Sizilia

Koordenatuak: 37°36′00″N 14°00′55″E / 37.599958°N 14.015378°E / 37.599958; 14.015378
Wikipedia, Entziklopedia askea
An13sa (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 13:07, 17 iraila 2016
Sizilia
Administrazioa
Estatua Italia
HiriburuaPalermo
ProbintziakAgrigento
Caltanissetta
Catania
Enna
Messina
Palermo
Ragusa
Siracusa
Trapani
Udalerriak390
Geografia
Koordenatuak37°36′00″N 14°00′55″E / 37.599958°N 14.015378°E / 37.599958; 14.015378
Azalera25.710 km²
Demografia
Biztanleria5.087.000 biztanle (2005)
Dentsitatea195 bizt/km²
www.regione.sicilia.it

Sizilia[1] (Italiera: Sicilia eta Siziliera: Sicìlia, siˈtʃiːlja; sɪˈɕilja) Mediterraneo itsasoko uharterik handiena da eta Europako zazpigarren irla da tamainaz; inguruan dituen uharteekin batera, Italiaren barruko autonomia bat da, Regione Autonoma Siciliana izenekoa.

Hiriburua Palermo da eta 25.000 km²-ko azalera du. 5 milioi biztanle inguru bizi dira Sizilian.

Siziliako biztanle gehienak elebidunak dira eta italiera zein siziliera hitz egiten dute.

Etimologia

Latinez Italiako hegoaldean hiruki forma duen uharte horrek Trinacria izena hartzen zuen, hau da, "hirukia". Hala ere, izena grezieratik dator, Sikelia deitzen baitzuten. Izena uhartean bizi ziren sikuloengatik dator (Σικελοί /sikeloi/).

Geografia

Siziliako mapa topografikoa

Siziliak, gutxi gorabehera, hiruki forma du eta horregatik Trinacria izena ere eman izan zaio. Ekialdean Italiako Calabria eskualdea du, Messinako itsasartea medio. Uhartearen eta Italiako lurraren arteko zabalera 3 kilometroko da iparraldean eta 16 bat kilometrokoa hegoaldean.

Siziliaren barnealdeko lurraldea menditsua da eta ahal den leku guztietan ereiten da lurra. Iparraldeko kostan Madoniako mendiak daude, 2.000 metroko altuerarekin, Nebrodi, 1.800ekin eta Peloritani, 1.300 metrorekin, Apeninoen jarraipen gisa uler daitezkeenak. Etna mendiaren konoak ekialdeko kosta osoa harzten du. Hego-ekialdean Iblear mendiak daude, 1.000 metroko altuerarekin. Enna eta Caltanissettako meatze barrutiak sulfuro produkzio gune garrantzitsuak ziren XIX. mendean, baina 1950eko hamarkadatik aurrera gainbeheran daude.

Siziliak eta inguruko uharteek sumendi altuak dituzte. Ekialdean, Etna mendiak 3.320 metroko garaiera du eta Europako sumendi aktibo altuena izateaz gain, mundu sumendi aktiboenen artean dago. Eoliar uharteak eta Tirreno itsasoan daude, iparekialdean. Bertan Stromboli bezalako sumendiak daude. Gaur egun, Vulcano, Vulcanelli eta Lipari sumendiak ere aktibo daude. Sizialiko hegoaldeko kostaldean, Ferdinandea ur-azpiko sumendia da aipagarria, 1831an azkenekoz eztanda egin zuen Enpedokles sumendiaren zatietako bat. Agrigento eta Pantelleriaren artean kokatua dago, Siziliako itsasarteko Flegrear Eremuetan.

Lurralde autonomo horrek beste uharte batzuk ditu gertu: Egadar uharteak, Eoliar uharteak, Pantelleria eta Lampedusa.

Hidrografia

Uhartean hainbat ibai daude, gehienak zentruan jaio eta itsasoraino joaten direnak uhartearen hegoaldean. Salso ibaia Enna eta Caltanissetta artean hedatzen da Mediterraneo itsasora Licatan isuri arte. Ekialdean Alcantara ibaia dago, Messinan, Giardini Naxosen itsasoratzen dena; Simeto ibaiak urak itsaso Jonikora isurtzen ditu, Catania hegoaldean. Beste ibai garrantzitsu batzuk Belice eta Platani dira.

 
Erreka Km.
Salso 144
Simeto 113
Belice 107
Dittaino 105
Platani 103
Gornalunga 81
Gela (river) 74
Salso Cimarosa 72
Torto 58
Irminio 57
Dirillo 54
Verdura 54
Alcantara 52
Tellaro 45
Anapo 40

Historia

Addaura kobako erliebeak

Sizilia irlak, historian zehar, konkistatzaileentzat erakarpen handia izan du (Erroma, bandaloak, Bizantziar inperioa, sarrazenoak, Hohenstaufenak, Aragoi, espainiarrak), baina independentziako garaiak ezagutu zituen ere (greziarrekin, emiratoarekin eta Siziliako Erresumarekin). Gaur egun, Italiako Errepublikako zati bat bada ere, bere kulturari eusten dio. Sizilia, beraz, Italiako eskualderik handiena da eta Mediterraneo itsasoko irlarik handiena ere. Haren posizio zentrala eta baliabide naturalak funtsezkoak izan ziren Mediterraneoko merkataritza-bideetarako[2]. Sizilia Magna Graeciaren parte bat izan zen. Zizeronen ustez, Sirakusa Antzinako Greziako hiririk handiena eta politena zen[3]. Sizilia landatarra latifundioko ekonomian oinarritu da. Sistema honen funtsa lursail handiak ziren, feudalak jatorriz, zerealetarako eta abeltzaintzarako erabiltzen zirenak. XIV. mendean garatu ziren eta II. Mundu Gerraraino iraun zuten. Zenbaitetan, irla zibilizazio handien bihotza izan da baina bestetan, kolonia hutsa baino ez, berezko garapenarik gabe. Gaur egun, Sizilia Mezzogiornoko atala da, eskualde honen ekonomia nekazaritzan funtsatu da. Lursaileen jabegoak, feudala askotan, gizarte-klaseen arteko aldea nabaritu du. Honi gehitu behar zaio mafiaren jarduerak non vendettak (mendekuak) usuak baitira.


Aurrehistoria

Aurrehistoriatik Siziliak biztanleak izan ditu. Paleolitotik aztarnak daude ipar kostaldean (Trapanin)eta Neolitotik Termini Imeresen.

Siziliako tribuak

Siziliako tribuak K.a. XI. mendean

Antzinoko Greziaren idazleen arabera, Siziliako jatorrizko biztanleak elimoak, sikanoak eta sikuloak ziren (azken herri honetatik datorkio izena irlari). Hauek guztietatik, sikuloak izan ziren azkenak Siziliara heltzean antzinako iturrietan aipatuta daude beste italiar herriekin). Litekeena da sikuloak iberiar tribu bat izatea. Elimoei dagokionez, uste da Egeo itsasoko kostaldean jatorria zutela. Berriki, aurkituriko trikuharrien data K.a. III. milurtekoaren azken erdikoa da. Irla honen aurrehistoria oso konplexua denez zaila da ikertzea herri asko elkarren ostean ibili zirelako. Hala ere, bi eragin nabariak dira: Brontze Aroan, ipar-mendebaldetik zetozen herriak trikuharri kultura ekarri zutela, eta Mediterraneoko ekialdetik hango eraginarekin[4]. Urbanizatutako hiriak K.a. 1300tik aurrera agertu ziren. K.a. XI. mendetik, feniziarrak hasi ziren Siziliako mendebaldean kokatzen, baina lehenago, zenbait kolonia ezarriak zituzten Ipar Afrikaren hurbileko zonaldean. Mende bat geroago, establezimendu handiagoak eraiki ziren Soloeisen (Solunten), Palermon eta Motian (gaurko Marsalaren ondoko irla bat). Kartago boteretsuago izan ahala, hiri hauek menderatu zituen.


Antzinaroa

Greziar garaia

Selinonteko tenplua

Greziarrek Sizilia K.a. VIII. mendean kolonizatu zuten. Hasieran, irlako ekialde eta hegoaldeko zonaldeetan. Koloniarik garrantzitsuena Sirakusan ezarri zuten K.a. 734an. Beste greziar kolonia batzuk honako hauek izan ziren; Gela, Akragas, Selinonte, Himera, Camarina eta Zankle edo Messene (gaurko Mesina, ez nahastu antzinako Messene hiriarekin, Greziako Meseniako eskualdean). Hiri-estatu hauek greziar zibilizazioaren atal garrantzitsu bat ziren, Sizilia Magna Greziako parte bat zelako. Enpedokles eta Arkimedes siziliarrak ziren. Aipatutako hiriek gobernu demokratikozko periodo luzeak izan zituzten, baina zenbait momentutan, tiranoek boterea eskutaru zuten, bereziki Kartagoaren kontrako gerren aldietan. Famatuenen artean Gelon, Hieron I.a, Dioniso Zaharra eta Dioniso Gaztea zeuden. Greziar eta feniziar komunitateak gero eta boteretsuagoak bilakatu zirenean, sikuloak eta sikanoak irlaren erdira bultzatuak izan ziren. K.a. III.aren menderako Sirakusa greziar munduko hiririk jendeztatuena zen. Siziliar politikariek parte hartu zuten Greziako arloetan, adibidez Peloponesoko gerran, atenastarren espedizioa K.a. 413an, Atenasko armada hondamendiratu zenean. Greziar mitologian, Atenea jaikosa Etna mendia jaurti zien Enzelado[5] edo Tifon erraldoiei eta lurperatu zituen, Gigantomakian, hau da, jainkoen kontrako erraldoien gerran.

Magna Graecia

Greziarrek talka egin zuten komunitate punikoekin, honezkero Kartagoko protektoratuak. Kartagoko hiriburua Ipar Afrikan zegoen, ez oso urrun Siziliako hego-mendebaldeko izkinatik. Palermo kartagotar hiria zen, K.a. VIII. mendean sortua Zis edo Sis izenekoa (Panornos greziarrentzat). Ehundaka feniziar eta kartagotar hilobi aurkitu dira Palermoko nekropoli batean; izan ere, Normandiarren jauregiaren azpian kokaturik. Lilibaeum (gaurko Marsala) ez zen inoiz guztiz helenizaturik izan. I. eta II. Siziliako gerretan, Kartagok Sizilia osoa kontrolatu zuen ekialdea izan ezik, Sirakusak menperatzen zuelako. Hala ere, hurrengo mendeetan kartagotarren eta greziarren arteko muga behin eta berriz mugitu zen.

Gerra Punikoak

Etengabeko gerrak kartagotarren eta greziar hiri-estatuen artean ateak zabaldu zizkion hirugarren botere bati. K.a. III. mendean, Messinako krisia zela eta, Erromatar Errepublikak erabaki zuen Siziliako arazoetan parte hartzea, Erroma eta Kartagoren arteko I. Gerra Punikora eraman zuelarik. Gerraren amaieran (K.a. 242), eta Hieron II.a hil ondoren, Sizilia osoa, Sirakusa salbu erromatarren eskuetan zegoen.

Kartagoko hondakinak

Horren ondorioz, Sizilia Italiar penintsulatik kanpoko Erromako lehenengo probintzia[6] izan zen. Bigarren Gerra Punikoan kartagotarren arrakastak adore eman zien Siziliako anitz hiriri erromatarren kontra matxinatzeko. Erromak tropak bidali zituen egoera kontrolatzeko (Sirakusako setioan Arkimedes hil zen). Kartagok tarte batez Siziliako zonalde batzuk kontrolatu zituen, baina gerraren bukaeran irlatik egotziak izan ziren. Erromatarrek kartagozale asko hil zuten (K.a. 210ean, M. Valeriano erromatar kontsulak esan zuen: "Jadanik, Sizilian ez daude kartagotarrik").

Erromatar garaia

600 urtearen inguruan, Sizilia Erromatar errepublikako probintzia bat izan zen eta geroago inperioarena[7]. Tokia lasaia eta garrantzi handikoa zen eta zerealez Erromaren lehenengo hornitzailea ere. Aktiumgo guduaren eta ondoriozko konkistaren ostean, postu hori Egiptok bete zuen. Inperioak ahalegin eskasa egin zuen eskualdea erromanizatzeko, nahiz eta Augustoren garaian saiatu zen latina sartzen, Siziliak, gehienbat, greziar kulturari eutsi zion[8]. Nabaria izan zen Verresen gobernu txarra, Zizeronek gogoratzen zuen moduan K.a. 70 urtean In Verren[9] hitzaldian. Beste gertaera bat Sexto Ponpeiorekin Siziliako matxinada zela eta, Sizilia Erromatik epe labur batez libre izan zen.

Erromatar okupazioaren ondarea, ekonomian eta nekazaritzan, Siziliatik kanpoko erromatar nobleen jabego handiak ziren, latifundioak. Siziliako erromanizazio eskasa bazen ere, zenbait egileren ekarpenak gailendu ziren latindar kulturan, hala nola, Diodoro Sikulo historialaria eta Calpurnio Sikulo poeta.

Sirakusako erromatar anfiteatroa

Garai horretako hondakin arkeologikorik onenak Villa del Casalen agertu dira, Piazza Armerinan. Hadrianoren garaikoa da Siziliako zaharberritzailearen inskripzioa, baina ez dago argi enperadore honek zer egin zuen. Lehenengo komunitate kristauak irlan K.o. 200 urtearen inguruan agertu ziren. 313ean, Konstantino Handiak kristautasuna praktikatzeko debekua indargabetu zuen baina harrezkero Siziliak martiri asko emanda zituen; hala nola, Cataniako Agata, Sirakusako Santa Luzia, Kristina, Euplio, e.a.

Goi Erdi Aroa (V.-XI. m.)

Bizantziar garaia

Erromatar inperioa desagertzen hasi zenean, Genserikok zuzendutako, bandaloak tribua germaniarra, Siziliaz jabetu zen, K.o. 440 urtean. Bandaloek, jadanik Galiak eta Hispania inbaditu zituzten, mendebaldeko Europan botere indartsua zela adieraziz[10]. Hala ere, berriki lortutako lurrak beste germaniar herriaren eskuetan (godoak) utzi behar zituzten[11]. Italia eta Siziliako ostrogodoen konkista Teodoriko Handiarekin, 488an, hasi zen. Ostrogodoak germaniarrak baziren ere, Teodoriko saiatu zen Erromako kultura eta gobernua berpizten eta baimendu zuen modu askean erlijioak praktikatzea [12].

Gerra godotarra ostrogodoen eta Ekialdeko Erromatar Inperioaren artean gertatu zen, hau da, Bizantziar inperioa. Sizilia izan zen Belisario jeneralak Italiako lehenengo zatia hartzean, Justiniano I.a enperadorearen esanetara[13]. Sizilia, bizantziar base giza erabili zen Italia konkistatzeko. Bost urtetan Napoli, Erroma, Milan eta ostrogodoen hiriburua, Ravena konkistatu zituzten[14]. Hala ere, ostrogodoen errege berria, Totila, Italiako hegoaldera joan zen eta Sizilia 550 urtean konkistatu zuen, baina Narsesek jeneralak Totila garaitu eta hil zuen Taginako guduan 552an[15]. Arabiarrek, Uthman kalifarekin, Sizilia inbaditu zuten 652an baina irla kontrolatzeko gai ez zirenez, Siriara itzuli ziren arpilatutakoarekin[16].

Godoen gerra

Ravena, lonbardoen mendean erori zenean VI. mendearen erdian, Sirakusa Bizantzioko mendebaldeko hiririk garrantzitsuena bilakatu zen. Grezierak poliki-poliki ordezkatu zuen latina, eta eliza ortodoxoaren erritoak onartu ziren[17]. Konstante II.a enperadoreak gortea aldatu zen Konstantinoplatik Sirakusara 663an. Hurrengo urtean, lonbardoen Benevento dukerriaren kontrako erasoa prestatu zuen, Italiako hegoaldeko zatirik handiena okupatzen zuena[18]. Inperioaren hiria Sirakusara mugituko zelako zurrumurruak zirela eta, Konstantinok bizia galdu zuen 668an[19]. Haren semearen garaian, Konstantino IV.ak Mezeziok boterea usurpatu zuen baina enperadore berriak azkar kanporatu zuen. VII. mendetik Sizilia Calabriarekin bildu zen Siziliako bizantziar administrazioa izateko[20]. Ipar Afrikako sarrazenoen Siziliaren aurkako erasoak, VIII. mendetik aurrera, gero eta usuagoak izan ziren. Azkenean, irla konkistatu eta 827tik 902 arte Siziliako emirerria fundatu zuten[21]. 826an, Eufemiok, bizantziarren komandanteak, emaztea hil eta gero lekaime batekin ezkondu zen. Mikel II.ak Konstantino jeneralari agindu zion matrimonioa hori ezabatzea eta Eufemiori burua moztea. Eufemiok, horretaz jabetuta, Konstantino hil eta Sirakusa okupatu zuen. Azkenean, garaitua izan zenean eta Ipar Afrikara egotzita[22], Ziyadat Allahri (Tuniziako emir aglabtarrari) Siziliako gobernua eskaini zion, segurtasuna eta armadan islamiarrean jeneral postu baten truke. Armada musulman bat bidali zen, arabiarrez, berbereez, Al-Andaluseko gerlariez, kretarrez eta pertsiarrez osaturik[23]. Konkistak gorabehera asko izan zituen erresistentzia handia aurkitu zuelako, mende bat baino gehiago iraun zuelarik. Sirakusak luzaroan eutsi zuen, Taormina 902an erori zen eta 965rako arabiarrek Sizilia osoa konkistatuta zuten.

Sizilia arabiarra (965-1072)

Arabiarrek lur-erreformak egin zituzten ekoizpena eta minifundioak handituz latifundioen kalterako.

San Giovanni degli eremitiko kupulak arabiar estiloan

Arabiarrek ureztatze sistema hobetu zuten. Ibn Hawqalek, 950ean Sizilia bisitatu zuen arabaiar merkatariak, Palermoko azalpena utzi zuen: harresiz inguratutako aldiri bat , Al- Kasr izenekoa (jauregia), mezkita handi batekin (gaur egun katedral erromanikoa dagoen tokian). Al- Kalisa aldiriak (Kalsa) sultanaren jauregiak bazituen; bainuak, mezkita bat, gobernuko bulegoak eta presondegi pribatu bat. Ibn Hawqalen ustez, Plermon bazeuden 7.000 harakin 150 dendatan lan eginez. Arabiarren agindupean, siziliar bizantziarren matxinadak sarritan gertatzen ziren, ekialdean gehienbat, baina arrakastarik gabe. Arabiarrek produktu berriak eraman zituzten irlari, hala nola, laranjak, limoiak, pistatxoak eta azukre-kanabera[24]. Garai honetan, Sizilia hiru administrazio-eskualdetan banatu zen edo Vals: Val di Mazara mendebaldean, Val Demone ipar-ekialdean eta Val di Noto hego-ekialdean. Dhimmiak ziren aldetik, jatorrizko kristauek askatasun erlijiosoa izan zuten, baina zerga berezi bat ordaindu behar zuten (yizia) eta jarduerak murritzak zituzten janztean eta arlo publikoetan aritzeko. Anitz eliza mezkitak bilakatu ziren eta agerian kristautasuna aitortzeko ostopoak jarri zituzten. Emirerri apurtzen hasi zen barneko errieta dinastikoengatik[25]. Garai honetan, bazegoen juduen presentzia ere[26]. XI. mendean, Italiar penintsulako gobernuek merzenario normandoak kontratatu zituzten, vikingoen kristau ondorengoak zirenak. Roger I.ak arabiarrak menperatu zituen[27]. Apulia eta Calabria hartu ondoren, 700 zaldunekin Messinaz jabetu zen. Roger I.ak Misilmerin irabazi zuen, baina batailarik erabakigarriena Palermoko setioa izan zen. Honen ondoren, 1091. urtean, Sizilia osoa normandoen esku zegoen[28]. Hainbat historialariren arabera, Siziliako normandoen konkista Gurutzaden hasiera izan zen[29][30].

Erdi Aro Klasikoa (XI.-XIII. m.)

Normandiar aldia

Gilen II.a Onbera

Normandoen garaian, Palermo Siziliako hiriburua izan zen. Roger II.ak, (Roger I.aren semeak), Simon anaiarengandik Siziliako kondearen tituloa oinordetzan hartu zuen. 1130ean, gai izan zen Sizilia, Malta eta Italiako hegoaldeko (Apulia Calabria) jabegoekin konderritik erresumako kategoriara igotzea[31][32]. Denboraldi honen zehar, Siziliako erresuma oparoa eta politikoki boteretsua zen. Europako aberatsenetako bat bilakatu zen, baita Ingalaterra baino gehiago ere[33]. Garai honetan, Italiako iparraldetik eta Campaniatik inmigrante asko heldu ziren. Hizkuntzari dagokionez, irla latinizatu zen eta eliza-gaietan, katoliko bihurtu zen, bizantziarren menpe ortodoxoa zelako[34]. Normandoek aldaketa esanguratsuak ekarri zituzten Siziliara erlijioan, hizkuntzan eta populazioan. Roger I.ak irlako zatirik handiena kontrolatu zuenetik, inmigrazioa bultzatu zuen, bereziki Italiako iparraldekoa eta Canpaniakoa. Gehienak lonbardoak ziren, latin-hiztunak eta Eliza katolikoaren aldekoak. Roger II.aren bilobak, Gilen II.ak (Gillen II.a Onbera izenekoa ere) 1166tik 1189ra erreinatu zuen. Haren legaturik handiena Monrealeko katedrala da, beharbada sikulo-normandoko arkitekturaren adibiderik onena. 1177an, Joana Ingalaterrakoarekin, ezkondu zen, Henrike II.aren alaba eta Rikardo Lehoi Bihotzaren arreba. Gilen oinordekorik gabe hil zenean 1189an, Hautevilleren dinastia bukatu zen. Zenbait urte lehenago, Konstanza, Roger II.aren alaba eta Gilen II.aren izekoa, Henrike VI.a Hohenstaufenekin ezkondu zen, horrekin dinastia berrira igaro zen tronoaren legitimitatea. Tokiko baroiek ez zuten egoera hori onartu eta Tankredo Siziliakoaren alde botatu zuten, Roger II.aren sasiko semea.

Hohenstaufendarren erresuma (1194-1266)

Henrike VI.a Hohenstaufenekoa eta Konstanza I.a Siliziakoa

Tankredo 1194an hil zen, Henrike VI.a eta Konstanza Italian zehar zihoazela koroa eskatuz. Henrike Palermon sartu zen armada handi baten aurrean eta hori izan zen Siziliako Hauteville dinastiaren amaiera eta hego Alemaniako suabiar baten hasiera; alegia, Hohenstaufenena. Henrike VI.a errege gisa koroatuta zegoenean haren semea, Frederiko II.a (Siziliako Frederiko I.a) jaio zen Palermon. Frederikok, aitonaren bezala, gustuko zuen zientziak eta literatura ikastea. Berak Napolin Europako lehenengo unibertsitateren bat sortu zuen eta falkoneriari buruzko liburu bat (De arte venandi cum avibus) idatzi zuen, behaketa zientifikoetan oinarriturik, ez Erdi Aroko mitologian, ohikoa zen moduan. Hark erreformatu zuen legea eliza eta estatua aldentzeko eta justizia bera gizarteko klase guztientzat ezarri zuen. Henrike Siziliako poesia-eskolaren patroia izan zen. Hor lehenbiziz latinezko italierazko forma arrunt bat erabili zen literaturarako, penintsula osoan zehar irakur eta idatz zitekeen lehen eredua. Frederiko II.ak hainbat lege zapaltzaile ezarri zituen Aita santuen gogokoak izateko. Haiek ez zuten onartzen kristautasunaren erdian islamismoa praktikatzea[35]. Neurri horiek musulmanen matxinadak sortu zituzten eta ondorengo errepresioak ere[36]. Hau Siziliako islamismoaren azken atala izan zen. Bukatzeko arazo musulmanekin, matxinatuak penintsulara bidali zituen, Lucerera[37]. 1224an, Frederiko II.ak Sizilian geratzen ziren musulmanak egotzi zituen[38]. Frederikoren semeak Konradok jarraitu zion tronuan eta gero sasiko semea Manfredok. Egia esan, azken honek koroa usurpatu zuen (tokiko baroien laguntzarekin) Konradoren semea, Konradin, adin txikikoa zelarik.

Behe Erdi Aroa (XIV.-XV. m.)

