Segura

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau Gipuzkoako herriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Segura (argipena)».

Segura

 Gipuzkoa
Segurako Ama Jasokundearen eliza.
Segurako Ama Jasokundearen eliza.
Segurako bandera

Segurako armarria

Izen ofiziala Segura
Estatua
Erkidegoa
Lurralde Historikoa
Eskualdea
Espainia
Euskal Autonomia Erkidegoa
Gipuzkoa
Goierri
Alkatea Eluska Gerriko Fariñas (Bildu)
Herritarra segurar
Koordenatuak 43°0′30″N 2°15′10″W / 43.00833°N 2.25278°W / 43.00833; -2.25278Koordenatuak: 43°0′30″N 2°15′10″W / 43.00833°N 2.25278°W / 43.00833; -2.25278

Gipuzkoa - Segura.svg

Eremua 9,5 km2
Garaiera 240 m
Distantzia 50 km Donostiara
Posta kodea 20214
Biztanleria 1.480 bizt. (2013)
Dentsitatea 155,79 bizt./km²
Sorrera 1256
http://www.seguragoierri.net

Segura Gipuzkoako Goierri eskualdeko udalerri bat da, Oriaren haraneko buruan dagoena, ibai horren gaineko muino batean. Segura herriak, 1256an Segura izenaz fundatua izan aurretik, Erraztiolatza izena zuela uste da, eta gaur egun San Andres ermita dagoen inguruan zegoela.[1]

Segurarrek zopajale ezizena hartzen dute eta, batzuetan, lumero-zopajale.

1996ko otsailaren 6an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu-multzo sailkapenarekin.[2][3]

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalerri mugakideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herriaren ikuspegi orokorra.

Herriari Alfontso X.ak eman zion hiribildu izaera, 1256an, Gasteizko Forua emanez. Hiri berria muino baten gainean eraiki zen, ibaiaren eskuinaldean, gotorlekua egiteko aproposeko lekuan. Kokapen hori oso komenigarria zen estrategiaren aldetik, Nafarroako Erresumaren mugan eta oso ondo komunikatuta baitzegoen, Gipuzkoarako bide nagusiaren ertzean hain zuzen ere. Bide hori Arabatik zetorren eta iparralderantz zihoan, Lizarratetik. Dagoen lekuagatik, Segura asko hazi zen Behe Erdi Aroan, eta hori erraz antzematen da hirigunea noraino zabaldu zen ikusita (3,4 hektareara iritsi zen). Hirigune historikoak Erdi Aroko morfologia gordetzen du argi eta garbi. Hiruki formazko plano irregularra dauka; bertan dago Kale Nagusia, eta hura gurutzatuz, Untzurruntzaga kalea, Lardizabal eta Zurbano kaleetan banatzen dena.

Ondoren, XVI. mendetik aurrera, hiria bere garrantzia galtzen hasi zen, muga lekuz aldatzeagatik eta, batez ere, Lizarrate errepidea apurka-apurka baztertuta geratzeagatik, Leintz haraneko bidea nagusitzen hasi zenean. Horixe izan zen XVIII. mendean zalgurdien errege-bidea egiteko aukeratu zena. Etzegarateko atea egin zenean, Segura komunikabide nagusietatik baztertuta geratu zen eta merkataritza-hiriaren izaera galdu zuen.

Ondasun nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Segurak hiribildu izaerari ondo eutsi dio eta Gipuzkoako multzo historiko-artistiko ederrenetakoa da, bai eraikuntzen motengatik bai horiek bilbatzen diren moduarengatik. Oinplanoak Erdi Aroko hirigintza-ezaugarriak mantentzen ditu: hiruki-itxurako antolaketa erregularra, iparraldetik sartzeko kale bakarra (Kale Nagusia), eta hortik ateratzen den beste kale bat, Unzurrunzaga. Hori bitan banatzen da, Lardizabal eta Zurbano kaleetan alegia. Kale Nagusia eta Zurbano eta Lardizabal kaleak paraleloak dira eta hiri zaharreko hegoaldean daude. Bi kantoi (Zerain eta Oxinakoak) kale horien perpendikularrean daude, eta zeharkako bideak osatzen dituzte. Hiriko errebala batez ere iparraldean garatu zen, bide zaharraren alboetan.

Sorkundetar komentua, hegoaldeko errebalean.

Hiria harresiz inguratuta egon zen garai batean, eta bost ate zituen. Horien artean nagusi ziren Behekoa (iparraldean) eta Goiko edo Gaztelako Ataria (hegoaldean). Bien bitartean errepidea zegoen, gaurko Kale Nagusian. Beste ateak Zeraingoa (Zubihaundikoa) eta Oxinakoa (Nafarroakoa) ziren, Zerain kantoiko sarreretan zeudenak, eta Oxinakoa, izen bereko kantoiaren ekialdeko muturrean zegoena. Hiri zaharraren inguruetan, mendebaldean, dagoen parrokia-eliza hiriko harresiaren zati bat zen. Gaur egun ez dago harresirik, baina kantoietako hiru atariak kontserbatu dira, baita hormaren zati batzuk ere, gune batzuetan.

Hiri zaharraren barrualdeko etxaldeak bikoitzak dira, eta dagokien karkaba kontserbatu da. Ertzetako etxaldeak, ordea, bakunak dira. Orubeetako batzuk estuak eta sakonak dira, gotiko berantiarrean bezalaxe, baina sute ugarien eragina ere sumatzen da bertan, horiek izan ondoren eraiki ziren etxeetan. Bestalde, populazioa oso astiro hazten zenez, esparru zabalagoak sortu ziren, hala nola Oxina kantoian dagoen San Juan plaza. Hori 1645eko sute handiaren ondoren egin zen, etxalde oso bat desagertzean gelditutako orubeak udalaren esku geratzean.

