Simone de Beauvoir

Wikipedia, Entziklopedia askea
Simone de Beauvoir
Simone de Beauvoir
Simone de Beauvoir, 1967an
Datu pertsonalak
Izen osoa Simone Lucie Ernestine Marie Bertrand de Beauvoir
Ezizena 'Kastor'
Jaio 1908ko urtarrilaren 9a
Paris (Frantzia)
Hil 1986ko apirilaren 14a (78 urte)
Paris (Frantzia)
Bikotekidea(k) Jean Paul Sartre
Sinadura
Filosofia politikoa, kazetaria, idazlea, ekintzaile politikoa, feminista. Bigarren sexua idatzi zuen
Simone de Beauvoir, bizitza osoan lagun izan zuen Jean-Paul Sartrerekin.

Simone de Beauvoir, izen osoz Simone Lucie Ernestine Marie Bertrand de Beauvoir (Paris, 1908ko urtarrilaren 9a -1986ko apirilaren 14a) idazle, filosofo eta feminista frantziarra izan zen. Gai politiko, sozial eta filosofikoei buruzko nobelak, entseguak, biografiak eta grafikoak idatzi zituen eta bere pentsamemdua existentzialismoaren barnean kokatu ohi da, bere lan batzuk, Bigarren sexua adibidez, feminismoaren sorreraren osagaitzat hartzen direlarik. Jean Paul Sartre filosofialariaren bikotea izan zen.

Biografia

Simone de Beauvoir goi-burgesiako familia baten senan jaio zen 1908ko urtarrilaren 9an. Aita Georges Bertrand de Beauvoir izan zuen, abokatua eta aktore afizionatua, eta ama, berriz, Francoise Brasseur izan zuen. Parisko Raspail bulebarrean kokaturiko etxe batean jaio zen eta, 5 urte bete bezain pronto, Cours Desirren eskolarizatu zuten, familia burgesen alabek ikasten zuten eskola berean. 2 urte geroago, Helene ahizpa gaztea ere (Poupette ezizenez ezagutua) bertan eskolarizatu zuten.

Berehala nabarmendu zen Simoneren adimen-trebezia eta, urtea joan urtea etorri, ikaskideen artean azkarrenetakoa izaten zen. Elizabeth Lacoin (Zaza) ere oso neska azkarra zen eta laster bilakatu zen Simoneren lagun min.

Lehen Mundu Gerraren ondoren, bere amaren aldeko aitona eta Meuse Bankuko lehendakari zen Gustave Brasseurrek Bankuaren porrota aurkeztu zuen eta horrek familia guztia lotsagarri utzi zuen. Porrot honen ondorioz, Simonen gurasoek Raspail bulebarreko bizileku bikaina utzi beharrean izan ziren eta etxebizitza ilun batera joan behar izan zuten, Rennes kaleko igogailu gabeko bosgarren pisu batera. Aita Georgesek emaztearen diruaz baliatu eta bizitza eroso bat izateko asmoak bazituen, usteak erdi ustel geratu ziren eta Francoise emazteak ezin izan zuen bizitza osoan errudun sentimendua gainetik kendu. Simone txikiak ere, egoera hura eta bere gurasoen arteko harremana pixkanaka-pixkanaka hondatzen zela ikustean, izugarri sufritu zuen. Haurtzaro guztia markatu zuen emakume izateak eta horrek bere pentsamendu politiko feminismoetan eragina izan zuen: aitak sekula ez zion ezkutatu seme bat izateko desioa, bere ametsa semeak Pariseko Eskola Politeknikoan ikastea baitzen. Behin baino gehiagotan hau esaten zion Simoneri:

« Gizonezko baten garuna duzu[1] »

Georgesek oso gustukoa zituen antzerkigintza eta literatura eta baita bere emazteak eta alabek ere. Simoneri lanbiderik politena idazlearena zela esan ohi zion maiz eta, familiaren egoera ekonomiko kaxkarraren ondorioz, Georgesek eta bere emazteak bere alaben hobekuntza sozial baten aukera bakarra ikasketak zirela pentsatzen zuten.