Angevinarrak eta Siziliar bezperak

Siziliar bezperak

Siziliako suabiar erregeen berezitasun bat zen segurtasun pertsonalarako sarrazenoen konfiantzazko erregimendu bat edukitzea. Praktika hau ez zen Aita santuen gogokoa. Frederikoren erregealdian, Aita Santuaren eta erregearen arteko aurkakotasuna nabaria zen, Guelfoen eta gibelinoen gatazkaren parte bat zelako. Etsaitasun hau Hohenstaufen-etxera igaro zen, Manfredorekin jarraituz. 1266an, Karlos I.ak, Anjouko dukeak, Elizaren babesarekin, armada bat zuzendu zuen Siziliako erresumaren kontra. Beneventon borrokatu zuten, iparraldeko mugan, hain zuzen. Manfredo guduan hil zen eta Klemente IV.a Aita santuak, Karlos Siziliako errege koroatu zuen. Frantziarrek oposizioa izan zuten eta gobernuak jarritako zerga handiek matxinada batera eraman zuten 1282an (Siziliar bezperak). Gertaera horretan Siziliako frantziar populazio gehiena hil zuten[39]. Matxinada Petri III.a Aragoikoaren laguntzaz arrakastatsua izan zen. Horren ostean, Siziliako baroiek Petri errege koroatu zuten, Konstanzarekin, Manfredoren alabarekin, ezkonduta zegoelako. Garaipen honek erresuma bitan banatu zuen. Karlosek parterik handienean jarraitzen zuen gobernatzen (oraindik Siziliako Erresuma izena zuen), baina bi erregeek esaten zutenez Siziliako erregea zirela, irlako erresuma Trinacria deitu zen. Kontinenteko lurraldeak, angevinarren menpe berriz, Napoli Erresuma izan zen. Denbora pasa ahala, aldentze horrek Bi Sizilietako Erresuma eratuko zuen. Siziliar bezperen ondoko gerrek Caltabellottako Bakea arte iraun zuten (1302), hala ere, 90 urteren zehar aldizkako gatazkak agertzen ziren.

Aragoitar aldia

Petri hiltzean 1285ean, Alfontso semeak hartu zuen oinordekotza, baina 1291an ondorengorik gabe hil zenez, Jakue anaiak erregetza hartu zuen, Aragoi eta Sizilia lotuz. Hala ere, Agnani Itunaren arabera, Sizilia angevinarrei itzuli behar zien Sardiniaren truke. Siziliarrek ez zuten ikuspuntu hori onartu eta Petriren seme gazteena, Frederiko, erresumaren erregeorde zena, Siziliako errege izendatu zuten (1298-1337).

Martin I.a Aragoikoaren irudia

Caltabellotta Itunaren arabera, Frederiko Trinacriako (Sizilia izena ez zen erabiltzen) erregea izango zen. Horrela, Aragoiko errege-familiaren bigarren mailako adar batek Sizilia hasi zen kontrolatzen. Bitartean, Bonifazio VIII.a aita santuak Karlos II.a Napoliko errege aitortu zuen[40]. 1347ko urrian, izurri beltza heldu zen Messinara, Europako lehen tokia izan zen. Orokorrean, XIV. mendean zehar Sizilia erresuma independentea zen, nahiz eta Aragoitarren senideek gobernatu zuten 1409 arte[41], edonola, siziliar errege peto-petoak ziren. Siziliar parlamentuak, mende bat lehenagotik funtzionatzen zuenak, botere zabalekin jarraitu zuen. Frederiko III.aren alaba, Maria, Martin Gaztearekin, Martin I.a Aragoikoaren semea, ezkondu zen. Martin Gaztea hil zenez ondorengorik gabe, Martin I.ak Siziliako errege bere burua koroatu zuen 1409an, honela, berriro bildu ziren Aragoiko eta Siziliako koroak. 1442an Alfontso V.a Bihotz Zabalak Napoli konkistatu zuen. Erregearen heriotzean (1458), Napoli independizatu zen, baina Siziliak Aragoirekin loturik jarraitu zuen. Garai horretan, siziliar idiosinkrasia agertu zen. Populazioa homogeneizatu zen, jadanik ez zegoen greziar, arabiar eta latindar herrien arteko bereizketarik. Katalana zen gortean hitz egiten zen hizkuntza, siziliera, berriz, parlamentuan eta kalean. Irlan fundatutako lehenengo unbertsitatea Catanian izan zen 1434an. Antonello da Messina zen garai honetako artistarik handiena.


Aro Modernoa

Espainiar aldia

Gaztela eta Aragoiko koroen batasunarekin 1479an, Espainiako errege-erreginak Sizilia gobernatu zuten gobernadore edo erregeordeen bitartez. Hurrengo urteetan, irlako agintaritza kontzentratu zen baroi gutxien eskuetan.

Fernando II.a Aragoikoa

1492tik aurrera, Fernando II.a Aragoikoa saiatu zen Aragoiko koroa ekialderantz hedatzen. Italian aurre egin zion Frantziari, Napoli eta Siziliako erresuma menperatu nahi zuelako. Horretarako Liga Santua (1511) antolatu zuen, Fernadoren lehenengo nazioarteko arrakasta diplomatikoa. Napolin eta Sizilian gobernatzen zuen dinastia egotzi zuen eta 1504an frantziarrak ere. Honela, erresuma hauek koroan sartu zituen, bi erregeordetzetan antolaturik; Sizilia eta Napoli. Erregeordeen helburua zen gortearekin zeuden distantzia luzeak eta komunikazio eskasak konpontzea. Oso zaia zen erregeordearentzat koroaren eskaerak eta siziliarren gogoak betetzea (antzekoren bat gertatzen zen espainiarren Amerikako kolonietan). Erregeordeak nahi zuen lurraldea kontrolatu eta basailuen leialtasuna ziurtatu, horretarako erregearen izenean ofizioak eta opariak ematen zituen. Erregeak, berriz, agintzen zuen errege kontseilu eta erakunde independenteen bidez, hala nola, Inkisizioaren agenteak, bisitariak eta ikuskatzaileak. Egia esan, erregearen boterearen eremua ez zen inoiz ondo zehaztu. Hori dela eta, erregeordetzan tokiko erakundeek beraien artean borrokatzen zuten, Sizilia gobernaezina bilakatuz[42]. XVI. mendea Siziliarako urrezko garaia izan zen gariaren esportazioekin. Inflazioak, populazioaren hazkundeak eta nazioarteko merkatuek aldaketa sozio-ekonomikoak ekarri zituzten. XVII. mendean, Siziliako zetaren esportazioak gariarenak baino handiagoak izan ziren. 1590tik 1650era, barneko kolonizazioa eta nobleen eraginez establezimendu berriak sortu ziren. Horrek ekarri zuen populazioaren mugimendua hiri handienetatik landa eremuetara[43]. Nobleak populazioaren hazkundeaz eta beharraz baliatu ziren eremu berriak lantzeko, nagusiki garian oinarriturik. Herri berrietan landarik gabeko langileak bizi ziren. Finken fundazioei esker, hainbat familia politikoki gailendu ziren, landa-esparruetako gero eta kontrol gehiago izanik[44]. Siziliak izurri beltzaren beste agerraldi bat 1656an izan zuen. Horretaz gain, 1542ko eta 1693ko lurrikarek gogor kaltetu zuten irlako ekialdea[45]. Zenbait iturriren arabera, 1693koak 60.000 lagun hil zituen[46]. Ondoriozko berreraikuntzak estilo arkitektoniko berri bat sortu zuen, siziliar barroko izenekoa.

Filipe II.a Espainiakoa

XVII. mendeko matxinadak erruki gabe zapaldu ziren, bereziki, Palermo eta Messinarenak[47]. Ipar Afrikako piraten etengabeko erasoak zirela eta, kostaldeko bizilekuak XIX. mendera arte ez ziren kokatu[48][49]. Siziliako espainiar erregeordetzak 1713 arte iraun zuen. Ondorengotza gerraren kausaz eta Utrechteko Itunean adostutakoaren arabera, Filipe V.ak Saboiako dukeari, (Viktor Amadeo II.ari), irla eman behar zion hango erregea izateko. Hala ere, 1720an Sizilia Sardiniarekin trukatu zuen eta irlako jabe berria Austriako enperadorea Karlos VI.a izan zen[50]. Austriarrak Poloniako ondorengotza gerran arduratuta zeudenean, Karlosek, Filipe V.aren semeak, Sizilia eta Napoli konkistatu zituen[51]. Karlos III.ak Espainiako tituloa eskuratu zuenean, bi erresumak bere semeari, Fernando I.ari, Bi Sizilietako tronua utzi zizkion. Hasieran, Sizilia erresuma independentetsua zen, erregearekin bakarrik lotura pertsonala zuelako eta borboiek Napolitik gobernatzen zutelako.


Aro Garaikidea

Borboien aldia

Borboiak ofizialki Nopolin bizi ziren, tarte labur batez izan ezik, Napoleongo gerretan (1806-1815) errege familia, Campo Tenese gudua galdu ondoren, Palermora exiliatu zenean. Denboraldi honetan Borboiek Sizilian gobernatu zuten, Bonaparte familiako erregeek, berriz, Napolin; Josef I.ak (1806-1808) eta Joakim I.a (1808-1815) Siziliar nobleek begi onez ikusi zuten ingelesen interbentzio militarra konstituzio berri bat garatu zutelako, Westminster gobernuaren ereduan oinarrituta.

Fernando II.a Bi Sizilietakoa

Britainar itsas armadak Siziliako erresuma bermatu zuen frantziarren kontrako gerran; hortaz, Messinaren ondoko eraiki zituzten, 1806 eta 1815 bitartean, gotorleku sendoak[52]. Gerra Napoleonikoen ostean, Fernando I.ak Sizilia eta Napoliko erresumak lotu zituen Bi Sizilietako Erresuma eratzeko[53]. Siziliarrek txalotu zuten Fernando II.aren etorrera autonomia etorriko zelakoan. Era berean, pentsatu zuten pobreziaren eta justizia-administrazio txarraren arazoak Sirakusako konteak, erregearen anaiak, konponduko zituela. Hala ere, Napoliko errege-gobernuak Siziliako arazoak modu administratiboan baino ez zituen kontuan hartu. Napoliar ministroek ez zuten interes askorik erreformak egiteko. Fernandok aukera galdu zuen erdi klaseak bereganatzeko eta baroien boterea murrizteko. Azkenean, ezegonkortasunak 1837ko matxinada eragin zuen. Ezkututako atsekabeak, independetziaren gogoak eta borboien ezetzak gobernu konstituzionalari, hainbat iraultz eragin zituen 1820 eta 1848 bitartean. 1848an, 16 hilabetez Sizilia borboien libre egon zen, baina 1849ko maiatzaren 15ean irla berreskuratu zuten. Messina XIX. mendean zehar, independentziaren aldekoa zen. Risorgimentoko liderrak gizarte-klase ezberdinetatik zetozen[54]. 1847-1848ko Messinako altxamenduan guztiz antolatutako egitura bat sortu zen, iraultzaileek baitzekiten loturik borrokatu behar zutela Sizilia osoan. Matxinatuek azkar kontrolatu zuten hiria, baina borboien armadak garaile izan ondoren, erraz amaitu zuen matxinada. Ondoriozko errepresioak iraultzaileen diaspora eragin zuen, Sizilian gobernu atzerakoia ezartzen zen bitartean. Messina eta Palermoko borbardaketengatik Fernando II.ari errege-bonba ezizena jarri zioten[55].

Italiaren batasuna

1860ean, Risorgimenton[56], Garibaldik zuzendutako Mila Gizonen edo Alkandora Gorrien Espedizioa Sizilian lehorreratu zen eta Pianto romano mendixkan, Calatafimiren ondoan, maiatzaren 15ean borboien tropak garaitu zituen. Siliziarrek Garibaldirekin bat egin zuten italiar errepublikan eta siziliar guztientzat berdintasunezko promesetan sinistu zutelako. Horregatik lagundu zuten Italiako hegoaldea konkistatzen. [Gaeta]]n borboien azken erresistentziarekin bukatu zuten eta Garibaldi diktadura pertsonala iragarri zuen Viktor Emanuel II.aren izenean, Sizilia Italiaren erresumaren parte bat bihurtu zen (1861). Ordutik, Siziliaren historiak eta Italiarenak lotura zuzena izan dute.

