Simone de Beauvoir

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea
Simone Beauvoir» orritik birbideratua)

Simone de Beauvoir
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Simone de Beauvoirren bizitza eta pentsamenduari buruzko bideoa.
Irudi gehiago
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakSimone Lucie Ernestine Marie Bertrand de Beauvoir
JaiotzaParisko 6. barrutia eta Paris1908ko urtarrilaren 9a
Herrialdea Frantzia
BizilekuaParis
Marseilla
Rouen
Lehen hizkuntzafrantsesa
HeriotzaParisko 14. barrutia eta Paris1986ko apirilaren 14a (78 urte)
Hobiratze lekuaMontparnasseko hilerria
Heriotza moduaberezko heriotza: pneumonia
Familia
Ezkontidea(k)ezkongabea
Bikotekidea(k)
Anai-arrebak
LeinuaBertrand de Beauvoir
Hezkuntza
HeziketaParisko Unibertsitatea
Lycée Fénelon, Paris (en) Itzuli
Hezkuntza-mailaagregazioa
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakfilosofo politikoa, kazetaria, eleberrigilea, autobiografialaria, saiakeragilea, militante politikoa, eguneroko-idazlea, women letter writer (en) Itzuli, filosofoa, literatura-kritikaria, idazlea, autorea, feminista eta philosophy teacher (en) Itzuli
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
InfluentziakJean-Paul Sartre eta Alfred Adler
Kidetzacomité de lecture des éditions Gallimard (en) Itzuli
Mugimenduaateismoa
feminismoa
existentzialismoa
Izengoitia(k)Le Castor
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaateismoa

IMDB: nm0003436 iTunes: 464552242 Discogs: 869807 Find a Grave: 1162 Edit the value on Wikidata
Simone de Beauvoir, bizitza osoan lagun izan zuen Jean-Paul Sartrerekin.

Simone de Beauvoir, izen osoz Simone Lucie Ernestine Marie Bertrand de Beauvoir (Paris, 1908ko urtarrilaren 9a -1986ko apirilaren 14a) idazle, filosofo eta feminista frantziarra izan zen. Gai politiko, sozial eta filosofikoei buruzko eleberriak, entseguak, biografiak eta monografiak idatzi zituen eta haren pentsamendua existentzialismoaren barnean kokatu ohi da, haren lan batzuk, Bigarren sexua adibidez, feminismoaren sorreraren bultzagarritzat hartzen direlarik.[1]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztaroa

Simone de Beauvoir goi-burgesiako familia baten senan jaio zen 1908ko urtarrilaren 9an. Aita Georges Bertrand de Beauvoir izan zuen, abokatua eta aktore afizionatua, eta ama, berriz, Francoise Brasseur izan zuen. Parisko Raspail bulebarrean kokaturiko etxe batean jaio zen eta, 5 urte bete bezain pronto, Cours Desirren eskolatu zuten, familia burgesen alabek ikasten zuten eskola berean. 2 urte geroago, Helene ahizpa gaztea ere (Poupette ezizenez ezagutua) bertan eskolatu zuten.

Berehala nabarmendu zen Simoneren adimen-trebezia eta, urtea joan urtea etorri, ikaskideen artean azkarrenetakoa izaten zen. Elizabeth Lacoin (Zaza) ere oso neska azkarra zen eta laster bilakatu zen Simoneren lagun min.

Lehen Mundu Gerraren ondoren, bere amaren aldeko aitona eta Meuse Bankuko lehendakari zen Gustave Brasseurrek Bankuaren porrota aitortu zuen. Horrek familia guztia lotsagarri utzi zuen. Porrot honen ondorioz, Simonen gurasoek Raspail bulebarreko bizileku bikaina utzi beharrean izan ziren eta etxebizitza ilun batera joan behar izan zuten, Rennes kaleko igogailu gabeko bosgarren pisu batera. Aita Georgesek emaztearen diruaz baliatu eta bizitza eroso bat izateko asmoak bazituen, usteak erdi ustel geratu ziren eta Francoise emazteak ezin izan zuen bizitza osoan errudun sentimendua gainetik kendu. Simone txikiak ere, egoera hura eta bere gurasoen arteko harremana pixkanaka-pixkanaka hondatzen zela ikustean, izugarri sufritu zuen. Haurtzaro guztia markatu zuen emakume izateak eta horrek bere pentsamendu politiko feminismoetan eragina izan zuen: aitak sekula ez zion ezkutatu seme bat izateko desioa, bere ametsa baitzen seme batek Pariseko Eskola Politeknikoan ikastea . Behin baino gehiagotan esaten zion Simoneri[2]:

« Gizonezko baten garuna duzu »

Georgesek oso gustukoa zituen antzerkigintza eta literatura eta baita bere emazteak eta alabek ere. Simoneri lanbiderik politena idazlearena zela esan ohi zion maiz eta, familiaren egoera ekonomiko kaxkarraren ondorioz, Georgesek eta bere emazteak bere alaben hobekuntza sozial baten aukera bakarra ikasketak zirela pentsatzen zuten.

