Sodankylä

Wikipedia(e)tik
(Sodankylatik berbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Soađegilli - Sodankylä

Sodankyläko armarria
Armarria
Berezko izena Soađegili gielda (ip. samieraz)
Sodankylän kunta (finlandieraz)
Herrialdea
Eskualdea
Azpieskualdea
 Finlandia
Lappi eskualdea
Ipar Lappi barrutia
Alkatea Vesa Tuunainen
Sorrera 1893
Soađegilli - Sodankylä Finlandiako mapan
Koordenatuak 67°25′00″N 26°35′35″E / 67.416667°N 26.59306°E / 67.416667; 26.59306Koordenatuak: 67°25′00″N 26°35′35″E / 67.416667°N 26.59306°E / 67.416667; 26.59306
Azalera
-Ur-azalera
12.415,22 km² [1]
718,82 km² (%5,8)
Biztanleria
Dentsitatea
Ama hizkuntza
- Finlandiera
- Ipar samiera
- Besteak
8.802 (2009.12.31) [2]
0,75 bizt/km²
(2008) [3]
% 98,1 (ofiziala)
% 1,3 (ofiziala)
% 0,6
Webgune ofiziala (Finlandieraz) (Ingelesez)
(Samieraz)

Soađegilli edo Sodankylä (inarieraz: Suáđigil; skolteraz: Suäˊđjel) Lappi eskualde finlandiarreko udalerria da. Herrialde osoko azalera handiena duen udalerria da Inari ondoren; izan ere, 12.416,81 km²-ko azalera dauka, bi Nafarroak bezain handia. Honen ondorioz, Inarirekin iparraldean, ekialdean Savukoskirekin eta Kola raion errusiarrarekin, Kittilärekin mendebaldean, eta Kemijärvi, Pelkosenniemi eta Rovaniemirekin hegoaldean egiten du muga. Ipar Lappiko udalerrietan ez bezala, biztanle guztiak bizigune batean pilatzen dira, Sodankylä herrian; hala ere, udalerria hainbat herrixketan dago banatua. Finlandiera eta iparraldeko samiera dira hizkuntza ofizialak, baina lehenengoa da nagusi udalerri osoan, samitarren kopurua oso urria baita eta euren hizkuntza dakitenen kopurua are txikiagoa (Vuotso lurraldea). Udalerria Sápmi samitarren berezko lurraldean dago eta 1973. urtean Enontekiö, Inari eta Utsjoki bizilagunekin batera, Finlandiako Sami Lurraldea izeneko erakundea sortu zuen; hala ere, Sami Parlamenturako hauteskundeetan samitarrak direnak baino ezin dute bozkatu, biztanleria osoaren %4a.

Sodankylän Finlandia osoko egurrezko eliza zaharrenetariko bat dago, 1689. urtean suediarrek eraiki zuten Sodankyläko eliza zaharra. Nahiz eta 1980ean eraberritu zen, udan eta egun berezietan baino ez da meza ospatzen.

1986. urtetik, urtero hazten doan udalerriko gertakari famatuena ospatzen da, Sodankylä herriko Gauerdiko Eguzkia Zinemaldia (Sodankylän elokuvajuhlat). Gainera, Kitinen ibaian urtero milaka arrantzale erakartzen dituzten amuarrainak, arrain hiruarantzak, ezkailuak, lotak, lutxoak eta perkak daude; honekin eta Urho Kekkonen Parke Nazionala bisitatzera etortzen diren bidaiariekin, turismoa udalerriko motore ekonomikoa bilakatu da azken urteotan.

Eduki-taula

[aldatu] Geografia

Sakontzeko, irakurri: Sodankyläko geografia
Paratiisikuru ur-jauzia.

