Shimon Peres

Wikipedia, Entziklopedia askea
Xirkan (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 23:57, 28 iraila 2016

Txantiloi:Agintari infotaula Shimon Peres (hebreeraz שִׁמְעוֹן פֶּרֶס), jaiotzez Shimon Perske (Wieniawa, Polonia, egungo Vishniova, Bielorrusia, 1923ko abuztuaren 2a - Ramat Gan, 2016ko irailaren 28a[1]), Israelgo politikaria izan zen. 2007-2014 bitartean Israelgo presidentea izan zen, eta hiru alditan lehen ministroa. Hala ere, inoiz ez zuen hauteskunderik irabazi. 1994an, Bakearen Nobel Saria jaso zuen, Yitzhak Rabin eta Jassir Arafatekin batera, Osloko Ituna ekarri zuten negoziazioetan parte hartzeagatik[2].

Biografia

Polonian jaio arren, 1934an sendia Tel Avivera joan zen, Erresuma Batuaren menpeko Palestinara[1]. Ben Shemen nekazaritza eskolan ikasi zuen, eta Alumot Kibbutzaren sortzaileetako bat izan zen, Galilean[2]. 1947an, David Ben-Gurionek Haganah talde paramilitarreko arduradun izendatu zuen[1]. 1948ko Arabiar-israeldar Gerran, errekrutamenduaren eta arma horniduraren ardura izan zuen[2].

1959an parlamentari aukeratu zuten, Mapai alderdiko kide zela[3]. 1959tik 1965era Defentsa ministrordea izan zen. 1965ean, Mapaitik atera zen eta Rafi alderdia sortu zuen. 1968an, Mapai eta Rafi batu ziren, Israelgo Alderdi Laborista sortzeko. 1970-1974 bitartean, Garraio ministroa izan zen, eta 1974-1977 urteetan Defentsa ministroa, Isaak Rabinen gobernuan[2].

1984tik 1986ra lehen ministro izan zen, Yitzhak Shamir, Likud alderdiko buruzagia, lehen ministrordea zuelarik. Laboristen eta Likuden artean sinatutako akordioa kontuan izanik, 1986an Shamirren esku utzi zuen gobernua. 1986-1988 urteetan, Kanpo Arazoetako ministroa izan zen, eta 1988-1990 urteetan Finantza ministroa, Shamirren agindupean. 1990. urtean, bertan behera geratu zen laboristen eta Likuden arteko akordioa eta Peresek uko egin zion Shamirrekin gobernua osatzeari.

Shimon Peres 2001ean. Atzean Jassir Arafat

1992an galdu zuen alderdiaren buruzagitza, Isaak Rabinek eskuratu baitzuen. Peres izan zen Ekialde Hurbileko bakearen bultzatzaile nagusietako bat. 1993an, Peres, Rabin eta Arafatek Printzipioen Deklarazio bat izenpetu zuten Washingtonen, Palestinaren etorkizuneko autonomia eta Gaza eta Jerikotik israeldar gudarosteak ateratzea aurreikusten zituena. Isaak Rabin atentatuz hil zutenean, Peresek hartu zuen israeldar gobernuaren buruzagitza, eta orobat hartu zuen Defentsa ministerioa.

1996ko hauteskundeetan kargua galdu zuen, Benjamin Netanyahu eskuindarrak irabazi baitzituen. Bere alderdikide Ehud Barak heldu zelarik agintera 1999an, Eskualde Lankidetzako ministro izendatu zuten. 2000ean, Intifadaren berpiztea eta gobernu laboristaren krisia zirela-eta, hauteskundeak aurreratu ziren eta Likud-en buruzagiak irabazi zituen, Ariel Sharonek. Sharonek batasun nazionaleko gobernu bat sortu zuen, eta lider laboristak proiektuan parte hartzera gonbidatu zituen. Era horretan, Peresek Kanpo Arazoetako ministerioa eskuratu zuen.

2005eko abenduan, Kadima alderdi berrian sartu zen. 2007an, Israelgo presidente izendatu zuten, eta 2014 arte egon zen agintean. 2016ko irailaren 13an, istripu zerebrobaskular larria izan zuen, eta irailaren 28an hil zen[4].

Erreferentziak

  1. a b c Elizegi Egilegor, Arantxa. Shimon Peres, aurpegi biko buruzagia. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2016-9-28).
  2. a b c d Shimon Peres - Biographical. nobelprize.org (Noiz kontsultatua: 2016-9-28).
  3. President Shimon Peres – Seventy years of public service. president.gov.il (Noiz kontsultatua: 2016-9-28).
  4. Muere Shimon Peres, el expresidente de Israel que pensó que los palestinos podrían llegar a ser sus "amigos más cercanos". bbc.com (Noiz kontsultatua: 2016-9-28).

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Shimon Peres Aldatu lotura Wikidatan