Sorgin

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Sorgin
Sorginak lapiko inguruan
Pertsonaia Mitologikoaren Ezaugarriak
Mota Izaki Mitologikoa
Mitologia Euskal mitologia
Lekua Euskal Herria
Europa
Ipar Amerika

Sorginak, euskal mitologian, Mariren leizeetan haren neskame dauden ahaideak dira. Gauetan akelarre izeneko bilerak egiten dituzte. Zuberoan Belagile izena hartzen dute.

Batzuetan, sorginak lamiekin nahasten dira, nahiz eta izaki bera ez izan. Haiekin eta batez ere jentilekin batera, historiaurreko monumentu megalitikoak eraiki izana egozten zaie tokiko usadioen arabera, hau da, trikuharri, harrespil eta zutarriak.

XV-XVI-XVII. mendeetan, Europa osoan bezala, Euskal Herrian sorginen aurkako hainbat epaiketa egin ziren, batez ere 1609an Pierre de Lancre epaileak Lapurdin egindakoa eta 1610an Logroñoko prozesuan Zugarramurdiko akelarrearen aurka. Auzi hauetan guztietan herri-sineskerak, erlijioa, auzokideen arteko liskarrak eta politika elkarrekin nahasita zeuden.

Sorgin-ehizak edo Aro Modernoko jazarpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aro Modernoaren hasieran, Europa osoan barreiatu zen sorginenganako izua eta, horregatik, haien aurkako jazarpena eta epaiketak. Euskal Herrian ere izan ziren epaiketa edo sorgin-ehiza hauek, batez ere Nafarroa Garaian eta Lapurdin, hau da, Xareta osatzen duten herrien inguruan eta Donibane Lohizune inguruan.

Gaztelako Erresumak 1478 sortu zuen Inkisizioa, batez ere juduen eta musulmanen aurkako epaiketak egiteko. 1512-21 urteetan Nafarroako Erresuma konkistatzean, bertako sineskeren aurka ere ekin zuen, jomuga sorginak hartuz. Garrantzitsuena 1610. urteko Logroñoko prozesua izan zen, Zugarramurdiko akelarreari buruz. 12 emakume erre zituzten, haietako bost sinbolikoki, galdeketetako torturapean hil baitzituzten.

Aurreko urtean, 1609an, Bordeleko epaile zen Pierre de Lancrek epaiketa erraldoia hasi zuen Lapurdin, uste baitzuen ia lapurtar guztiak sorginak zirela. Azkenean, 70 lagun erre zituen, artean zenbait apaiz. Azkenean, Bordeleko Parlamentuak itzularazi egin zuen, lapurtarren matxinadaren beldurrez.

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hitzaren jatorria ez dago argi.

  • Batzuen ustez sor + gin da. Hau da, sor > sor(tu) aditz erroa + -gin atzizkia. Hortaz sortzen duena edo sortzailea litzateke.
  • Beste batzuen ustez, hasierako sor hitza latinetiko sorte litzateke (zori edo patu adieran). Hortaz, patu-egile edo zori-iragarle litzateke.

Elezaharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gauerdian hasi eta goizaldeko oilarraren kukurrukuraino bakarrik iristen da euren aginpidea. Pizti itxura hartzen dute sarritan, eta gorputz atal bat falta zaie gehienetan, eskua, hanka edo burua. Katu itxura hartzen dute maiz. Sorginkeria kentzeko, katuaren itzalari egurra eman behar zaio.

Sorginek, akelarrera joan eta etortzeko, ukendu berezi bat gorputzean hedatu eta honako hitzok esaten omen dituzte:

Sasi guztien gainetik, laino guztien azpitik

Elezahar askotan, sorgin izan edo sorginak miatu nahi duen batek hitzak alderantziz esan (Laino guztien gainetik, sasi guztien azpitik) eta guztiz urratua iristen da akelarrera.

Sorginek, biztanleak izutzeko eta, honako kantua egiten errepikatzen dute:

Ez geala, ba geala,
Hamalau mila hemen geala

Sorginekin zerikusia duten lekuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herria osoan zehar, hainbat leku daude sorginekin zerikusia dutenak, askotan toponimiak adierazten duen bezala.

Araba[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Aramaio: Abadelaueta, Anbotondo eta Amezola lekuak, hala nola Gorbeiako zelai ezezagun bat, akelarre tokia.
  • Maeztu: Margarita Jauri, herriko emakume bat, Zugarramurdiko auziko sorgin bat zen. Errugabe izendatu zuten, baina jasandako atxiloketa eta torturak zirela-eta, askatu zutenetik gutxira bere buruaz beste egin zuen.
  • Urizaharra: Urkiza zelaia akelarre tokia omen zen.

Bizkaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Anboto mendia Mariren egoitza nagusia omen da, askotan Anbotoko Sorgina izena hartuz. Bizilekua Sorginkoba izeneko leize irisgaitzean du.
  • Dima: Petralanda baserria omen zen Arratiako akelarre lekua XVI. mendean, Inkisizioaren arabera.
  • Mañaria: Azkondo leizea omen zen sorginen topalekua, bertako elezaharraren arabera. Jose Miguel Barandiaranek deabruen joko zelaitzat jotzen zituen Akelarre zelaiaren eta Silibranka leizearen arteko amildegiak.
  • Murueta: Etxebartxuko-landa, tokiko elezaharraren arabera.
  • Muxika: hainbat leku daude akelarre tokitzat hartzen direnak, eperlanda izenekoak.
  • Orozko: tokiko kondairak Garaigorta mendia jotzen du akelarre tokitzat. Supelegor leizea, Itxinan kokatua, sorginekin eta batez ere lamiekin lotzen da. Mariren bizilekutzat ere jotzen da.
  • Zeberio: bertako sorginak Diman dagoen Petralandako akelarrera joaten omen ziren, baina lantzean behin Herenoizan egiten zuten bilera.

Gipuzkoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Andoain: zubi zahar bat sorginek eraikia omen da.
  • Ataun: Txabaltxo (errekaren ondoan), Iraubeltz (basoa), Mendabeita (zubia), Zelaun (zelaia), Artzate baserriaren ondoko erreka, Negarregi iturria eta Dantzaleku zelaira sorginak joaten omen ziren. Bertako zenbait izenek argi adierazten dute tokiaren izatea: Sorginiturri, Sorginpelota, Sorginzulo eta Sorgizuloeta.
  • Azkoitia: Kimutxo baserria.
  • Bergara: Itxu mendia, akelarre lekua.
  • Errenteria: Maria Zozoaia, herriko emakume bat, Zugarramurdiko auzian salatu zuten. Inkisizioaren arabera, Matxarana zelaian egiten zituzten bilerak eta Atsegin Soro izena ematen zioten tokiari.
  • Hernani: Sorgintxulo leizea, Barandiaranek idatzi bezala.
  • Hondarribia: Sorginak Jaizkibel mendian elkartzen zirela "jakin" zuen Inkisizioak, Santa Barbara baselizaren ondoan. Tokiko kondairen arabera, Santa Ageda egunean akelarreak izaten ziren Mendelp, Santa Engrazi eta Puntaleako zubietan.
  • Lezo: Ugarte inkisidorea herri honetan pozoitu omen zuten 1531 urtean.
  • Lizartza: Aini mendiko hesi baten ondoan.
  • Mendaro: Silerokua edo Silerene etxean sorgin bat bizi omen zen, katu bihurtuta emakume aratzak jazartzeko.
  • Oiartzun: sorginak Irantzi eta Puilegi amildegietan elkartzen omen ziren.
  • Oñati: Gaiztozulo leizea omen da Mariren eta haren sorgin gortearen bizilekuetako bat.
  • Pasaia: Mari Zuloko Donostian atxilotu zuten, sorginkeria egiteagatik salatua. Gero, harrikatua eta erbesteratua izan zen, Donibane Lohizunen kokatuz.
  • Tolosa: sorginek Ugartebide ondoan garbitzen omen zituzten jantziak, Edar Iturri eta Sorginerrekan elkartzen.
  • Zegama: Mari jainkosa, sorgintzat hartua, Aketegiko Sorgina izena hartzen du. Sorginzulo leizean bizi omen da.

Lapurdi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lapurdin 1609an epaiketa erraldoiak egin zituzten, Pierre de Lancre euskal jatorriko epailearen ardurapean, euskaldun guztiak sorginak zirelako uste osoa zuena.

