Software librea hezkuntzan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ikastetxeetan Software Librea erabiltzearen aldeko zenbait arrazoi.

Software librea hezkuntzan eztabaidagai handia izan da, software librearen erabilerak eragindako garrantzitsuenetakoa. Software libreak erabiltzaile bakarrarentzat onurak baditu, herri administrazioak ere onurak lor ditzake Linux edo bestelako plataformak eskuratuz eta Estatuko sail guztietako sistema informatikoek behar diren kode zabaleko programak eskuratuz gero.

Gaur egun, aukera libreak seriotasuna lortu du eta horren adibidea da hainbat estatuko gobernuek bere aldeko apustua egin dutela.

Argudioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irakaskuntzan, hezkuntzan, teknologia berriekin lan eginez gero, zein da aukerarik onena? Bakarrik software librea erabili? Ala edozein software mota erabili, software libre edo jabeduna ote den kezkarekin denborarik galdu gabe?

Egon badago hezkuntza sisteman software librea lehenestearen aldeko iritzi-korronte bat[1][2][3][4][5][6][7][8][9][10][11][12]. Hezkuntzan betiere software librea hobestearen aldeko argudio batzuk bildu dira hemen. Argudio hauek, beraz, eskoletan software librea erabili behar dela defendatzen dute eta software jabeduna saihestu egin behar dela[oh 1]:

  1. Argudio ekonomikoa. Burujabetza teknologikoa. Sistema eragile bat[13] eta bulegoko paketea erostea, biak merkatu lizentziarekin, 50 eurotik gora balio izaten du ordenagailu bakoitzeko, eta gastu hori bi edo hiru urtero berriztatu egin behar izaten da. Hirugarren munduko herrialdeek ezin dute inola ere horrelako dirutzarik atzerrira bidali, are gutxiago gastua saihestu daitekeenean. Estatu batek sistema operatiboak erosteko erabiltzen duen dirua aurreztu daiteke Linux sistemara pasatuz gero, doan ematen den sistema delako. Dohainik dira, baita ere, azken aplikazio guztiak, bulegoetako paketeak, nabigatzaileak, posta-elektronikoa kudeatzeko aplikazioak eta abar. Software librea merkeagoa da. Merkeago sortu eta banatu daiteke[14].
    1. Herrialdeko bertako enpresek edo pertsonek errazago kudea ditzakete sistema libre eta irekiak kanpoko enpresen sistema itxi eta jabedunak baino. Horniketa, kudeaketa, konponketa lanak merkeago egin daitezke eta sortzen den balio erantsia herrialdean bertan geratzeko aukera hobeak eskaintzen ditu software libreak.
    2. Iraungitze programatua eskaini ohi dute ustez doaneko zerbitzua edo zerbitzu merkea eskaini ohi duten zenbait enpresek. Software Libreko programen eguneratzeak ere libreak dira, eta ia beti doanekoak. Orokorrean Software Libreak bizitza erabilgarri luzeagoa du software pribatiboak baino, oso arraroa delarik zaharkitua geratzea. Horrek lagundu egiten du software mota horrekin eskuratzen diren trebetasunek denboran iraun dezaten. Gainera gailuak software libreaz hornitzeak zaharkitzapen programatuari aurre egiteko balio du. Izan ere, enpresa askok software pribatiboaz baliatzen dira gailuak, halako batean, moteltzeko edo erabilgarri izateari uzteko. (Ustez erabat zaharkituta geratu diren gailuak, askotan, software libreaz "berpiztu" egin daitezke).