Beauvoir familiak uda asko igaro zituen Saint-Ybarden, Correzeko Mayrignac jabetzan. Parkea bere aitonak, Ernest Betrand de Beauvoirrek, sortu zuen 1880. urte inguruan, haren aita zen (eta Simoneren berraitona), Narcisse Bertrand de Beauvoirrek XIX. mende hasieran eskuratu ondoren. Simonek garai alai haiek Neska gazte zintzo baten memoriak lanean kontatu zituen. Izadiarekin izandako kontaktuak eta mendian egindako ibilaldi bakartiek ohikoa ez zen helburu baten desira sortu zuten Simone gaztearen espirituan.

15 urte zituenean, neskak bere etorkizunari buruz ideia ziurrak zituen, jada: idazlea izan nahi zuen. Batxilergoa gainditu ondoren, 1925ean, De Beauvoirrek goi-mailako ikasketak hasi zituen Parisko Institutu Katolikoan, familia oneko alabek ikasi ohi zuten instituzioan. Bertan bere matematikari buruzko prestakuntza osatu zuen eta, bitartean, literaturari buruzko prestakuntza zabaldu zuen Neuillyko Sainte-Marie Institutoan. Unibertsitatean igarotako lehen urtearen ondoren, matematika orokorren, literaturaren eta latinaren ziurtagiriak eskuratzea lortu zuen. 1926an, filosofia ikasteari ekin zion eta filosofia orokorraren ziurtagiria lortu zuen 1927ko ekainean. Ziurtagiri hauen ondoren, filosofian espezializatutako letretan lizentziatu zen 1928ko udaberrian, etika eta psikologiari buruzko ziurtagiariak lortu ondoren. Unibertsitateko ikasketak Leibnizen memoriari buruzko idazlan bat eginez amaitu zituen eta hura izan zen bere goi-mailako ikasketen gailurra.

Filosofiako irakasle

Txikitan, kristautasuna eta tradizioari lotutako heziketa jaso bazuen ere, laster utzi zituen bide hauek alde batera. Aldaketa nabarmena izan bere pentsamenduan Sorbonako unibertsitatera filosofia ikastera joan zenean, bertan Jean-Paul Sartre ezagutu zuen bere bikotekidea izango zena. Ikasle ezagunak ziren biak fakultatean eta, ahozko azterketa zenean, kideak entzutera joan ohi ziren. Sartre Beauvoirren Leibnizi buruzko disertazioa entzun zuenean, liluratuta geratu zen erabat; hark erakutsitako inteligentziak erakarri zuen eta ahots sakonaren azkartasunak betirako harrapatu zuen gizona.

1927an lizentziatu eta Filosofia irakasle izan zen Marsellan, Erruanen eta Parisen. 1929an filosofiako irakasle agregatu gisa lan egin ondoren, De Beauvoir, edo Kastor -bere lagun Herbaudk jarritako ezizena da eta Sartrek ere erabiltzen zuen, Beauvoir eta beaver hitzen arteko hitz-joko bat da ingelesez- irakasle titular izateko prestatu zen. Lehen norakoa Marseilla izan zen eta Sartrek, berriz, Le Havren lortu zuen lanopostua 1931ko martxoan; ezin zuen bat-bateko distantzia hori jasan eta Sartrek ezkontzea proposatu omen zion elkarrekin jarraitu ahal izateko, baina Simonek ezezkoa eman zion. Ez zuen gurasoen esperientzia negargarria errepikatu nahi izan[2].

Familia oso tradizional batean sortu eta 21 urterekin Frantziako filosofia irakaslee gazteenetakoa izandakoa, beti gizonezkoen munduan mugitu zen, intelektuak eta filosofo artean, eta ez zion aparteko baliorik ematen emakume izanagatik hor egoteari. Baina ikertzeari ekin zion eta ikusi zuen baietz, agian gizasemea izanda modu oso bestelakoan biziko eta pentsatuko zuela. Beretzat ustekabea izan zen hori deskubritzea, eta oso modu bitxian esaten du «berrogei urte dituzula, bat-batean begietan min egiten dizun eta ordura arte ikusi ere egiten ez zenuen munduaren alderdi bat aurkitzeak» eragin zion sorpresa. 1949an, argitarautako Le deuxième sexe idazten ari zela gertatu zitzazion hori, eta gero etorriko zen feminismoa. Ordura arte Simonek uste zuen klaseen arteko desberdintasuna gainditutakoan berez etorriko zela generoen arteko berdintasuna, baina laster konturatu zen ezetz, patriarkatuaren eta feminitatearen ideia hori kapitalismoa baino zaharragoa zela, klaseen arteko borrokak baino erro sakonagoak zituela. Orduan aurkitu zuen bere burua feministen artean eta orduan egin zen emakumeen aldeko borrokan militante[3].

