Souphanouvong
Souphanouvong (Luang Prabang, 1912 - Vientian, 1995) Laosko politikaria izan zen. Errege-familiako kidea, eta Laosko Errepublikako lehen lehendakaria. Ingeniari-ikasketak egin zituen, Frantzian. Laosera itzultzean, 30eko hamarraldiaren bukaeran, mugimendu abertzalean parte hartu zuen. Bigarren Mundu Gerraren bukaeran, berriz, frantsesen aurka borrokatu zen Indotxinako Gerran. Pathet Lao mugimendu nazionalista komunistaren sortzaileetako bat izan zen, 1950ean. Bere anaiorde Souvanna Phoumaren lehendakaritzapean, Plangintza, Berreraikuntza eta Hirigintzako ministro izan zen (1957-1958), baina atxilo hartu zuten gobernua erorarazi zuen estatu-kolpe batean. Ihes egitea lortu zuen, eta handik aurrera Pathet Lao taldearen ekintza armatuen arduradun izan zen. 1962an, denboraldi labur batez, anaiarekin bat egin zuen koalizioko gobernu batean. Gero, baina, Estatu Batuetako gudarostearen laguntza zuen Souvanna Phoumaren gobernu zentralaren aurka borrokatzen jarraitu zuen, hamarraldi oso batez. Bake hitzarmena 1973an gauzatu zen, batasun nazionaleko gobernu bat eratu zenean, Pathet Lao taldearen gidaritzapean. 1975ean monarkia abolitu ondoren, Souphanouvong Laosko Herri Errepublika Demokratikoaren lehen lehendakaria izan zen. 1986an karguaren dimisioa eman zuen, osasun-arazoak argudiatuz, baina Pathet Laon zituen karguei eutsi zien, 1991. urtera arte.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.