Simo Häyhä

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Simo Häyhä
Simo Häyhä
Datu pertsonalak
Ezizena Herio Zuria
Jaio 1905eko abenduaren 17a
Finlandia Rautjärvi (Finlandia)
Hil 2002ko apirilaren 1a
Finlandia Hamina (Finlandia)
Webgunea Simo Häyhären biografia laburra http://www.kevos4.com/Simo_Hayha.htm Simo Häyhären biografia laburra

Simo Häyhä (1905eko abenduaren 17a, Rautjärvi, Hego Karelia - 2002ko apirilaren 1a, Hamina) finlandiar gudari eta frankotiratzaile bat izan zen. Herio Zuria ezizenez ezaguna egin zen (errusieraz: Белая смерть, Belaya Smert; finlandieraz: Valkoinen Kuolema; suedieraz: den Vita Döden; alemanieraz: der weiße Tod). Historia guztiko frankotiratzaile onena gisa jo izan da. Tiratzaile oso zorrotz, zehatz eta arduratsua izan zen, tiroa burutu aurretik prestaketa ugari burutu ohi zituen.

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Simo gaur egun Errusiaren mugatik hurbil dagoen Rautjärvi izeneko herrixkan jaio zen, eta 1925an bere soldaduska edo zerbitzu militarrari ekin zion. Finlandia eta Sobietar Batasunak 1939-1940 bitartean borrokatutako Neguko Gerran zehar Finlandiaren alde eta errusiarren aurka frankotiratzaile moduan zerbitzatu zuen. Bere ekintzak zero azpitik hogei eta berrogei gradu artean burutu ohi zituen, betiere kamuflaia zuriz jantzirik, Häyhäk 505 gudari etsai baino gehiago hil zituen, halere zenbait datu ez ofizialen arabera 542 hildako kopurura ere ailegatuko litzateke. Eguneko hildako etsaien zenbaketa finlandiar frankotiratzaileek gudalekuan bertan burutu ohi zuten. Honela bada, Simok egunero gutxienez 5 etsai hiltzeko ohitura hartu zuen.

Häyhäk M28 Pystykorva fusila erabili ohi zuen, hau sobietar Mosin-Nagant fusilaren aldaera bat zen. Simok ez zuen inongo ikuspuntu teleskopikorik erabiltzen, batez ere gudalekuan bere buruak etsaiari tiroleku edo jomuga handiagoa eskaini ez ziezaion, eta sarritan, frankotiratzaileek zeramazkiten ikuspuntu teleskopiko hauetako lenteek eguzkiaren argia islatu eta etsaiak ohartarazten zituztelako, gainera ikuspuntu hauek lausotu edota erraz hautsi ohi ziren.

Bere trimimailuetako bat tiro egin aurretik bere aurrean elurr pilo gogortu bat ezartzean zetzan, honela tiro egiteko garaian mugimendua sahiestuz, eta etsaiaren aurrean ohargabean igaroz. Bere arnasaren hatsak etsaia ez ohartarazteko, ahoa elurrez bete ohi zuen. Garaieraz txikia zen, 1,52 metro zituen, hau bere mesederako izan zen, ezaugarri honek borrokaldietan erabat oharkabean iragateko asko lagundu baitzion.

Bere fusilarekin burutu zituen etsaien tiroketetatik at, Simok subfusilez beste 200 etsai ere hil zituen. Tiratzaile honek sobietar gudarosteari egin zizkion galera guztiak hiru hilabeteetan zehar gauzatu ziren. 1940ko martxoaren 6an etsaiaren bala leherkari baten ondorioz Häyhä aurpegian zauriturik suertatu zen. Gertakari honen aurretik, errusiarrek bera hil nahizik hainbat plan landu izan zituzten, horien artean frankotiratzaile adituen bidalketa edota artilleriaz burututako bonbardaketak, baina ez zuten emaitza onik eman. Dirudienez, bera zauritu zuen tiroa bera ere menturaz egindakoa izan omen zen. Zauriek denboraldi batetarako koma egoeran utzi zuten.

Bere adiskideek erreskatatu eta gerora aipatu zuten arabera "bere aurpegi erdia desagertu zen". Martxoaren 13an, Sobietar Batasunak eta Finlandiak bakea sinatu zuten egun bertan, Simo Häyhäk konortea berreskuratu zuen. Gerra ondonenean, Carl Gustaf Emil Mannerheim mariskal nagusiak kabo postutik bigarren teniente postura igoarazi zuen.

Gerra ondoren[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Simo Häyhä zauritik berrindartzen hainbat urte behar izan zituen, bala hark masail hezurra zeharkatu eta ezkerraldeko masaila txikitu baitzion. Bigarren Mundu Gerra iragan ondoren, ehizean jardun zuen, batez ere altze ehizean, baita txakur hezitzaile gisa ere, eta hainbat alditan Urho Kekkonen finlandiar presidentearekin batera ehizatu zuen. Bere herrialdean gerra heroia bilakatu zen.

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1998. urtean hain tiratzaile ona izatera nola ailegatu zen galdetu zitzaion, honen erantzuna laburra izan zen: "arituz". Bere hildakoen zerrendari dagokionez, berak zioenez "agindu zidatena ahal bezain ongien egiten ahalegindu nintzen". Simo Häyhäk bere azken egunak Finlandia eta Errusiaren arteko mugatik hurbil dagoen Ruokolahti herrixka txikian iragan zituen. 2002ko apirilaren 1an zendu zen.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Simo Häyhä Aldatu lotura Wikidatan