Benedikto Nursiakoa
San Benedikto Nursiakoa (Nursia, Perusa, 480 inguruan - Montecassino, 547 inguruan) beneditar ordenaren sortzailea izan zen.
Biografia [aldatu]
Haren bizitza San Gregorio Handiaren idatzietatik bakarrik ezagutzen da (Elkarrizketak II). Elezaharrak kutsaturiko kontaketa horretan esaten denaren arabera, Benedikto goi-mailako familia batean jaioa bide zen. Erromara Erretorika, Filosofia eta Zuzenbidea ikastera joan zen, baina laster erretiratu zen mundutik Subiaco mendian eremutar-bizimodua egiteko. Hiru urteren buruan ingurura bildu zitzaizkion ikasleak 12 monasterioetan banatu zituen. Gero, 529. urtean, Montecassinon abade-etxe handi bat eraiki zuen, eta han hil zen 547an.
Bere izena daraman erregela idatzi zuen abade-etxe horretan, eta monasterioko bizitza gobernatzen duten oinarriak bertan bildu zituen. Tradizioz, San Benedikto Sartaldeko fraideen aitalehena izan da.
Paulo VI.ak Europako zaindari izendatu zuen 1964an. Jaieguna, martxoaren 21ean izaten da. Beneditarrek uztailaren hamaikan ospatzen dute beren sortzailearen eguna.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.