Lappi erdialdean dago, Zirkulu Polar Artikotik 130 bat km iparraldera. Ondoz ondoko udalerriak Inari iparraldean, ekialdeko Savukoski eta Kola raion errusiarra, Kittilä mendebaldean, eta Kemijärvi, Pelkosenniemi eta Rovaniemi hegoaldean dira. 12.415,22 km²-ko azalera dauka eta Inari ondoren, Finlandia osoko udalerri handiena da. Zabalera guzti honetan babestutako eremu asko daude, udalerria natura-eredu bihurtzen dutenak (azaleraren %72a estatuaren eskumeneko babestutako eremuak dira); hala nola, Hammastunturi Eremu Basatia, Ilmakkiaapa, Sompio Natura Erreserba Hertsia, eta Pyhä-Luosto eta Urho Kekkonen parke nazionalak. Ipar Lappi barrutian dago udalerria eta klima subartikoa da batik bat. Izan ere, inguru muinotsuetan zuhaitzik gabeko tundra da nagusi, hala nola, udalerriaren sabaia den 718 metroko Sokosti muinoan. Bestela, baso borealak estaltzen du udalerria; sahastiak, haltzadiak, urkidiak, makaldiak, pinudiak eta izeidiak dira nagusi [4].

Sokosti muinoko ikuspegiak; Luirojärvi aintzira.

Lursaila baso borealek ezkutatzen duten arren, azaleraren %5,8a ur-eremuek osatzen dute; haien artean, Paratiisikuru ur-jauziak, eta herrialdeko aintzira handienen artean dauden Lokan tekojärvi, Oräjärvi, Porttipahdan tekojärvi, Unari eta Vaalajärvi aintzirak. Aipatzekoak dira bestalde, Jeesiöjoki, Kitinen, Luiro, Tankajoki eta Ylijoki ibai emaritsu eta emankorrak. Ibai hauetan, udalerria eta Ipar Lappi energiaz hornitzen duten zentral hidrauliko asko daude. Sodankylätarrak asetzen dituzten arrainak ere, bertakoak dira; hala nola, amuarrainak, arrain hiruarantzak, ezkailuak, lotak, lutxoak eta perkak.

Udak motzak eta epelak izan ohi dira, ekain erdialdetik abuztu bukaeraraino, eta neguak aldiz, luzeak eta oso hotzak; aintzirak izoztuak egon ohi dira urri hasieratik maitza iritsi arte. Samitarrek, antzinean eta gaur egun oraindik egiten dituzten egutegietan, Lappiko klima ulertzeko lagungarri diren zortzi urtaro bereizten dituzte: udaberri-negua, udaberria, aitzinuda, uda, aitzinudazkena, udazkena, aitzinegua eta negu iluna. Aurora Borealak bestalde, oso ohikoak izaten dira irailetik urrira eta martxo eta apiril bitarteko gau ilun eta oskarbietan; hauek aztertzeko, gaur egun Ouluko Unibertsitateak daraman Sodankylä Behatoki Geofisikoa eraiki zen 1914ean. Gauerdiko eguzki fenomenoa bestetik, hilabete eta erdiz ematen da, normalean maiatzaren 30etik uztailaren 15era; gau polarra aldiz, abenduaren 19tik eta 25ra izan ohi da [5].

2009ko Sodankyläko Klimograma [6]
Klima subartikoa Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Guztira
Batez besteko maximoa ºC 1,6 0,7 3,7 9,7 26 26,5 24,1 28,7 18,9 5,2 2,3 0,6 12,3
Batez besteko maximoa ºC -7,1 -8,4 -1,7 4 14,1 16,1 18,6 19,9 12,8 0,5 -0,5 -7,3 5,1
Batez bestekoa ºC -11,4 -12,3 -6,9 -1,5 7,8 11,1 13,7 13,8 8,6 -2,7 -2,2 -12,1 0,5
Batez besteko minimoa ºC -15,8 -17,2 -12,8 -8,3 2 6,1 8,8 7,7 4,2 -6,2 -4 -17,6 -4,4
Minimoa ºC -30,5 -30,6 -29,9 -25,5 -3,2 -0,6 2,6 -1,6 -3,6 -15,6 -12,5 -29,8 -15,1
Prezipitazio-egunak 23 24 23 12 18 20 19 17 20 15 25 29 245

Batez ere uda partean etortzen diren eta eremu zingiratsuetan egoten diren hegazti espezie asko daude udalerrian; ahatebeltz arrunt eta hegazuriak, antxeta txikiak, antzara hankahoriak, arrano beltzak, belatz handiak, birigarro txikiak, borrokalariak, eskandinaviako lagopodoak, hontz gabiraiak, ipar-belatzak, ipar-eskinosoak, ipar-gailupak, ipar-kaskabeltzak, istingor arrunt eta txikiak, izotz-ahateak, kurlinta bekaindunak, kurriloak, mendebal-txori mokomeheak, mirotz zuriak, negu-txirtak, negu-txontak, okil hiruatzak, txiki-berdantzak, txio horiak, txirri arruntak, txirri lepokodunak, txoka gorritzak, urre-txirri arruntak, zapelatz galtzadunak, zerra txikiak eta zisneak esaterako [7].