2. Autonomia teknologikoa. Norbaitek software librea aukeratzen badu, software honek kode nagusira iristeko eskaintzen dituen aukerei esker, erabiltzailea asko kontsumitzaile izatetik software garatzaile izatera pasa daitezke. Horrek esan nahi du, edozein herrialde edo enpresatako sail bakoitzak dituen behar berezietara egokitu ahal izango direla programak eta egin daitezkeen aldaketa horiek guztiak software libreak eskatzen dituen baldintzak jarraituz egin ahal izango direla. Ezin da horrelakorik software jabedunarekin gertatu. Alderantziz, software jabedunarekin errazago gerta daiteke softwarearen jabea den enpresak edo korporazioak bere interesak babesterakoan softwarean egin daitezkeen aldaketei bidea moztea. Honelako softwarearekin, aldaketak softwarearen jabea den enpresako programatzaileek eta beste inork ezin baditu egin, balizko aldaketa batzuei bidea ixten zaie. Software librearekin, ordea, erabiltzaile aurreratuenek aldaketak egin ditzakete bere interesei jarraiki. Eta erabiltzaile batzuen ekarpenak, software librean, software hori erabil dezaketen besteentzat ekarpen interesgarri izan daitezke.

Software librearen komunitateak neurriak ezartzen ditu ekarpenik positiboenak sustatzeko eta egindako aldaketa kaxkarrak baztertzeko.

3. Segurtasuna. Kontrakoa uste bada ere, programen kodeak argitaratzea ez doa segurtasunaren kontra, alde baizik. Software librea erabiliz gero programa batek zer egiten duen jakin daiteke, zer nolako informazioa erabiltzen duen eta nola. Segurtasuna ona izateko, argitasunean oinarritu behar da. Software pribatiboak ezkutatu egiten ditu informazio horiek denak eta askotan ez dakigu ze informazioa ari den bidaltzen urruti dauden beste konputagailuetara. Informazio erreserbatua bidali dezakete programan oker bat dagoelako edo fabrikatzaileek nahi izan dutelako. Beraz, software jabedunarekin antibirus eta suhesi programa gehiago behar izaten dira. Programa horiek ziurtasuna saltzen dute eta sistemaren errekurtsoak xahutzen dituzte. Garestiagoa izateaz gain sistema ez ote doan motelago eztabaida daiteke. Software librea seguruagoa da.

Gainera, irakasle eta ikasle guztien datuak "lainoan" gordetzea, hau da enpresa erraldoien zerbitzarietan gordetzea, segurtasun sentsazio faltsua ematen du. Erabiltzaileek bere datuen zaindari izaten ikasi beharko lukete hezkuntza prozesuan zehar, beren segurtasuna zaintzen ikasi beharko lukete. Monopolio egoeratik hurbil dauden enpresei lan hori uztea arriskutsua izan daiteke.

4. Pribatutasuna. Erabiltzaileen datu pertsonalak, proiektu eta ikerkuntzen emaitzak enpresa pribatuen esku uzteak datu hauen pribatutasunaren bermatzea ezinezko egiten du. Datuak “hodeian” gordetzea enpresa pribatu batzuek zerbitzarietan gordetzea da. Zerbitzarien jabeek datu horiek ondo gordeko dituzte, beren altxorra baitira.

5. Hornitzaileen independentzia. Software jabeduna erosiz gero, fabrikatzailearekiko menpekotasuna sortuko dugu. Software mota hori ezarri ondoren fabrikatzailearen menpe geratzen gara edozein jarduera lortzeko, eta gehienetan, jarduera horiek ordaindu dugun baino diru gehiago inbertitzera eramango gaituzte. Software librearen politikaren ordea, enpresa edo Estatu batek software baten garapenagatik dirua ordaintzen badu, bere kode iturriari eskuratzea eskatuko du, eta beraz, etorkizunean aldaketan egin nahi baditu kodea beste batzuei eman diezaieke horiek garatu dezaten.[15]

6. Argudio demokratikoa. Informazio eta komunikazio teknologia berriek oso leku garrantzitsua dute gaur egungo gizartean. Teknologia berriak erabiltzen dituztenak gero eta gehiago diren arren, oraindik ere “zulo teknologikoa” oso handia da, eta egun ezarri den ereduarekin, teknologia erabiltzeko aukera izatea edo ez izatea gizarte garatuenean sartzeko edo ateratzeko faktore bihurtu da; pertsona batzuk baztertzeko faktorea.

