Sobietar Batasuneko historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Coat of arms of the Soviet Union.svg

Sobietar Batasuneko historia 1922ko abenduaren hasi zen, Errusiako, Ukrainako, Bielorrusiako eta Transkaukasiako Sobietar Errepublika Sozialistak bateratu zirelarik. 1991an desegin zen, errepublika batzuek independentzia aldarrikatu zutenean. 1991ko abenduaren 8an Errusia, Bielorrusia eta Ukrainak Estatu Burujabeen Erkidegoa eratu zuten, praktikan Sobietar Batasunaren amaiera izan zena.

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1917an Errusiako Iraultzak Errusiako Sobietar Errepublika Sozialistaren sorrera ekarri zuen. Iraultzak tsarraren irudian oinarritutako sistema ordezkatu zuen. Bi garai bereiz daitezke Iraultzan. Lehenengoa 1917ko Otsaileko Iraultza izan zen, Errusiako Nikolas II.a tsarraren autokraziarekin bukatu zuena eta errepublika liberala ezarri zuena. Bigarren fasea Urriko Iraultza izan zen, eta bertan Boltxebikeek boterea kendu zioten behin-behineko gobernuari. Azaroaren 8an Lenin herri-komisarien kontseiluko buru aukeratua izan zen.

1918an Alemaniak eta Errusiak bakea sinatu zuten. Brest-Litovsk itunaren arabera Errusiak Finlandia, Estonia, Letonia, Lituania eta Polonia galdu zituen. 1918 eta 1923 artean Armada Gorria (komunistak) eta Armada Zuria (iraultzaren aurkakoak) Errusiako Gerra Zibilean borrokatu ziren.

1922an Errusiako, Ukrainako, Bielorrusiako eta Transkaukasiako (Georgia, Azerbaijan eta Armenia) errepublikek lehenengo konstituzioa sinatu zuten, SESB sortuz .

Stalinen aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Stalin 1942an

1924an, Leninen heriotzaren ondoren, Stalin egin zen SESBeko boterearekin. Trotsky, Zinóviev eta Kámenev baztertu eta estalinismoari hasiera eman zion. Stalinek ekonomia sozialista garatu nahi izan zuen. Estatuak, bost urteko planen bitartez, ekonomia zuzentzen zuen. Jabetza pribatua debekatu zen eta Estatua herrialdeko lur eta enpresa guztiez jabetu zen. Baserri pribatuak ezabatu eta landetxe kolektiboak (kolkhoz) herrialde osoan ezarri zituen. Errepresioa bortitza izan zen: polizia politikoak erregimenaren alde ez zeuden biztanleak deportatu, lan gogorreko esparruetara (gulag) bidali, edo hiltzen zituen.

Stalinen agintaldiko gertaera garrantzitsuena, ordea, Bigarren Mundu Gerra izan zen. 1939an Sobietar Batasunak eta Alemania naziak Molotov-Ribbentrop ituna sinatu zuten elkar ez erasotzeko. Besteak beste, Polonia banatzea erabaki zuten: ekialdea Sobietar Batasunarentzat eta mendebaldea Alemaniarentzat. Baina Hitlerrek ez zuen hitzarmen hori bete, eta 1941ean Polonia eta SEBS-ren parte bat inbaditu zuen, Mosku, Leningrad eta Stalingraderaino ailegatuz. Stalingradeko batailan (1942 bukaera - 1943 hasiera), armada naziak atzera egin behar izan zuen. Sobietarren erasoaldiak Ekialdeko Europako herrialde guztietatik egotzi zituen alemaniarrak. 1945eko apirilean Armada Gorria Berlinen sartu zen.

Gerran 27 milioi sobietar hil ziren eta herrialdeak galera ekonomiko izugarriak izan zituen. Baina Teherango, Jaltako eta Potsdamgo batzarretan onura politiko handiak lortu zituen eta aliatuek ekialdeko Europa SESBren menpeko zonaldea izatea onartu zuten.