Beauvoir familiak uda asko igaro zituen Saint-Ybarden, Correzeko Mayrignac jabetzan. Parkea bere aitonak, Ernest Betrand de Beauvoirrek, sortu zuen 1880. urte inguruan, haren aita zen (eta Simoneren berraitona), Narcisse Bertrand de Beauvoirrek XIX. mende hasieran eskuratu ondoren. Simonek garai alai haiek Neska gazte zintzo baten memoriak lanean kontatu zituen. Izadiarekin izandako kontaktuak eta mendian egindako ibilaldi bakartiek ohikoa ez zen helburu baten desira sortu zuten Simone gaztearen espirituan.

15 urte zituenean, neskak bere etorkizunari buruz ideia ziurrak zituen, jada: idazlea izan nahi zuen. Garai hartan, fedea galduta zuen dagoeneko eta inguruko guztia zalantzan jartzen hasi zen. Dena aztertzeko joera hori bere lanaren oinarria izango zen.[3] Batxilergoa gainditu ondoren, 1925ean, De Beauvoirrek goi-mailako ikasketak hasi zituen Parisko Institutu Katolikoan, familia oneko alabek ikasi ohi zuten instituzioan. Bertan bere matematikari buruzko prestakuntza osatu zuen eta, bitartean, literaturari buruzko prestakuntza zabaldu zuen Neuillyko Sainte-Marie Institutoan. Unibertsitatean igarotako lehen urtearen ondoren, matematika orokorren, literaturaren eta latinaren ziurtagiriak eskuratzea lortu zuen. 1926an, filosofia ikasteari ekin zion eta filosofia orokorraren ziurtagiria lortu zuen 1927ko ekainean. Ziurtagiri hauen ondoren, filosofian espezializatutako letretan lizentziatu zen 1928ko udaberrian, etika eta psikologiari buruzko ziurtagiariak lortu ondoren. Unibertsitateko ikasketak Leibnizen memoriari buruzko idazlan bat eginez amaitu zituen eta hura izan zen bere goi-mailako ikasketen gailurra.

Simone de Beauvoir (/simɔn də bovwaʁ/)[4] (Paris,1908ko urtarrilak 9 – Paris, 1986ko apirilak 14) frantses filosofo, idazle, biografo eta saiakeragile bat izan zen.

1954an, Goncourt saria eman zioten, Les Mandarins eleberriarekin; ez zen lehena izan, aurretik argitaratuak baitzituen, besteak beste, L'Invitée (1943) eta Le Sang des autres (1945) eleberrien ondoren,. Bere lanak, orduan, munduko irakurrienen artean daude.

Askotan, feminismoaren teorizatzaile nagusitzat hartua izan da, batez ere, 1949an argitaratutako Bigarren sexua bere lan nagusiari esker; lan entziklopediko bat da, fenomenologiaren korronte filosofikoan inskribatzen dena, zehazki existentzialismoan: Simone de Beauvoirek 1970eko hamarkadako emakumeen askatasun mugimenduan parte hartu zuen.

Jean-Paul Sartre filosofoarekin bizi izan zen. Ikuspegi filosofikotik begiratuta, posizio oso hurbilekoak izan arren, ezin lirateke nahastu behar.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurtzaro eta gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Simone Lucie Ernestine Marie Bertrand de Beauvoiren[5] aita Georges Bertrand de Beauvoir izan zen, abokatua eta antzezle amateurra, eta ama Françoise Brasseur, Verdungo burgesiako emakume bat.

Haurtzaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parisen jaio zen, etxebizitza dotore batean, Montparnasseko bulebarraren 103. atarian.[5] Bost urte zituela, Desir ikastetxe katoliko pribatuan[6] sartu zen, «familia oneko» neskatoak eskolatzeko toki egoki batean. Haren ahizpa txikia, Hélène (Poupette esaten zioten etxean), bi urte geroago jaio zen. Txiki-txikitatik nabarmendu zen Simone de Beauvoir bere gaitasun intelektualengatik, eta urtero Élisabeth Lacoinekin (Élisabeth Mabille edo Zaza autobiografian) partekatzen zuen eskolako lehenengo postua. Zaza berehala bihurtu da bere lagunik onena.

Gaztetan, Simone de Beauvoirek udako oporrak Corrèzen (Saint-Ybard) igarotzen zituen, Meyrignac parkean, 1880 inguruan Ernest Bertrand de Beauvoir aitonak sortua. Lursail haiek Narcisse Bertrand de Beauvoir birraitonak erosi zituen, XIX. mendearen hasieran. Hélène ahizparekin batera igarotako udaldi gozo haien aipamen ugari aurki daitezke Mémoires d'une jeune fille rangée bere lan autobiografikoan:

« Kolore mistikoz janzten da nigan landa ingurunearen aldeko maitasuna. Meyirignac-era iristen nintzen orduko, harresiak lurrarekin berdintzen ziren, zerumugak atzera egiten zuen. Mugagabetasun hartan galtzen nintzen, burua galdu gabe, betiere. Eguzkiaren beroa sentitzen nuen betazaletan, guztientzat izanagatik, orduan, han, nigan soilik laztangarri baitzen. Haizea zumarren artean jolasti, handik eta hemendik, espazioari bultzaka, eta ni, geldirik, lurraren azken bazterreraino iristen nintzen, zurrunbiloan. Ilargia zeruan argitzen zenean, haren argipean irudikatzen nituen urruneko hiri, desertu, itsaso eta herrixkek bat egiten zuten nigan. Ez nintzen gehiago kontzientzia hutsaldu bat, begiratu galdu bat, baizik gari beltzen usain asaldatua, txilarraren usain intimoa, eguerdiko bero sapa edo ilunabarren hotzikara; astun nintzen, baina izarrartean lurruntzen nintzen, ez nuen gehiago mugarik.[7] »

Naturarekin harremanetan, eta landa bideetan ibilaldi luze eta bakartietan eratu zitzaion «bizitza arruntetik kanpoko» bat edukitzeko nahia.