Sartre, ezinbesteko amodioa

Kastor izena ondo zetorkion Simoneri, langile porrokatua baitzen, eta gizonezkoaren adimena eta emakumezkoaren sentsibilitatea biltzen zituen gainera. Sartrek Beauvoir maite zuen, baina ez zegoen beste balizko amodioei agur esateko prest. Itun ezaguna egin zuten orduan: bien arteko amodioa ezinbestekoa izango zen eta gainontzekoak, berriz, kontingenteak. Bikote irekia osatuko zuten, batak besteari beti egia esango ziona eta, gutuna joan gutuna etorri, bizitza osoaren testigantza geratu zaigu haietan islatuta.

Bikote berezia eta harreman publikoa, gizarteko balore askori egin zion eraso zuzena: monogamia, batak bestearen jabe izateko eskubidea, heterosexualitatea... Sartre gizon dotorea ez bazen ere, emakume gazteak erakartzeko gaitasun handikoa zen eta Beauvoirrek, berriz, amorante dokumentatuak izan zituen Algren eta Lazmann. Baina bikoteak aurrera egin zuen, harreman intelektual sakonean oinarrituta[4].

Bigarren Mundu Gerraren aurretik, Sartre-De Beauvoir bikotea Parisera bidali zuten. 1936tik 1938ra arte, De Beauvoirrek Molière lizeoan irakatsi zuen, baina bertatik kaleratu zuten bere ikasle zen Bianca Bienefeldekin amodiozko harremana izateagatik.

Bigarren Sexua eta ondorengo lanak

Beauvoir filosofia irakasten aritu zen Frantziako hainbat tokitan. Erruanen aritu zenean, 17 urteko ikaslea zenOlga Kosakiewicz ezagutu zuen. Lagun min bilakatu ziren eta Sartre bera ere batu zen harreman hartara. L´Invitée lanean kontatu zuen Beauvoirrek hirukotearen gorabehera.

1941 eta 1943 artean, Sorbonako irakasle zenean, adingabekoak galbideratzeagatik salatu zuten: Nathalie Sorokine ikaslearen amak 21 urtez beherako ikasleekin oheratzen zela esan zuen eta gero Sartreri pasatzen zizkiola. Bikoteak ukatu zuen, baina Beauvoir bota egin zuten eta literaturan murgiltzea erabaki zuen. Orduan idatzi zuen L´Invitée eleberria eta eskatasunaren teoria existentzialista eta norbanakoaren ardurak adierazi zituen.

II. Mundu Gerraren amaieran, Sartre sortzaile eta zuzendari zen Les Temps Modernes (1945) aldizkarian kolaboratzen hasi zen. Gerra ondorenak ideia berriak eskatzen zituen eta lehenaldiarekin hautsi beharra zegoen. Existentzialismoaren lehen postulatuak agertu ziren: Bizitzak ez du zentzurik, baina gizakiak eman diezaioke, ekinez:

« Gizakia ez da munduan egoteagatik bakarrik justifikatzen, pasibidadeari uko egiteagatik baizik… Izateak izateari forma ematea esan nahi du[5] »

Sartrek existentzialismoan kokatzen zen sistema filosofiko oso bat eraiki bazuen, Beauvoirrek eleberrietan erakutsi zituen ideiak. Bi liburuetan bildu zen entsegua izan zen aportazio nabarmenena: Bigarren sexua (1949). Feminismoaren oinarria izango zen lan honetan, idazleak emakumeak mendebaldeko gizartean zuen papera analizatu zuen eta Zer da emakume izatea? galderari erantzuten saiatu zen eta Zientzia, Historia, Mitoak, Biologia eta Adina erabili zituen erantzuteko.

