Zekale

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Secale cereale» orritik birbideratua)

Zekale
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaPoales
FamiliaPoaceae
LeinuaTriticeae
GeneroaSecale
Espeziea Secale cereale
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakzekale eta rye bran (en) Itzuli
Secale cereale
Zekale-lastoa, ganaduarentzako elikagai aproposa
Zekalearekin egindako ogia, Austriakoa

Zekalea (Secale cereale) landare monokotiledoneoa da, urterokoa, gramineoen familiakoa, eta bere aleagatik edo bazka landare bezala landatzen dena. Ondo jasaten du lurzoruaren azidotasuna.

Elikaduran erabilpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gariaren familiako zereala da, eta garagarrarekin estuki lotua dago. Zekalearen alea, irina egiteko erabiltzen da. Zekalearen irina horia eta lurrintsua da, balio dietetiko handikoa eta zapore berezikoa, eta iraupen luzekoa da.

Zekale irin hutsez eginiko ogia marroi iluna da, mingotsa, malgutasun urri eta uki latzekoa, eta luze irauten du. Gluten gutxiago ere badu. Baina ogi mora hori ez da izaten gaurko kontsumitzaile estandarraren gustukoa (“ogi beltza” esango lioke) eta horregatik gari irinarekin nahasi ohi da sarri, erabiltzekotan[1].

Edari alkoholikoak egiteko baliatzen da zekalea, gordinik edo maltatuta, pattar eta whiski batzuk egiteko.

Ganaduarentzako bazka bikaina da, landareak 1,60 metroko altuera hartzen duelako, eta lastoa jangarria dute animaliek.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zekale etxekotuaren lehen erabilera, seguru asko Paleolito berantiarrean eman zen, Abū Hurayran (gaur egun, presa baten ondorioz urpean dagoen muinoa) Eufrates ibaiaren haranean (Siria iparraldean).

Zekalearen izenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zekalearen euskarazko izena zuzenean latinetik dator (secale), eta etimologikoki lehorrera ondo egokitzearekin izan dezake harremana. Inguruko hainbat hizkuntzatan ere antzeko termino latinoak erabiltzen dira: segal (okzitanieraz), seigle (frantsesez), sègol (katalanez) eta segale (italieraz), ez ordea Iberiar penintsulako beste hizkuntza batzuetan: centeno (gaztelaniaz), centeo (galizieraz), centeio (portugesez). Kasu honetan ere latinetik dator, hordeum centenum esamoldetik, esan nahi baita, batetik ehun ematen duela, oso zereal emankorra delako[2].

Europako beste hainbat hizkuntzatan, erro indo-europar batetik dator zekalearen izena: rye (ingelesez), rozh (errusieraz), Roggen (alemanez), ruis (finlandieraz)...

Euskaraz, zikirio aldaera ere ezagutzen da, zekaleren erro berekoa, eta jasoa dago Zaraitzun eta Erronkari ainegu, ainagu edo añegu forma[3], hau ere jatorri erromantzekoa: panicum (gari) > paniegu > aniegu.[4]

Zekalea Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europa ekialde eta iparraldean ohiko zereala izaki, Euskal Herrian, ordea, oraintsu arte ospe urrikoa izan da gariaren aldean, gosete gorrietan soil-soilik kontsumitu izan baita (agian, mingots samarra izateaz gainera, gariz eginikoa bezain harro ez delako agertzen zekalezko ogia, gluten gutxiago duelako)[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Agirre, Edorta. (). «Zekalea - Ase eta Gose» Ase eta Gose (Noiz kontsultatua: 2018-04-01).
  2. (Ingelesez) «Rye in European languages [3784×2864 • r/etymologymaps»] reddit (Noiz kontsultatua: 2018-04-01).
  3. «Orotariko Euskal Hiztegia» ww.euskaltzaindia.fr (Noiz kontsultatua: 2018-04-01).
  4. Morvan, Michel. «añegu - Diccionario etimológico vasco-español-francés-inglés» projetbabel.org (Noiz kontsultatua: 2018-04-01).