Samuel Eto'o

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Samuel Eto'o

Samuel Eto'o Fils (Nkon, Kamerun, 1981eko martxoaren 10a - ) futbol aurrelaria da, egun Inter de Milangoa. Kokapen egokienak bilatzeko eta baloia jaurtizeko abileziak munduko futbolaririk hoberenetakoa bihurtu du Samuel Eto'o. Izan ere, 2003, 2004 eta 2005ean jaso du Urteko Afrikako Futbolariaren Saria, hiru aldiz jarraian lortu duen lehendabizikoa. Gainera, 2004an (Diego Forlan-ekin batera) eta 2005ean Pichichi saria irabazi du Espainiako Lehen Mailan.

2004an FC Barcelonarekin sinatu baino lehen, Eto'o Real Madrideko harrobian aritu zen sei urtez. Baina horietako azken lau eta erdiko urteak RCD Mallorcan eman zituen. Hor, 2003an Espainiako Errege Kopa irabazi zuen Recreativo de Huelva garaitu ostean.

FC Barcelona eta Real Madriden arteko aspaldiko lehia dela eta, Samuel Eto'oren salmentak hautsa astindu zuen. Garaiko Real Madrideko presidenteak, Florentino Pérezek FC Barcelonari saldu zion 24 milioi euroren truke, ligako aurrelaririk hoberenak (Ronaldo eta Raúl hain zuzen ere) dagoeneko taldean bazituela argudiatuta. Samuel Eto'ok aparteko futbolaria dela erakutsi du FC Barcelonan ere. Hor, 2004-05eko zein 2005-06ko ligak irabazi ditu, berak sartutako golei esker hein handi batean. 2005eko FIFA Urteko Munduko Futbolarien Sarian hirugarren sailkatu zen, Ronaldinho taldekidearen eta Chelsea FCko Frank Lamparden atzean. 2006ko maiatzaren 17an, Champions Leagueko finalean, Arsenal FC garaitu zuen FC Barcelonak, 1 eta 1eko berdinketa Samuel Eto'ok lortutakoan. Hori dela eta, partidako gizona hautatu zuten Eto'o.

Kamerungo selekzioarekin ere tituluak eskuratu ditu: 2000ko eta 2002ko Afrikako Nazioen Kopak zein urrezko domina 2000ko Olinpiadetan. 17 urterekin jokatu zuen estreinako partida Italiaren kontra. 2002ko Munduko Futbol Txapelketan parte hartu zuen. 2006ko Afrikako Nazioen Kopako Boli Kostaren kontrako finalaurdenean, Samuel Eto'ok sailkapena emanen zion penaltian egin zuen huts. Hala ere, gol gehien egin zituena izan zen.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Samuel Eto'o Aldatu lotura Wikidatan