Santurtzi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Santurtzi

 Bizkaia
Santurtzi
Santurtziko ikuspegia.
Santurtziko bandera

Santurtziko armarria

Izen ofiziala Santurtzi
Estatua
Erkidegoa
Lurralde Historikoa
Eskualdea
Espainia
Euskal Autonomia Erkidegoa
Bizkaia
Bilbo Handia
Alkatea Ricardo Ituarte (EAJ)
Herritarra santurtziar
Koordenatuak 43°19′46″N 3°1′59″W / 43.32944°N 3.03306°W / 43.32944; -3.03306Koordenatuak: 43°19′46″N 3°1′59″W / 43.32944°N 3.03306°W / 43.32944; -3.03306

Bizkaia municipalities Santurtzi.PNG

Eremua 6,8 km2
Distantzia 11 km Bilbora
Posta kodea 48980
Biztanleria 47.076 bizt (2011)
Dentsitatea 6.922,94 bizt/km²
http://www.santurtzi.net/

Santurtzi Bilbo Handia eskualdeko udalerria da. Ibaizabalen ezkerraldean kokaturik dago.

2005. urtean 47.155 biztanle zituen. Bizkaiko bosgarren eta Euskal Herriko bederatzigarren herririk populatuena da.

Arrantzarekin duen lotura historikoagatik gaztelaniaz "villa sardinera" izena hartu du, sardina-saltzailea alegia.

Eduki-taula

[aldatu] Inguru naturala eta klima

Santurtziko udala

Santurtzi herria Ibaizabal ibaiaren mendebaldean dago. Mendebaldean, Ortuella eta Zierbena udalerriekin egiten du muga, ekialdean Ibaizabal ibaiarekin, hegoaldean Portugaleterekin, eta iparraldean Bizkaiko Golkoarekin.

Serantes mendiaren (452 m.) magalean, Santurtziren erdigunea, antzinako arrantza portu zaharraren inguruan dago, leunki Kabiezes auzoraino gora doana. Herriaren ezaugarrietako bat Ezkerraldeko hainbat herritan bezala, aldapak dira. Herriaren itsasoko gunea Bilboko portuak erabat hartua dago gaur egun. 1960ko hamarkadan eraikitako kanpo portuarekin lehenik, eta ondoren eraikitzen ari den Superportuarekin.

Santurtzi Santa Eulaliatik ikusia.

Santurtziko klima ozeaniko hezea da, korronte bero baten eraginaz, eta urte osoan zehar, temperatura leunak dituena. Euriak udazkenean eta udaberrian ugariak izaten dira, negu onberarekin eta uda ez oso beroekin. Kostaldean dagoenez gero, Bilbon baino ugariagoak izaten dira prezipitazioak.Tenperaturak epelak izaten dira urte osoan zehar. Nekez igotzen dira termometroak 35 °C-tik gora udan.

[aldatu] Auzoak

[aldatu] Historia

Erdi Aroaren hasieran, Alfontso I.a errege asturiarrak Duero eta Ebro haraneko biztanleekin populatu zituen Sopuerta eta Karrantzako lurrak. Hauek izan ziren Bizkaian kristautasuna pixkanaka sartu zutenak, mahatsa eta artoaren landaketarekin batera. XVI. mendetik aurrera Bizkaiko jaun handiek lurraldearen antolaketa aldatu zuten. Somorrostroko zazpi kontzejuek bi errepublika osatu zituzten Enkarterrietan, Avellanedako batzar-nagusietan ordezkaritza zutenak. Santurtzik, Sestaok eta Trapagaranek "Somorrostro Haraneko Hiru Kontzejuak" izeneko multzoa osatu zuten XIX. mendera arte. Santurtzi, "Santurce" izeneko udalerriaren zati zen Ortuellarekin batera.

XIX. mendean herrietako jarduera nagusia nekazaritza zen. Dena den, pixkanaka, industrializazioak eraginda, nekazaritzaren garrantzia galdu eta industriak eta meatzaritzak garrantzi handia hartu zuten, udalerrietako kontzejuen egitura ere aldatuz. Horrela, "Santurce" izeneko udalerria bitan banatu zen 1901. urtean. Batetik "Santurtzi Zaharra" (gaur egun Santurtzi dena), eta bestetik "Santurtzi Ortuella" (gaur egungo Ortuella).

Industrializazio prozesu azkarrak Santurtzi erabat aldatu zuen, kanpoko portuko kaia eraiki zen, herriko hondartza lehortu eta itsasoari hainbat metro koadro irabazi zitzaizkion industrian aritzeko leku gehiago izateko. Herriko eta inguruko udalerrietako enpresetan lan egitera etorritako hainbat biztanle etorri zen Santurtzira, Bizkaitik aurrena eta Espainiatik ondoren. Biztanle gehiago izatearekin, azpiegiturak ere handitu behar izan ziren, eskola, ospitale, zaharren egoitza, sehaska-etxea eta nautika irakaskuntzarako lehen eskola eraiki ziren. Bilboko portua herriko ardatzetako bat bihurtu zen pixkanaka.

