San Pedro eliza (Turtzioz)

Koordenatuak: 43°16′21″N 3°15′23″W / 43.272387°N 3.256499°W / 43.272387; -3.256499
Wikipedia, Entziklopedia askea
San Pedro eliza
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaTurtzioz
Koordenatuak43°16′21″N 3°15′23″W / 43.272387°N 3.256499°W / 43.272387; -3.256499
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XVI. mendea
Izenaren jatorriaPetri
Erlijioakatolizismoa
Arkitektura
Estiloaarkitektura gotikoa
Ondarea
33

San Pedro Turtziozko Romaña auzoan dagoen eliza da.

2002ko urtarrilaren 22an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parrokia-elizak oinplanoa angeluzuzena du; oinaldean dorreak eta tamaina desberdineko hiru nabe ditu, hiru ataletan eta burualdean banatuta. Nabe zentrala albo-nabeak baino zabalagoa da eta hegoaldeko hegalekoa iparraldekoa baino estuagoa, kokalekuaren baldintzen eraginez. Bi albo-nabeek erremate zuzena dute eta zentralak, aldiz, hiru hormazaleko gurutzeri oktogonala. Estaldura osoa hainbat motatako gurutzeri gotikoko gonga altuek osatzen dute eta horiek Errenazimendu garaiko erdiko lau zutabe loditatik eta alboko pilastretatik abiatzen dira.

Romañako Pedro Deunaren eliza oso adibide didaktikoa da estilo gotikoak eta errenazentistak nola egin dezaketen bat azaltzeko. Izan ere, eraikinak bi estilo ditu: burualdea eta lehen zatia gotikoak dira; eraikinaren gainerako alderdiak, berriz, errenazentistak, nabeak garaiera berberean berdindu direlarik. Nabeen atzeko alde biek Errenazimentuko areto kolomadun bat osatzen dute. Klasizismoa areagotu egiten da koruan eta oinaldeko aurrealdeko fatxadan Pedro Deunaren harrizko irudia gordetzen duen horma-hobiarekin.

Lehenengo atala aldarearen ondoan dago eta mailakatua da; beste bi atalak, aldiz, plano berean daude. Koru zabal bat dago arku gainean. Arku jaitsiak dira eta zutabe lodietatik abiatzen dira.

Kanpoaldea barrualdeko aniztasunaren isla da; bi gorputz oso desberdin ikus daitezke: lehenengoa, bi atalez osatutakoa, kanpoaldeago dago, zabalera eta altuera handiagoa du; elizaren oinaldean bolumen bereiztua eratzen du eta hormak kontrahorma handiz sendotuta ditu. Bigarren gorputza, burualdeko atalak osatutakoa, estuagoa da, zatikatua eta altura txikiagokoa; bertan sakristia dago, alboan itsatsitako elementu gisa.

Pedro Deuna elizaren fatxada nagusia hegoalderantz dago gainalde batean, eta horregatik herrirako Enkartazioetako sarreratik argi ikusten da.

Elizaren behealdean festa-giroko eta bileretako gune bat dago, hori gaur egun altuera txikiko zezen-plaza bat da. Elizako sarreran desnibel handia dago: zezen plazaren kanpoaldeko perimetrotik elizaren atariko erdiko gunera daramatzaten bi eskalinata simetriko daude. Zezen-plaza eta elizako sarrerako eskalinaten arteko eremua ez dago ordenatuta, bide batek zeharkatzen du eta errepideak zati bat kentzen dio.

Hegoaldeko fatxadan, itsatsitako atari zabal bat dago; harrera-leku baten funtzioa egiten du eta fatxadaren beheko zatia ezkutatzen du. Zortzi zutoin ditu eta zeramikazko teila kurbatuz estalitako teilatua; zola harrizkoa da eta albo-itxiturak harri-hormazkoak. Bertan ate batzuk ditu eliza inguratzea posible izan dadin. Atarian, eraikinaren bigarren ataleko sarrera dago. Atariarekiko ez dago zentratuta eta, gaur egun, bigarren sarrera hau ez da erabiltzen eta elizaren barrualdetik jarritako armairu batek ixten du. Txaranbeldutako portada dauka; baketoiz osatutako hiru arkiboltako puntuko arkua du –eskoratzen duen zutoinak bezala– eta txanbranaz markoztatuta dago. Baketoien giltzarrietan armarri txikiak ikus daitezke. Estalkiko isurialde triangeluarrak hormarekin topo egiterakoan leiho gotiko bat mozten du arkuaren parean. Atariak ezkutatzen duen fatxadaren zatia zarpeatuta dago, beste guztia harri-hormaz eginda dago eta eskantzuak harlanduzkoak dira.

Fatxadak prisma angeluzuzena du eta harlanduzko hiru kontrahorma dorrearen ondoko ataletatik. Fatxadak txaranbeldutako baoak ditu. Bao bat bereizten da: trazeria flamigeroa du, arku tribulatuak eta burbuila. Burualdeko atala zatituta ageri da, beste plano batean, beste kontzeptu bati dagokio eta nagusitasun gutxiago du.

