San Isidro baseliza (Errezil)

Koordenatuak: 43°12′02″N 2°10′48″W / 43.20065°N 2.17994°W / 43.20065; -2.17994
Wikipedia, Entziklopedia askea
An13saBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 17:13, 17 urtarrila 2016
San Isidro baseliza
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Baselizaren sarrera
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaErrezil
Koordenatuak43°12′02″N 2°10′48″W / 43.20065°N 2.17994°W / 43.20065; -2.17994
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XIX. mendea
Arkitektura
EstiloaArkitektura neoklasikoa
Ondarea
EJren ondarea2

San Isidro baseliza Erdoizta auzoan (Errezil) dagoen landa-inguruneko baseliza neoklasikoa da, 1808an Pedro Manuel Ugartemendiak egina. Arkitektura jasoa du, zentrala eta traza bihurrekoa, osaera zaindukoa eta erromatar mundua gogorarazten duten ezaugarriekikoa. Baselizak bolumen trinkoa ageri du, bi zilindro zentrokideren eraginez.

2003ko abenduaren 17an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak

Kanpoko gorputza, 16 metroko diametroduna, zilindro-erako eraztun bat da, solairu bakarrekoa, eta bere inguru guztiaren erdia baino gehiago ataritarako da; atzeko aldean, aldarea eta hari datxezkionak hartzen ditu. Lehen osagai honetan hiru sarbide daude, erdi puntuko arkuz eginak, eta inguruan 90 gradu bakoitzeko kokatuak; leiho gisako laugarren hutsarte batek osatzen du zirkulua, aldarearekin bat eginez. Aipatutako hutsarte horien artean, eta kokatzeko eran hierarkia jakin bat ageri dutela, 45 gradu bakoitzeko leiho angeluzuzenak dauzka, leihoburudunak. Atarira sartzeko hiru ate daude. Aurrez-aurrekoak harrizko maila batzuk ditu, lursailaren malda dela-eta, eta tenplura eta aldarera doan ardatzarekin bat egiten du. Estalkia barruko horman sartuta dauden habeburuen gainean dago bermatuta.

Barruko gorputz zentrala 10 metro diametroko zilindro bat da. Garaiagoa da; elizaurrearena egiten du, eta atrioaren gainetik nabarmentzen da danborraren gisan. Gorputz hau itsua da ia-ia; hutsarte bakarra du, leiho termal bat elizaurrearen sarrera bakarraren gainean. Harlanduzko bi zerrendaz egindako inposta batek inguratzen du zilindroaren goiko aldea kanpoaldetik, koroa baten eran, sarreran izan ezik; hor, sarrerak, leiho termalak eta kanpai-hormak ardatz zut bat eratzen dute.

Multzo osoaren bolumena horma erakoa da, soila, eta hutsarteak txukun atonduta ageri ditu. Fatxada guztiak horma-atal lau bihurrez eratuak ditu, apaindurarik gabekoez. Hutsarteak harlanduz inguratuta daude, eta harlangaitzezko hormak zuriz daude emokaturik; estalkia teila zeramiko bihurrez dago egina.

Barrualdea

Barrualdearen ezaugarri nagusia, bestalde, elizaurrearen gorputz nagusi zerbitzatua inguratzen duen atari zerbitzari bat, iragateko atari bat. Barrualdeak ere zilindro erako eremu bakarraren taxuari jarraitzen dio; kareharrizko zoladurak harlauza zirkular bat dauka erdian. Kanpoaldeko hutsarteen segida ere antzematen da elizaurrearen hormaren barrualdeko perimetroan. Sarreraren aurrez aurre dago kokatuta aldare erdizirkularra, eta aldamenetan, 90 gradutara, bi kapera txiki daude. Aldarea goratua ageri da, bi mailako harrizko oin baten gainean, eta alde bietara hutsarte bana atxikitzen zaizkio. Inposta batek inguratzen du hormaren barrualdea goiko aldetik. Bolumen honen barruan, sarreraren gainean, zurezko koru txiki bat dago, solairuarte gisa. Aldarearen aurrez aurre dagoen leiho termal baten bidez argiztatzen da barrualdea. Badago tarte zut bat, erloju baten mekanismoak eta pulpitua jartzeko egina. Baditu beste garai batzuetako lan batzuk erantsita, eta horien artean hormigoizko estalkia da txarrerako nabarmentzen dena.

Erreferentziak

Kanpo loturak