Gerra Zibilak eten egin zuen prozesu hura, baina 1949. urtean berriro hasi zen herria biztanleria irabazten eta itsasoari eremu handiagoa hartu zion, ontziolak, udaletxea, azoka eta babes-ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko. 1901. urtean 3.000 biztanle baino ez zituen herriak 55.159 biztanle izan zituen 1978. urtean. Biztanleriaren eztanda hark zerbitzuen gabezia itzela eragin zuen, batez ere ur-hornidurari zegokionez. Horrez gain, herriko ortu eta larreak galdu egin ziren, zetorren biztanleria hartzeko etxebizitza piloa eraiki behar izan zelako. Pixkanaka ekonomia dibertsifikatuz joan zen eta Iberdrolak energia elektrikoa ekoizteko zentral termikoa eraiki zuen.

1970eko hamarkadako krisialdiak eragin latza izan zuen herrian ezkerraldeko hainbat udalerritan bezala.

[aldatu] Javier Cruz eta ustelkeria

Sakontzeko, irakurri: Higiezinen burbuila Euskal Herrian

Javier Cruz Euskadiko Alderdi Sozialistako Santurtziko alkatea 1995etik 2007ra, hirigintza-arazoak eta irregulartasunak ohikoak izan ziren bere agintaldian. Legez kanpo altxatutako etxebizitza blokeak[1], etxebizitza blokeak eraikitzeko birkalifikaturiko parkeak[2] eta abar.

Baina Javier Cruzen erortzea eta Euskadiko Alderdi Sozialistak Santurtziko alkatetza galtzea eragin zuena, Hijas de la Cruz ikastetxea saltzeko eta etxebizitzak eraikitzeko birkalifikazio saioa izan zen. 2007. urtean, herriko biztanle askok oihal moreak jarri zituzten euren balkoietan, jaietan egiten duten moduan, ikastetxeko arduradunek egindako eskakizunari jarraituz eta udalaren jarrera salatuz. Bien bitartean, Javier Cruz 2007ko udal hauteskundeetara ez aurkezteko erabakia hartu zuen, eta azkenik, 2007ko maiatzean, Ricardo Ituarte EAJko alderdiko hautagaiak irabazi zituen hauteskundeak, gehiengo osoz.

[aldatu] Demografia

Santurtzik 47.076 biztanle zituen 2011n. Udalerri moduan historia laburra dauka, izan ere, 1901ean banandu ziren Ortuella eta Santurtzi, meatzeek Ortuellari ekarritako hazkunde ekonomiko eta demografikoarengatik. Dena dela, industrializazio prozesuak eraginda, hainbat gorabehera izan ditu biztanleriak XX. mende osoan zehar.

Herriaren jarduera ekonomikoa portuarenarekin oso loturik izan da beti, eta gaur egun Bilboko Portuko instalaziorik gehienak Santurtzin daude. 1950eko eta 1960ko hamarkadan gertatutako industrializazioak etorkinak erakartzeak herriaren biztanleria asko handitu zuen: urte gutxiren buruan biztanleria boskoiztu ere egin zen, 50.000 biztanle baino gehiago iritsiz.

Biztanleriaren gorena 1981. urtean izan zen, 53.336 biztanlerekin. Ordutik biztanleria urtero jaitsi da, krisialdi ekonomikoak eta etxebizitza gabeziak eta garestitzeak eraginda.

Azken urteetan biztanleriaren jaitsiera eten den arren, herriak hazteko aukera gutxi du eta etxebizitza asko eraikitzen ari den arren, laster agortu egingo dira eraikitzeko orubeak Santurtzin.

[aldatu] Biztanleriaren bilakaera


[aldatu] Politika

Ricardo Ituarte (EAJ/PNV) da Santurtziko alkatea, 2007. urteaz geroztik.

2003ko hauteskundeetan EAJ-EA koalizioak 8 zinegotzi lortu zituen, PSE-EEk 8, PPk 3, EBk 2 eta EAk 1.

Boto kopuruari dagokionez, EAJ-EAk 9.640 boto lortu zituen orduan, PSE-EEk 8.641, PPk 3.883, EBk. Baliogabeko botoak 2.034 izan ziren eta zuri bozkatu zutenak 417. Aipagarria da baliogabeko botoek izan zuten gorakada, ezker abertzaleak hauteskundeetara aurkezturiko zerrendak (Santurtziarrak) Espainiako Auzitegi Nazionalak baliogabe utzi eta gero.

