Sabin Etxea

Koordenatuak: 43°15′47″N 2°55′40″W / 43.263183°N 2.927675°W / 43.263183; -2.927675
Wikipedia, Entziklopedia askea
Sabin Etxea
Eraikinaren ikuspegia.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaBilbo
Koordenatuak43°15′47″N 2°55′40″W / 43.263183°N 2.927675°W / 43.263183; -2.927675
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1992
JabeaEusko Alderdi Jeltzalea
Arkitektura

Sabin Etxea Bizkaiko Bilbo hiriburuan dagoen eraikin bat da. Gaur egun EAJ alderdiaren egoitza nagusia eta Sabino Arana Fundazioaren egoitza ere bada. Historikoki, Sabin Aranaren jaiotetxeko orubean altxatzen da, eta hortik datorkio izena. Jatorrizko eraikina 1960an eraitsi zen, Francoren diktadurako funtzionarioen aginduz.

Kokalekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abando auzoko Albia lorategian dago, Bilboko Justizia Jauregia, San Bizente eliza eta Kafe Antzokiaren artean, eta Sota-Aznar bulegoen eraikinetik hurbil.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egungo Sabin Etxearen orubean, Arana familiaren etxea zegoen, Sabin Arana Goiriren eta haren ahaideen bizilekua. 1857. urtean eraikiarazi zuen Sabin Aranaren aitak, Santiago Arana ontzigile ezagunak, Ibañez de Bilbao kaleko 10 zenbakian, Albia plazaren alboan.[1] Garai hartan, ez zegoen Bilboko udalerrian, Abandon baizik (Abandoko errepublikan).

Bertan eman zuen Sabin Aranak haurtzaroaren eta gaztaroaren zati handi bat. 1931n, Eusko Alderdi Jeltzaleak Batzoki bihurtu zuen etxea, sinbolismo handia baitzuen. Etxea euskal abertzaletasunaren ekitaldi eta mobilizazioen gune erreferentzial bihurtu zen. 1937ko udan, berriz, Bilbo espainiar kolpisten eskuetan erori zenean, okupatzaileek Falange Española erakunde faxistaren egoitza bihurtu zuten. Fatxadan uztarria eta geziak jarri ziren erakusgai nabarmen.[1]

Hurrengo urteetan, Francoren erregimenak Bilboko haurren elikadura eta berreziketarako zentro bihurtu zuen: Auxilio Social delako erakundea. Hogei urte baino lehen, ordea, Genaro Riestra Bizkaiko gobernadore zibil falangistak eraikina eraisteko plana aktibatu zuen. Hori, baina, ez zen erraza, eta egitasmoa bertan behera geratu zen urte batzuetan.[1]

Riestraren ondorengoak, Jose Macian Perezek, planari berriz heldu, eta etxea eraistea agindu zuen 1960ko abenduan.[2] Bota bitartean eta ondoren, Guardia Zibilaren lerro bat jarri zuen eraikineko aurriak inguratzen, inork oroigarritzat ezer har ez zezan. Asmoa zen etxearen hondakinak urrunera, itsasora bota eta desagerraraztea. Hartara, guztiz desagerrarazi nahi zen sinbolismo handiko eraikina.[1]

Haatik, hori egitea garestiegia zen, eta azken erabakia izan zen etxearen aztarnak txiki-txiki egin eta Larraskituko zabortegira botatzea. Gabriel Aresti, aldamenean bizi baitzen, etxea eraistearen zuzeneko lekukoa izan zen eta, urte gutxiren buruan Baionan eman hitzaldian, azaldu zuen biziki hunkitu zuela.[1]

Hurrengo urteetan, esparru itxi huts bat izan zen, hesiz inguratua. 1967ko urtarrilean, Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganbera Ofizialak bereganatu zuen orubea, eta horrek, berriz, PRODISA eraikuntza enpresari saldu. Eraikin bat bertan altxatzeko asmoa zebilen airean. Enpresa sustatzaileak, ordea, dudak azaldu zituen, euskal abertzaleek etorkizunean beretzat erreklamatuko ote zuten, eta bertan behera geratu zen egitasmoa. Diktaduraren amaierarekin batera, Luis M. Retolaza Ibarguengoitia PRODISAren ordezkariak konpainia hori desegin zuen eta, 1979ko abuztuan, orubea EAJren eskuetan geratu zen, Sabin Arana Fundazioaren arabera.[3]

Bertan, eraikin bat altxatzeko planak jarri ziren indarrean. 1988an Sabin Arana Fundazioa sortu zen, bere webgunearen arabera,[4] eta berak sustatu zuen aranatarren etxea nolabait berreraikitzeko asmoa. 1988an bertan, Koldo Eguren Zendoia arkitektoaren proiektuari jarraituz, Sabin Etxea berria eraikitzen hasi zen,[5] eta 1992an gauzatu ahal izan zen, garajeak eta beste instalazio batzuk 1995ean inauguratu ziren arren. Eraikinaren barneko balkoian antzinako etxeak zuen benetako baranda ikus daiteke oraindik.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Landa, Karmelo. (2021). Bilbon dabil Gabriel Aresti. Erroa ISBN 978-84-948076-6-4. PMC 1287668561. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  2. Juaristi, Jon. (1999). El bucle melancólico. Historias de nacionalistas vascos. Espasa-Calpe, 345 or..
  3. «Sabin Etxea: Sabino Arana» www.sabinetxea.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-01).
  4. «Sabin Etxea: Sabino Arana» www.sabinetxea.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-01).
  5. «Sabin Etxea: Sabino Arana» www.sabinetxea.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-01).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Bilbo

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]