Lehen Mundu Gerraren ostean, Gustave Brasseur amaren aldeko birraitona, Mosako Bankuko[8] presidente izandakoak, porrot egin zuen, bankuaren atzetik. Horren ondorioz, familia osoa egoera ekonomiko zail batean gelditu zen. Horrela, Simone de Beauvoiren gurasoak aldatu behar izan ziren, beste irtenbiderik gabe, Montparnasseko bulebarreko etxebizitzatik apartamentu ilun eta estu batera, igogailurik gabeko bosgarren solairuan, Rennes kaleko eraikin batean.[9]

Gurasoen egoera ekonomiko estuak Simoneren haurtzaroa markatuko zuen, handik aurrera. Garai hartan, halako egoera batean ez zen ulergarria neska batek ikasketa aurreratuak egitea. Hala ere, aitak, antzerkiaren eta arte dramatikoaren zale amorratu zelarik, uste zuen «lanbiderik onena idazlea» izatea zela, eta sinetsita zegoen alabek behar zen guztia egin behar zutela egoera hartatik ateratzeko:

« Esaten zuenean: «Zuek, nire neska tipiak, ez zarete ezkonduko, lan egin beharko duzue», mingostasuna zuen ahotsean. Uste izan nuen gugatik kezkatzen zela, baina ez, gure etorkizun latzean beraren gainbehera ikusten zuen.[7] »

Atsekabetuta zegoen alaba izan ordez semea ez zelako ―mutil izatekotan Eskola Politeknikora joaterik izango zuen―, baina, aldi berean, ez zelako «behar bezain femeninoa». Behin baino gehiagotan errepikatzen zuen «gizonezkoen garuna duzu, gizonezkoen garuna duzu».

Emantzipazio progresiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ama elizkoi baten zaintzapean, Simone bera sinestun sutsu eta mistiko bat bihurtu zen zenbait urtez, baina fedea galtzen hasi zen, pixkanaka, hamalau urterekin, Desir ikastetxetik[6] irten baino askoz lehenago. Handik aurrera, intelektualki bere familiarengandik emantzipatzen hasi zen, nahiz eta ez zuen berehala hartu eten horren kontzientzia.

Hamabost urterekin, idazle ezagun bat izateko hautu burujabea egin zuen Simonek. Batxilergoaren ondoren, 1925ean, filosofiarekiko erakarpena izan arren, lehenbizi unibertsitate lizentzia klasiko batera jo zuen, bere lehengo eskolako irakasleek ohartarazi baitzioten gurasoei: «Sorbonako urte batean, fedea eta ohiturak galduko zituen». Beraz, matematika ikasketak egin zituen Parisko Institutu Katolikoan eta letra ikasketak Sainte-Marie de Neully-ko Institutuan.

Robert Garric frantses literaturako irakasleak, katoliko sutsu baina, batez ere, sozialista eta humanista oso konprometitua zenak, asko hunkitu zuen. Herri xehean kultura zabaltzea helburu duen mugimendu bat zuzentzen zuen. Jacques lehengusuari esker (sekretuan maite zuen lehengusua, Garricen taldekide zena), bere kultura literarioa zabaldu zuen. «Mahai gainean aurkitzen nuen dozena bat liburuki, goxoki garratzen kolore biziz bildurik: Montherlantenak berde argiz, Cocteau bat mugurdi gorriz, Barrèsenak limoi horiz, Claudelenak, Valéryrenak eluirra baino zuriago, gorriminez nabarmenduak. Paper gardenaren bitartez irakurtzen nituen behin eta berriro izenburuak: Le Potomak,[10] Les Nourritures terrestres,[11] L'Annonce faite à Marie,[12] Le Paradis à l'ombre des épées,[13] Du sang de la volupté et de la mort.[14] Liburu asko irakurriak nituen ordurako, baina haiek beste maila batekoak ziren: aurkikuntza ikaragarriak espero nituen haietatik […]. Bat-batean, hezur-haragizko benetako gizakiak nituen belarrira hizketan, haien bizitzaz eta nire bizitzaz; nahikunde eta irauliak azaltzen zituzten, nigan inoiz bururatu gabekoak, baina ongi ezaguzten nituenak. J'écumais la bibliothèque Sainte-Genevièveko liburutegia arpilatzen nuen: Gide, Claudel, Jammes irakurtzen nituen, bura sutan, lokiak taupadaka, zirrarak ia itora».[7]

Lehen ikasturte hartan, Parisko Unibertsitatean matematikako, literaturako eta latineko agiriak lortu zituen.

