Shimon Peres
| Shimon Peres | |
| Kargua: | Israeleko lehen ministroa |
| Agintaldiaren iraupena: | 1984 - 1986 1995 - 1996 |
| Aurrekoa: | Yitzhak Shamir Yitzhak Rabin |
| Hurrengoa: | Yitzhak Shamir Benjamin Netanyahu |
| Jaiotze eguna: | 1923ko abuztuaren 2a |
| Jaiotze tokia | Wieniawa, Polonia, (egungo Vishniova, Bielorrusia) |
| Heriotza eguna: | |
| Heriotza tokia | |
| Lanbidea: | |
| Alderdi politikoa: | Israelgo Alderdi Laborista Kadima |
Shimon Peres, hebreeraz שִׁמְעוֹן פֶּרֶס; jaiotzez Shimon Perske (Wieniawa, Polonia, egungo Vishniova, Bielorrusia, 1923ko abuztuaren 2a -) Israelgo politikaria da, Lehen Ministro ohia. 2007an Moshe Katsaven lekua hartuz Israelgo presidente izendatu zuten.
Polonian jaio arren, sendia 1934an migratu zen Israelera. Politikan, Alderdi Laboristan aritu da 1950eko hamarkadatik, harik eta, 2005eko abenduan, Kadima alderdi berriaren alde jo arte. Egungo Knesseterako Kadimaren zerrendan aurkeztuta, Lehen Ministrordea da.
Zortzigarren Lehen Ministroa izan zen 1984-1986 nahiz 1995-1996 urteetan. Hala ere, inoiz ez du hauteskunderik irabazi. 1994an, Nobel Saria jaso zuen Yitzhak Rabin eta Yasser Arafatekin batera, Oslo Hitzarmenan amaitu ziren bakegintzaren aldeko ahaleginengatik.
[aldatu] Biografia
Haganah erakundeko kidea izan zen (1947an).
1965ean Mapay alderditik atera zen eta Rafi alderdia sortu zuen.
1974-1977 urteetan Defentsa ministroa izan zen Isaac Rabinen gobernuan.
1984-1986 urteetan Lehen Ministro izan zen, Y. Shamir Likud alderdiko buruzagia Lehen Ministrordea zuelarik. Laboristen eta Likuden artean sinatutako akordioa kontuan izanik, 1986an Y. Shamirren esku utzi zuen gobernua. 1986-1988 urteetan Kanpo Arazoetako ministroa izan zen eta 1988-1990 urteetan Finantza ministroa, Shamirren agindupean. 1990. urtean bertan behera geratu zen laboristen eta Shamirren arteko akordioa eta Peresek uko egin zion Shamirrekin gobernua osatzeari.
1992an galdu zuen alderdiaren buruzagitza, Itzhak Rabinek eskuratu baitzuen. Peres izan da Ekialde Hurbileko bakearen bultzatzaile nagusietako bat. 1993an, Peres, Rabin eta Arafatek Printzipioen Deklarazio bat izenpetu zuten Washingtonen, Palestinaren etorkizuneko autonomia eta Gaza eta Jerikotik israeldar gudarosteak ateratzea aurreikusten zituena. Itzhak Rabin atentatuz hil zutenean, Peresek hartu zuen israeldar gobernuaren buruzagitza, eta orobat hartu zuen Defentsa ministerioa.
1996ko hauteskundeetan kargua galdu zuen, Netanjahu eskuindarrak irabazi baitzituen. Bere alderdikide Ehud Barak heldu zelarik agintera 1999an, Eskualde Lankidetzako ministro izendatu zuten. Intifadaren berpiztea eta gobernu laboristaren krisia (2000) zirela-eta, hauteskundeak aurreratu ziren eta Likud-en buruzagiak irabazi zituen, Ariel Sharonek. Sharonek batasun nazionaleko gobernu bat sortu zuen, eta lider laboristak proiektuan parte hartzera gonbidatu zituen. Era horretan, Peresek Kanpo Arazoetako ministerioa eskuratu zuen.
[aldatu] Ikus, gainera
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.