Ugaztunen multzoan aldiz, aipatzekoak dira altzeak, azeri gorri eta zuriak, elur-orein etxekotu eta basatiak, erbinudeak, hartz arreak, igarabak, ipar-katamotzak, jatunak, lepahoriak, lepazuriak eta otsoak [8].

[aldatu] Historia

Sakontzeko, irakurri: Sodankyläko historia

Bazter hauetara iritsi zen lehen gizarte antolatua, Izotz Aroaren ondoren, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarrak urtzen hasi zirenean iritsi zela uste da. Mendeetan eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ozeano Artikoko kostaldean ezarri zirenez gehienbat, Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estuak izan zituzten. Nahiz eta oraindik, lurralde honen jatorrizko biztanleen, samitarren jatorria ezezaguna den, badirudi tribu hauen eta beranduago Eskandinaviara immigratu zuten eta eurekin samiera hizkuntza eraman zuten herri uraldarren nahasketaren ondorioa direla. Hasierako biztanleak gehienbat ehizatik eta Kemijokin egiten zuten arrantzatik bizi ziren; hau da, nomadak ziren ehizakiaren atzetik ibiltzen zirelako, baina pixkanaka, gaur egun samitarren artean dirauen ohitura bati hasiera eman zioten, elur-orein zaintzari, iparreko abeltzaintzari.

Kemijoki ibaiaren eta Kitinen eta Luiro ibaiadarren ertzean bizi ziren samitarrak (haien artean sodankylätarrak), XIX. mendean desagertu zen hizkuntza berezi batean hitz egiten zuten, kemieraz edo kemi samieraz. Duela gutxi, samitar hauek, sinismenaz (xamanismoa) eta agintaritzaz hitz egiteko batzarretan biltzen zirela jakin izan da eta ondorioz, samitarrak bi herri desberdinetan banatu zirela: Sodankylä eta Sompio herrixketan [9] .

XVI. eta XVII. mende artean Errusiako Tsarerriaren eta Suediar Erresumaren eskuen artean ibili zen. Hala ere, gerra guztien artean Laponia antzinako probintziaren barnean egonkortzea lortu zuen. Samitarrek mende honetan atzera egin zuten, eta muga haien eremuen muga Sodankylän ezarri zen.

XVII. mendean lurraldeko biztanleak kristautzeko asmoarekin, suediarrak lehen elizak eraikitzen hasi ziren; lehena, 1689. urtean eraiki zen eta gaur egun oraindik zutik dagoen Sodankyläko eliza zaharra da.

Egurzainak Kitinen ibaian (XX. mende hasiera).

XVIII. mendean, Finlandiaren kontrola izateko Suediar eta Errusiar Inperioen arteko guduak izan ziren Finlandia eta Europa osoan; azkenean, Finlandiako Gerran, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu zuen, finlandiar nazionalismoaren laguntzaz. Hau jazo zenean, hainbat arazo bizi izan zituzten Sodankylän abeltzaintzatik bizi ziren herritarrek; izan ere, hotzaren eraginez, prozesu biologiko guztiak oso geldoak dira. Hildako landare zein animaliek denbora asko behar izaten dute deskonposatzeko, eta hori dela eta, mantenugai gutxi izan ohi du lurzoruak. Honenbestez, elur-oreinak neguan, Ozeano Artikoaren kostaldera -Norvegiara- eraman behar izaten zituzten samitarrek. Finlandia Inperio barneko Dukerri Handi bihurtu zenean berriz, Suedia eta Norvegiako mugak itxi egin zituzten -1889an eta 1852an- eta bertako herritarrak iparralderantz jo ezinik gelditu ziren. Mugen itxiera eta beraien bizimoduaren aldaketa ozenago salatzeko, 1876. urtean, gaur egun Sodankylä osatzen duten herrixkak batu egin ziren udalerri bat sortzeko. Sodankylä herri handienaren izena hartu zuen baterakuntza honek.

Bestalde, Kemi eta Tornio hirietan garatu zen industriak, udalerriko bizimodua aldatu zuen XIX. mende hasieran eta basogintza bihurtu zen sektore garrantzitsuena. Industria udalerrian sartzen zihoan heinean, hegoaldeko finlandiarrak iristen hasi ziren eta garai hartan, Sodankyläko lau biztanletatik bik dagoeneko, hegoaldeko jatorria zuten. XIX. mende hasieran idatzi zen kemierazko azken eskuizkribua.

XX. mende hasieran, Errusian zebilen giro nahasiari probetxu atera nahian, finlandiarrek independentzia aldarrikatu zuten 1917an Gerra Zibilaren bitartez. Herrialde subiranoa bihurtu zen eta gainera, Petsamo udalerriarekin Ozeano Artikora zabaltzea lortu zuten. Petsamoko portua eta nikel-meatze oparoak gainontzeko herrialdearekin lotzeko, Sodankylätik igarotzen zen trenbide-sarea eraiki zuten. Izugarrizko onurak izan zituen udalerriak trenbide-sareari esker; izan ere, Rovaniemira zihoan trena udalerritik pasatzen zen eta basogintza industriak pizkundea izan zuen.

II. Mundu Gerrako sodankylätar errefuxiatuak (1944).

Urte hauetan, samitarrak ziren oraindik gehiengo, baina geroz eta finlandiar gehiago zegoen udalerrian. Alde batetik, Espainiako gripearen eragin latzenak samitarrek jasan zituzten eta haietako asko eta asko hil egin ziren; bestaldetik, portu berriko eta azpiegiturak eraikitzeko lanek erakarrita, finlandiar ugari joan zen bertara.

Garai latzak zetozen sodankylätarrentzat, II. Mungu Gerra hasi zenean. Jarraipenaren Gerran, finlandiarrek, alemaniarrei laguntza eskatu zien SESBen hazkunde geografikoa gelditzeko asmoz eta naziak, Sodankylän kokatu ziren bertan defentsa muntatzeko. Herritar soilen hilketak eragozteko, SESBen mugan zeuden Sodankyläko herrixkak hustu egin zituzten. Gerra amaitu ostean, SESB eta Finlandia bake-akordio batera iritsi ziren: hainbat lurralderen truk (Petsamo udalerria horien artean) eta alemaniarrak herrialdetik botatzeko promesarekin SESBek Finlandiaren subiranotasuna onartu zuen. Honela, alemaniarrak, herrialde satelite gabe gelditu eta atzeraka egin behar izan zuten Norvegiara ihes egiteko, baina ihes egin baino lehen, Lappi osoa suntsitzeko agindua eman zuen Lothar Rendulic ofizialak. Honela, alemaniarrek ihesari ekin ziotenean bidean aurkitu zuten herrixka bakoitza erre zuten. Laponiako Gerra hasi zen. Hainbat borroka izan ziren Lappi eskualdean eta haietan, herrixkak izan ziren okerren amaitu zutenak, Sodankylä herria esaterako, lurrarekin berdindu zuten alemaniarrek; herritarrak behintzat, iparraldean babestu zirenez onik itzuli ziren udalerrira [10].

Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak ekonomikoki, izugarrizko hazkuntza izan zuen, eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. Hala ere, hazkunde guzti hau, ez zen guztiz ona izan udalerriarentzat; izan ere, industriak ez zituen bere sustraiak errotu Lappin (Kemi, Kemijärvi eta Tornio hirietan izan ezik) eta biztanle askok ihes egin zuen Finlandiako beste hiri garatuagoetara euren bizimodua hobetu nahi bazuten. Hala ere, udalerria ez zen 10.000 biztanle kopurutik jaitsi 90eko hamarkada osoan.

1970eko hamarkadan zentral hidrauliko eta ubide asko eraiki ziren; aldaketa guzti hauek uraren bizimodua aldatu zuten bat-batean, eta ondorioz, Korvanen, Mutenia eta Riesto Lokan tekojärvi aintzirapean gelditu ziren.

Sodankyläko errepide luzea.

Bi talde etniko nagusi egon arren, finlandiarrak eta samitarrak guztiz bateratuak daude egunerokoan eta kultura aberastuz, bi gizarte-taldeak inolako desberdintasunik gabe bizi dira XXI. mendean. Samitarren ohiturak, hizkuntza eta lurrak babesten dituen Finlandiako Sami Lurraldea sortu zuen udalerriak Enontekiö, Inari eta Utsjoki udalerriekin batera 1973. urtean. Hala ere, samitarrak biztanleria osoaren %4a baino ez dira gaur egun, eta denak iparraldeko herrixketan bizi dira.

[aldatu] Administrazioa

[aldatu] Azpiegiturak

Alemaniarrek Bigarren Mundu Gerran eraikitako eta gaur egun oraindik erabiltzen den aireportu bat dago hirian. Aspaldian, Helsinki-Vantaa aireportura hegaldiak egon ohi ziren, baina azken 1989. urtean hegaldi guztiak bertan behera utzi ziren; izan ere, Ivalo eta Rovaniemi aireportuak nahiko hurbil daudenez, bidaiarien kopurua urria zen [11].

Valtatie 4 eta 5 errepideak Sodankylä herrian batzen dira eta herritik Finlandiako gainontzeko udalerrietara eta Sodankyläko gainontzeko herrixketara iristea ahalbidetzen du.

Tren-geltoki hurbilena Kemijärvi hirian dago, 100 bat km hegoaldera.

[aldatu] Pyhä-Luosto

Sakontzeko, irakurri: Luosto
XVIII. mendeko Laponiako mapa zaharra

Luosto eta Kemijärvi-Pelkosenniemiko Pyhä muinoen artean, Lappiko eski-azpiegitura handienetako bat dago. Azpiegiturak urria erdialdean ireki eta ekaina bukaeran itxi ohi dira. Bestalde, elur motor safaria, udako txirrindularitza, husky txakurrek gidatutako lera safaria, Kemijoki ibaiko arrantza, parke nazionaleko ibiltaritza eta piraguismoa bezalako ekintzak eskaintzen dira [12].

[aldatu] Banaketa

Sakontzeko, irakurri: Sodankyläko herrixkak

Oso zabala denez, iparraldeko udalerri hau hainbat herrixketan banatzen da. Bizigune nagusia eta biztanleria osoaren bi heren baino gehiago bizi den herria, udalerriaren izen bera duen Sodankylä herria da [13].

Finlandia Errusiar Inperioa barneko Dukerri Handi bihurtu zenean berriz, Suedia eta Norvegiako mugak itxi egin zituzten -1889an eta 1852an- eta bertako elur-orein abeltzainak iparralderantz jo ezinik gelditu ziren. Mugen itxiera eta beraien bizimoduaren aldaketa ozenago salatzeko, 1876. urtean, gaur egun Sodankylä osatzen duten herrixkak batu egin ziren udalerri bat sortzeko.

Hauek dira herrixka handienak:

200 biztanle inguru dauzkaten herrixkak beltzez.

[aldatu] Hiri Senidetuak

Udalerriak, 1970eko hamarkadatik inguruko herrialdetako lau herri dauzka senidetuak:

[aldatu] Udala

Sodankyläko Udalbatza [14]
Alderdia Eserlekuak +/- Ehunekoa Sodankyläko udalbatza
Zentroko Alderdia 14 Red Arrow Down.svg 8  % 39,3
Ezker Elkartasuna 8 Straight Line Steady.svg 0  % 21,0
Alderdi Nazionala 6 Green Arrow Up Darker.svg 5  % 17,8
Alderdi Sozial-Demokrata 4 Green Arrow Up Darker.svg 1  % 13,1
Benetako Finlandiarrak 3 Green Arrow Up Darker.svg 3  % 8,8