Software librearekin, ordea, informazioaren demokratizazioa bultzatzen da, inorenak ez diren protokoloak eta programazio lengoaiak erabiltzen direlako. Gainera, software librea edozein hizkuntzetara itzul daiteke, eta erabiltzaileak, softwareak ezartzen dizkion ezaugarrietara egokitu beharrean, softwarea bere beharretara aldatu eta egokitu dezake.

Hezkuntza Baliabide Irekiak, -HBI-, Zergatik erabili HBIak? Extremadurako CEDEC egindako kartela. (IRALEkoek euskarara ekarria).

6.1 Administrazioari eta hezkuntza sistemari formatu irekiko euskarriak hobesteko eskatu behar zaie? Hezkuntzan, formatu irekiak hobetsi beharko dira formatu jabedunak zabaltzeko software jabeduna behar delako.

7. Hizkuntzen argudioa. Hizkuntza gutxituetan software jabedunen enpresen menpe geratzen dira bere hizkuntzetako software bertsioak lortzeko, lokalizazioak egiteko. Software librearekin, ordea, boluntarioek egin ditzakete nahi dituzten itzulpenak. Batzuetan herri administrazioek dirua eman izan diote enpresa handiei haien aplikazio informatikoak zenbait hizkuntzetara itzultzeko, baina batzuetan, enpresa handi batzuei ez zaie interesatu hizkuntza gutxituetan itzulpenak egotea[16]. Software librearekin erabiltzaileak libre dira itzulpenak egiteko eta software librea nahi beste hizkuntzetan aurkezteko.

Programen lokalizazioa, hizkuntza jakin bateko bertsioa, software librearekin, edozein hizkuntzatara itzultzeko irekia dago, bestela ez da software librea. Edozein herri-administraziok, edozein taldek edo boluntariok[17] egin dezake software librearen lokalizazioa. Lokaliza daitezke pakete guztiak edo pakete jakin batzuk bakarrik. Aurreko itzulpenen zuzenketak egiteko aukera ere, zabalik, irekia egon behar du.

Zergatik erabili ikastetxeetan software askea? Zazpi arrazoi. Extremadurako CEDEC egindako kartela. (IRALEkoek itzulita).

Argudio honi eusten diote, esate baterako, Chromebooken erabilera euskarazko ereduetan kritikatzen dutenek. Izan ere, Chromebookek nabigatzaile bakarra onartzen dute eta urtetan ez dute nabigatzaile hori euskarara lokalizatzeko beharrik ikusi. Bestalde, Xuxen eta Hobelex bezalako gehigarriak software libreko aplikazioetan erraz erabil daitezke, software pribatiboko aplikazioetan txertatzea, ordea, ez da hain erraza izaten. (Lainoan dauden aplikazioetan ere, nekez txerta daitezke euskaraz lan egiteko hain lagungarri diren gehigarri horiek).

8. Arrazoi praktikoak. Ikastetxeetan software librea egonez gero, ziurtasun handiagoa egoten da eta askatasun handiagoa eman dakieke erabiltzaileei programa informatiko edo plugin berriak instalatzeko edota eguneratzeko. Informatika enpresen eta informatika adituen dependentzia ez da hain handia. Aplikazio informatikoen, aplikazioen eta gehigarrien eguneraketa modu askoz errazago eta seguruan egin daiteke, erraz eta doan. Edozein erabiltzailek egin dezake.

9. Argudio hezitzailea. Ikasleak software kontuetan lehen urratsak emateko bi aukera dauzkate. Software libretik hastea edo software jabedunetik hastea. Software libretik hasiz gero gardentasun handiagoa topatuko dute eta lan egiteko ohitura batzuk hartuko dituzte. Konpetentzia digitala lantzeko, software jabeduna erabilita gardentasun eskasagoa, erabiltzen ari diren softwarearen barne-muinak zifraturik. Gardentasunik ezarekin moldatu beharko. Problema bat konpontzeko bidea, ezabatu eta berriro instalatu batere gardena ez den zerbait... Software librearekin arazoa komunitatearekin parteka daiteke eta askotan boluntarioen doaneko laguntza online lor daiteke.

Ikasleak txikitatik software jabedunetan ohitzea monopolio edo oligopolio handientzako bezeroak sortzea dela diote ahots kritikoenek. Ikastetxeetako jantokietan zabor-bazka azkarra ematearen pareko. Eta irakasleak korporazio handi horien doaneko komertzial-saltzaile bihurtzen omen dira.

Aplikazio eta programen iturburu kodea irakurtzeko eta kopiatzeko aukerak zabalik egotea, ezin utzizko aukera da programazioa ikasi nahi dutenentzat.

10. Algoritmoa. Hezkuntzaren testuinguruan irakasle askok aplikazio pribatu edo pribatiboak erabili eta sustatu egiten dituzte. Badirudi zenbait aplikazio, sare sozial itxura daukatenak bereziki, hezkuntzan ohikoak diren irizpide eta baloreetatik urruti daudela eta ikasleen fidelizazioa bilatzen duten algoritmo batzuen menpe egoten direla[18]. Horrela bada, algoritmo horien helburu nagusia ez da ikasleek asko ikastea eta, esate baterako, jarrera kritikoa garatzea. Algoritmoen helburu nagusia enpresa pribatuaren mozkinak handitzea omen da eta horretarako ikasleek ahalik eta denbora gehien aplikazioaren baitan ematea eta ahalik eta klik gehien egitea da izan daiteke xedea[19][20]. Hezkuntzan ere ibiltzen diren enpresa batzuek jaso dituzte salaketak.[21][22][23][24]

AEBn salaketa ospetsu bat abiatu zen 2022. urtean zenbait eskola eta familia informatika enpresa handi batzuen kontra[25]. Salaketa, 92 foliokoa, non konpainia horiek arretaren ekonomia nola ustiatzen duten zehazten den, ikasleek pantailaren aurrean denbora ahalik eta gehien luzatzea bilatzen dutela salatzen dute. «Diru-iturri nagusia publizitatea denez, erabiltzaileek zenbat eta denbora gehiago eman plataformetan, orduan eta iragarki gehiago sal ditzakete». Hiru manipulazio-taktika deskribatu dituzte:

  • «Algoritmoek eduki pertsonalizatua ematen diote erabiltzaile bakoitzari, giza alborapen kognitiboen ahuleziak aprobetxatuz erabiltzaileek agortu arte "pantaila kontsumitu" dezaten. Gazteen denboraren pertzepzioa desitxuratzen duen fluxu amaigabea».

  • «Elkarrekiko aurkakotasuna ustiatzen da, eta fenomeno horren ondorioz, pertsonak behartuta sentitzen dira adiskidetasunezko zein aurkako ekintzei erantzutera. Horregatik, sare sozial pribatuek automatikoki jakinarazten diote igorleari noiz ikusi den mezua, ea erreakziorik sortu duen».

  • «Las Vegaseko makina txanponjaleak imitatzen dituzte algoritmo pribatuek aldizkako sari aldakorrak erabiliz, "gustatu zait" ikurra bezala, dopamina atseginez deskargatzea eragiten duten iruzkinak edo emotikonoak. Erantzunaren kargan segundo batzuk atzeratzeak, gainera, erantzun positiboa jasotzeko antsietatea areagotzen du»[26]

11. Lankidetza, kooperazioa, sustatzen du software libreak. Irakasle, ikasle, ikastetxeen artean egindako garapenak eta mota guztietako lanak elkarbanatu, trukatu, oparitzeko aukera ematen du.

12. Irudimena, asmamena, sustatzen du software libreak. Imajinatu nola. (Laguntza: sormenak askatasunaren beharra du).

13. Askatasunaren argudioa. Software librearen askatasunak arrisku, mehatxu, bezala antzemango ditugu hezkuntza sistemaren baitan ala hurrengo belaunaldiak gero eta gizarte libreago baterako hezi nahi dugu? Noraino dira arriskutsuak askatasun horiek software kontuetan? Noraino da arriskutsu, esate baterako, ikasle batek bere gailuan aplikazio bat instalatzeko askatasuna izatea?

