Santiago Brouard
| Santiago Brouard | |
|
|
|
|---|---|
| 1984ko martxoaren 22a – 1984ko azaroaren 20a | |
|
|
|
| 1983ko maiatzaren 24a – 1984ko azaroaren 20a | |
|
|
|
| Jaiotza | 1919 Lekeitio (Bizkaia) |
| Heriotza | 1984ko azaroaren 20a Bilbo (Bizkaia) |
| Ezkontidea | Teresa Aldamiz |
| Lanbidea | Pediatra |
Santiago Santi Brouard Pérez (Lekeitio, Bizkaia, 1919ko apirilaren 19a - Bilbo, Bizkaia, 1984ko azaroaren 20a) medikua, politikaria eta euskararen aldeko militantea izan zen. GALek erail zuen.
Eduki-taula |
Bizitza [aldatu]
Lekeition jaioa, medikuntza ikasi zuen Valladolideko unibertsitatean. Behin ikasketak burututa, Euskal Herrira itzuli zen, eta pediatriako espezializazioa egin zuen Basurtuko Ospitalean. Teresa Aldamizekin ezkondu zen, eta hiru seme-alaba izan zituzten. Garai hartan, Bizkaiko lehen ikastolak sortzen lagundu zuen.
1974an Espainiako poliziak tirokaturiko etakide bati laguntzeagatik Ipar Euskal Herrira ihes egin behar izan zuen. Han, harremana izan zuen etakide historikoekin, adibidez Argalarekin. Erregimen frankistaren amaiera aldera, KAS alternatiba taxutzeko lanetan parte hartu zuen. Broaurd EHASeko sortzaileetako bat izan zen (1977tik aurrera HASI izango zena). Brouard bera HASIko lehendakari izendatu zuten; eta, Herri Batasuna sortzean, alderdi horretako kide izan zen.
Erbestetik itzulita, bere mediku lanarekin jarraitu zuen, politikan ere parte hartuta. 1983ean kartzelatu egin zuten, Espainiako errege Joan Karlos I.ak Gernikako juntetxera egindako bisitaldian Eusko gudariak abestu zuelako Herri Batasuneko beste kide batzuekin batera. Herri Batasuneko mahai nazionaleko kidea izan zen, eta alderdi horretako diputatu Madrilgo gorteetan. Horrez gain, agintaldi batez Bilboko alkateorde izan zen.
GALek eraila [aldatu]
1984eko azaroaren 20ean, Luis Morcillok eta Rafael López Ocañak tiroz hil zuten Santi Brouard bere pediatriako kontsultan. Hilketa hura egiteko eguna ez zuten ausaz aukeratu. Izan ere, egun horretan bertan hilak ziren, urte batzuk lehenago, José Antonio Primo de Rivera eta Francisco Franco.
Ondorengo ikerketek bi hiltzaileak identifikatu eta auziperatu zituzten, baina Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile batek libre utzi zituen 1999ean. Hainbatek salatu zutenez, hilketa hura Espainiako gobernuak 1980ko hamarkadan aurrera eramandako estatu terrorismoaren operazioetako bat izan zen.
Luis Morcillok 2013. urtean aitortu zuenez, berak egin zion tiro Brouardi, eta Guardia Zibileko teniente koronel Rafael Masak eman zuen hilketa egiteko agindua. Brouard hiltzearen trukean, Espainiako Barne Arazoetako Ministerioak 25 milioi pezeta (150.000 euro) ordaindu omen zizkien hilketa horren egileei; horietatik 5 milioi (30.000 euro) Morcillorentzat izan omen ziren.[1]
Brouarden omenez izendatuak [aldatu]
- Bilboko Udalak kale berri bati Santi Brouarden izena jarri zion Ametzolako auzoan.
- Lekeitioko Udalak udal kiroldegiari Santi Brouard izena jarri zion.
Erreferentziak [aldatu]
- ↑ Gorka BEREZIARTUA MITXELENA: «Luis Morcillo: "Nik hil nuen Santi Brouard"», Egunekoak, Argia, 2013-04-15.
Kanpo loturak [aldatu]
- Santi Brouard. Euskal Herria osagai. Duingastuna omen, Euskal Herria Osagai herri ekimen Lekeitiokoak sortutako dokumentala (bideoa).
- «Santi Brouardekin Hasi-ren Kongresoaren Ondoren», elkarrizketa Argia astekarian (1982)
- «25 años recordando Santi Brouard en Andalucía», Kaos en la red webguneko artikulua.
- «El asesinato de Santiago Brouard», El Mundo egunkariak GALen gerra zikinari buruz argitaratutako 15 años tras una X laneko atala.
- «Rafael López Ocaña reconoce haber matado a Santi Brouard», Torturaren Kontrako Taldearen webguneko albistea.
- «Santiago Brouard Jauna», Argia, 1999.
- «Santi Brouard: Abertzale ta Sozialista», YouTubeko bideoa, Brouarden aldeko omenaldiko irudiekin.