Hurrengo urtean, filosofiako ikasketak egin zituen, eta 1927ko ekainean filosofia orokorreko ziurtagiria lortu zuen. Azkenik, letretako lizentziatura eskuratu zuen, filosofia arloan, 1928ko udaberrian, etikako eta psikologiako ziurtagiriak lortu ondoren,[15] eta Leibnizi buruzko memoria bat idazten hasi zen, goi mailako ikasketen diplomarako.

Parisko Unibertsitateko Letren Fakultatean, beste gazte intelektual batzuekin elkartu zen, horien artean Jean-Paul Sartrerekin. Elkar ezagutu zuten orduko, bien arteko harreman estu bat sortuko zen, denbora askoan aske eta berdintasunean oinarritutzat hartua izan zena.[16] «Beharrezko maitasuna» izango da berarentzat, batak zein besteak ezagutuko zituzten «maitasun kontingenteekin» alderatuta. Simone de Beauvoir bigarren lekuan gelditu zen filosofia irakasleen hautaldian,1929an, Jean-Paul Sartreren atzetik.

Handik hilabete batzuetara, Zaza txikitako lagunaren heriotzak atsekabe handi batera eraman zuen. Bere bizitzaren aro baten amaierako mugarria izan zen.

Filosofia irakasle[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txikitan, kristautasuna eta tradizioari lotutako heziketa jaso bazuen ere, laster utzi zituen bide hauek alde batera. Aldaketa nabarmena izan bere pentsamenduan Sorbonako unibertsitatera filosofia ikastera joan zenean, bertan Jean-Paul Sartre ezagutu zuen bere bikotekidea izango zena. Ikasle ezagunak ziren biak fakultatean eta, ahozko azterketa zenean, kideak entzutera joan ohi ziren. Sartrek Beauvoirren Leibnizi buruzko disertazioa entzun zuenean, liluratuta geratu zen erabat; hark erakutsitako inteligentziak erakarri zuen eta ahots sakonaren azkartasunak betirako harrapatu zuen gizona.

1927an lizentziatu eta Filosofia irakasle izan zen Marsellan, Erruanen eta Parisen. 1929an filosofiako irakasle agregatu gisa lan egin ondoren, De Beauvoir, edo Kastor (bere lagun Herbaudk jarritako ezizena da eta Sartrek ere erabiltzen zuen, Beauvoir eta beaver hitzen arteko hitz-joko bat da ingelesez) irakasle titular izateko prestatu zen. Lehen norakoa Marseilla izan zen eta Sartrek, berriz, Le Havren lortu zuen lanpostua 1931ko martxoan; ezin zuen bat-bateko distantzia hori jasan eta Sartrek ezkontzea proposatu omen zion elkarrekin jarraitu ahal izateko, baina Simonek ezezkoa eman zion. Ez zuen gurasoen esperientzia negargarria errepikatu nahi izan.[17]

Familia oso tradizional batean sortu eta 21 urterekin Frantziako filosofia irakasle gazteenetakoa izandakoa, beti gizonezkoen munduan mugitu zen, intelektual eta filosofo artean, eta ez zion aparteko baliorik ematen emakume izanagatik hor egoteari. Baina ikertzeari ekin zion eta ikusi zuen baietz, agian gizasemea izanda modu oso bestelakoan biziko eta pentsatuko zukeela. Beretzat ustekabea izan zen hori jakitea, eta oso modu bitxian esaten zuen «berrogei urte dituzula, bat-batean begietan min egiten dizun eta ordura arte ikusi ere egiten ez zenuen munduaren alderdi bat aurkitzeak» eragin zion sorpresa. 1949an, argitaratutako Le deuxième sexe idazten ari zela gertatu zitzazion hori, eta gero etorriko zen feminismoa. Ordura arte Simonek uste zuen klaseen arteko desberdintasuna gainditutakoan berez etorriko zela generoen arteko berdintasuna, baina laster konturatu zen ezetz, patriarkatuaren eta feminitatearen ideia hori kapitalismoa baino zaharragoa zela, klaseen arteko borrokak baino erro sakonagoak zituela. Orduan aurkitu zuen bere burua feministen artean eta orduan egin zen emakumeen aldeko borrokan militante.[18]

Sartre, ezinbesteko amodioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kastor izena ondo zetorkion Simoneri, langile porrokatua baitzen, eta gizonezkoaren adimena eta emakumezkoaren sentsibilitatea biltzen zituen gainera. Sartrek Beauvoir maite zuen, baina ez zegoen beste balizko amodioei agur esateko prest. Itun ezaguna egin zuten orduan: bien arteko amodioa ezinbestekoa izango zen eta gainontzekoak, berriz, kontingenteak. Bikote irekia osatuko zuten, batak besteari beti egia esango ziona eta, gutuna joan gutuna etorri, bizitza osoaren testigantza geratu zaigu haietan islatuta.

