Sei Eguneko Gerra

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Sei Eguneko Gerra
Arabiar-israeldar gatazka
1967 Six Day War - The Jordan salient.jpg
Data 1967ko ekainaren 5etik 10era
Lekua Ekialde Ertaina
Emaitza Israeldarren garaipena
Lurralde
aldaketak
Israelek Gazako zerrenda eta Sinai penintsula hartu zizkien Egiptori; Zisjordania, Jordaniari; eta Golan, Siriari.
Gudulariak
IsraelIsrael EgiptoEgipto
Flag of Iraq (1963-1991); Flag of Syria (1963-1972).svg Siria
JordaniaJordania
Flag of Iraq (1963-1991); Flag of Syria (1963-1972).svg Irak
Indarrak
50.000
300 hegazkin
800 tanke
Egipto: 240.000
Siria, Jordania eta Irak: 307.000
957 hegazkin
2,504 tanke
Galerak
776-983 hildako:
4.517 zauritu
15 atxilotu
Egipto 10.000-15.000 hildako, zauritu; 4.338 atxilotu
Jordania 700-6.000 hildako; 533 atxilotu.
Siria 1.000 hildako, 367 atxilotu.
Irak - 10 hildako, 30 zauritu

Sei Eguneko Gerra (hebreeraz: מלחמת ששת הימים, Milhemet Sheshet Ha‑Yamim; arabieraz: حرب الأيام الستة, ħarb al‑ayyam as‑sitta), edo 1967ko Arabiar-Israeldar Gerra edo Arabiar-Israeldar Hirugarren Gerra izenez ezaguna, Israelen, alde batetik, eta Egipto, Jordania, Irak eta Siriaren, bestetik, arteko guda izan zen, ekainaren 5 eta 10aren artean egina.

Egiptok Nazio Batuen Erakundeko Larrialdietako Indarra Sinaiko penintsulatik botatakoan eta Israelgo itsasontzientzat Tirango itsasartea blokeatutakoan, Israelek Egiptoko hegazkineriari eraso egin zion, haien eraso zuzenaren beldurrez. Jordaniak, orduan, Jerusaleni eta Netanyari eraso egin zien.

Gerra bukatutakoan, Israelek Gazako zerrenda, Sinaiko Penintsula, Golan eta Zisjordania hartu zituen mendean. Ondorio horien eraginak egungo geopolitikan ere nabariak dira.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suezko krisia (1956)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Suezko krisialdia»

Suezko krisialdia Egiptorentzat porrot militarra baina garaipen politikoa izan zen. SESBak eta AEBek egindako presio diplomatikoari esker, Israel Sinaiko penintsulatik atera behar izan zen. Gainera, NBEren soldaduek Egipto eta Israelen arteko muga zaintzeko agindua jaso zuten. Horrek herrialde bien arteko nolabaiteko bake egoera bermatu ahal izan zuen. Babes horren ondorioz, Egiptok Tirango itsasartea zabaldu behar izan zien itsasontzi israeldarrei.

Egoera erdi-baketsu horrek, hala ere, ez zuen Israelen onarpena lortu. Herrialde arabiar bakar batek ere ez zuen estatu judua onartu garai hartan. Siriak, gainera, Israelera armak bidaltzen zituen barneko sektore arabiarrak indartzeko.

Hasierak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialde arabiarretako herritarrak beraien gobernuak presionatzen aritu ziren, Israelen kontra eraso egin zezaten. Errefuxiatu palestinarren egoera ere gero eta gogorragoa zen, eta horrek Israelen aurkako jarrera indartu baino ez zuen egiten.

Egiptok bere hitza bete beharrean, Israel barneko gerrila arabiarrei armak bidaltzen segitu zuen. 1966an Siriarekin defentsa itun bat izenpetu zuen, SESBren babespean. 1967ko maiatzaren 17an Nazio Batuen tropak erretiratzea eskatu zuen, muga berriz ere militarizatzeko. maiatzaren 23an, Tirango itsasartea itxi zien israeldar ontziei; Israelek ekintza hori gerra aldarrikapentzat hartu zuen, NBEaren itsas araudia apurtzen zuela esanez.

