Santa Maria basilika
|
||||
|---|---|---|---|---|
|
Atari nagusia. |
||||
| Herria | Donostia | |||
| Herrialdea | ||||
| Lurraldea | Gipuzkoa | |||
| Koordenatuak | 43°19′26.3994″N 01°59′12.1194″W / 43.323999833°N 1.986699833°WKoordenatuak: 43°19′26.3994″N 01°59′12.1194″W / 43.323999833°N 1.986699833°W | |||
| Garaia | XVIII. mende | |||
| Helbidea | Parte Zaharra | |||
Santa Maria basilika[1], sarri Koruko Andre Mariaren basilika[2] ere deitua, Donostiako Parte Zaharrean dagoen eliza barrokoa da.
Inazio Ibero arkitektoaren lana da, Caracasko Gipuzkoar Konpainiaren enkarguz eraikia XVIII. mendean.
Kultuz kanpoko erabilpenen artean musika arloa dugu. Izan ere, Musika Hamabostaldiak eliza hau du egoitza nagusietariko bat.
Eduki-taula |
Erretaula multzoa [aldatu]
Erretaula nagusia Koruko Ama Birjinarena da eta albokoetakoak Santa Barbararena eta San Piorena. Estilo neoklasikokoak eta 1775. urtearen inguruan eginak. Hiru erretaulek estiloari dagokionez multzo batua osatzen dute. Hirurak dira Francisco Azurmendik eginak, Diego Villanuevaren trazari jarraituz.
Erretaula nagusiaren oinplanoa ahurra da, eta burualdearen forma erdizirkularrari egokitzen zaio. Gorputz bakarrak hiru kale eta errematea ditu, eta honela dago antolaturik: goitik behera erdiko kalearen alboetan dauden zutabe korintiar bikoiztuen bitartez, albokoetakoek muturretan pilastra artekatuak eta dekoratuak dituzte. Atikoan San Sebastianen oihal handiaren aldeetan girlanda eta grekadun bi pilastra daude eta hodei eta eguzki-izpiak dituen frontoi hiruki bat errematea da. Taulamenduan erdiko aldean, zutabeen gainean, apaingarria dago: hodeiak, aingeruen burutxoak eta lurrina erretzen duten lau txarro. Erretaula aldeetara zabaltzen da eta hegoetan sakristiarako ateak eta bi santari eskainitako oihalak daude.
Erdi-puntuko hormakonka handian barrokoko zilar koloreko Koruko Ama Birjinaren irudia dago. Alboetako kaleetan Goikoetxearen Santa Ursula eta Santa Dorotearen oihalak daude, eta hegoetan Santa Marta eta Maria Magdalenaren pinturak. Azkenik, atikoan taulamendu bakunaren gainean Donostiako zaindaria, San Sebastian, irudikatzen duen oihal argitsua dago. Egilea Luis Boccia izan zen.
Erretaula albokideek honako diseinu hau dute: oinplano ahurra, gorputz eta atikoan egituraturik eta erretaularen gorputza mugatzen duten zutabe korintiar handiak. Erdiko aldean, taulamendu atzeraemanda dute, eta atikoa erdizirkularra eta txaranbeldua da. Erretaularen gorputzean erdiko erregistroak erliebedun panel handi bat du eta alboetako alde ahurretan irudiak daude oinazpikoen gainean. Atikoetan erdiko espazioan eskulturak daude eta zutabeen gainean txarro bana daude. Santa Barbaren erretaula epistolaren aldean dago: erdiko kalean Santa Barbararen goi-erliebea dago, eta beste alde bietan San Roke eta Santo Domingo irudikatzen omen dituzten eskulturak. Erretaula horrek San Nikolasen erliebea duen sagrarioa du, eta atikoan San Migel deabruari irabazten diola irudikatzen duen taila bat. Sagrarioa San Nikolas erretaulakoa izan zen. San Pio V.aren erretaulan goi-erliebeak Pio V.aren bizitza irudikatzen duen eszena erakusten du, eta alboetan San Joan Bataiatzailearen eta San Lorenzoren eskulturak daude; azkenik, atikoan San Jose eta umearen taila dago.
Santa Mariaren multzo hau Gipuzkoako akademizismoaren lanik nabarmenena da. Agerian daude diseinu egokia eta tenpluaren arkitekturarekiko egokitasuna. Horretaz gain, kontuan hartu behar dira eskulturagintza eta pinturagintzaren batez besteko kalitatea –batez ere San Sebastianen oihala-; Koruko Ama Birjinaren Erdi Aroko taila; eta tenpluan lan egin zuten egileen kalitatea. Horiengatik guztiengatik euskal erretaulagintza neoklasikoaren aparteko lana da, eta penintsularen iparraldeko multzoetan neoklasizismoaren inportanteenetako bat.
Ikus, gainera [aldatu]
Erreferentziak [aldatu]
-
Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
- ↑ Santa Maria basilika izena Donostiako Udala, Donostia turismo, Euskararen Donostia, Irutxuloko HITZA, Gipuzkoako Batzar Nagusiak, ETB, Gipuzkoakultura eta Musikaste webguneetan
- ↑ Koruko Andre Maria izena Hiru.com, Euskararen Donostia, Turismoa.Euskadi eta Ingeba webguneetan