Bikote berezia eta harreman publikoa, gizarteko balore askori egin zion eraso zuzena: monogamia, batak bestearen jabe izateko eskubidea, heterosexualitatea... Sartre gizon dotorea ez bazen ere, emakume gazteak erakartzeko gaitasun handikoa zen eta Beauvoirrek, berriz, amorante dokumentatuak izan zituen Algren eta Lazmann. Baina bikoteak aurrera egin zuen, harreman intelektual sakonean oinarrituta.[17]

Bigarren Mundu Gerraren aurretik, Sartre-De Beauvoir bikotea Parisera bidali zuten. 1936tik 1938ra arte, De Beauvoirrek Molière lizeoan irakatsi zuen, baina bertatik kaleratu zuten bere ikasle zen Bianca Bienefeldekin amodiozko harremana izateagatik.

Bigarren Sexua eta ondorengo lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beauvoir filosofia irakasten aritu zen Frantziako hainbat tokitan. Erruanen aritu zenean, 17 urteko ikaslea zenOlga Kosakiewicz ezagutu zuen. Lagun min bilakatu ziren eta Sartre bera ere batu zen harreman hartara. L´Invitée lanean kontatu zuen Beauvoirrek hirukotearen gorabehera.

1941 eta 1943 artean, Sorbonako irakasle zenean, adingabekoak galbideratzeagatik salatu zuten: Nathalie Sorokine ikaslearen amak 21 urtez beherako ikasleekin oheratzen zela esan zuen eta gero Sartreri pasatzen zizkiola. Bikoteak ukatu zuen, baina Beauvoir bota egin zuten eta literaturan murgiltzea erabaki zuen. Orduan idatzi zuen L´Invitée eleberria eta eskatasunaren teoria existentzialista eta norbanakoaren ardurak adierazi zituen.

II. Mundu Gerraren amaieran, Sartre sortzaile eta zuzendari zen Les Temps Modernes (1945) aldizkarian kolaboratzen hasi zen. Gerra ondorenak ideia berriak eskatzen zituen eta lehenaldiarekin hautsi beharra zegoen. Existentzialismoaren lehen postulatuak agertu ziren: Bizitzak ez du zentzurik, baina gizakiak eman diezaioke, ekinez:[17]

« Gizakia ez da munduan egoteagatik bakarrik justifikatzen, pasibidadeari uko egiteagatik baizik… Izateak izateari forma ematea esan nahi du »

Sartrek existentzialismoan kokatzen zen sistema filosofiko oso bat eraiki bazuen, Beauvoirrek eleberrietan erakutsi zituen ideiak. Bi liburuetan bildu zen entsegua izan zen ekarpen nabarmenena: Bigarren sexua (1949). Feminismoaren oinarria izango zen lan honetan, idazleak emakumeak mendebaldeko gizartean zuen papera analizatu zuen eta Zer da emakume izatea? galderari erantzuten saiatu zen eta Zientzia, Historia, Mitoak, Biologia eta Adina erabili zituen erantzuteko.

Bidaia anitz egin zuen, saio soziopolitiko batzuen iturri izan zirenak: L´Amérique au jour le jour (1948); La Longue Marche (1957), orduko Txinari buruzkoa. Sartreren bizilaguna, beronen pentsamenduarekin ere bat eginik, Beauvoiren lanek mezu bereziak dituzte, edozein genero darabilela ere (eleberria, saiakera nahiz biografia), helburu etiko filosofikoak dira haietan nagusi. Gizakiaren askatasuna erabatekoa ez dela adierazi nahiz, pertsonen arteko harreman zailak azaltzeari ekin zion, gizon eta emakumeen arteko benetako harreman zuzenak finkatzen saiatuz: Le Deuxième Sexe (1949). Goncourt saria merezi izan zion Les Mandarins (1954) eleberrian intelektualen konpromiso politiko eta moralaren auzia lantzen du. Pour une morale de l´ambigüité (1947) saioan ere gai horixe bera darabil. Etika horren bilaketa ere Beauvoireren eleberrigintzaren eta idazki autobiografikoen gaia da: Les Mémoires d´une jeune fille rangée (1958); La Force de l´âge (1960); La Force des choses (1963); Une mort très douce (1964). Haren lanetan tradizio eta konformismoarekiko hausnarketa kritikoa islatzen da, baita bizitzaren distira anitzarekiko maitasun bortitza ere. La Vieillesse (1970) eta Tout compte fait (1972) dira bere azken lanak.

Amodio kontingenteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bikotearen lehenengo amodio kontingenteak 1934 eta 1938 bitartean gertatzen dira. Pertsona hauek bikotearen biktima bezala aurkezten dute beren burua. Lehenengo hirurak: neskak, adingabeak eta Beauvoireren ikasleak eta Sartrerekin partekatuak izan ziren. Ondorengoak ez ziren partekatu izan bikotearekin.

  1. Olga Kosakiewicz, 18 urterekin psikologikoki mindua izan zela adierazten du. Beauvoireren ikaslea izan zena eta berarekin sexualki harremandu zena 1934 eta 1935 urteren bitartean. Ondoren Sartrerekin harremantzen hasi zen (1935-1937).
  2. Bianca Lamblin, A Disgraceful Affair: Simone de Beauvoir, Jean-Paul Sartre, and Bianca Lamblin liburuaren idazlea da. Bertan bikoteak sortutako min psikologikoa adierazten du. 16 urte zituelarik Beauvoireren ikaslea izan zen. Azaltzen duen bezala, Beauvoirek erakarri zuen 1937. urtean eta ondoren Sartrerekin harremandu zen.
  3. Natalie Sorokin. 1938. urtean 17 urte zituelarik Beauvoire (garai hartan bere irakaslea zena) eta Sartreren aldetik abusuak pairatu zituen. Gertatutakoa jakin ondoren amak salatu zuen eta Simone de Beauvoire ikastetxetik kaleratua izan zen.
  4. 1947an, Chicagon, Nelson Algren iritsi zen Beauvoirren bizitzara. Idazle aparte, jenio txarrekoa, harreman hau Los mandarines eleberrian agertu zuen idazleak. Une hartan, Sartre harremanetan zebilen Dolores Vanetti aktorearekin eta Algren izan zen Beauvoirri atsedena emango ziona. 600 gutun baino gehiago geratu zaizkigu urteetan iraungo zuen sexu-amodio haren testigantza, gero adiskidetasun eta geroago, berriz, gorroto bilakatuko zena. Algrenek ezin zuen Beauvoirrek Sartrekiko zuen dependentzia eraman[6]: "Ez nintzateke zuk maite duzun Simone izan harekin dudan bizitza utziko banu". Horrela esplikatu nahi zion Simonek Sartrerekin zuen harremana, baina Algren haserre zegoen eta bertan behera utzi zuen Simonerekin zuen amodio kontingentea. Luze aritu zen, bai testuetan eta baita elkarrizketetan ere, Sartre eta Beauvoirri eraso egiten, baina Simonek ez zuen ahaztu eta, hilobiratu behar zutenerako aginduta utzi zuen Algrenek oparitutako zilarrezko eraztuna soinean jartzeko.
  5. 50eko eta 60ko hamarkadetan, Beauvoir eta Sartre ezker marxistaren enbaxadore intelektual ziren mundu osoan. Alderdi Komunistako militante ez baziren ere, politikan murgildu ziren erabat eta intelektual konprometituak izan ziren arrazoi bat eta beste medio. Garai hartan ezagutu zuen Beauvoirrek Claude Lanzmann komunista. 25 urte besterik ez zituen gazteak, Simonek 42 beteta zituen bitartean. Lanzmannek gazte sentiarazi zuen berriro eta, lehen aldiz, harekin joan zen bizitzera. Hala ere, ez zion orduan ere Sartrerekin zuen harremanari uko egin.

Idazle konprometitua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Simone de Beauvoir eta Jean-Paul Sartre Beijingen, 1955ean
Simone de Beauvoir eta Jean-Paul Sartre Che Guevarari eginiko elkarrizketan, 1960an

Sartre, Raymon Aron, Michel Leiris, Maurice Merleau-Ponty, Boris Vian eta beste ezker alderdiko intelektual frantsesekin batera mantendu zuen Les Temps Modernes, literatura garaikidean korronte existentzialista zabaldu nahi zuena. Modu paraleloan, bere ekoizpen pertsonalekin jarraitu zuen: komunismoarekiko bere konpromisoari, ateismoari eta existentzialismoari buruzko entsegu eta eleberri batzuk argitaratu ondoren, ekonomikoki independizatzea lortu zuen eta munduan zehar bidaiatzeari ekin zion. Herrialde ugaritara bidaiatu zuen (AEB, Txina, Errusia, Kuba...) eta bertan Fidel Castro, Che Guevara, Mao Zedong edo Richard Wright bezalako komunistak ezagutzeko aukera izan zuen.

1949an, Bigarren Sexuaren argitaratzean, 22 mila ale baino gehiago saldu ziren lehen astean eta iskanbila sortu zuen eta eztabaida literario eta filosofiko bizien arrazoia izan zen, Vatikanoa ere entseguaren aurka azaldu zelarik.

Bigarren sexua hainbat hizkuntzetara itzuli zuten: AEBetan milioi bat ale saldu zen eta emakumearen askatasunaren mugimenduaren sortzaileen hausnarketen ezinbesteko esparru teoriko bilakatu zen. Beauvoir mugimendu feministako aitzindari bilakatu zen emakumea gutxiagotasun egoerara baztertzen duen gizarte bat deskribatzean. Bere emakumeen egoerari buruzko azterketa, sineskera existentzialistekin hausturetan, mitoetan, zibilizazioetan, erlijioetan, anatomian eta tradizioetan sostengatzen da. Azterketa honek istilua sortu zuen, bereziki abortoari, orduan hilketarekin lotua, eta amatasunari buruzko kapituluak. Ezkondu ondorengo bizitza erakunde burges nazkagarri gisa deskribatzen zuen, prostituzioaren antzekoa, emakumea ekonomikoki bere senarraren menpe dagoenean eta independizatzeko aukerarik ez duenean bezala.

Mandarindarrak, 1945ean argitaratua, bere literatur gaitasunarengatik elkarte intelektualaren onarpena markatu zuen: eleberri honengatik Goncourt Sari famatua eman zioten. Garai hartan, Beauvoir mundu mailan irakurle gehien zituen idazleetako bat zen. Gerra ondorengo garaiaz hitz egiten zuen nobela honetan, Nelson Algrenekiko harremana azaldu zuen, baina pertsonaia faltsuak erabiliz.

1958 eta gero, bere autobiografia idazteari ekin zion, haurtzaroan bizi zuen inguru burgesa, bere aurreiritziak, bere ohitura penagarriak eta, emakumea izan arren, horietaz desegiteko egin zituen ahaleginak deskribatuz. Sartrerekin izan zuen harremana ere kontatzen du, arrakasta handikoa. Hori guztiagatik eta batzen zituen pasiozko erlazioaren indarrarengatik ere, jadanik ez ziren bikote bat zentzu sexualen, Beauvoirrek bere irakurleei hori sinetsarazi arren.

1964an, bere amaren heriotza kontatzen duen Heriotz oso gozo bat argitaratu zuen, Sartreren iritzian, Beauvoirren idatzi onena. Zirraraz beteriko kontakizun honen mamia eutanasiak edo doluak osatzen dute. Dolu horretan, idazleari orduan ezagutu zuen neskatila batek lagundu zion, filosofiako ikaslea zen Sylvie Le Bonek. Bi emakumeak lotu zituen harremana zalantzazkoa zen: ama-alaba, adiskidetasunezkoa edo maitasunezkoa. Bere laugarren idatzi autobiografikoan, Egindako Kontuak, Beauvoirrek Silvyerekin, 50 urte lehenago bere lagun minenarekin, Zazarekin, izan zuen erlazio berdina izan zuela adierazi zuen. Idazleak Sylvie Le Bon adoptatu egin zuen ofizialki eta bere literatur obraren eta bere ondasunen oinordeko izendatua bilakatu zen.

Baietzaren adina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Simone de Beauvoirrek eskaera bat izenpetu zuen, frantses intelektual multzo handi batekin batera —horien artean ziren, besteak beste, Louis Aragon, Michel Foucault, Jean-Paul Sartre, Jacques Derrida, Louis Althusser, Roland Barthes, Gilles Deleuze, Michel Leiris, Alain Robbe-Grillet, Philippe Sollers, Jean-François Lyotard, Francis Ponge eta beste zenbait idazle eta psikologo—, Frantziako Biltzarrari eskatuz berrikus zitzala sexurako adostasun adinaren zenbait artikulu. Gutuna Gabriel Matzneff idazleak egina zen.[19] Idatzian, sinatzaileek eskatzen zuten hiru gizonezko askatzea (Bernard Dejager, Jean-Claude Gallien eta Jean Burckardt), hiru urte baitzeramaten epai aurreko espetxealdian, 15 urtetik beherakoekin sexu harremanak izateagatik. Idatzia Le Monde egunkarian argitaratu zen, 1977ko urtarrilaren 26an.[20] Eskaerak argudiatzen zuenez, kontraesan bat zegoen Frantziako legedian: izan ere, 13 urterekin adingabe bati pilula antisorgailua ematen ahal zion Estatuak eta adin horretan erantzukizun penala izan zezakeen, baina, aldi berean, ez zitzaion aitortzen eremu horretan bereizkuntzarik egiteko gaitasuna, sexurako adostasunari zegokionez.[21]

Urte luzetan, gutun hura ezbai intelektual jori baten gai izan da ―Michel Foucaultek berak elkarrizketa bat eman zuen gai hartaz―, ez bakarrik sexurako adostasunaren alderdi juridikoez, baizik sexualitateaz eta gorputzaren askatasunaz ere.[22]

Sartreren heriotza eta Beauvoirren bizitzaren amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Simone de Beauvoir eta Jean-Paul Sartreren hilobia

1980an, Sartre hil egin zen eta, hurrengo urtean, 1981n Agurraren Zeremonia argitaratu zuen eta bertan bere sentimenduzko lagunaren azken 10 urteak kontatu zituen: medikuntza- eta barne-xehetasunei harrera txarra egin zieten bere jarraitzaile askok. Idatzi hau 1974ko abuztu eta irailean Erroman grabatutako bien arteko elkarrizketekin osatu zen. Elkarrizketa hauetan Sartrek bere bizitzari buruz hausnartzen zuen eta bere ekoizpen intelektualari buruzko zalantza batzuk azaltzen zituen. Barne-elkarrizketa hauek argitaratzean, Beauvoirrek bere bikote zendua idazle eta filosofo frantses Benny Levyk maneiatua izan zela frogatu nahi zuen: berak, Sartrek existentzialismoan joera erlijiosoa zegoela onartaraztea egin zuen, Sartrek eta beste existentzialistek beraien oinarrietako bat ateismoa zela aldarrikatu arren. Beauvoirren ustez, Sartrek ez zituen bere gaitasun intelektualak osotasunean Lévyrekin eztabaida izan zuenean eta ez zegoen berari filosofikoki aurre egiteko egoeran. Sartreren bizitza azaltzen duten testu hauetan, Sartreren alabatzakoarekin, Arlette Elkaim-Sartrerekin, izan zuen erlazio txarra agerian utzi zuen. Agurraren Zeremonia esaldi honekin amaitzen da:[23]

« Haren heriotzak aldentzen gaitu. Nire heriotzak ez gaitu bilduko. Horrela da; ederregia izan da gure bizitzak hainbeste denboran batera ibiltzeko aukera izatea... »

1955etik 1986ra arte, Parisko Victor-Schœlcher kaleko 11bis zenbakian bizi izan zen eta bertan hil zen bere alabatzakoaren eta Claude Lanzmannen konpainiaz. Montparnasseko hilerrian lurperatu zuten, 20. dibisioan, Sartreren alboan, ezinbesteko amodioa. Simone de Beauvoir bere maitale Nelson Algrenek lehen amodiozko gauean oparitutako zilarrezko eraztuna eskuan zeramala izan zen lurperatua, amodio kontingenteetako bat.

Lanen zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren sexua

Eleberria

  • L'Invitée (1943)
  • Besteen odola (1945)
  • Tous les hommes sont mortels (1946)
  • Les Mandarins, (1954), Goncourt sariduna
  • Les Belles Images (1966)
  • La Femme rompue (1968)
  • Quand prime le spirituel (1979)

Saiakera

  • Pyrrhus et Cinéas (1944)
  • Pour une morale de l'ambiguïté (1947)
  • L'Existentialisme et la Sagesse des nations (1948)
  • Bigarren sexua (1949)
  • Privilèges (1955)
  • Martxa luzea (1957)
  • Faut-il brûler Sade? (1972)

Memoriak

  • L'Amérique au jour le jour (1948)
  • Mémoires d'une jeune fille rangée (1958)
  • La Force de l'âge (1960)
  • La Force des choses (1963)
  • Une mort très douce (1964)
  • La Vieillesse (1970)
  • Tout compte fait (1972)
  • La Cérémonie des adieux (1981)

Antzerkia

  • Les Bouches inutiles (1945)

Euskarazko itzulpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irudi galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Bigarren sexua: ‘Ondorioa’ - Jakin.eus» www.jakin.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-08).
  2. (Gaztelaniaz) «La igualdad autoimpuesta de Simone de Beauvoir» ELMUNDO 2016-01-19 (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  3. «Simone de Beauvoir - Besteen odola» www.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-10).
  4. Frantsesezko ahoskera, Nazioarteko Alfabeto Fonetikoaren (API) araberako transkripzioa.
  5. a b (Frantsesez) «Jaiotza agiria - Archives de Paris» archives.paris.fr.
  6. a b c (Frantsesez) «COGEDIM a 50 ans (suite) – Le Blog-Notes de Michel Desmoulin» web.archive.org 2013-12-06 (Noiz kontsultatua: 2023-03-19).
  7. a b c (Frantsesez) Simone de Beauvoir. (2008). Mémoires d'une jeune fille rangée. Gallimard ISBN 978-2070355525..
  8. (Frantsesez) Antoine-Paul Naegel. (2006-01-01). Le département de la Meuse (France) : industrialisation entre 1790 et 1914. Nantes (Noiz kontsultatua: 2023-03-19).
  9. (Frantsesez) Danièle Sallenave. (2008). Castor de guerre. Gallimard ISBN 978-2070781461..
  10. (Frantsesez) Jean Cocteau. «Le Potomak» www.worldcat.org (WorldCat.org) ISBN 978-2234069565. (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).
  11. (Frantsesez) André Gide. «Les nourritures terrestres» www.worldcat.org (WorldCat.org) ISBN 978-2081518933. (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).
  12. (Frantsesez) Paul Claudel. (2014). L'annonce faite à Marie. BnF (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).
  13. (Frantsesez) Henry de Montherlant. (1924). Première olympique : le paradis à l'ombre des épées. B. Grasset.
  14. (Frantsesez) Maurice Barrès. (2019). «Du sang, de la volupté et de la mort» www.worldcat.org (WorldCat.org) ISBN 978-2841006502. (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).
  15. Ez zuen, baina, letra klasikoen arloko diploma lortu, ez baitzuen filologia ziurtagiria prestatu nahi izan.
  16. (Frantsesez) Ingrid Galster. (2005). «Le couple modèle ?» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).
  17. a b c (Gaztelaniaz) «Filosofia Hoy - Revista sobre pensamiento y filosofía.» Filosofia Hoy (Noiz kontsultatua: 2023-03-21).
  18. Nerea Azurmendi. (2008-10-13). «Oraindik ere begiak irekitzen dizkigu Simone de Beauvoirek» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  19. (Frantsesez) Vanesa Springora. (2020). Le Consentement. Grasset ISBN 978-2246822691..
  20. (Frantsesez) «À propos d'un procès» Le Monde (web.archive.org) 1977-01-26 (Noiz kontsultatua: 2023-03-16).
  21. (Ingelesez) Le Monde of January 26, 1977. web.archive.org 1977-08-29 (Noiz kontsultatua: 2023-03-16).
  22. (Frantsesez) «Michel Foucault devant la commission de révision du code pénal» Lundi Matin (web.archive.org) 2023-01-27 (Noiz kontsultatua: 2023-03-16).
  23. (Gaztelaniaz) Ballesteros, Objetivo CLM-Lucía. (2015-10-19). «Mujeres que dejaron huella en la historia, Simone de Beauvoir» Objetivo Castilla-La Mancha Noticias (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Arantxa Agirreurreta (2008) Simone de Beauvoir: emakume libre bat XX. mendean. Donostia, Elkar. ISBN 9788497836142.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Jakin ale berezia 2022 Filosofiatik ezabatutako emakumeak. Agora elkartea.
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Simone de Beauvoir