14. Software librea fidagarria eta atsegina da[14]. Gaur egun, software libreko aplikazio asko daude eskuragarri, testuak editatzeko programak, irudiak, aurkezpenak eta bestelakoak barne; beraz, oso litekeena da hezkuntza-premia bakoitzerako aplikazio libre bat egotea.

Estatu politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hego Amerikak softwarearen garatzaile onak izatearen ospea izan du, hezkuntza publikoan zein erakunde pribatuetan. Horregatik, alde batetik, programatzaile askori atzerrira lan egitera joateko eskaintzek egin dizkiete azken urtetan, eta bestetik, asko eta asko euren herrietan ari dira softwarea garatzen atzerriko enpresentzat. Hori ez da txarra, baina estatua giza kapital garrantzitsurik gabe geratzen ari dira, eta balio hori atzerriko enpresen esku dago. Estatuak ezin du hori debekatu, baina programatzaileen jakituria hobeto aprobetxatzeko eta bideratzeko bidea jorratu beharko luke estatuak.

Estatuak hain zuzen software librearen ikerkuntza eta garapena bultzatu beharko luke programatzaileak sustatuz. Software arloan hezkuntza finkatu eta hezkuntza programak sortu beharko ditu zulo teknologikoa gainditu ahal izateko. Behar beharrezkoa da horretarako arlo anitzetako taldeak sortzea, gaia aztertu eta arau dezaten. Ildo horretatik esan daiteke, herri administrazioak software librea bereganatzea ezin besteko urratsa dela.

Ez da bide erraza, baina herri administrazioek software librea eskuratzeko eragozpenak aztertzen ditugunez, inoiz ez dira eragozpena teknikoak azaltzen. Eragozpenak enpresa jakin batzuen eskutik datoz, euren onurak eta abantailei eutsi nahi dizkioten enpresen eskutik. Baina bestetan herri administrazioko funtzionarioak ere aldaketak egitearen kontrakoak dira. Beraz, beharrezkoa da nazio eztabaida bultzatzea, software librearen onurak denek ezagutu ditzaten eta beste herrialdeetako esperientziak ezagutu ahal izateko.

Herrialdeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko Hezkuntza sistemetan gehien erabiltzen diren 3 sistema eragileen arteko konparazioa.[13]

Hainbat herri administrazioek software librearen alde egin dute, batzuek euren zerbitzari eta mahaigain sistemak migratuz, eta beste batzuek diru-laguntzak eskainiz.

Adibide gisa, Alemania, Argentina, Brasil, Dominikar Errepublika, Ekuador, Espainia, Frantzia, Kuba, Txile, Txina, Mexiko eta Venezuela aipatu daitezke.

  • Alemania: Kroupwareren garapenagatik ordaintzen. Gainera, Munich bezalako hiriek bere sistemak Debian GNU/Linux-era migratu zituen eta SUSE izeneko banatzaile alemaniarrera.
  • Argentina: Linux eta oro har software librearen garapena gauzatzeko atari bat ireki dute, (Softwarelibre.gov.ar). Santa Fe Probintziak 2004. urtetik 12.360 legea du Herri Administrazioak software librea erabili dezan. Egun, legealdian beste lege bat aztertzen ari dira, probintziak ekoizten den software guztia GPL lizentziaren menpe aska daitezen. Aipatzekoa da baita ere, Rosario hiriko "Muñiz" proiektua. Proiektuak egun 300 lanpostu migratu ditu.
  • Brasil: Brasilgo Gobernua izan zen lehena mundu osoan herri administrazioan software librea hedatu zuena. Rio Grande do Sul estatuak onartu zuen software librea erabiltzearen aldeko legea.
  • Ekuador: Bertako gobernuak software librera migratzea onartu zuen 2008ko apirilean.
  • Errusia: 2008ko urtarrilean eskola guztietako sistema informatikoak Software librera pasatzearen alde egin zen.
  • Espainia: Hainbat autonomia gobernuek euren banatzaile propioak garatzen ari dira, administrazioan ez ezik, hezkuntza arloan ere erabiltzeko. Horrela, Extremaduran LinEx dute, GuadaLinex Andaluzian, LliureX Valentziako Erkidegoan, Milinuz Gaztela-Mantxan. MAX Madrilgo Erkidegoan, Trisquel Galizian, Linkat Katalunian eta Melinux Melilla. Hauetako banatzaile batzuk Debian-en oinarrituta daude, besteek Ubuntu Linux erabiltzen dute eta beste batzuek OpenSuSE.
  • Euskal Herria. Luberri banaketa[27][28], Moodle, Nextcloud eta software libreak eskaintzen dituen beste aukera libreekin hainbat irakasle badabiltza bere kabuz, ikastetxe bakar batzuetan lanean. Hezkuntza Sailek, baina, Windows sistema eragilea hobetsi dute denbora luzean eta Google enpresako gailu eta softwareari atea zabaldu diote. Badago, baita Apple enpresaren produktuak hobetsi duen ikastetxerik, (ikastetxe publikoren bat[29] ere bai)
  • Frantzia: Frantziako Nazio Biltzarrak 2006an bere sistemak GNU/Linux-era migratzea erabaki zuen.
  • Italia: Bertako legebiltzarrak 2007an SUSE Linux erabiltzea erabaki zuen.
  • Katalunia: plan pilotu batzuk[30].
  • Kuba: Cuban Gobernuak eskaera ofiziala egin du software librea ezartzen joateko, bereziki Linux. Informed izeneko sare publikoa aitzindari izan zen software librea erabiltzen.
  • Mexiko: Mexikoko Gobernuak ere lehentasuna eman dio Linux erabiltzeari.
  • Txile: Hezkuntza ministerioak eta Unibertsitateak EduLinux sortu zuten, egun 1500 eskola eta Txileko liburu gehientsuenetan erabiltzen den banatzailea. Txileko Gobernuak herri administrazioan software librea ezartzea onartu zuen, eta Microsoft-ekin eskoletako eta liburutegietako sareak mantentzeko zuen akordioa hautsi ondoren.
  • Txina: Sun Microsystems-ekin akordioa du milioika Java Desktop System banatzeko(Linux-en banatzailea)
  • Venezuela: Gobernu Nazionalak software librea eta GNE/Linux herri administrazio osoan erabiltzeko dekretua onartu zuen, ministerio eta gobernuko bulego guztiak barne. Era berean, software librearen ikerketa eta garapena suspertzen ari dira.

Software librea hezkuntzan ez erabiltzeko argudioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Zailagoa omen da. Software pribatiboarekin ohitutako erabiltzaileentzat, zailagoa da, nonbait, software librea erabiltzea. Ez da berezko zailtasuna, ohitura kontua baizik.
  • Itsusiagoa omen da. Software librean erabiltzen den grafismoa ez omen da enpresa pribatuek eskaintzen dutenaren parekoa, nonbait. Iritzi kontua dela ere esan daiteke.
  • Segurtasun gutxiagokoa omen da. Kode irekia duen softwarea etengabe hobetu egin daiteke, ez da software pribatiboaren aldean segurtasun gutxiagokoa. Mito bat da.
  • Garestiagoa omen da. Lizentziak besterik ez omen dira ordaindu behar software pribatiboa erosiz gero. Zaharkitze programatua, ikasle eta irakasleen datuen enpresari dohaintzan ematea kontabilizatu gabe uzten dira maiz.
  • Ez omen da praktikoa. Errazagoa da software pribatiboa instalatuta dakarren gailuak erostea eta enpresa handiei lizentziak ordaintzea, bertoko enpresekin horrelako zerbitzuak hitzartzea baino.

Ekintzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enpresa pribatuek hezkuntza sisteman hartu duten nagusitasunari buruzko kezka eta kritika erakusten duen bideoa.

2017. urtean, guraso batzuk eta irakaskuntza munduko langile batzuk hainbat ekintza proposatzen hasi ziren software pribatiboak eskoletan zuen nagusitasunari aurre egiteko. Alde batetik Nextcloud, LibreOffice online, Collabora bezalako alternatibak, euskaraz ondo lokalizatuak eskaintzeko urratsak eman ziren, bestetik Google eta Microsoft bezalako enpresek eskaintzen zuten zerbitzuaren kritika ezkorra, taldetik harago eraman nahi izan zuten, gizarteratu nahi izan zuten. Manifestuak, kartelak, esku-orriak, etab. ekoiztu zituzten. Webgune bat ere argitaratu zuten[31], albisteekin eta haiek ekoiztutako materialekin.

