San Bartolome gaueko sarraskia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
San Bartolomeko sarraskia, François Duboisen margolana.

San Bartolome gaueko sarraskia (frantsesez: Massacre de la Saint-Barthélemy) 1572ko abuztuaren 23tik 24ra bitarteko gauean Parisen abiarazi zen higanoten (protestanteen) aurkako sarraskia izan zen. Hiriburuan zenbait egunez luzatu eta ondorengo asteetan hogei hiri baino gehiagotara hedatu zen. Katalina Medicik prestatu eta Eliza Katolikoko aitoren semeek eta beste zenbait herritarrek aurrera eraman zuten.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantzian XVI. mendean katolikoen eta higanoten arteko gerra luzean izandako gertaera bat izan zen San Bartolome gauekoa. Sarraskiak Frantziako gorteko erlijio eta politikazko istiluak zituen atzean.

Colignyko Gaspard II.a higanoten buruzagia Espainiako erregearen kontra ari zen borrokan hegoaldeko lurraldeetan, Frantziako errege Karlos IX.aren eskaeren arabera. Katalina Medicik, Karlos erregearen amak, Colignyk bere semearengan zuen eragina ikusita, higanoten buruzagia hiltzeko asmo ezkutua izan zuen, eta hilketa prestatu zuen Guiseko etxe erromatar katolikoarekin batera.

1572ko abuztuaren 18an Katalinaren alaba Margarita (Margarita Valoiskoa), Henrike Nafarroako errege higanotarekin ezkontzekoa zen, eta hori zela eta higanoten aitoren seme talde handia iritsi zen Parisa. Colognyren kontrako hilketa-saioak huts egin zuen, baina Katalina berriz bildu zen aitoren seme talde batekin Tuileries jauregian, eta Parisen zeuden higanoten buruzagi guztiak hiltzea erabaki zuten.

Abuztuaren 24an Saint-Germain-l´Auxerrois elizako kanpaiak jo zuenean hasi zen sarraskia. Coligny bera izan zen hildakoetako bat. Louvren zeuden higanoten kontra ere erasoak izan ziren, eta hiriko higanoten dendak apurtu eta jabeak hil zituzten. Abuztuaren 25ean erregeak hilketei amaiera emateko agindua eman zuen arren, ez zen hala gertatu, eta probintzietara hedatu zen liskarra. Urriaren hasierara arte ez ziren istiluak amaitu, eta uste denez, Parisen bakarrik 3.000 hildako izan ziren. Sarraskiaren ondoren, herrialde protestanteetan katolikoen kontrako jarrera areagotu egin zen, eta haietan ere borrokak izan ziren. Handik aurrera protestanteek Joan Kalbinek proposatzen zuen aginpidearen aurreko mendekotasuna alde batera utzi, eta tiranoaren kontrako erasoak onargarritzat hartu zituzten.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: San Bartolome gaueko sarraskia Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]