San Migel eliza (Gasteiz)

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau Gasteizko elizari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «San Migel eliza».
San Migel eliza
Done Mikel goiaingeruaren eliza
Vitoria - San Miguel 16.jpg
Andre Maria Zuriaren plazatik ikusita
Udalerria Gasteiz
 Araba
Herrialdea  Euskal Herria
Koordenatuak 42°50′50″N 2°40′22″W / 42.84722°N 2.67278°W / 42.84722; -2.67278Koordenatuak: 42°50′50″N 2°40′22″W / 42.84722°N 2.67278°W / 42.84722; -2.67278
Garaia XIV. mendea
San Migel eliza (Gasteiz) non dagoen adierazten duen Gasteiz erdiguneko mapa
San Migel eliza (Gasteiz)

San Migel eliza[1][2] edo Done Mikel goiaingeruaren eliza[3] Gasteizko eraikin erlijiosoa da.

1995eko azaroaren 14an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen tenplua, monumentu sailkapenarekin. 2000ko abenduaren 19an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen erretaula nagusia.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Migel eliza Gasteizko Alde Zaharraren hegoaldean dago eta bere fatxada nagusiak Andre Maria Zuriaren plazaren aldera ematen du.

Elizaren oina laukizuzen formakoa da eta launa tramotako hiru nabe desberdin ditu, zortzialdeko burualdea dauka eta absidearen aldeetan bi kapera. Ezkerraldeko paretan hiru kapera eta bi solairutako lokal bat daude. Eskuinaldekoan, berriz, lau kapera, ate nagusia eta arkupea eta sakristia. Hastialean elizara sartzeko beste ate bat dagoela ikus daiteke «Puerta del Solar» izenekoa. Done Mikel goiaingeruaren elizaren eraikuntza hainbat garaitakoa da. Zatirik zaharrena gotikoa da (XIV. mendeko bukaera eta XV. mendeko hasierakoa). Zati horretatik, lehenengo tarteko bermeak eta ate nagusi moztua gelditzen dira. «Euskal gotikoa» izeneko estilotik (XV. mendea) habe borobilak, koilare-kapitelak, gangak eta «Puerta del Solar» izenekoa gelditzen dira. Platereskoak dira, XVI. mendeko hasierakoak, korua, arkupea eta kapera nagusian dagoen arkosolioa. XVI. mendeko erdialdekoa, Pizkunde garaikoa beraz, kapera nagusia. Mende horren bukaeran dorrea eraiki zen, besteak beste.

Gaur egungo arkupea lehen zegoenaren gainean egina dago. Arkupe horretara Gasteizko Zaindari den Andre Maria Zuriaren plazara begira dauden bi arku handitatik sartzen da. Andre Maria Zuriaren irudia arkupearen kanpoko aldean dago jarrita, bertara sartzeko bi arku horien artean.

Erretaula nagusia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erretaula nagusia

Erretaula nagusian agertzen diren irudiak, irizpide barrokoak kontuan izanik, oso adierazkor eta naturalak dira. Polikromia, ia-ia, erretaularen garai berekoa da. Kontrarreformako arauak betetzen ditu: haragi-koloreak mateak dira eta estofatuek ehunaren itxura dute. Araban mantendu den eta oso-osorik Gregorio Fernandezena den lan bakarra da. Penintsulako iparraldean erretaula-egileen arteko punta-puntako eskultorea izan zen Fernandez. Erretaula XVII. mendearen lehenengo erdian (1624-1636) egin zuen. Igaroaldiko erretaula klasizista da. Predela eta hiru gorputz ditu. Goiko gorputzek zokalo historiatua daukate. Azpiko solairuek bost kale dituzte eta goikoak hiru. Kutxak laukizuzenak dira. Erdiko kaleetan mukuluak dituzte eta erliebeak muturretako alboetako kaleetan. Alboetako kalearteetan eta lehen gorputzeko erdiko kalean nitxoak dituzte, erdi-puntuko arkuarekin. Predelan eta goiko zokaloetan erliebez egindako pasarteak ikus daitezke. Pasarte horiek apaindurarako erliebeak dituzten lauki laukizuzenaren barruan daude. Aipaturiko irudi horiek erretaularen muturretako alboetan dauden zutabeen basamentuen gainean daude. Lehenengo bi gorputzetan, kaleak bereizteko enbor ildaskatuak dituzten zutabe korintiarrak erabili dira. Goiko gorputzean ordena konposatua duten zutabeak jarri dituzte. Frisoak landare-motiboez eta erlaitzak figura dentikulatuez apaindu dituzte. Alboko kutxetan, kalearteetan, badira girlandaz apainduriko txartelak. Alboetako kaleetan, karteladun aingerukoteez apaindu dituzte txartelak. Kale nagusiaren gainean, bigarren gorputzean, santu nagusiaren kutxak frontoi ebakiaz egindako errematea dauka. Hortxe Espiritu Santuaren irudia dago eta bere aldamenean, kasetoiaren alboetan, bi aingeru ikus daitezke. Goiko pisuaren errematearen alboetan aletoiak badira eta erdian frontoi kurbatu ebakia. Frontoian, apaingarri, figura etzanak daude ikusgai. Errematean frontoi triangeluarra dago eta, alboetako zutabeen gainean, eskulturak daude.

Azpiko predeleko tronaduretan, ezkerrean "Deikundea" eta "Errege magoen jaurespena" erliebeak ikus daitezke. Eskuinean "Andre Mariaren aurkezpena" eta "Ikustaldia". Lehenengo gorputzean, nitxo kurbatuaren azpian, Sorkunde Garbia dago. Haren azpian dagoen idulkian aingeruen buru batzuk ikus daitezke eta idulkiaren alboetan gorputz osoko bi aingerukote daude. Alboetako nitxoetan San Petri eta San Paulo daude. Alboetan, muturretan, "Jaiotza" eta "Erdainkuntza"ren erliebeak daude. Bigarren gorputzaren zokaloan ebanjelariak, jesarrita, eta mendebaldeko lau eliz irakasleak ikus daitezke. Bigarren gorputzean erretaularen santu nagusia dago eta bere alboetan San Sebastian eta San Filipe apostolua. Tronaduretan, Gargamo mendian goiaingeruaren agerraldiaren pasarteko bi irudi ikus daitezke. Azken gorputzaren predelan bertute kardinalak ikus daitezke eta pisuan "Kalbarioa". Haren ondoko hormakonketan San Joan Bataiatzailea eta Santiago Txikia daude. Erremateko eskulturak San Gabriel eta San Rafaelenak dira eta frontoian Aita Betikoaren figura dago.

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Gasteizko Udalaren Turismo Bulegoaren eskuorria, 2010eko udakoa.
  2. Arabako Aldizkari Ofiziala, 95. zenbakia, 2010eko abuztuaren 23koa, 9917. orrialdea
  3. Euskaltzaindia: Santutegiko izen ohikoenak (euskara baturako 66. araua). Eliza horren izena ez, baizik eta santuaren izena arautu duenez, ez diogu Euskaltzaindiaren arau horri lehentasuna eman, baina izen deskriptibotzat (eliza hori zein santurena den esateko) bai, aintzat hartu dugu, Wikipediako politika baita Euskaltzaindiaren arauei jarraitzea.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: San Migel eliza (Gasteiz) Aldatu lotura Wikidatan