2007ko hauteskundeetan EAJk 9898 boto eta 11 zinegotzi lortu zituen, PSE-EEk 7018 eta 7 zinegotzi, PPk 2624 eta 2 zinegotzi, EB-Bk 1582 eta zinegotzi bat eta EAk 327 eta zinegotzirik ez. Aipatu behar da EA aurkeztea Bizkaiko batzarraren erabakia izan zela, Ortuellako kideek osatutako zerrenda ezarriz, eta Santurtziko EAk berak alderdiari ez bozkatzea eskatu zuen. Ezker Abertzaleari dagokionez EAEk aurkeztutako zerrenda legez kanpo utzi zuen Auzitegi Nazionalak, baina hala ere 2074 boto bildu zituen. Horren ondorioz, EAJk lortutakoetako zinegotzi bi egokituko zitzaizkiokeen.

[aldatu] 2011ko udal hauteskundeak

Santurtziko udalbatza

Izena Zinegotziak Boto kopurua[3]
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
12
11.220 (%49,41)
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE-PSOE)
4
4.302 (%18,94)
Bildu
3
3.148 (%14,02)
Alderdi Popularra (PP)
2
2.143 (%9,44)
Ezker Batua - Berdeak (EB-B)
-
860 (%3,79)
Beste batzuk
-
1.000 (%4,41)

[aldatu] Kultura

Serantes Kultur Aretoa (SKA) Santurtziko eskaintza kulturalaren osagai nagusia da. SKAk hiru gelako zinema eta antzokia eskaintzen ditu.

Horrez gain, Kresala aretoan, hitzaldiak, antzezpenak eta topaketak antolatzen dira eta Juan Jose Mendizabal plazan Santurtziko Liburutegi nagusia dago. Ekainaren 16tik 25era Liburu Azoka izaten da.

Bestalde, Santurtzin gune okupatu bi daude: Mamarigako Kultur Etxea (Nafarroa auzunea z/b), 1991n okupatuta Mamariga auzoan, batez ere auzoari begira lan egiten duena (tailerrak, hitzaldiak...) eta La Kelo gaztetxea(Las Viñas 63) 1999an okupatuta, hitzaldiak, kontzertuak, antzerkiak eta abar antolatzen dituena. Gaur egun biak hustutze mehatxupean daude.

[aldatu] Garraiobide eta azpiegiturak

Santurtziko Renfe geltoki berria.

[aldatu] Bilboko Portu Autonomoa

Bilboko portuak Santurtzin ditu azpiegitura nagusiak, Europako hegoaldearen gune garrantzitsua izanda garraiobide moduan. Gainera, ferry zerbitzuak ("Pride of Bilbao") ditu Portsmouthekin (Ingalaterra) lotzeko. Halaber, arrantza portua ere nabarmena izan da historikoki.

[aldatu] Trenbide sarea

Tren linea bik zeharkatzen dute Santurtzi herria, batak bidaiarientzako zerbitzuak eskaintzen ditu eta besteak zamak garraiatzekoak.

Renfe Aldirien C-1 Bideak Santurtzi eta Bilbo lotzen ditu, eta herrian bi geltoki ditu, hots, Santurtzi eta Peñota. Langaiak garraiatzeko erabiltzen den trenbidea Bilboko portura heltzen da, bertan Bilbao Mercancías izeneko geltokia dagoelarik.

Bilbao Ria 2000 erakundearen bitartez Santurtziko geltoki berria eraiki zen 2004. urtean, aurretik zegoena ordezkatuz. Horrekin batera Santurtziko parke zentralaren handitzea eta aparkaleku berri bat eraikitzen ari dira.

Bestalde, Bilboko metroaren bigarren Bideak ere geltokiak ditu Santurtzin. Erdigunean Santurtzi izenekoa 2009. urtean zabaldu zen. Geltokia Mamariga auzokoarekin lotuta egongo da 2010. urteko uztailetik aurrera, Metroak Santurtzi eta Mamariga arteko funikularra martxan jarri ostean. Kabiezes auzoan 2012. urtean irekiko da Metro geltokia, eta hala bigarren Bidearen proiektua bukatutzat emango da, azkenik trenbidea ez baita Meatzaldera luzatuko. Azken geltoki horrekin batera Metroko kotxera berriak ere eraikiko dira Santurtzi eta Ortuella arteko lurretan.

[aldatu] Elkarteak

[aldatu] Pertsonaia ezagunak

[aldatu] Irudiak

[aldatu] Erreferentziak

  1. El Ayuntamiento de Santurtzi legaliza 32 edificios con irregularidades El Correo Español egunkariko albistea.
  2. El Consistorio de Santurtzi proyecta cuatro bloques de pisos en el parque de La Sardinera El Correo Español egunkariko albistea.
  3. 2011ko udal hauteskundeen emaitzak euskadi.net webgunean 2011/07/06an kontsultatua

[aldatu] Kanpo loturak

Portal.svg
Wikipedian atari bat dago honi buruz:
Euskal Herriko Wikiatlasa
Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Santurtzi


Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak