Richard Francis Burton

Wikipedia, Entziklopedia askea
83.37.38.50 (eztabaida)(r)en berrikusketa, ordua: 11:51, 12 maiatza 2015
Sir Richard Francis Burton
Sir Richard Francis Burtonen erretratua, Men of Mark erretratu-liburuko argazkia (1876)

Esploratzaile, hizkuntzalari eta idazle ingelesa (Torquay, 1821eko martxoaren 19a - Trieste, 1890eko urriaren 20a). Oxforden ikasketak egin ondoren, Afganistango gerra hasi zelarik, Indiara joan zen soldadu (1842), baina gerrari baino gehiago eman zitzaion kulturari. Sanskritoaz gainera, Indiako beste bost edo sei hizkuntza eta persiera eta arabiera ikasi zituen. Gaixotu, eta Ingalaterrara itzuli zen 1849an. Ingalaterran, lau liburu argitaratu zituen Indiari buruz 1851tik 1852ra. 1853an, erromes joan zen Mekara, arabiarrez mozorroturik, eta, handik, Somaliako Berbera aldea esploratzera jo zuen. Royal Geographical Society delakoak proposaturik, Afrika erdialdeko aintzirak eta Niloren sorrera arakatzera joan zen, eta Tanganyika aintzira aurkitu zuen. 1861etik aurrera, Ingalaterrako kontsul izan zen Fernando Poon, Brasilen, Damaskon (Sirian) eta Triesten (Austrian). Dahomeyko eta Yoruben kultura aztertzen aritu zen, Fernando Poon kontsul zegoela. Hitita zibilizazioaren aztarnak ere berak atera zituen argitara lehenengoz. Literaturari egin zion ekarpenik garrantzizkoena Os Lusiadas eta Mila eta bat gau ingelesera itzultzea izan zen.

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Richard Francis Burton Aldatu lotura Wikidatan