Seleukotar Inperioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Seleuzidar inperioa» orritik birbideratua)
Seleukotar Inperioa
Βασιλεία τῶν Σελευκιδῶν
Basileía tōn Seleukidōn
K.a. 312 – K.a. 63
Erresuma diadokoa
Inperioaren hedadura handiena (K.a. 281)
Geografia
HiriburuakSeleuzia Tigrisekoa (K.a. 305-240)
Antiokia (K.a. 240-64)
Azalera3.000.000 km² (K.a. 301) km²
Kultura
Hizkuntza(k)greziera, persiera, aramera
Historia
Aurrekoak
Mazedoniar Inperioa
Akemenestar Inperioa
Ondorengoak
Partiar Inperioa
Greko-Baktriar Erresuma
Askomenarrak
Siria (erromatar probintzia)

Seleukotar Inperioa[1] (antzinako grezieraz: Βασιλεία τῶν Σελευκιδῶν, Basileía tōn Seleukidōn) estatu helenistikoa izan zen, K.a. 312-64 bitartean seleukotar dinastiak bere mende izan zuena. Traziatik Indiako mugarainoko lurraldea hartu zuen unerik gorenean.


Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Seleuko I.a Nikator, Alexandro Handiaren jeneral nagusietako bat, izan zen dinastiaren sortzailea. Alexandroren inperioaren zatiez jabetzearren pizturiko diadokoen arteko gerretan Demetrio garaiturik, Babilonia hartu zuen mendean. K.a. 305etik aurrera erresuma hedatzen hasi zen, hala ekialdera, Indus ibai aldera, nola mendebaldera, Siria eta Anatolia aldera. K.a. 281ean, Seleuko I.a hil zen urte berean, Asia Txikiko eta itsasarteko hiri greziarrak erresumaren barne zeuden. Ondorengo errege seleukotarrek Alexandrok ezarritako administrazioaren moldeak aldatu zituzten; hala, aginpide bikoitzak, zibilak eta militarrak, zekartzan arazoak ezabatzearren, buru bakarra ezarri zuten probintzia bakoitzean.

Seleukotar Inperioak garrantzi eta eragin handia izan zuen politikan, ekonomian eta kulturan. Taurusko mendateak mendean izanik, Anatoliaren eta Siriaren arteko merkataritzaren kontrola zuten beren esku; gauza bera gertatzen zen Helesponton, Traziaren eta Anatoliaren artean. Helenismoa zabaldu zuten inperio osoan, bertako kulturen aurrean greziar kulturaren nagusitasuna bermatuz, eta xede hartan hiri autonomoen eraikuntza lagungarri izan zuten: Seleuzia Tigrisekoa, Seleuzia Pieria, Seleuzia Kalikadnos, Antiokia, Laodizea, Dura Europos, Beroeia, Apamea. Inperioaren ardatza orduko Siriak, Mesopotamiak eta Eufrates ibaiaren eta itsasoaren arteko lurraldeak osatzen zuten.

K.a. III. menderako hasi zen lurralde zabalak galtzen. Seleukotarren benetako gainbehera K.a. 190ean hasi zen, erromatarrek Termopiletan garaitu zituztenean. Mendeko herriak seleukotarren kontra matxinatzen hasi ziren Erromaren laguntzarekin. Partiarrak, Mitridates I.aren garaian (171-138), Iranez jabetu ziren. Ondoren Mesopotamia eta geroago Palestina galdu zuten. K.a. 64an erromatarrek behin betiko garaipena lortu zutenean, Siria eta ekialdeko Zilizia besterik ez zeuden seleukotarren mende.

Seleukotar dinastiako agintariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Seleukotar agintariak
Erregea Agintaldi hasiera (K.a.) Agintaldi amaiera (K.a.)
Seleuko I.a Nikator 305 281
Antioko I.a Soter 281 261
Antioko II.a Theos 261 246
Seleuko II.a Kaliniko 246 225
Seleuko III.a Soter Zerauno 225 223
Antioko III.a Megas 223 187
Seleuko IV.a Filopator 187 175
Antioko IV.a Epifanes 175 164
Antioko V.a Eupator 164 162
Demetrio I.a Soter 162 150
Alexandro Balas 154 145
Demetrio II.a Nikator 145 138
Antioko VI.a Dioniso 145 140?
Antioko VII.a Evergetes 138 129
Demetrio II.a Nikator 129 126
Seleuko V.a Filometor 126 125
Antioko VIII.a Grifo 125 96
Antioko IX.a Eusebio 114 96
Seleuko VI.a Epifanes 96 95
Antioko XI.a Epifanes 95 92
Demetrio III.a Eukarios 95 88
Antioko X.a Eusebio 95 83
Filipo I.a Filadelfo 95 83
Antioko XII.a Dioniso 87 84
Antioko XIII.a Asiarra 69 64
Filipo II.a Filorromano 65 63
  • Oharra: Atal honetako urte guztiak Kristo aurrekoak dira.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Historia Universal Oriente y Grecia, Ch. Seignobos. Editorial Daniel Jorro, Madrid 1930.
  • Grecia cuna de Occidente de Peter Levi. Ediciones Folio S.A. (ISBN 84-226-2616-0).
  • La Historia y sus protagonistas, Ediciones Dolmen, 2000.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]