Bidaia anitz egin zuen, saio soziopolitiko batzuen iturri izan zirenak: L´Amérique au jour le jour (1948); La Longue Marche (1957), orduko Txinari buruzkoa. Sartreren bizilaguna, beronen pentsamenduarekin ere bat eginik, Beauvoiren lanek mezu bereziak dituzte, edozein genero darabilela ere (eleberria, saiakera nahiz biografia), helburu etiko filosofikoak dira haietan nagusi. Gizakiaren askatasuna erabatekoa ez dela adierazi nahiz, pertsonen arteko harreman zailak azaltzeari ekin zion, gizon eta emakumeen arteko benetako harreman zuzenak finkatzen saiatuz: Le Deuxième Sexe (1949). Goncourt saria merezi izan zion Les Mandarins (1954) eleberrian intelektualen konpromiso politiko eta moralaren auzia lantzen du. Pour une morale de l´ambigüité (1947) saioan ere gai horixe bera darabil. Etika horren bilaketa ere Beauvoireren eleberrigintzaren eta idazki autobiografikoen gaia da: Les Mémoires d´une jeune fille rangée (1958); La Force de l´âge (1960); La Force des choses (1963); Une mort très douce (1964). Haren lanetan tradizio eta konformismoarekiko hausnarketa kritikoa islatzen da, baita bizitzaren distira anitzarekiko maitasun bortitza ere. La Vieillesse (1970) eta Tout compte fait (1972) dira bere azken lanak.

Algren eta Lanzmann, amodio kontingenteak

1947an, Chicagon, Nelson Algren iritsi zen Beauvoirren bizitzara. Idazle aparte, jenio txarrekoa, harreman nau Los mandarines eleberrian agertu zuen idazleak.

Une hartan, Sartre harremanetan zebilen Dolores Vanetti aktorearekin eta Algren izan zen Beauvoirri atsedena emango ziona. 600 gutun baino gehiago geratu zaizkigu urteetan iraungo zuen sexu-amodio haren testigantza, gero adiskidetasun eta geroago, berriz, gorroto bilakatuko zena. Algrenek ezin zuen Beauvoirrek Sartrekiko zuen dependentzia eraman:

« Ez nintzateke zuk maite duzun Simone izan harekin dudan bizitza utziko banu[6] »

Horrela esplikatu nahi zion Simonek Sartrerekin zuen harremana, baina Algren haserre zegoen eta bertan behera utzi zuen Simonerekin zuen amodio kontingentea. Luze aritu zen, bai testuetan eta baita elkarrizketetan ere, Sartre eta Beauvoirri eraso egiten, baina Simonek ez zuen ahaztu eta, hilobiratu behar zutenerako aginduta utzi zuen Algrenek oparitutako zilarrezko eraztuna soinean jartzeko.

50 eta 60. hamarkadetan, Beauvoir eta Sartre ezker marxistaren enbaxadore intelektual ziren mundu osoan. Alderdi Komunistako militante ez baziren ere, politikan murgildu ziren erabat eta intelektual konprometituak izan ziren arrazoi bat eta beste medio. Garai hartan ezagutu zuen Beauvoirrek Claude Lanzmann komunista. 25 urte besterik ez zituen gazteak, Simonek 42 beteta zituen bitartean. Lanzmannek gazte sentiarazi zuen berriro eta, lehen aldiz, harekin joan zen bizitzera. Hala ere, ez zion orduan ere Sartrerekin zuen harremanari uko egin.

Idazle konprometitua

Simone de Beauvoir eta Jean-Paul Sartre Beijingen, 1955ean
Simone de Beauvoir eta Jean-Paul Sartre Che Guevarari eginiko elkarrizketan, 1960an

Sartre, Raymon Aron, Michel Leiris, Maurice Merleau-Ponty, Boris Vian eta beste ezker alderdiko intelektual frantsesekin batera mantendu zuen Les Temps Modernes, literatura garaikidean korronte existentzialista zabaldu nahi zuena. Modu paraleloan, bere ekoizpen pertsonalekin jarraitu zuen: komunismoarekiko bere konpromisoari, ateismoari eta existentzialismoari buruzko entsegu eta eleberri batzuk argitaratu ondoren, ekonomikoki independizatzea lortu zuen eta munduan zehar bidaiatzeari ekin zion. Herrialde ugaritara bidaiatu zuen (AEB, Txina, Errusia, Kuba...) eta bertan Fidel Castro, Che Guevara, Mao Zedong edo Richard Wright bezalako komunistak ezagutzeko aukera izan zuen.