Sodankyläko udalbatza 2008ko urriaren 26ean egin ziren udal-hauteskundeetan eratu zen. Lappiko udalerri gehienen antzera, Zentroko Alderdia suertatu zen garaile, baina aurreko udalbatzan baino zortzi batzarkide gutxiago eskuratu zituzten; hala ere, eta nahiz eta Ezker Elkartasuna alderdiak ez zuen ordezkaririk galdu, zortzi eserlekurekin urrun gelditu zen Zentroko Alderditik. Izugarrizko gorakada eduki zuen Alderdi Nazionala izan zen hirugarren sei batzarkiderekin; Alderdi Sozial-Demokrata aldiz, boto guztien %13,1ak jaso zituen eta ondorioz, lau eserleku lortu zituen. Azkeneko lekuan, Benetako Finlandiarrak alderdi ultraeskuindarra gelditu zen eta hiru batzarkide berrirekin sartu zen udalbatzan. Udalbatzak Vesa Tuunainen alkate aukeratu zuen.

Hurrengo hauteskundeak 2012. urtean ospatuko dira, herrialdeko gainontzeko udalerrietan bezala.

[aldatu] Demografia

[aldatu] Armarria

Sodankyläko armarria
Sakontzeko, irakurri: Sodankyläko armarria

Sodankyläko armarrian zelai beltz baten gainean, Lappiko armarrietan oso ohikoa den sei puntako izar bat dago; gau polarretan zerua argitzen duen iparrizarra dena. Zilarrezko zelai gainean dagoen su antzekoak aldiz, aurora boreala irudikatzen du; izan ere, aurora borealaren finlandierazko izena revontulet (edo euskaraz, azeriaren sua) da. 1960. urtean Aarno Liuskialak marraztu zuen Sodankyläko armarriak udalerriak antzinako kulturarekin eta samitarrekin duen harremana irudikatzen du [15].

[aldatu] Biztanleria

Ia 9.000 biztanleko udalerria, Rovaniemi goitiko Lappiko herri handiena da; hala ere, bere sekulako azalerak Finlandiako dentsitate txikienetariko udalerria bilakatzen du. Herrialde osoan bezala, erlijio nagusia luteranismoa da, eta hainbat eliza daude udalerri osoan zehar; hala nola, eliza berria eta Sodankyläko eliza zaharra. Antzinean, udalerria samitarren esku zegoen, baina hegoaldetik iritsitako etorkin finlandiarrek egoera aldatu zuten; gaur egun, sami-etniakoen ehunekoa ez da laura ere iristen.

Hamalau urte beherakoen kopurua, biztanleria guztiaren %14,5a da eta hirurogeita lau urte gorakoena berriz, %19,4a [16].

Sodankylätar ospetsuak dira, besteak beste, Andreas Alariesto margolaria, 1991ko Eurovision txapelketan parte hartu zuen Kaija Kärkinen abeslari eta antzezlea, Johanna Sinisalo idazle ospetsua, Stepa raperoa eta grekoerromatar borrokako hainbat lehiaketa irabazi dituen Pertti Ukkola.

Biztanleriaren bilakaera [17]
1970 1975 1980 1985 1990 1995 1998 2000 2002 2004 2006 2008 2010 Orain
10.654 10.062 10.117 10.490 10.576 10.736 10.283 9.922 9.489 9.336 9.081 8.872 8.802 8.801

[aldatu] Samitarrak

Sakontzeko, irakurri: Samitar eta Sápmi

Udalerria samitarren jatorrizko eta berezko lurraldearen barnean dago, Sápmi deituriko lurraldean. Biztanleriaren %4a, talde-etniko honen parte da (350 lagun inguru), baina bakarrik %2 justuak hitz egiten du iparraldeko samieraz ama hizkuntza gisa; gehienak Sodankylä iparraldeko herrixketan bizi dira. Sami lurralde osoan bezala, bertan bizi diren samitarrak parlamentuak sortzen eta modaltzen dituen legeekin eta eskubide bereziekin babesturik daude euren hizkuntza eta kultura gal ez dadin. Honela, udalerria, bi kultura ezberdinen artean eratzea lortu da, bien arteko ezberdintasunik gabeko bizimodua, oreka eta bizikidetza direla oinarri. Samitarren ohiturak, hizkuntza eta lurrak babesten dituen Finlandiako Sami Lurraldea sortu zuen udalerriak 1973. urtean (Enontekiö, Inari eta Utsjokirekin batera).