2017. eta 2019. Durangoko azoketan[32][33][34] burujabetza teknologikoa Euskal Herrian sustatzeko hainbat proposamen plazaratu ziren. 2021ko otsailean, hezkuntzan software librea sustatzearena aldeko egitasmoa EAEko Legebiltzarrean defendatu zen.[35] Antzeko egitasmoak defendatu egin ziren 2021ean berriro ere EAEko Legebiltzarrean.[36][37]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Argudio sortaren baitan ez dago sailkapenik. Lehen argudioa nabarmenduko dute batzuek, seigarrena beste batzuek... Wikipediara argudioak handik eta hemendik ekarri ditugu (ikus erreferentziak), eta ez dugu garrantzitsuenetik azalekoenetara doan sailkapenik topatu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Dokumentazioa - Software Askea Jakintza ikastolan» softwareaskea.jakintza.net (Noiz kontsultatua: 2021-07-06).
  2. (Gaztelaniaz) «No Firméis la Autorización para el Uso de Google Suite en las Escuelas» Xnet - Internet, derechos y democracia en la era digital 2019-09-06 (Noiz kontsultatua: 2019-11-17).
  3. (Ingelesez) Nextcloud. «EU governments choose independence from US cloud providers with Nextcloud» Nextcloud (Noiz kontsultatua: 2019-11-17).
  4. (Ingelesez) «Microsoft, Google and Apple clouds banned in Germany’s schools» Naked Security 2019-07-17 (Noiz kontsultatua: 2019-11-17).
  5. Gabilondo, Alex. (2017-10-30). «Luberri: Monopolioen aurrean software librea» Luberri (Noiz kontsultatua: 2019-11-17).
  6. admin. Hezkuntzan ere Librezale taldearen Komunikatua – Hezkuntzan Librezale. (Noiz kontsultatua: 2019-11-14).
  7. «"10 minututan" Software askea hezkuntzan; "10 minututan" podcast saioan, Dabid Martinezen galdera bati erantzunez, Maite Goñik Iñigo Gebarari elkarrizketa • ZUZEU.eus» ZUZEU 2019-11-13 (Noiz kontsultatua: 2019-11-14).
  8. (Ingelesez) Singer, Natasha. (2017-05-13). «How Google Took Over the Classroom» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2019-11-17).
  9. (Gaztelaniaz) Martí, Jordi. (2019-11-14). «Dos reflexiones a bote pronto sobre competencia digital y las TIC» XarxaTIC (Noiz kontsultatua: 2019-11-17).
  10. Basurko, Izaro. (2017-10-18). «Google hezkuntzan» izaroblog (Noiz kontsultatua: 2019-11-17).
  11. «Jokin, nola partekatzen da irudi bat zurekin Inkscapen?» Koolaborategia 2017-10-17 (Noiz kontsultatua: 2019-11-17).
  12. «EHU ez dago salgai!» Pribatizazioari STOP! EHU ez dago salgai! (Noiz kontsultatua: 2020-07-09).
  13. a b Sistema eragileen arteko konparazioa – Hezkuntzan Librezale. (Noiz kontsultatua: 2021-03-02).
  14. a b «Software Libre en Educación, ¿Es necesario? | VIU» www.universidadviu.com/es/ (Noiz kontsultatua: 2020-03-01).
  15. (Gaztelaniaz) «Política de datos de Instagram: Guía simplificada | Blog de Instagram» about.instagram.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-15).
  16. Rojas, Joxe. (2003-12-01). «Applek debekatu egin du Mac OS X Euskaraz» Hamaika ikusteko - Sustatu (Noiz kontsultatua: 2017-11-25).
  17. (wikimedia) Zer da Librezale?. (Noiz kontsultatua: 2017-11-25).
  18. Igor, Leturia Azkarate. (2016-06-01). «Algoritmoen meneko» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-24).
  19. «Algoritmoek hezten gaituzte?» ZUZEU 2022-01-30 (Noiz kontsultatua: 2023-04-23).