1949an, Bigarren Sexuaren argitaratzean, 22 mila ale baino gehiago saldu ziren lehen astean eta iskanbila sortu zuen eta eztabaida literario eta filosofiko bizien arrazoia izan zen, Vatikanoa ere entseguaren aurka azaldu zelarik.

Bigarren sexua hainbat hizkuntzetara itzuli zuten: AEBetan milioi bat ale saldu zen eta emakumearen askatasunaren mugimenduaren sortzaileen hausnarketen ezinbesteko esparru teoriko bilakatu zen. Beauvoir mugimendu feministako aitzindari bilakatu zen emakumea gutxiagotasun egoerara baztertzen duen gizarte bat deskribatzean. Bere emakumeen egoerari buruzko azterketa, sineskera existentzialistekin hausturetan, mitoetan, zibilizazioetan, erlijioetan, anatomian eta tradizioetan sostengatzen da. Azterketa honek istilua sortu zuen, bereziki abortoari, orduan hilketarekin lotua, eta amatasunari buruzko kapituluak. Ezkondu ondorengo bizitza erakunde burges nazkagarri gisa deskribatzen zuen, prostituzioaren antzekoa, emakumea ekonomikoki bere senarraren menpe dagoenean eta independizatzeko aukerarik ez duenean bezala.

Mandarindarrak, 1945ean argitaratua, bere literatur gaitasunarengatik elkarte intelektualaren onarpena markatu zuen: eleberri honengatik Goncourt Sari famatua eman zioten. Garai hartan, Beauvoir mundu mailan irakurle gehien zituen idazleetako bat zen. Gerra ondorengo garaiaz hitz egiten zuen nobela honetan, Nelson Algrenekiko harremana azaldu zuen, baina pertsonaia faltsuak erabiliz.

1958 eta gero, bere autobiografia idazteari ekin zion, haurtzaroan bizi zuen inguru burgesa, bere aurreiritziak, bere ohitura penagarriak eta, emakumea izan arren, horietaz desegiteko egin zituen ahaleginak deskribatuz. Sartrerekin izan zuen harremana ere kontatzen du, arrakasta handikoa. Hori guztiagatik eta batzen zituen pasiozko erlazioaren indarrarengatik ere, jadanik ez ziren bikote bat zentzu sexualen, Beauvoirrek bere irakurleei hori sinetsarazi arren.

1964an, bere amaren heriotza kontatzen duen Heriotz oso gozo bat argitaratu zuen, Sartreren iritzian, Beauvoirren idatzi onena. Zirraraz beteriko kontakizun honen mamia eutanasiak edo doluak osatzen dute. Dolu horretan, idazleari orduan ezagutu zuen neskatila batek lagundu zion, filosofiako ikaslea zen Sylvie Le Bonek. Bi emakumeak lotu zituen harremana zalantzazkoa zen: ama-alaba, adiskidetasunezkoa edo maitasunezkoa. Bere laugarren idatzi autobiografikoan, Egindako Kontuak, Beauvoirrek Silvyerekin, 50 urte lehenago bere lagun minenarekin, Zazarekin, izan zuen erlazio berdina izan zuela adierazi zuen. Idazleak Sylvie Le Bon adoptatu egin zuen ofizialki eta bere literatur obraren eta bere ondasunen oinordeko izendatua bilakatu zen.

Sartreren heriotza eta Beauvoirren bizitzaren amaiera

Simone de Beauvoir eta Jean-Paul Sartreren hilobia

1980an, Sartre hil egin zen eta, hurrengo urtean, 1981n Agurraren Zeremonia argitaratu zuen eta bertan bere sentimenduzko lagunaren azken 10 urteak kontatu zituen: medikuntza- eta barne-xehetasunei harrera txarra egin zieten bere jarraitzaile askok. Idatzi hau 1974ko abuztu eta irailean Erroman grabatutako bien arteko elkarrizketekin osatu zen. Elkarrizketa hauetan Sartrek bere bizitzari buruz hausnartzen zuen eta bere ekoizpen intelektualari buruzko zalantza batzuk azaltzen zituen. Barne-elkarrizketa hauek argitaratzean, Beauvoirrek bere bikote defuntua idazle eta filosofo frantses Benny Levyrengatik maneiatua izan zela frogatu nahi zuen: berak, Sartrek existentzialismoan joera erlijiosoa zegoela onartaraztea egin zuen, Sartrek eta beste existentzialistek beraien oinarrietako bat ateismoa zela aldarrikatu arren. Beauvoirren ustez, Sartrek ez zituen bere gaitasun intelektualak osotasunean Lévyrekin eztabaida izan zuenean eta ez zegoen berari filosofikoki aurre egiteko egoeran. Sartreren bizitza azaltzen duten testu hauetan, Sartreren alabatzakoarekin, Arlette Elkaim-Sartrerekin, izan zuen erlazio txarra agerian utzi zuen. Agurraren Zeremonia esaldi honekin amaitzen da:

« Haren heriotzak aldentzen gaitu. Nire heriotzak ez gaitu bilduko. Horrela da; ederregia izan da bure bizitzak hainbeste denboran batera ibiltzeko aukera izatea...[7] »

1955etik 1986ra arte, Parisko Victor-Schœlcher kaleko 11bis zenbakian bizi izan zen eta bertan hil zen bere alabatzakoaren eta Claude Lanzmannen konpainiaz. Montparnasseko hilerrian lurperatu zuten, 20. dibisioan, Sartreren alboan, ezinbesteko amodioa. Simone de Beauvoir bere maitale Nelson Algrenek lehen amodiozko gauean oparitutako zilarrezko eraztuna eskuan zeramala izan zen lurperatua, amodio kontingenteetako bat.

Lanen zerrenda

Bigarren sexua

Eleberria

  • Gonbidatua (1943)
  • Besteen odola (1945)
  • Gizaki guztiak hilkorrak dira (1946)
  • Mandarindarrak, (1954), Goncourt sariduna
  • Irudi ederrak (1966)
  • Emakume apurtua (1968)
  • Espiritualitatea nagusitzen denean (1979)

Saiakera

  • Pyrrhus eta Cinéas (1944)
  • Pour une morale de l'ambiguïté (1947)
  • L'Existentialisme et la Sagesse des nations (1948)
  • Bigarren sexua (1949)
  • Privilèges (1955)
  • Martxa luzea (1957)
  • Faut-il brûler Sade? (1972)

Memoriak

  • Amerika egunez egun (1948)
  • Neska gazte zintzo baten memoriak, Mémoires d'une jeune fille rangée (1958)
  • Adinaren indarra (1960)
  • Gauzen indarra, La Force des choses (1963)
  • Heriotz oso gozo bat (1964)
  • Zahartzaroa, La Vieillesse (1970)
  • Egindako kontuak (1972)
  • Agurraren zeremonia (1981)

Antzerkia

  • Aho ezdeusak (1945)

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Simone de Beauvoir Aldatu lotura Wikidatan
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Simone de Beauvoir

Erreferentziak

  • AGIRREURRETA, Arantxa.- Simone de Beauvoir : emakume libre bat XX. mendean.- Donostia : Elkar, 2008.
    1. (Gaztelaniaz)http://www.elmundo.es/cultura/2016/01/19/569df88e22601dc3218b45df.html
    2. (Gaztelaniaz)http://filosofiahoy.es/index.php/mod.pags/mem.detalle/relcategoria.4209/idpag.5808/v_mem.listado/chk.214644d34b9386170379ab54141cc324.html
    3. http://www.diariovasco.com/20081013/cultura/oraindik-begiak-irekitzen-dizkigu-20081013.html
    4. (Gaztelaniaz)http://filosofiahoy.es/index.php/mod.pags/mem.detalle/relcategoria.4209/idpag.5808/v_mem.listado/chk.214644d34b9386170379ab54141cc324.html
    5. (Gaztelaniaz)http://filosofiahoy.es/index.php/mod.pags/mem.detalle/relcategoria.4209/idpag.5808/v_mem.listado/chk.214644d34b9386170379ab54141cc324.html
    6. (Gaztelaniaz)http://filosofiahoy.es/index.php/mod.pags/mem.detalle/relcategoria.4209/idpag.5808/v_mem.listado/chk.214644d34b9386170379ab54141cc324.html
    7. (Gaztelaniaz)http://www.objetivocastillalamancha.es/contenidos/internacional/mujeres-que-dejaron-huella-en-la-historia-simone-de-beauvoir