Sergei Vinogradski

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sergei Vinogradski

Sergei Nikolaievitx Vinogradski (ukraineraz: Сергій Миколайович Виноградський, errusieraz: Серге́й Николаевич Виноградский; Kiev, Errusiar Inperioa, 1856ko irailaren 1a - Brie-Comte-Robert, Frantzia, 1953ko otsailaren 25a) mikrobiologian nabarmendutako zientzialaria izan zen. Errusiarra zen, gaur egungo Ukrainan jaioa. Funtsezko ekarpenak egin zituen XIX. eta XX. mende bitarteko urteetan, batik bat bakterioen fisiologiaren arloan. Pasteurrek mikrobiologia medikoaren esparruan egindako ekarpenen modukoak dira bakterioen fisiologian Winogradskyk egindakoak.

San Petersburgoko unibertsitatean kimika eta botanika ikasi zuen, eta bertan hasi zen mikrobiologiako lanak burutzen. Suitzara joan ondoren, 1922. urtean Frantziara abiatu zen, Pasteur Institutuan lan egiteko. Han bizi izan zen hil arteraino (1953).

Lurreko bakterioak ikertzen Vinograskik bakterio nitrifikatzaileekin egin zuen topo (Nitrosomonas, Nitrobacter...). Bakterio horiek nitrifikazioa (nitrogeno amoniakoa nitrato bihurtzea) egiten zutela frogatu zuen.

Bakterio nitrifikatzaileak eta sufrea oxidatzen duten bakterioak ikertuz, kimiolitotrofoaren kontzeptua asmatu zuen, behar duten energia materia inorganikoa oxidatuz lortzen duten bakterioak izendatzeko. Eta baita autotrofo kontzeptua ere, atmosferako CO2 eskuratzen duten mikrobioei dagokiena. Bi kontzeptu hauek definitzen lehena izan zen Vinagrodski, sekulako ekarpena eginez mikrobiologiari.

Horretaz gain, zientzialari ukrainarra lehenengo bakterio nitrogeno-finkatzailea isolatu zuen (Clostridium pasteurianum anaerobioa), eta nitrogenoaren finkapena bakterioen jardunaren ondorioa zela ezarri zuen. Horra hor Vinagrodskik mikrobiologiaren historian jarritako beste mugarri bat.