  20. (Gaztelaniaz) «Adicción a Internet en niños y adolescentes: consecuencias de una vida entre pantallas» El Diario de la Educación 2020-07-06 (Noiz kontsultatua: 2023-02-24).
  21. Argarate, Lorea. «Digitalizazioaren eragina hezkuntzan» Sarean .eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-24).
  22. (Gaztelaniaz) Calvo, Jorge. (2022-04-25). «Algoritmos en redes sociales: ¿cómo afecta a los niños y adolescentes?» www.educaciontrespuntocero.com (Noiz kontsultatua: 2023-02-24).
  23. (Ingelesez) Directorate-General for Education, Youth; PPMI; Flecha, Ramon; Villarejo, Beatriz; Pulido, Cristina; Racionero, Sandra; Redondo, Gisela; Torras, Elisabeth. (2020). Effects of the use of digital technology on children’s empathy and attention capacity: analytical report. Publications Office of the European Union  doi:10.2766/947826. ISBN 978-92-76-13055-0. (Noiz kontsultatua: 2023-02-24).
  24. (Gaztelaniaz) «Un entorno digital seguro para niños, niñas y adolescentes | UNICEF» www.unicef.es (Noiz kontsultatua: 2023-02-24).
  25. (Gaztelaniaz) «Los colegios acusan | 114 escuelas ponen contra las cuerdas a Facebook, Instagram, TikTok, YouTube y Snapchat» www.lavozdegalicia.es (Noiz kontsultatua: 2023-02-24).
  26. (Gaztelaniaz) Velásquez Loaiza, Melissa. (2021-10-29). «Adicción a las redes sociales: ¿Por qué nos atraen tanto?» CNN (Noiz kontsultatua: 2023-11-15).
  27. Eskola 2.0 ekipoak – LUBERRI sistema – Sare Hezkuntza Gela. (Noiz kontsultatua: 2021-03-02).
  28. Gabilondo, Alexander. «Luberri: Luberri deskripzioa» Luberri (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).
  29. «iPADari buruzko OHIKO GALDERAK - I.E.S. Miguel de Unamuno B.H.I.» proiektuberriaunamuno.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-02).
  30. (Gaztelaniaz) Tortosa, Mauro. (2020-12-10). «La plataforma Xnet y tres colegios de Barcelona 'sacan' a Google de las aulas con un plan de digitalización alternativo» infoLibre.es (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).
  31. Guri buruz – Hezkuntzan ere Librezale. (Noiz kontsultatua: 2019-12-07).
  32. Azoka, Durangoko. (2017T05:23). «#52DA | Irakasle, guraso eta hezkuntza komunitatearen inguruko jendeak osatzen du 'Hezkuntzan librezale'. Jendez gainezka egon da @kabiadurango hezkuntzan teknologiaren erabilpena ezbaian jartzen ari diren eztabaidan!pic.twitter.com/76sqkK5uiT» @durangokoazoka (Noiz kontsultatua: 2019-12-07).
  33. Azoka, Durangoko. (2017-12-09). Kabi@. (Noiz kontsultatua: 2019-12-07).
  34. «54. Durangoko Azoka - Kulturaren Plaza - EGITARAUA» kabia.durangokoazoka.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-07).
  35. Hezkuntza alorrean burujabetza teknologikoa aldarrikatzen Eusko Legebiltzarrean – Hezkuntzan Librezale. (Noiz kontsultatua: 2021-03-23).
  36. Hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren digitalizazio oinarriak zehazteko PONENTZIA – Hezkuntzan Librezale. (Noiz kontsultatua: 2022-01-07).
  37. Iratxe Esnaola. Hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren digitalizazio oinarriak zehazteko PONENTZIA – Hezkuntzan Librezale. (Noiz kontsultatua: 2022-01-07).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]