Seagram Building

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Seagram Building
NewYorkSeagram 04.30.2008.JPG
Herria New York, Ameriketako Estatu Batuak
Herrialdea  Ameriketako Estatu Batuak
Koordenatuak 40°45′30″N 73°58′20″W / 40.75833°N 73.97222°W / 40.75833; -73.97222Koordenatuak: 40°45′30″N 73°58′20″W / 40.75833°N 73.97222°W / 40.75833; -73.97222
Garaiera 157 m
Solairuak 38
Helbidea 375 Park Avenue
Seagram Building non dagoen adierazten duen New York-ko/-go/-eko mapa
Seagram Building
Arkitektoa Ludwig Mies van der Rohe
Philip Johnson
Egitura ingeniaritza Severud Associates
Seagram Building

Seagram Building New York hiriko etxe orratz bat da, 375 Park Avenue-n kokatua, 52. eta 53. kaleen artean. Ludwig Mies van der Rohe arkitekto alemaniarrak diseinatu zuen, Philip Johnson amerikarrarekin lankidetzan, eta bere eraikuntza 1958an bukatu zen. 38 solairu ditu (157 m garai).

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikin honek eta bere estiloak ("Nazioarteko Estiloa" deritzonak) izugarrizko eragina izan zuten Amerikako eta munduko arkitekturan. Eraikuntza-estilo horren ezaugarri bereizgarrienetako bat da eraikinen egitura kanpoalderantz agerian uztea. Mies van der Rohek pentsatzen zuenez, eraikin baten egitura-elementuek agerian egon behar zuten. Seagram Building, garai hartako eraikin ia guztiak bezalaxe, altzairuzko egitura batekin egina zegoen, eta egitura horri euste-funtziorik betetzen ez zuten beirazko hormak atxiki zizkioten. Mies-en nahia zen altzairuzko egitura ageri-agerian uztea, baina Estatu Batuetako eraikuntza-arauek agintzen zutenez, egiturazko altzairu guztiak sutatik babesteko material batez estalita behar zuen egon (eskuarki, zementuz). Izan ere, gaizki babestutako altzairuzko zutabe nahiz habeak bigundu eta eror daitezke sute bat gertatuz gero. Zementuak eraikinaren egitura ezkutatu zuenez (Mies zeharo horren kontra egon arren), euste-funtziorik betetzen ez zuten habeak erabili zituen, egitura nolakoa zen agerian utzi nahian. Habe horiek eraikinaren kanpoaldetik ikus daitezke, eta bertikalean ipinita daude, beirazko leiho handiak inguratuz.

Seagram eraikinaren beste ezaugarri garrantzitsu bat da aurrealdean daukan plaza. Eraikinak ez du betetzen hasiera batean orubeak eskaintzen zuen espazio guztia. Izan ere, eraikitzaileak uko egin zion orubearen zati batean eraikitzeari (eta horrek ahalbidetuko zuen espazio eraikiaren hainbat eta hainbat metro koadrori), horren ordez eraikinaren aurrean iturriz apaindutako plaza bat sortzearren, Seagram eraikinaren edergarri eta osagarritzat hartu behar dena.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Seagram Building Aldatu lotura Wikidatan