San Bizente eliza (Donostia)

Koordenatuak: 43°19′28″N 1°59′03″W / 43.32454°N 1.98411°W / 43.32454; -1.98411
Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Donostiako elizari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «San Bizente».
San Bizente eliza
Kultura ondasuna
Kostaldeko Donejakue bidea Kostaldeko Donejakue bidea
San Bizente elizaren dorrea eta sarrera nagusia.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Koordenatuak43°19′28″N 1°59′03″W / 43.32454°N 1.98411°W / 43.32454; -1.98411
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1574 (egutegi gregorianoa)
Izenaren jatorriaBizente Zaragozakoa
Erlijioakatolizismoa
Arkitektura
Estiloaarkitektura gotikoa
Ondarea
BICRI-51-0005135
792

San Bizente Martiria, San Bizente izenaz ere ezaguna, Donostiako Parte Zaharrean dagoen eliza gotikoa eta parrokia da. Erlijio kultuaz aparte, Musika Hamabostaldiak bertan dauka egoitza nagusietarikoa.

1984ko abuztuaren 4an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Eraikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1489 inguruan izandako sute baten ondoren, San Bizente eliza berreraikitzeko lanak hasi ziren. 1507an ebatzi eta esleitu zen diseinu berria eta 1574 inguruan amaitu ziren lanak. Diseinu asmoak ez ziren sekula guztiz amaitu, iparraldeko horma ez zen guztiz errematatu, eta agerian dauden hainbat koska ikus daitezke hor. Koska horietatik omen datorkie eliza horretan bataiatuei eta Parte Zaharreko zati horretan bizi direnei koxkero goitizena.

Erretaula nagusia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erretaula erromanista da, lauki eta kaletartez nahasitako oina du; 1583 eta 1592 bitartean egina berau. Tailatutako harrizko oinarria du, predela bat, hiru gorputz eta atikoa. Hiru kale eta lau kaletartetan antolatua dago, gainera alboetan eta kaletarteetan nitxoak dauzka zutabe klasikoez inguratuta, lehenengo gorputzeko zutabeak joniarrak dira eta gainontzekoetakoak korintiarrak eta ordena konposatukoak (kaletarteetakoak ordena konposatukoak soilik dira). Zutabeetako fusteak ildaxkatuak dira, eta atikoan izan ezik, beheko zatia (beheko herena) groteskoz apainduta dute, estilo platereskoan. Erdiko kalea aldameneko kaleetatik bereizten duten zangoak Pizkundeko apaindura apalez hornituak ditu. Ateburudun, puntu erdiko eta lauki kurbatuko nitxoak ditu; eta frontoia, berriz, lehenengo gorputzean okerra da, bigarrenean, erpinetan beheratua, eta hirugarrenean triangeluarra. Atikoaren burua erdizirkular zatitua da.

Frisoak, arkitrabeak eta tinpanoak aingeruen buruez eta Pizkundeko irudi ugariz apainduta ditu. Lehenengo gorputzaren euskarri diren zutabeek oinarritzat dituzten mentsulak oparotasunez apainduta ageri dira; goragoko gorputzetan, frontoiaren isurkietan biluztutako aingeruen irudikapena egiten da; gorago, dohainen alegoriazko irudiak daude; eta erretaularen zatirik garaienean, itsatsitako aingeruek hirukia osatzen dute fruitu eta adakera artean.

Erretaula nagusia.

Erretaula hau Anbrosio Bengoetxea eskultorearen lan gorena da eta Juan de Villarrealen arkitekturak osatzen du. Erretaulak programa ikonografiko osoa azaltzen du. Predelan eta lehenengo gorputzeko oinean (azken horretan Juan Iriartek, idulkiko erliebeen egileak, parte hartu zuen) Jesusen Nekaldiko hainbat pasarte kontatzen dira, honela banatuta kontatu ere: predelako bost paneletan, Azken afaria, Oinen garbiketa, Apostoluak lotan, Getsemaniko baratzeko irudia, Jaunaren atxilotzea eta Kristo Pilatosen aurrean; frisoan, Zigortzea, Arantzez koroatzea, Jesus Anasen aurrean, Gurutz bidea, Kristo gurutziltzatua eta Gurutzetik jaistea; erretaulako kaletarteetan hamabi apostoluak irudikatzen dira eta kaleetan Kristoren bizitzako hainbat pasarte, bai eta San Bizente eta San Sebastianen hagiografiak ere. Zehaztuz, kaleetan gai hauek dira ikusgai: lehenengo gorputzean, bi alboetan Deikundea eta Artzainen jaurespena eta erdiko kalean Salbatzailearen irudia; bigarren gorputzean, San Bizenteren martiritza eta gurutziltzaketa, erdiko hormakonkan San Bizenteren irudia agertzen delarik; goiko oinean San Sebastianen epaiketa eta martiritza ikus daitezke alboetan eta bere irudia erdian; atikoan, Jasokundea agertzen da irudikatua, aingeruez inguratuta eta alboetan bi martirien irudiekin; buruan, berriz, Kalbarioa, Ama Birjina, San Joan, eta alboetan Sendotasunaren eta Justiziaren dohainak dituelarik irudikatuta.

Polikromiaren egilea ezezaguna da. Kontrarreformako kanonak jarraitzen ditu, kalitate handikoa da nabarmentzekoa delarik erretaularen arkitektura estaltzen duen urre-geruza aparta.

Anbrosio Bengoetxearen, eskultore gipuzkoarra, estiloa San Bizente erretaularekin hasten da sendotzen; bere fabrikako prozesua, penintsula iparraldeko eremu zabal batean kokatuko genituzkeen lehen mailako irudi erromanikoak egitera eta tasatzera mugatzen da.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]