Monarkia ezartzean, siziliarrek ez zuten agindutako errepublika izan ezta berdinatasuna ere, erabaki politikoak justizian, administrazioan eta polizian iparraldeko Italian onartzen zirelako. Matxinada bat sortu zen 1866an Palermo Saboiako monarkiaren kontra. Italiako itsas-armadak hiria bonbardatu zuen eta irailaren 22an tropak lehorreratu ziren, Raffaele Cardonaren esanetara. Italiar soldaduek epaiketarik gabe matxinatuak fusilatu orduko irla kontrolpean izan zuten[57]. Beste aldetik, tokiko eliteek behin eta berriz oztopatu zituzten Italiako gobernuaren ahaleginak ohiko ekonomia eta sistema politikoa modernizatzeko. Udaletxea, polizia berria eta justiziako sistema liberala ezartzeko esfortsuak zapuztu zituzten ere. Beste aldetik, errepikatzen ziren matxinadak nekazarien ezinegonaren adiera bat baino ez zen.[58]. Siziliako hegoaldean gerrilla bat antolatu zen 1861 eta 1871 bitartean, unionisten kontra. Italiako gobernuak militarki gogor erantzun zuen. Matxinadak antolatu gabekoak ziren, bidelapurrak gobernuaren ustean. Sizilia eta Italiako hegoaldean gerra-legea ezarri zen hainbat urtez, italiar armadak gogor erreprimitu zuen, prozesu sumarisimoan milaka lagun fusilatuz, milaka preso hartuz, herriak suntsituz eta jendea deportatuz.

XX. mendea

Giuseppe Tomasi di Lampedusak idatzi zuen bere liburuan Ozelotean, siziliarren ustez, Italiako batasuna iparraldekoen hegoaldekoen gaineko konkista bat zela. Errealitatea zen Siziliako eta mezzogionoko ekonomia erori zela. Horrek, ordura arte ezezaguna zen, izugarrizko emigraziora eraman zuen[59]. Langile eta nekazarien organizazioak, Fasci Siziliani esanekoak, ezkerraldekoez eta separatistez osatutako taldeak, matxinatu ziren eta gobernuak berriro gerra-legea ezarri zuen 1894an[60][61]. 1908ko Messinako lurrikarak 85.000 lagun hil zituen[62]. Naziek II. Mundu Gerran Sizilia okupatu zuten eta 1943an, aliatuek aukeratu zuten irla Europa erasotzeko, Siziliako lehorreratze operazioan. Inbasioa errazteko, aliatuek mafia suspertu zuten lagun ziezaien gainera, horren buruzagiak Italiako presondegietatik askatu zituzten preso politikoak zirelakoan. 1943ko Siziliako inbasioari (Husky operazioa) dagokionez, populazioak aliatuak txalotu eta besarkatu zituen[63].

Gerra osteko aldia

Italia errepublika bilakatu zen 1946an eta Siziliak, beste bost eskualdek moduan, berezko estatutua izan zuen, parlamentu eta presidente batekin[64]. Nekazari erreforma partzialak egin ziren latifundioak abolituz. Beste aldetik, propio sortutako Cassa per il Mezzogiorno bankuaren funtsek (1954-1984) siziliar ekonomia suspertu zuten[65], nahiz eta iparraldekoek neurri administratiboak ezarri[66][67]. Bi mafien kontrako magistratuen erailketa zela eta, (Giovanni Falcone eta Paolo Brosellino) Sizilia titularretan agertu zen berriro 1992an. Horren ezegonkartasun politikoa sortui zuen. XXI. mendean, Sizilia eta inguruko irlak inmigrazio ilegalako helburua bilakatu dira eta giza-kontrabandorako ere.

Mafia

Palermon ustezko hainbat eta hainbat mafiosori 1901ean egindako epaiketa handiaren zirriborroa, L'Ora egunkarian argitaratua (1901eko maiatza).

Mafia, antolatutako krimenaren sareen konfederazioa, XIX. mendearen erdian sortu zen. Hasieran, alokatutako indar pribatuak ziren lur-jabe handien eta merkatarien ondasunak bidelapurren taldeetatik (briganti) babesteko, zeinek sarritan landak eta hiriak arpilatzen baizituzten. Erregimen fazistak organizazioa arrakastaz ezabatu zuen 20ko hamarkadan, ondorioz, hainbat mafiaburu atzerriratu ziren, gehienbat Estatu Batuetara[68]. Cosa Nostra erakunde kriminala da estatuaren antzeko egitura batez. Hark erabiltzen du bortizkeria kontrolezko baliabide moduan, arauak apurtzen dituzten kideak exekutatzen du baita kanpokoak erakundea mehatzatzen dutelako edo honekin lan egin nahi ez dutelako ere. 1984an Italiako gobernuak Mafiaren aurkako politika bat hasi zuen, organizazioa ezabatzeko mafiaburuak jazarriz.[69].

Probintziak

Probintziak

Udalerri nagusiak

  1. Palermo: 665.434 biztanle (2006). a
  2. Catania: 300.701.
  3. Messina: 244.573.
  4. Sirakusa: 123.494.
  5. Marsala: 82.378.
  6. Gela: 77.239.
  7. Ragusa: 72.419.
  8. Trapani: 70.635.

Pertsonaia ezagunak

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindia. Europako toponimia fisikoa. .
  2. «Sicily». KeyItaly.com. 20 de noviembre de 2007.
  3. «Sicilia's Urbs of Syracusa». AncientWorlds.net. 20 de noviembre de 2007.
  4. Salvatore Piccolo, Ancient Stones: The Prehistoric Dolmens of Sicily, op. cit., p. 31
  5. "Enceladus: Giant of Mt. Etna in Sicily", Theoi.
  6. * Sizilia (erromatar probintzia)
  7. «Early & Medieval History». BestofSicily.com. 7 de octubre de 2007.
  8. "Sicily" en la Enciclopedia Católica de 1913.
  9. Stockton, David. Cicero: A Political Biography. Oxford University Press. ISBN 978-0198720331.
  10. Privitera, Joseph. Sicily: An Illustrated History. Hippocrene Books. ISBN 978-0-7818-0909-2
  11. Privitera, Joseph. Sicily: An Illustrated History. Hippocrene Books. ISBN 978-0-7818-0909-2.
  12. Theodoric". Encyclopædia Britannica. 7 October 2007.
  13. Hearder, Harry. Italy: A Short History. Cambridge University Press. ISBN 978-0-521-33719-9
  14. "Gothic War: Byzantine Count Belisarius
  15. Gothic War: Byzantine Count Belisarius Retakes Rome". Historynet.com. 7 October 2007.
  16. Oxford Dictionary of Byzantium, Oxford University Press, 1991, p. 1892, ISBN 978-0-19-504652-6
  17. Smith, Denis Mack, (1968) A History of Sicily: Medieval Sicily 800—1713, Chatto & Windus, London, ISBN 0-7011-1347-2
  18. "Syracuse, Sicily". TravelMapofSicily.com. 7 October 2007.
  19. "Syracuse, Sicily". TravelMapofSicily.com. 7 October 2007.
  20. Kazhdan, Alexander, ed. (1991). Oxford Dictionary of Byzantium. Oxford University Press. pp. 1891–1892. ISBN 978-0-19-504652-6.
  21. DUTOUR, THIERRY (2003), La ciudad medieval. Orígenes y triunfo de la Europa urbana. — Paidós, Buenos Aires, 2005, pág. 83. ISBN 950-12-5043-1
  22. «Brief history of Sicily» (PDF). Archaeology.Stanford.edu. 7 de octubre de 2007.
  23. «Brief history of Sicily» (PDF). Archaeology.Stanford.edu. 7 de octubre de 2007.
  24. Privitera, John. Sicily: An Illustrated History. Hippocrene Books. ISBN 978-0781809092
  25. «Brief history of Sicily» (PDF). Archaeology.Stanford.edu. 7 de octubre de 2007.
  26. Raphael Patai, The Jewish Mind, Scribners, 1977, p. 155-6
  27. «Brief history of Sicily» (PDF). Archaeology.Stanford.edu. 7 de octubre de 2007.
  28. «Chronological - Historical Table Of Sicily». In Italy Magazine. 7 de octubre de 2007.
  29. Powell (2007)
  30. Paul E. Chevedden, " The Islamic View and the Christian View of the Crusades: A New Synthesis," History, April 2008, Vol. 93 Issue 310, pp 181-200
  31. "Chronological - Historical Table Of Sicily". In Italy Magazine. 7 October 2007.
  32. Classical and Medieval Malta (60-1530)". AboutMalta.com. 7 October 2007.
  33. John Julius, Norwich. The Normans in Sicily: The Normans in the South 1016-1130 and the Kingdom in the Sun 1130-1194. Penguin Global. ISBN 978-0-14-015212-8.
  34. «Sicilian Peoples: The Normans». BestofSicily.com. 7 de octubre de 2007.
  35. N.Daniel: The Arabs; op cit; p.154.
  36. Julie Taylor. Muslims in Medieval Italy: The Colony at Lucera. Lanham, Md.: Lexington Books. 2003.
  37. A.Lowe: The Barrier and the bridge, op cit;p.92.
  38. Julie Taylor. Muslims in Medieval Italy: The Colony at Lucera. Lanham, Md.: Lexington Books. 2003.
  39. «Sicilian History». Dieli.net. 7 de octubre de 2007.
  40. «Sicilian History». Dieli.net. 7 de octubre de 2007.
  41. «History of Sicily». KnowItal.com. 7 de octubre de 2007.
  42. Fernando Ciaramitaro, "Virrey, Gobierno Virreinal y Absolutismo: El Caso de la Nueva España y del Reino de Sicilia," ["Viceroy, government, and absolutism: the case of New Spain and the Sicilian kingdom"] Studia Historica: Historia Moderna, 2008, Vol. 30, pp 235-271
  43. Francesco Benigno, "Vecchio e Nuovo Nella Sicilia del Seicento: Il Ruolo Della Colonizzazione Feudale", [Old and new in 17th-century Sicily: the role of feudal colonization] Studi Storici (1986), Vol. 27 Issue 1, pp 93-107
  44. Francesco Benigno, "Vecchio e Nuovo Nella Sicilia del Seicento: Il Ruolo Della Colonizzazione Feudale", [Old and new in 17th-century Sicily: the role of feudal colonization] Studi Storici (1986), Vol. 27 Issue 1, pp 93-107
  45. «Sicilian History». Dieli.net. 7 de octubre de 2007.
  46. "Italy's earthquake history". BBC News. 31 de octubre de 2002.
  47. «History of Sicily». KnowItal.com. 7 de octubre de 2007.
  48. Rees Davies, British Slaves on the Barbary Coast, BBC, 1 de julio de 2003.
  49. "Christian Slaves, Muslim Masters: White Slavery in the Mediterranean, the Barbary Coast and Italy, 1500-1800". Robert Davis (2004) ISBN 1-4039-4551-9
  50. The Treaties of Utrecht (1713)». Heraldica.org. 7 de octubre de 2007.
  51. «Charles of Bourbon - the restorer of the Kingdom of Naples». RealCasaDiBorbone.it. 7 de octubre de 2007.
  52. W. H. Clements, "The Defences of Sicily, 1806-1815," Journal of the Society for Army Historical Research, Autumn 2009, Vol. 87 Issue 351, pp 256-272
  53. The term had already come into use in the 18th century
  54. Correnti, (2002)
  55. Correnti, (2002)
  56. «Italians around the World: Teaching Italian Migration from a Transnational Perspective». OAH.org. 7 de octubre de 2007.
  57. "Palermo" en la Enciclopedia Católica de 1913.
  58. L. J. Riall, "Liberal policy and the control of public order in western Sicily 1860-1862," Historical Journal, June 1992, Vol. 35 Issue 2, pp 345-68
  59. «Italians around the World: Teaching Italian Migration from a Transnational Perspective». OAH.org. 7 de octubre de 2007.
  60. http://web.archive.org/web/20040128195138/www.geocities.com/capitolHill/rotunda/2209/Sicily.html
  61. «fascio siciliano». Encyclopædia Britannica. 7 de octubre de 2007.
  62. "Messina earthquake and tsunami". Britannica Online Encyclopedia.
  63. «fascio siciliano». Encyclopædia Britannica. 7 de octubre de 2007.
  64. «Sicily autonomy». Grifasi-Sicilia.com. 7 de octubre de 2007.
  65. John Paul Russo, "The Sicilian Latifundia," Italian Americana, March 1999, Vol. 17 Issue 1, pp 40-57
  66. «Italy - Land Reforms». Encyclopædia Britannica. 7 de octubre de 2007.
  67. «North and South: The Tragedy of Equalization in Italy» (PDF). Frontier Center for Public Policy. 7 de octubre de 2007.
  68. «Italians around the World: Teaching Italian Migration from a Transnational Perspective». OAH.org. 7 de octubre de 2007.
  69. Dickie (2004)

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sizilia Aldatu lotura Wikidatan