Eraikinak mota anitzekoak dira, baina batez ere mehelina duten etxeak daude, bi edo hiru solairukoak. Aniztasunak arkitekturaren bilakaera islatzen du: badaude hiriko etxe tradizionalak, 1645eko sutearen ondoren egindako etxe klasizistak (barrokoak), Pizkundeko eta Barrokoko jauregiak eta neoklasizismo eta eklektizismoko adibideren bat.

Hiriko etxe tradizionalak ugari dira. Lursail sakonetan egindako eraikinak dira, zeharkako bi hormarte dituztenak. Suhesi bat daukate mehelin moduan. Fatxadetan bilbadura daukate eta solairuak hegalkinean eginda daude. Kale Nagusiko 12an dagoena, Ardixarra, azpimarratzeko da, horixe baita, agian, Segurako hiri zaharreko etxerik zaharrena. Barroko klasizista ere leku askotan sumatzen da: estilo horretako eraikinak soilak dira, hiriko etxearen eta jauregiaren arteko erdibide bat. Beren fatxadak harlanduzkoak izaten dira, arku itxurako portadekin. Horietako batzuen lursailak Erdi Aroko neurrikoak dira; beste batzuen orubeak zabalagoak dira, Kale Nagusiaren hasierako Balantzegi etxea esaterako, eta horietako batzuk eraikin askeak dira (Ondarra, Latinetxe). Jauregi izeneko jauregiaren estiloa ere barrokoa da, baina apaindura gehiagorekin. Neoklasiko herrikoiari dagokionez, adibideak San Juan plazan eta, batez ere, errebalean ditugu. Eraikin horiek diskretuak dira eta erraz egokitzen zaizkio hiri zaharrari. Eklektizismo historizistaren adierazgarri nagusia Zurbano jauregia da, gaurko Kultura Etxea alegia. Estilo erromantikoaren adibideak ere badaude: Alustiza jauregia (Kale Nagusiaren bukaeran) eta Arrietaenea etxea (Untzurruntzaga kalean).

Hirigunean balio handiko eraikinak hauek badaude, besteak beste:

Arrue jauregia
  • Ama Jasokundearen eliza, XVI. mendeko euskal gotikoko adierazgarria. Areto-eliza edo hallenkirche motakoa da, garaiera bereko hiru nabez osatua baitago. Erretaula XVIII. mendekoa da, estilo barroko-rokokoan zizelkatua, eta monumentu izendatua.
  • Sorkundetar komentua, antzinako Santa Isabel komentua, 1519an sortua. Bertan XV. mendeko Kristo gurutziltzatu gotiko bat dago, Gipuzkoako zurlan baliotsuenetakoa. Bertako erretaula ere XVIII. mendeko barrokoa da.
  • Hainbat ermita dago Seguran eta inguruetan, hala nola, San Andres, Santa Grazi, Santa Barbara eta San Sebastian.
  • Ardixarra (edo Don Gartzi etxea), XVI. mendeko zurezko eta troskazko hormarteko etxea, bertako ganbaran Euskal Herrian bakarra den Erdi Aroko Interpretazio Zentroa dago.
  • Gebara etxea, XV. mende amaierakoa, Errege-erregina katolikoen etxezainak eraikia.
  • Arrue jauregia Gaztelako portale desagertuaren ondoan eraikitzen hasi ziren XVI. mende hasieran. Garai horretakoa da beheko solairua, erdi-puntuko arkua duena. 1645. urtean, goiko solairuak adreiluekin berregin zituzten, estilo mudejar pizkundetarrean.
  • Balentzegi jauregia, XVII. mendekoa.
  • Lardizabal jauregia, XVII. mendekoa, Udaletxea dago gaur bertan. José Ignacio Linazasoro arkitekto donostiarrak eraberritu zuen.

Euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Goierriko hizkera»

Irratia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleriaren bilakaera
1900 1910 1920 1930 1940 1950 1960 1970 1981 1991 2001 2009
1.406 1.396 1.354 1.324 1.352 1.290 1.662 1.634 1.428 1.297 1.225 1.391

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2011ko udal hauteskundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzen ondorioz Segurako alkatea Bilduko Eluska Gerriko da.

Segurako udalbatza

Alderdia Zinegotziak Boto kopurua
Bildu
5
440 (%50,52)
Segura Lantzen
4
380 (%43,63)
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE(PSOE))
-
6 (%0,69)
Alderdi Popularra (PP)
-
5 (%0,57)
Datuen iturria: Hauteskundeen emaitzak euskadi.net webgunean


Jaiak eta tradizioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herriko festa nagusiak San Joanak dira, ekainaren 24ren inguruan, ekitaldi berezien artean haurren danborrada eta bolo lehiaketak antolatzen dituztelarik, besteak beste.

Bestela, Aste Santuan egindako prozesioak ospe handikoak dira, Euskal Herria osoan errenferentziazkoak. Halaber, udaberriko lore eta landareen azoka martxoan; hilabete berean "Iparra-Hegoa" kultur ekimena (zazpi probintziak elkartzen dituena); Erdi Aroko Festa bi urtetik behin, urte bikoiztietan, uztailean antolatutakoa; Euskal Herriko Solteko Dantza Txapelketa 1977tik ospatzen da Seguran eta San Nikolas Txiki Eguna abenduaren 6an, haurren zaintzailea den santuarena.

Segurar ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Erakustokia», Erraztiolatza Museoaren webgunea.
  2. Kultura ondasun izendatzeko erabakia, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.
  3. Izendapenaren aldatzeko 2000ko urriaren 24ko erabakia, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.


Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Segura Aldatu lotura Wikidatan
Portal.svg
Wikipedian atari bat dago honi buruz:
Euskal Herriko Wikiatlasa