  • Arrangoitze: herritar guztiak omen ziren sorginak, inguruko herrietakoen ustetan.
  • Azkaine: 1609ko epaiketan, herriko apaiza sutan erre zuten sorgina zelakoan.
  • Donibane Lohizune: Alakoandia zelaia eta Zibururekin lotzen duen zubia.
  • Hendaia: Ondarraitz hondartza zen akelarreak egiteko leku gogokoena, batez ere Lakua izeneko lekuan. 1609ko epaiketan, epaitu batek esan zeruko izarrak beste sorgin zegoen akelarrean.
  • Lehuntze: bertako sorgin asko Sohütan (Zuberoan) egiten zituzten bilerak.
  • Sara: kondairen arabera, sorginak Egoainea, Ihartzegaraia eta Larraburua etxeetan bizi omen ziren. Tokiko akelarrea Fikozelain ospatzen zen. Bertako emakume asko epaitu zituzten 1609an, adingabeko asko eta Txantokorena etxaldeko andrea barne.
  • Senpere: Pierre de Lancre hemen bizi zen 1609ko sorgin-ehizean, Amu gazteluan. Akelarreak hilerriak egiten omen ziren, baita etxeetan ere, Amu gazteluan barne. Herritar askori leporatu zieten de Lancre hiltzeko sorginkeria egitea.
  • Urruña: De Lancrek bertako bi sorgin exekutatu zituen. Beste asko Nafarroa Beherera ihes egin zuten.
  • Uztaritze: 1576 urtean, Lanetabarta etxaldeko Marie Txorropike erre egin zuten. Beste ustezko berrogei sorgin ere hil egin zituzten. Akelarrea Pagola izeneko tokian ospatzen zen.
  • Ziburu: jende asko epaituak izan ziren 1609ko epaiketan, bost apaiz barne.

Nafarroa Beherea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Bidarrai: Ebrain zubia, baita Infenuko zubia izenez ezaguna, lamiek edo sorginek eraik omen zuten gau bakar batean.
  • Eiheralarre: herritar guztiak jotzen ziren sorgintzat. Aspaldi akelartarrak ezizena zuten.
  • Iholdi: bertako sorginek Oxarti errekan garbitzen omen zituzten jantziak.

Nafarroa Garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako eskualde asko jasan zituzten 1610eko Inkisizioaren epaiketak, batez ere Zugarramurdiko akelarrearen inguruan.

  • Abaurregaina: bertan zubi natural bat dago Sorginzubi izenekoa.
  • Altsasu: tokiko kondairak dioenez, Mari Odabe leizean bizi da, zerbitzari sorgin bat duela.
  • Araitz: bertako sorginak Urrizolako maldan elkartzen omen ziren, akelarrera hegan baino lehen.
  • Arantza: sorginak Arrutxipin bizi omen ziren.
  • Areso: Uli leizea, Ulizar mendian, omen zen akelarreak ospatzeko leku gogokoena.
  • Auritz: Basajaunberro (ziur asko oraingo Patxaranberro), Ortzanzurieta menditik hurbil, eta Sorginarizaga, Orreagatik hurbil. Bi sorgin ehiza izan ziren herrian: 1525-27 eta 1575 urteetan.
  • Bargota: Juanis Bargota apaiza sorgin ezaguna omen zen. Harreman berezia omen zuen Vianako sorgin batekin, Endregoto izenekoa. Biak izan ziren epaituak 1610ean, baina Endregoto erre egin zuten eta Juanis Bargota ez, guztiz damutu baitzen.
  • Baztan: 1610ean Urdazubiko Aranibar abadeak jende asko aitorrarazi zuen sorgina zela, tortura erabiliz. 1612an epaiketa zibila hasi zen bertako zazpi emekumeren aurka. Jauregizar eta Jauregizuri dorreetan eginiko torturak hain ziren basatiak, ezen emakumeek Logroñora eramateko eskatu baitzuten, Inkisizioak berak epaitu zitzan, arinagoak izango zirelakoan. Elbeten dagoen Dutxuketan egiten omen zituzten bilerak. Haranean Sorginetxe izeneko trikuharria dago.
  • Bera: bertako sorginak Larrunen egiten omen zituzten akelarreak, Sara eta Azkaineko sorginekin batera.
  • Bertizarana: Inkisizioaren agirien arabera, sorginek Narbarten egiten omen zituzten bilerak. 1611. urtean, Aranibar abadeak eskatuta, sorgin-ehiza izan zen Legasan. Graziana Maribertizena eta alaba ankerki torturatuak izan ziren eta salatutako guztia aitortu zuten.
  • Burgi: 1569ko Inkisizioaren epaiketaren arabera, sorginak Larraoinan elkartzen omen ziren, baita ibaiko urtegian ere.
  • Ergoiena: sorginek Arleze leizea erabiltzen omen zuten. Putxerri leizea (baita Putterri edo Bueitarri) omen zen Mariren bizilekua. Horregatik Putxerriko Damea izena ematen zioten.
  • Erronkari: Bedagin-pikoa omen zen akelarre tokia. Haran osoak jasan zituen jazarpenak 1532an.
  • Etxalar ere 1610eko auzia jasan zuen. Bertan, Aranduriaretxa zelaia (baiat Urristilde edo Sarueta ere) eta Larbure izeneko lekua akelarreak egiten ziren tokitzat jo ziren.
  • Garaioa: 1525ean, Martin Lizuain erre egin zuten Auritzen. 1577an, bost urteko mutiko batek salatuak, zazpi emakume auziperatu eta erregabetu zituzten. haietako bi torturapean hil zituzten.
  • Hiriberri: Petxuberro (edo Petiriberro) mendia Aezkoa osoako akelarre lekua omen zen.
  • Iruñea: 1527an izan zen auzi nagusia.
  • Ituren: bertako akelarrea Mendaur mendian egiten omen zen, gailurretik gertu. Auziak 1525 eta 1610 urteetan izan ziren.
  • Itza: Oskia edo Arkaitz omen ziren bilera tokiak.
  • Izaba: Berin-pikua izeneko tokian egiten omen ziren akelarreak.
  • Larraun: Alli leizetik hurbil, Akelar trikuharria dagoen tokian. Baita ere Urrizolaegia zelaian.
  • Lerga: Campoluengon.
  • Lesaka: 1610ko auzian, Kolunba zelaitik hurbil egiten omen ziren.
  • Miranda Arga: Baionako zelaian.
  • Otsagabia: Akelarrea herriko plazan egiten omen zen, baita Abodibidean ere, baso barnean. Kondairaren arabera, Joan I.a erregina Troyesko apezpikuaren magia beltzak hil zuen (1308-13an sorginkeriaz salatua). Harrezkero, erreginaren mamua Iratiko oihanean bizi omen da, mendeku bila.
  • Ultzama: Elizamendia, Aldaun, Xuxurro eta Urbilaga mendiak omen ziren bilera lekua.
  • Urdazubi: Laburdiko 1609ko sorgin-ehizan, hainbat auziperatuk deklaratu zuten akelarreak Urdazubiko elizan egiten zituztela. Barandiaranen arabera, Alkerdiko bizilagun guztiak sorgintzat jotzen ziren. Akerdin Paleolitoan erabilitako leizeak daude.
  • Ziordia: Bekatu-Larre omen zen akelarre lekua. Herrian 1575-76 eta 1610ko auziak egin ziren.
  • Zugarramurdi: Akelarrenlezea herritik 500 metrora baino ez dago. Berez, sorginak leizeen kanpoaldean dagoen Berroskoberro zelaian egiten omen zituzten bilerak. Herri hau izan zen 1610ean Logroñon egin zen epaiketaren ardatz nagusia. Zazpi lagun erre zituzten eta beste zortzi sinbolikoki, torturapean hil baitzituzten, Zugarramurdiko sorginkeria prozesuan. Egun, Akelarrenlezea udako solstizio jaia ospatzeko erabiltzen da.

Zuberoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Altzai-Altzabehiti-Zunharreta: Arlegiko Kutxian (gurutzea) agertzen omen ziren sorginak. Artegaina ere akelarreak ospatzen omen ziren lekua da. Handik hurbil Ertzagainako karbia (leizea) dago, aspaldi herensuge baten bizilekua omen zena.
  • Sohüta: herri honetako eta Lahuntzako sorginak Maule ondoko zelaian egiten omen zituzten bilerak.

Sorginak Pirinioetako beste zenbait lekutean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egun badago sorginen beste irudi bat, batzuetan nahiko erromantikoa ere.
  • Okzitanian eta Katalunian sorginak Breiches, Brouches edo Bruixes izendatzen zituzten. Bruxons aztiak ziren Aragoian, eta Bruxas deitzen zituzten sorginak.

Euskal Herriko sorginen antzera ere, jazarpen handia pairatu zuten XVII.en eta XVIII.en urtetan, eta haren ondorioz Inkisizioak jende asko hil zuen.

  • Bruixonada deitzen dute era berean kazkabarra erauntsi handiei Kataluniako Pirinioetan, eta sorginek sortutako eta gidatutako ekaitzak direla esaten omen dute, Euskal Herrian bezala. Uste dute era berean kazkabar aleek sorginen marka bat daramatela, eta "sorgin ileak" deitzen dituzte marka hauek.
  • Aragoiako goi ibarretako etxeetan, ohikoa izan da "espantabruxas" delakoak. Tximinien goi partetan kokatzen diren harrizko irudiak ziren, batzuetan giza itxurarekin. Haien betebeharra sorginak etxeetan ez sartzea zen.

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sorgin Aldatu lotura Wikidatan
  • Sorgin-ehiza Berriako artikulu batean.
  • Sorgin garaia Euskal Herrian Euskonews Gazteako artikulu batean.
  • Joseba Aurkenerena: Sorgin mugimendua, herri xehearen matxinada inkontzientea [1]
  • Joseba Aurkenerena: Sorginak eta zapalketa Euskal Herri zaharrean [2]