Maiatzaren 30ean, Jordaniako Hussein erregeak mendebaldearekin zituen lehentasunezko harremanak bertan behera utzi behar izan zituen, Egipto-Siria ardatzarekin bat egiteko.

Israelgo defentsa ministro izendatu berriak, Moshe Dayanek, AEB eta NBEren inplikazio eskasa ikusita, gerra hastea erabaki zuen 1967ko ekainaren 1ean.

Gerraren bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekainaren 5eko "Foko Operazioa"[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra ekainaren 5ean hasi zuen Israelek. Foko operazioaren helburua Egiptoko aire indarrak deuseztea zen, goizero egiten zuten ibilaldiaren ondoren. Israelek informazio guztiz zehatza zuen Egiptoren hegazkin baseei buruz eta, horren ondorioz, Egiptoren armadako 420 hegazkinetatik 280 deuseztea lortu zuen. Erasoaren bat-batekotasunagatik, Egiptok ezin izan zituen Israelen 250 gerra hegazkinetatik 19 baino deuseztatu. Lehen operazio honek gerran zehar Israelek izan zuen abantaila argia adierazten du.

Israelek ez zuen uste Jordaniak aparteko eskuhartzerik izango zuenik gerra horretan eta, beraz, Jordaniaren aurkako fronteari garrantzia txikiagoa eman zion. Hala ere, goizeko 11:15etan, Jordaniak Jerusalem mendebaldeari (Israelen kontrolpean zegoena) eraso egin zion. 12:30etan Israelek erantzun egin zuen, eta Jordaniako tropa ugari deuseztatu.

Iparraldean, Siriako armada Golanen ezarri zen, Galileako hiri israeldarrei eraso egiteko. Gerra hegazkin israeldarrek armada siriarraren % 60 deuseztea lortu zuten.

Ekainaren 6a: Umm Qatef eta Gaza hartzea. Jerusalem inguratua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Israelek Umm Qatef konkistatu zuen goizean. Tropek Sinaitik barrena jo zuten, Egiptoko tropei mugara iristea galeraziz. Gazan borroka gogorrak izan ziren; Israelek hegoaldeko frontean galdutako soldadu gehienak bertan hil ziren. Hala ere, Egipto errenditu egin zen eta israeldarrak Gazako zerrenda osoaz jabetu ziren.

Erdialdeko frontean, Israelek Latrun, Ramala eta Jenin hartu zituen. Jerusalem ekialdea (jordaniak zatia zena) isolaturik geratu zen, tropa israeldarrak sartzeko zain. Irakek zuen H3 baseari eraso egin zioten eta Jordaniaren azken itxaropenak hautsi.

Iparraldean, Siriak Golandik Israeli eraso egiten segitu zuen.

Ekainaren 7a: Israel Jerusalemez jabetu zen[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sinairen konkista. Ekainaren 7a-ekainaren 8a

Israelek Sharm el Sheik konkistatu ondoren, Tirango itsasartea berriz irekitzea lortu zuen. Ordutik aurrera, merkataritza ontzientzat zabalik eduki zuten itsasartea. Une berean, Suezko kanaleraino iritsi ziren eta, egunaren amaierarako, Sinai osoa, iparmendebaldeko zati txiki bat izan ezik hartu zuten.

Egun hartako gertakari aipagarriena erdialdeko frontean gertatu zen. Israelek Jordania guztiz gainditu eta Jerusalemgo alde zaharra bereganatzea lortu zuen. Hortik aurrera, Zisjordania osoa hartu zuen, Jordan ibairaino.

Ekainaren 8a: Su eten proposamena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egipto eta Jordania ia garaitu ondoren, Isralek su eten proposamen bat egin zuen. Egiptok onartu egin zuen, baina Siriak ez. Beraz, hortik aurrera gerra ekintza gehienak iparraldeko frontean gertatu ziren.

