eta Korkalorinne bizitegi-guneko etxebizitzak daude. Herrialde osoak ahalegin guztia egin zuen eskualdea Laponiako Gerra ondoren aurrera ateratzeko eta Nazio Batuen Erakundeak eta Suediak ere ekintza honetan gogotsu parte hartu zuten; aipatzekoa da Ounasmetsä auzoko guneari Kiiruna izena eman zitzaiola Kiruna udalerri suediarraren omenez. Atzerrian izandako rovaniemitarrak udalerrira itzuli eta Rovaniemen maalaiskuntako herrietan egokituak izan ziren. Dena den, gutxinaka euren hirira bueltatu ahal izan zuten; gehienak 1946ko udazkenerako hirian ziren, lehenbiziko trena 1945ko apirilaren 15erako iritsia zen eta herritarren bilgune zen eliza ere, azkenik, 1950eko abuztuan iraki zen [13][14].

1999ko hirigunearen irudia zerutik.

Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak ekonomikoki izugarrizko hazkuntza izan zuen eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. Gainera, suspertze honen hasiera, 1960. urtea, Rovaniemiren birsortze urtea dugu. Urte honetan, hain zuzen, hiri eskubideak lortu zituen ("Rovaniemen kaupunki") eta hemendik aurrera hiriburua ziztu bizian haziko zen. 1970eko hamarkada egiazki erabakigarria izan zen hazkuntza honetan eta besteak beste, Lappiko Unibertsitatea eta Rovaniemiko Apelazio Auzitegia sortu ziren. Rovaniemik industria baztertu eta zerbitzu hiriburuaren bidea hartu zuen. Aipatzekoa da 1970. urtean hiriak 26.667 biztanle zituela, eta gaur egun, aldiz, hirigunean 52.000 bat rovaniemitar bizi direla [5].

Hala, hiriak kultura eta hezkuntzaren alde egin zuen. Unibertsitateari eta 1990eko hamarkadan sortuko zen Rovaniemiko Zientzia-Aplikatuen Unibertsitateari esker, iparraldeko hezkuntza hiriburua bihurtu zen eta Lappi osoko eta inguruko eskualdetatik ikasleak iristen hasi ziren etengabe; gaur egun, hamar mila ikasle badirela pentsatzen da. Gainera, kultura azpiegitura eta erakunde ugari sortuko ziren XX. mendearen bukaeran; hala nola, aipatzekoak dira 1986an sortu, baina 2011ra arte ateak irekiko ez zituen Korundi Kultura Etxea, Lappiko Ganbera Orkestraren eta Rovaniemiko Arte Museoaren egoitza dena; 1997an sortu zen Arktikum museo ospetsua, iparraldeko kulturen ikerketan nazioarteko erreferentzia dena; Lappiko Ballet Eskola dantza akademia; edota Rimpparemmi folk dantza taldea. Lappiko Ospitale nagusia ere, 1988an eraiki zen Ounasmetsä auzoan eta Rovaniemiren ikur nagusia den Jätkänkynttilä zubia hurrengo urtean inauguratuko zen [15].

Rovaniemi hazten ari den hiria da eta azken urteotan Ipar Finlandiako eta Zirkulu Polar Artikoaren gaineko hiri garrantzitsuenetako bat bihurtu da. 2006ko urtarrilaren 1ean, Finlandiako Gobernuak sustatutako udalerri fusioen bidetik, Rovaniemen kaupunkik (hiriguneak) eta Rovaniemen maalaiskuntak (landa-herriak) bat egin zuten eta horrela, hiriak 2010ean 60.000 biztanleko muga igarotzea lortu zuen aurrenekoz [16].

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c History of Rovaniemi 2012.02.15
  2. Lapin museot Rovaniemi. 2012.02.26
  3. Yle.fi[Betiko hautsitako esteka] Rovaniemen historiaa kävelyretkillä. 2012.02.26
  4. Kemi sami 2012.02.26
  5. a b c d Lapin historiaa 2012.02.27
  6. Lappiin ja takaisin 2012.02.26
  7. Kemin historiaa 2010.12.02
  8. Suomen sotasurmat Historiaa. 2010.10.29
  9. Saarenkylän historia, s. 350. kokoelma. Rovaniemi: Rovaniemen mlk, 1996. ISBN 951-97053-3-3
  10. Helsingin Sanomat Rovaniemi poltettiin maan tasalle 2004.10.10
  11. Helsingin Sanomat Lapin sota. 2012.02.26
  12. Lapin sota 2012.02.26
  13. Architecture in Rovaniemi Alvar Aalto's work. 2012.02.20
  14. Heikki Annanpalo et al.: Saatiin tämä vapaus pitää, s. 39-59, 326-349. Lapin yliopiston taiteiden tiedekunnan julkaisuja C 21. Gummerus, 2001. ISBN 951-634-770-3
  15. Rovaniemi City-info Kansainvalinen sivusto. 2012.02.26
  16. Suomi.fi: kunnat ja alueet kartalla 2012.02.26

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]