XX. mendeko eskola zaharra.

Kemijoki ibaiaren eta Kitinen eta Luiro ibaiadarren ertzean bizi ziren samitarrak (haien artean sodankylätarrak), XIX. mendean desagertu zen hizkuntza berezi batean hitz egiten zuten, kemieraz edo kemi samieraz.

Udalerriaren izena iparraldeko samieraz Soađegilli, inarieraz Suáđigil eta skolteraz Suäˊđjel da; lehenengoa baino ez da Sodankylären izendapen ofizialetako bat.

[aldatu] Hezkuntza

Lehen hezkuntzako bederatzi eskola publiko daude udalerrian, bakoitza herrixka garrantzitsuenetan. Hala ere, bigarren hezkuntzako eskola bakarrik Sodankylä herrian dago, eta haurrak hezten jarraitzeko haraino eraman behar dituzte euren gurasoek.

Udalerrian, iparraldeko liburutegi handienetako bat dago ia 100.000 liburu dauzkana.

[aldatu] Kultura

Eraikin erlijiosoez gain, hainbat eraikin garrantzitsu daude udalerrian; hala nola, herriko sauna-etxe nagusia, XX. mende hasierako nekazal-eraikinak, eta margolanak eta XIV. mendeko eskiak dauden museoa. Hala ere, erlijio-eraikinak dira nagusi:

  • Eliza zaharra: 1689. urtean eraikitako eliza zutik dirauen Finlandiako egurrezko eliza zaharrenetarikoa da. Sodankyläko historian berebiziko aldaketa bat eragin zuen elizak, suediarrek udalerrira garapena ekarri nahian eraiki zuten lehen eraikuntza izan baitzen. 1980. urtean eraberritu ondoren, 220 lagunentzako edukiera duen eliza hau udalerriko eraikin bereziena bihurtu zen. Hala ere, bakarrik egun berezietan eta udan erabili ohi da; izan ere, adina kontuan izanda, alkateak ahalik eta gutxien erabiltzea erabaki zuen [18].

[aldatu] Ospakizun bereziak

Sakontzeko, irakurri: Gauerdiko Eguzkia Zinemaldia

Sodankyläko abagune garrantzitsuena Gauerdiko Eguzkia Zinemaldiak ekainean irauten duen astea da. 1986. urtean hasi zenetik, bere ospea hazten joan da eta urtero filme hobe eta erakargarriagoak eskaintzen ditu [20].

Pyhä-Luosto Parke Nazional inguruko errepidea.

[aldatu] Ekonomia

Zerbitzuen sektorea da nagusi udalerrian, langileen %79ak bertan lan egiten baitu. Industria hitza ezezaguna denez bertan, gainontzekoak, basogintzan edo abeltzaintzan aritu ohi dira.

Nahiz eta Lappiko beste udalerri batzuk (Inari, Rovaniemi, etab.) baino turista gutxiago erakarri, hauen kopurua haziz doa urtetik urtera. Normalean, arrantza egiteko, naturaz gozatzeko (Pyhä-Luosto eta Urho Kekkonen Parke Nazionalak), udako gauerdiko eguzkia ikusteko, eta batez ere, Zinemaldi-garaian etortzen dira.

Azken urteotan basozainek eta abeltzaintzan jarduten diren biztanleek elkarren aurkako hainbat borroka izan dituzte; izan ere, abeltzainek elur-oreinak hezteko eta babesteko udalerriko basoak erabiltzen dituzte. Ika-mika asko egon zen bertan, baita Inari bizilagunean ere; hala nola, 2005eko udaberrian esaterako, Greenpeaceko hainbat lagun hurbildu zen udalerrira basoa murriztea eragotzi nahian Finlandiako Gobernuarekin [21].

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Sodankylä

[aldatu] Ikus, gainera

[aldatu] Kanpo loturak

[aldatu] Iruditegia

[aldatu] Erreferentziak

Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak