Sexu jolas

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bikote bat sexu jolasean Martin van Maele margolariaren lan batean.

Sexualitatean, aitzin-urratsak edo sexu-jolasak sexu harremanaren hasiera dira, musuak eta besarkadak esaterako. Sexu jolasen bitartez, bikotean (edo taldean, taldeko sexu harremana baldin bada) sexu kitzikapena sortzen eta garatzen da; ondorioz, zakila gogortzen eta bagina lubrifikatzen dira, eta horrek koitoa errazten du. Helburu horietarako baliagarri izateaz gainera, sexu jolasak berez dira atseginak, eta sexu plazera ematen dute. Sexu jolasak sexu harremanaren osagai garrantzitsu dira, besteak beste bikotearen maitasun sentimendua sendotu egiten baitute. Sexu jolasen iraupena oso aldakorra izaten da, minutu batzuk edo orduak igaro ditzakete jolaskideek.

Hainbat ekintza eta egoera biltzen da sexu jolasetan. Musu ematea, ferekatu edo laztantzea, besarkatzea edota sexu organoak zuzenean kitzikatzea izaten dira ohiko sexu jolasak. Halaber, gorputzaren mugimenduak, begiradak eta hitz erotikoak sexu kitzikapena sortzeko eta sexu jolas gisa erabil daitezke. Ohikoa ez bada ere, bikotekide bat fetitxezalea bada, beste bikotekideak objektu edo arropa bat soinean jartzea sexu-jolas bat izan daiteke.

Sexu jolasak eta neskatan edo mutiletan aritzean egiten diren ekintzak bereizi behar dira: sexu jolasak sexu harremana izaten du helburu zuzena; neskatan edo mutiletan aritzean egiten diren ekintzak, ordea, beste pertsona bat erakartzeko izaten dira, epe ertainera edo luzera sexu harremana bilatzen bada ere.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]