Guda eta gero, AEBrekin batera, SESB munduko potentzia handiena bilakatu zen. Laster AEBak Sobietar Batasunaren hedapena geldiarazteko beharra ikusi zuen. 1947ko apirilaren 12an plazaratutako Truman doktrinak Gerra Hotzari hasiera eman zion.

Stalin eta gero[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nikita Khrustxevek blokeen arteko "bakezko koexistentzia" aldarrikatu zuen. Argazki honetan AEBetako presidente John Fitzgerald Kennedyrekin dago.

Stalin 1953ko martxoaren 5ean hil zen. Honen ondorengoa izateko Lavrenti Beria, Viatxeslav Molotov, Georgi Malenkov eta Nikita Khrustxev leiatu ziren. Azkenean Nikita Khrustxevek Alderdi Komunistaren idazkari nagusi (1953tik aurrera) eta Sobietar Batasuneko presidente (1958tik aurrera) izatea lortu zuen.

Aro honetan, Estatu Batuekin batera SESB zen zientzian eta teknologian gehien ikertzen zuen herrialdea. Bi herrialde hauek Lehia espaziala izeneko norgehiagoka egin zuten. Aurreneko garaipenak Sobietar Batasunak lortu zituen: lehenengo satelite artifiziala bidali zuten espaziora (Sputnik 1), lehenengo izaki biziduna (Laika) eta geroago lehenengo astronauta (Juri Gagarin). Valentina Terexkova lehenengo emakume astronauta izan zen, eta Alexei Leonovek espazioko lehenbiziko ibilaldia egin zuen.

Khrustxev 1964an erretiratu zen. Hurrengo lehendakaria Leonid Brezhnev izan zen. 1970eko hamarkadan Sobietar Batasunaren indar militarra handitu zuen. 1979an Afganistan inbaditu zuen, ia 10 urteko gatazka odoltsua eraginez. Urte askoz SESB AEBren parean izan zen teknologia militarrean, baino, egoera ekonomiko larria zela eta, Sobietar Batasuna atzean geldituz joan zen. Hurrengo urteetan ekonomiak hobera egin zuen pixkanaka, baino nekazaritzak itota jarraitzen zuen eta, horren ondorioz, hainbat biztanle hil ziren eguneroko elikagaien faltagatik.

SESBen desagerpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Sobietar Batasunaren gainbehera»

1985eko martxoaren 11n Mikhail Gorbatxov alderdi komunistaren idazkari orokorra izendatu zuten. Handik aurrera hainbat aldaketa egin zituen politikan eta ekonomian.

1986ko apirilaren 26an Txernobylgo hondamendia gertatu zen Ukrainako Txernobyl hirian. Historiako istripu nuklearrik larriena izan zen, INES (International Nuclear Event Scale) eskalan 7. mailan kokatzen delarik (denetan handiena).

1980ko hamarkadaren bukaeran, sobietar errepublika batzuetan mugimenduak hasi ziren, independentzia eskatuz.

1990an, Lituaniak independentzia aldarrikatu zuen eta hurrengo urtean Letoniak eta Estoniak.

1991ko martxoaren 17an SESBren iraupenari buruzko erreferenduma egin zen. Hamabost errepubliketatik seik erreferenduma boikotatu zuten, independentzia nahi zutelako. Beste bederatziek Sobiet Batasunaren erreforma onartu zuten.

1991ko abuztuaren 18an Gorbatxoven kontrako estatu kolpe saiakera izan zen, baino porrot egin zuen.

1991ko abenduaren 8an, Errusiako, Ukrainako, eta Bielorrusiako lehendakariek bildu eta Beloveshko Ituna sinatu zuten. Estatu Burujabeen Erkidegoaren sorrera izan zen eta SESB-ren deuseztatze ofiziala.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sobietar Batasuneko historia Aldatu lotura Wikidatan