Seitseminen Parke Nazionala

Koordenatuak: 61°55′38″N 23°25′32″E / 61.92722°N 23.42556°E / 61.92722; 23.42556
Wikipedia, Entziklopedia askea
61°55′38″N 23°25′32″E / 61.92722°N 23.42556°E / 61.92722; 23.42556
Seitseminen Parke Nazionala

Parke nazionaleko baso zaharra.
KokalekuaIkaalinen eta Ylöjärvi, Pirkanmaa
 Finlandia
Azalera45,5
Sorrera1982
Bisitari-kopurua44.000 (2007)
ArduradunaMetsähallitus

Seitseminen Parke Nazionala (finlandieraz, Seitsemisen kansallispuisto) Pirkanmaa eskualde finlandiarrean dagoen parke nazional bat da. Suomenselkä eskualdean dago, Ikaalinen eta Ylöjärvi hirien artean. Gainera, Helvetinjärvi Parke Nazionaletik gertu dago eta biek batera, ibiltarientzako bide-sare luzea antolatu dute. Eremu zingiratsu eta basotsuetako habitat desberdinak babesteko sortu zen parke nazionala 1982. urtean eta, guztira, 45,5 km²-ko azalera dauka [1].

Europako Kontseiluak ematen duen Babestutako Eremuen Europar Diploma jaso zuen parke nazionalak 1996. urtean; Ekenäs Uhartedia Parke Nazionalarekin batera, sari hau duen Finlandiako parke nazional bakarra da [2].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gune hau, basogintza leku bat izan da XIX. mendetik. Inguruko biztanleak bertako oihanetik bizi ziren eta Ikaalinengo herrixketako bizilagunak gainera, arrantza eta ehizatzera etorri ohi ziren. XX. mende hasieratik ordea, bertako baso zaharrak babestu ziren eta oihana galdutako guneak zuhaitzez berrezarri zituzten.

PNeko ikurra den lepahoria.

Parke nazionalaren barruan Koveron Kruununmetsätorppa izeneko eta 1850ean eraikitako etxaldea dago. Bertan, XX. mende hasierako modura bizi den familia bat dago eta bisitariek finlandiar landa-bizimoduaren berri izateko aukera bikaina dute [3].

Natura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izotz Arotik gaur egunera iritsi zaigun aztarna nabariena iparraldetik hegoaldera doan Seitsemisharju eskerra da. Eskerrak hain zuzen ere, fenomeno geologiko bat dira, metro gutxiko zenbat muino sortzen dituzten alubioi-metaketak. Seitsemisharju eskerraren lekurik garaiena 220 metroko Rappumännynmäki muinoa da [4].

Eremu zingiratsuek parke nazionalaren azalera guztiaren erdia osatzen dute. Zingira gehienak 1960ko eta 1970eko hamarkadetan drainatuak izan ziren, hala ere, parke nazionala sortu zenetik, zingira hauek berrezarriak izan ziren. Udaberri eta udaran padura eremu hau hegaztiz betetzen da; hala nola, eskandinaviar lagopodoak, kuliska pikartak, kurriloak, lira-oilarrak eta zisne txistulariak. Salmijärvi eta Soljastensuo eremu zingiratsuez gain, bost urmael txiki eta zazpi aintzira handi daude: Haukilampi, Kirkaslampi, Koverolampi, Lieslampi eta Onkilampi urmaelak, eta Iso-Seitsemisjärvi, Liesjärvi, Pitkajärvi, Polvijärvi, Särkijärvi, Soljanen eta Vähä-Kivijärvi aintzirak.

Parke nazionalaren bihotzean Multiharju izeneko oihan zaharra dago. 1910. urtetik babestuta dagoen gunea da eta zuhaitz zaharrenek 400 urte baino gehiago dauzkate; zuhaitz ospetsuenak lertxunak eta izeiak dira. Pitkäjärvi aintzira eta Seitsemisjoki ibaiaren ertzean ere, zuhaitz zaharrak ikus daitezke. Bertan habiaratzen duten hegazti espezieak asko dira, haien artean, euli-txorri papargorriak, mozolo txikiak, okil hiruatzak eta uraleko urubiak.

Kirkaslampi urmaela udaran.

Bertako basoetan ere, herrialdeko babestutako karraskarietako bat aurki dezakegu, Katagorri hegalari siberiarra hain zuzen. Azkenik, aipatzekoa da parke nazionalaren ikurra den eta gauetan baino ikus ezin daitekeen lepahoria [5].

Ibilbideak eta Irisgarritasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Seitseminen Bisitarien Gunea Länsi-Aure herrian dago eta bertan, parke nazionalaren inguruko infomazio guztiaren berri izan dezakete bisitariek; hala nola, ibilbide-sarearen mapa eskuratu, parke nazionalaren historiari buruzko erakusketa ikusi edota Metsähallitus erakundeak antolatzen dituen ikastaroen berri izan dezakete.

60 km-ko markatutako bide-sarea dago parke nazionalean. Oinezkoentzako, txirrindularientzako, eskiatzaileentzako eta arraunlarientzako ibilbideak dira eta sasoiaren arabera, batzuk edo besteek erabiltzen dituzte. Bide luzeenak 40 km luzera dauka eta motzenak aldiz, 0,5 km-koa. Hilgabeko arrantza baimendua dago, baita bainua ere; hala ere, Iso-Seitsemisjärvi aintziran ur-hegaztiek habiak dauzkaten guneetan debekatua dago bainatzea [6].

Parke nazionalera iristeko Valtatie 3 edo 23 autobidea hartu beharra dago. Behin Ikaalinen, Kuru, Parkano edo Ylöjärvi herrietara iritsita, bertatik bisitariak parke nazionalera zuzentzen dituen seinaleari baino ez zaio jarraitu behar. Garraio publikoa erabili nahi izanez gero, Kuru eta Parkanotik Tamperera egunero doazen autobusek parke nazionalaren sarreretan geraldia dauzkate [7].

Seitseminengo baso zaharra.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]