Salustio

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
De Catiliniae coniuratione lanaren gaztelaniazko itzulpen baten aurrealdea (1772)

Salustio [1] —izen osoa: Gaio Salustio Krispo— (Amiterno, Antzinako Erroma, K. a. 86 - K. a. 35) historialaria eta politikaria izan zen.

Tribuno eta pretore izan zen. K. a. 50. urtean Erromako Senatutik bota zuten, baina Zesarren laguntzarekin berriro onartu zuten. Zesarri Afrikara lagundu zion eta Numidiako gobernari izan zen. Ondasun asko eskuratu zituen eta estatuaren kontura aberastu zelako salatu zuten, baina berriro ere Zesar haren alde atera zen eta ez zuten zigortu.

Zesar hil ondoren Erromara itzuli eta politika alde batera utzi zuen; Kirinalen eraiki zuen egoitza aberatsera erretiratu zen historia-lanak idaztera. Tuzididesen dizipulua izan zen; hizkuntza arkaikoa eta zehaztasun handiko estiloa, dramatismo bizikoa, erabili zituen bere lanetan. Erromatar historiografiaren oinarriak finkatu zituen, greziarren moldeak alde batera utzirik.

Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lan nagusiak: De Catiliniae coniuratione; Bellum Iugurthinum (Jugurtaren aurkako gerra, Gidor Bilbaok euskaratua); eta Historiae, osorik gorde ez dena.

De Catiliniae coniuratione lanarekin gertaerak urtez urte azaltzeko tradizioa alde batera utzi eta bere garaiko historiako gertaera bat azaltzen du, 63-62 urte-bitarteko altxamendua, hain zuzen ere. Bellum Iugurthinum lanean historia laburtzeko gaitasun handia erakusten du Salustiok. Historiae lana 40-35 urte-bitartean idatzi zuen; Silaren heriotzarekin hasi eta Ponpeioren Gerra arteko historia biltzen du horretan. Salustioren iritziz, historiografia ez zen gertaera batzuen kronika soilik, baita gertaera horren iturburuaren bilaketa ere.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Salustio Aldatu lotura Wikidatan