Sendero Luminoso

Wikipedia, Entziklopedia askea
Partido Comunista del Perú
Bandera: PCPren bandera
Siglak: PCP
Izengoitia: Sendero Luminoso
Sorrera: 1980
Burua: Abimael Guzmán Reynoso, Presidente Gonzalo
Ideologia: Komunista (marxismo-leninismo-maoismoa)
Eremua: Peru (egun, eragina Huanuco departamentura mugatzen da)
Leloa: "Gora herriaren gerra" (Viva la guerra popular)
Kolorea: Gorria

Sendero Luminoso (izen ofiziala: Partido Comunista del Perú, PCP; Peruko Alderdi Komunista) Peruko talde armatu maoista bat da.

PCPren xedea, Perun, borroka armatuaren bidez (gerra herritarra deitzen dutena) erregimen nekazari iraultzaile komunista bat ezartzea da. Bere buruzagia Abimael Guzmán Reynoso Presidente Gonzalo da. Hau 1992tik preso dago; eta urte horretatik aurrera ekintza gutxiago burutzen ditu erakundeak. PCP Nepaleko Alderdi Komunista-maoistarekin eta Nazioarteko Mugimendu Iraultzailearekin harreman estuak ditu.

Peruko Egiaren eta Berradiskedetzearen Komisioaren arabera, Sendero Luminoso Peruko gatazkako hilketen %46aren erantzule da, 31.331 hildako egotziz [1].

Izenari buruz

Peruko hainbat talde komunistek bere egiten zuten Peruko Alderdi Komunistaren izena. Hori dela eta, PCP siglen ondoren, euren argitalpenen izenak jartzen zituzten. Sendero Luminoso Peruko Alderdi Komunista historikoko sortzaile José Carlos Mariáteguiren esaldi batetik dator:

« Marxismo-leninismoak iraultzaren bidexka argitsua irekiko du. »

Taldeak bere idatzi nahiz dokumentu guztiak Partido Comunista del Perú (PCP) izenarekin sinatzen ditu. Adar armatuari Ejército Revolucionario Popular (Herriaren Armada Iraultzailea, euskaraz) deitzen dio. Akademikoek PCP-SL modua erabiltzen dute.

Historia

Sendero Luminosoren eragina izandako lurraldeak.

Sorrera eta garapena

PCP Ayacucho inguruko unibertsitateetan sortu zen 1960ko hamarkada bukaeran. Bertan, Abimael Guzmanek filosofia irakasten zuen. Unibertsitateetan (Limakoetara iritsiz) indar handia izan ondoren, 1980an gerrillari ekin zion.

PCPk bere lehen ekintza 1980an burutu zuen. Azken hamabi urteetako lehen hauteskundeen testuinguruan, hautes txartelak erre zituzten, ia ondoriorik eragin gabe. 1982ko apirilean, PCPk lehen ekintza garrantzitsua burutu zuen, Ayacuchoko espetxea erasotuz eta, polizia batzuk hil ostean, PCPko hainbat preso askatuz. Horri erantzunez, poliziak hiri bereko ospitalea erasotu eta bertan zeuden PCPko hainbat kide hil zituen.

PCPri nekazarien sarraskiak egotzi zaizkio. 1983an Lucanamarca herrian, adibidez, 69 herritar hil zituzten, antza komunitate horrek PCPrekin bat egin ez zuelako. 1983a PCPk hildako gehien eragin zituen urtea izan zen, eta handik aurrera, hirietara zabaldu zuen bere jarduna.

1980ko hamarkada bukaeran, Peruko mugimendu ezkertiar gehienak PCPk bultzatutako iraultza armatuaren aurka azaltzen ziren jada.

1991n PCPk maoismoa alboratu eta marxismo-leninismo-maoismo-Gonzalo pentsamendua (Marxismo-Leninismo-Maoísmo-Pensamiento Gonzalo) hartu zuen taldearen ideologia ofizial gisa. PCPren baitan, horrela, liderrarekiko jarraipena erabatekoa da.

Ahultzea

PCPren eragin eremua handitzearekin batera, bere kontrakoak ere gehitu ziren. Besteak beste, hauek izan ziren herriaren zati handi bat PCPren aurka agertzeko arrazoiak:

  • Indigenen kultura eta instituzioen aurkako jarrera.
  • Herri epaiketak. PCPk "iraultzaren etsaiak" epaitzen zituen bere eraginpeko komunitateetan. Horrela, hainbat eskola irakasle, apaiz, alkate, etab. hil zituzten lepoa moztuz, errez, lapidazioaren bidez edo bestelako moduen bidez.
  • Lima isolatu asmoz bultzatzen zituen lanuzte armatuak. Halaber, bere eraginpeko eremuetan erlijio praktikak zein alkoholaren kontsumoa debekatu zituen.

1992ko irailaren 12a Peruko armadako talde berezi batek PCPko buru Abimael Guzmán atxilotu zuen Liman. Ondoren, PCPko hainbat kide esanguratsu atxilo hartu zituzten. 1992tik aurrera, ez zuen ia ekintza armaturik burutu.

2003ko berrindartzea

2003tik aurrera, Proseguir izeneko PCPren frakzio batek ekintza armatu esanguratsuak egiteari ekin zion berriz. Urte horretan, enpresa argentinar bateko 68 langile bahitu zituzten Ayacuchon. Atxiloketak ugariak izan arren, 2005eko otsailean zortzi polizia hil zituzten Huanacon.

2006ko urrian, PCPko buru Abimael Guzmani bizi arteko espetxe zigorra ezarri zioten.

Erreferentziak

  1. Comisión de la Verdad y Reconciliación (2004), Hatun Willakuy: Versión abreviada del Informe Final de la Comisión de la Verdad y Reconciliación, 97 orr. ISBN 9972-9816-4-9

Ikus, gainera

Kanpo loturak