Sean-nós abestia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau Sean Nós abestia buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Sean Nós».

Sean Nós abestia (literalki "Era Zaharrako abestia", euskaraz izendapen parekidea "Eskola Zaharreko abestia" litzateke) irlandar abestigintza herrikoiaren barnean dagoen ahots apaindura handiz osatutako abesteko era bat da, bere izenak dioen bezala antzinako "era zaharrean" abestu ohi zen bezala. Seán Nós jardueren barnean, Seán Nós dantzak ere badaude, hots, "Era Zaharreko dantzak".

Eremu geografikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abesteko era hau nagusiki eta usadioz Irlandan irlandera hitz egiten den eremuetan abestu ohi da (baita gaelera mintzo den Eskoziako eremuetan ere). Abesteko era hau gurasoetatik seme-alabetara belaunaldiz-belaunaldi igaro da. Era hau abesteko doinu, hizkeraren erritmoan eta gaeldar olerkigintzan oinarritzen da. Irlandan irlanderak oraindik bizirautea lortu duen lur eremu urrunetan abestu ohi da, Gaeltacht eremuetan: Donegal, Mayo, Kerry, Cork, Waterford, Meath, eta batez ere Galwayko konderriaren mendebaldeko Connemara eskualdean.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apaindura ugariz beteriko abesteko era bat da, honetan abeslariak abesten duen egoera ezberdinen arabera doinu ezberdinak erabili ohi ditu. Ez dio inongo musikatresnik laguntzen. Abesteko garaian, abeslariak, ez du abesten duena antzezten, hitzek kontakizuna euren kabuz azaltzen baidute, horregatik Sean Nós erako abeslari askok abesteko unean honako jokamolde orokorrak izan ohi dituzte: begiak itxi ohi dituzte, beren eskuak bizkarraldean ezartzen dituzte eta abestean burua goruntz altxa ohi dute. Beren eskuak edo gorputzeko beste atalen bat mugitzea ez da batere ohikoa izaten.

Apaindurak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abeslari bakoitzak apainduren erabileraz abestiari bere ikutu pertsonala jarri ohi dio. Apaindura mota ugari daude, adibidez, bertso bat eta bestearen arteko tartean musika nota berriak gehitu litezke. Hau ingelesez “embellishment” ("apaindura") izendapenarekin ezagutzen da. Abeslariak erritmoak nahiz musikaren doinua alda ditzazke.

Beste zenbait elementu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abeslariari ematen zaizkion flexibilitatea eta askatasuna abesteko era herrikoi honen giltzarriak dira. Adibidez, glissando ezberdinen erabilera ez da oso ohikoa izaten. Abestiaren azken lerroetan abeslariak hitzak hitz lauz azaldu ohi ditu, ordurarte egin duen bezala abestu beharrean, honela entzuleei abestia bere amaierara ailegatu dela ohartarazten die.

Sean Nós era eta motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irlandan “Sean Nós abestiarekin” lotura duten hiru eremu bereizi ditzazkegu: Donegal, Connemara eta Munster.

Eskualde bakoitzaren ezaugarri nagusiena tokian-tokiko irlanderaren dialektoaren erabilera da, baina horretaz gain eremu bakoitzean abesteko era ezberdinen ezaugarriak sortzen dituzten beste zenbait apaindura elementuak ere badaude. Adibidez, Donegalen erritmoa erregularra eta melodiazkoa izatera jo ohi du, Connemaran apaidurak ez dira hain ohikoak izaten, aldiz azken eskualde honetako abesteko erak melisma ugari erabili ohi ditu. Bestaldetik, Munster probintzietako Kerry eta Cork konderrietako eremuetan Connemaran ez bezala abestia malguagoa izan ohi da, abeslariek abesti baten bertsio ezberdinak aldatzeko edo sortzeko askatasun handiagoa dute. Munsterreko abesteko era klasikoena da. Abeslariek vibrato izeneko apaindura elementua erabiltzea oso ohikoa izaten da.

Halere, denbora igaro hala eta irratia eta telebista bezalako komunikabideen ondorioz, “Sean-nós abesti” mota ezberdinak herrialdearen gainontzeko eskualdeetan ere ezagutzera emanarazi dira, honela batzuk bestei egokitu eta azkenik beren jatorrizko ezaugarri nabarmenak zirenak galdu egin dituztelarik.

"Sean Nós abestien" edo "Era Zaharreko abestien" abeslari ospetsuenetako batzuk honako hauek dira: Donegalen Maire Ni Mhoanaig (Altan), Maire Ni Bhraonain (Clannad) eta Lillis O´Laoire. Connemaran: Tomás Mac Eoin, Sean ´ac Donncha eta Dara Ban Mac Donnchadha. Kerryn: Mire Begley, Begley sendia eta Sean de hOra. Corken: Peadar O Riada.

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]