Salmonella

Wikipedia, Entziklopedia askea
Salmonella
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPseudomonadati
FilumaPseudomonadota
KlaseaGammaproteobacteria
OrdenaEnterobacterales
FamiliaEnterobacteriaceae
Generoa Salmonella
Lignieres 1900
Azpibanaketa
Datu orokorrak
Gram tindaketabakterio gram-negatibo

Salmonella generoa bakterio Gram negatiboz osatuta dago, bazilo itxura dutenak. Enterobacteriaceae familia barnean sailkatuta daude. Anaerobio fakultatiboak dira eta flageloen bitartez mugitzen dira. Ez dute esporarik sortzen.

Salmonella lehen mailako patogenoa da. Sukar tifoidea, paratifoidea eta enteritisa eragiten du. Salmonellak eragindako gaixotasun multzoari salmonelosi ere deitzen zaio, zeinak Hirugarren Munduko herrialdeetan izurrite ugari sortzen baititu.


Epidemiologia

Salmonelosia ur eta janari kutsatuen bidez transmititzen da. Bakterioak bizilekua hesteetan duenez, fekal bidea da mikrobio honetaz kutsatzeko mekanismorik ohikoena. Gorotzez kutsatutako ur eta janariak higiene ezaren zeinuak dira, eta oso arruntak dira garapen bidean dauden lurraldeetan (hondakin uraren eta edateko uraren arazketa egiten ez dutenak). Bestalde, animalia askoren hesteetan bizi denez (hegazti eta ugaztunengan, batez ere) salmonelosia zoonosi oso hedatua da, kutsatutako animaliak jaterakoan harrapatzen dena.

Taxonomia eta ezaugarri biokimikoak

Salmonellaren sailkapena liskar-iturri izan da urteotan mikrobiologoen artean. Egun, bi espezie besterik ez dira onartzen: Salmonella enterica (6 azpi-espezie dituena) eta Salmonella bongori. Lehenengoa besterik ez da giza-patogenoa. Era berean, azpi-espezie bakoitzak serotipo asko ditu; guztira 2.300 inguru daude.

Salmonellaren ezaugarri biokimiko nagusiak honako hauek dira:

Laborategian hazteko hazkuntza-inguru hautakorrak erabiltzen dira; hauetako askok behazun-gatzak dituzte, Enterobakterioak ez direnen hazkuntza eragozteko. SS agarra, XLD agarra eta Hektoen agarra dira erabilienetariko batzuk.

Salmonelosiaren prebentzioa

Salmonellaren giza-eramaileak oso arriskutsuak dira, kutsapen ahalmen handia dutelako. Eramaile hauek bakterioa eramaten dute haien hesteetan, baina ez dute salmonelosi gaitzik. Milioika bakterio patogeno iraizten dituzte gorotzekin, eta janariak kutsatu ditzakete. Horregatik, janarien manipulatzailei analisiak egin behar zaizkie Salmonellaren eramaileak ez direla baieztatzeko.

Salmonelosiaren aurkako neurri prebentiboak ezarrita dituzte osasun agintariek, eta oso zorrotzak dira janari industrietan. Higiene arauetan dute oinarria, bakterioaren janari kutsapena ekiditeko asmoz. Aholku orokor hauek gogoan hartzeko gomendatzen da:

  • janari manipulatzaileak kontrolatu behar dira, bakterio-eramaileak baztertzeko.
  • janariek kozinatu egokia eduki behar dute, bakterioa suntsitzeko tenperatura altuen bidez; ekidin behar da janari gordinen kontsumoa.
  • hozkailua erabili behar da janariak gordetzeko. Ez utzi janariak ingurugiro-tenperaturan.
  • higiene arauak bete behar dira.
  • zeharkako kutsadura ekidin behar da.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Salmonella Aldatu lotura Wikidatan