Ekainaren 9a: Siriaren aurkako erasoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Golango gudua (ekainaren 9a-ekainaren 10a)

Zisjordaniako bataila amaitutakoan, Israelek soldadu gehienak iparraldera bidali zituen, Golanez jabe zitezen. Eraso gogorrak egin arren, ezin izan zuten Siriaren armada guztiz garaitu. Hala ere, porrota aurreikusi zuten siriarrek, eta eguna amaitzerako, tropak erretiratzen hasi ziren.

Ekainaren 10a: Gerraren azken eguna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behin Siria Golandik irten ondoren, Israelek eskuratu zuen. Damaskorainoko bidea libre zuten soldadu israeldarrek. Hala ere, nazioarteko presioari amore emanez, Israelek su etena indarrean jarri eta gerra amaitu egin zen.

Gerraren ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Israelek 1967ko ekainaren 10ean eman zion amaiera gerrari. Militarki garaipen ukaezina izan zen estatu juduarentzat. Lurralde estu eta hauskor izatetik inguruko herrialdeen mehatxuen aurrean babesleku ziren lurralde zabalak zituen estatu izatera pasa zen. Sinai, Gaza, Zisjordania eta Golan eskuratzean inguruko herrialdeen balizko erasoen aurrean posizio indartsuagoan jartzen zuen. Gainera, Jerusalem osoa bere esku izatea propaganda eta legitimazio bide garrantzitsua bihurtu zen.

Gerra galdu zuten estatuentzat porrot izugarria izan zen. Argi utzi zuen herrialde arabiarrek ezin zutela Israel armen bidez garaitu. Horregatik, bestelako bide batzuk erabili zituzten Israel deslegitimatzeko: Israel potentzia kolonialistatzat jarri zuten, AEBren zerbitzura zegoen estatua zela zioten... SESBk gatazka horren aurrean ordu arte izandako jarrera argitu zuen, herrialde arabiarren tesiekin bat eginez. Horren ondorioz, AEB eta Israelen arteko harremanak gero eta sendoagoak izan ziren.

Nazio Batuen Erakundearen baitan zatiketa argia gertatu zen gerra honen ondoren; Batzar Nagusian estatu bakoitzak boto bat zuenez, SESBek eta herrialde arabiarrek Israelen kontrako erabakiak bultzatzen zituzten, gehienbat okupazioaren eta errefuxiatu palestinarren gaiak sarri mahai gainean jarriz. Hirugarren Munduko hainbat herrialdak ere, ordura arte Israelekin izandako harreman estuak apurtu eta bloke sobietar-arabiarrera gerturatu ziren.

Segurtasun Kontseiluan, aldiz, AEBek beto eskubidea zutenez, Israelen aurkako zenbait proposamen atzera bota zituzten. Hala ere, 242 ebazpena onartzea lortu zen. Bertan etorkizuneko negoziazioetarako oinarriak jarri ziren: Israelek okupatutako lurraldeak itzuli behar zituen, bake egonkorraren truke. Ebazpen horren ondoren, 1977an Egipto eta Israelen arteko bake hitzarmenak hasi ziren (Camp Davideko itunak), eta 1982an Sinai itzuli zion Egiptori.

Gainerako lurraldeei dagokienez, egoera zailagoa da. 2005eko abuztuan, Israelek Gaza utzi zuen, bertako kolonoak kanporatu eta gero. Gaza, beraz, lurralde independientea izan liteke, nahiz eta palestinar taldeen arteko gatazkak benetako estatu bat eratzea oztopatu.

Zisjordaniari buruzko negoziazioak une honetan etenda daude. Israelek lurralde osoaren % 97 palestinarren eskuetan uztea proposatu du behin baino gehiagotan, beti ere Israel onartzearen eta bake iraunkorra izenpetzearen truke. Negoziazio horretatik kanpo dago Jerusalem ekialdea, Israelek bere hiriburutzat duena, nahiz eta nazioarteko erakundeek ez onartu. Golani buruz, azkenaldian zurrumurruak zabaldu dira Israel eta Siriaren arteko balizko akordio baten inguruan. Akordio horrek Siria Iranekiko eragin esparrutik aldentzea ekar lezake, baita Hezbula eta Hamasi ematen dien babesa kentzea ere.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sei Eguneko Gerra Aldatu lotura Wikidatan