Mendebaldeko fatxadan, nabe zentralaren oinaldean, dorre barrokoa dago, horma-hilobi handi baten azpian sarrera nagusiari babesa emanez. Sarrera baino lehen, eskalinata klasiko batek errepidea eta sarreraren arteko desnibela gainditzen du. Dorrearen oinplanoa karratua da, lau atalekoa eta harlanduzkoa. Goiko solairua bi gorputzeko kanpandorrea da eta teilatuaren erlaitzaren mailatik abiatzen da, portada nagusiko puntu erdiko kanoiko horma-konka handia amaitzen den lekutik, hain zuzen. Dorrearen oinaren aurreko aldea pilastradun puntu erdiko arku batek zulatzen du. Goian arkitrabea du eta gainean horma-konka duen tenpletea. Tenpleteak Pedro Deunaren harrizko irudia du eta bolekin errematatutako piramideak dituen frontoi triangeluarra.

Ekialdeko fatxadan hiru hormazaleko abside poligonala ikusten da. Ertzetan harlanduzko kontrahormak dituzte. Horietako bi deigarri gertatzen dira oinplano zirkularra dutelako. Gorputz baxuago bat du burualdearen alboan itsatsita iparraldetik, sakristia dagoen lekuan. Atariaren aldameneko kontrahormetan bao gotiko bat dago. Atariaren albo-itxiturak eta sakristiak kontrahormei eta burualdeari nagusitasuna kentzen die.

Iparraldeko fatxada, errepidearen maila berean dago eta hegoaldekoaren eskema bolumetrikoak errepikatzen ditu: ikuspegi angeluzuzena eta harlanduzko hiru kontrahorma oinaldeko bi ataletan, gorputza bi planotan bereizita, eta burualdeko atala txikiagoa. Ataririk ez duenez, kontrahormen bertikaltasuna nabarmentzen da. Harri-hormak dira, basamentuekin, ornamenturik gabe eta soilagoak dira. Kontra-hormen artean garrantzi gutxiagoko baoak agertzen dira, horietako bat, oinetatik gertuen dagoena, txaranbeldua da eta zirkularra. Burualdeko atala luzatu egiten da, sakristia baitu.

Aurretik eta barrutik begiratuta, alboko nabeak zentrala baino baxuagoak dira lehenengo atalean, eta arku zorrotzez egindako itxitura baten bidez gainerako elizarekiko desberdintasuna azpimarratzen dute. Beste bi atalek altura bera dute, eta horrek elizari areto-eliza itxura edo kolumnategi itxura ematen dio, espazio aldetik bateratua. Nabe zentralaren oinaldean arku eskartzanoz egindako koru bat du goian.

Tenpluaren barruko estaldurak hainbat gurutzeria-ganga gotiko ditu, Errenazimenduko erdiko lau zutabe lodiren gainean eta alboetan pilastren gainean. Izar-itxurako lau puntako ganga da, bederatzi aldiz beste hainbat "kaperatan" errepikatzen den tertzeletea. Nabe zentralaren lehenengo atalak ardatz-lotura bat du, nabe osoan zehar luzatzen ez den ardatz nerbioa. Nabeetan giltzarri polikromatuak ikusten dira, gehienbat gorriak, poligono-itxurakoak, gaztelu, hegal eta Pedro Deunaren giltzen irudiekin.

Hiru nabeek oso euskarri exentu desberdinak dituzte. Exentuak zutabe zilindriko lodiak dira eta bertara jotzen dute gangako nerbioek. Aurrekoek forma desberdinak dituzte, eta bost egitura-fuste txiki. Beste biak lisoak dira, aurrekoen aldeekiko aldatuz. Desberdintasunak kapiteletan ere ageri dira: oinaldean daudenak nerbio-sorta jasotzen duten uztai xaloak dira; beste biak, aldiz, baxuagoak dira eta barazki-irudiak dituzte. Basamentuko sistemak ere desberdinak dira: aurrealdeko zutabeetan, gotiko-itxura konplexukoak, sartzeetan oinarrituta; atzekoak berriz, xaloak, toru eta eskoziekin, moldura konbexu eta konkaboekin.

Itsatsitako euskarriek ere desberdintasun berdinak dituzte. Kapera nagusiko sarrerako pilastrek aurreko zutabeekin lotura dute dekorazio hostotsuaren bidez, bai kapiteletan eta bai basamentuan. Lehenengo eta bigarren atalak bereizten dituzten pilareak hormei lotuta daude, eta pilareak semioktogonalak dira, eta gangako nerbioak jasotzeko zutabe txikiak itsatsita dituzte. Lehenengo eta bigarren atala bereizten dituzten pilareak pilare exentuen sistema zaindua eta sinplifikatua kopiatzen dute: zilindro-itxurako zutabeak dira eta kapitel eta toskanar harroinak dituzte. Oinaldeko hormetan, zutabe lerroen ardatz gainean dauden nerbioen euskarriak baso-mentsulak dira.

Korua oinaren gainean dago. Kanpoko eskaileratik igotzen da bertara, dorrera doan eskailera beretik. Koruak elizaren sarreran altuera txikiko leku bat eratzen du, eta nerbio zuzeneko tertzeleteak eta jaitsitako arkua duen ganga gotiko oso laua ditu. Koruan organo bat dago, areto-eliza handiko giza eskalako protagonista.

Barruko argitasuna puntu erdiko eta pixka bat txaranbeldutako arkiboltadun baoen bidez lortzen da. Arkibolta guztietatik burualdeko trazeriaduna nabarmentzen da. Bao guztiak beiratez itxita daude. Barruko hormak harri-hormez eginda daude eta presbiteriora doan eskailera-maila granitozkoa da. Zorua bernizatu gabeko egur arrunteko oholeria da, baina horren azpian lehenagoko harrizko zola dago.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa