Spánverjavígin

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Spánverjavígin (euskaraz, espainiarren sarraskia) Islandian XVII. mendean egindako sarraskia izendatzeko islandierazko esamoldea da. 1615ean Euskal Herriko baleazale batzuk, baleen bila Islandiaraino joanda Vestfirðir eskualdeko biztanleekin tirabirak izan ondoren, islandiarrek erail zituzten. Aditu batzuen ustez, Islandiako historiako sarraski bakarra izan zen[1] baina beste batzuk ez daude ados. Edonola ere, azken sarraskia izan zen.

Vestfirðir eskualdea

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVI. mendearen lehenengo zatian Euskal Herriko baleazaleek Ternuan lehendabiziko aldiz munduko historian bale-industria garatu zuten. Industria honen gune nagusiak Labrador penintsularen hegoaldeko kostaldean zeuden hamar portu izan ziren. Goren aldian, hau da, 1550 eta 1570eko hamarkaden artean, 30 itsasontziko ontziteria osatzen zuten bi mila arrantzale baino gehiagok urtero laurehun balea inguru harrapatzen zituzten. XVII. mendearen hasieran, euskaldunek arrantza-guneak Islandiaraino zabaldu zituzten.

Ipar Atlantikoan Euskal Herriko arrantzaleen lehendabiziko aipamena, berriz, 1412. urtekoa da. Urte hartan islandiarrek diotenez, Grundarfjörðuretik 500 itsas milia mendebaldera Euskal Herriko hogei baleontzi inguru dabiltza.[2] Hain ziren ohikoak herri bien arteko harremanak, pidgin hizkuntza bat ere sortu zuten elkarri ulertzeko, euskara-islandiera izenekoa hain zuzen ere.[3][4][5]

Euskal Herriko baleazaleen sarraskia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1615.a urte latza izan zen Islandian udaren bukaera arte bere kostaldeak izoztuta zeudenez azienda-galera handiak jasan zituztelako. Udaren erdialdera Euskal Herriko hiru itsasontzi baleazale Vestfirðir eskualdeko Reykjarfjörður herrira ailegatu ziren. Islandiarrek eta euskaldunek, aurretik hainbat aldiz egin zuten moduan, akordioa lortu zuten ehizan biek parte hartzeko. Irailaren bukaeran itsasontziak itsasora jotzeko prest zeudela, izugarrizko enbata hasi eta itsasontziak amildegietara bultzatuak izan ziren non hondoratu ziren. Eskifaiaren gehiengoa — laurogei lagun inguru— bizirik atera zen. Pedro Agirre eta Esteban Telleria kapitainek zuzentzen zituzten lagunak Patreksfjörðurko Vatneyri herrixkan eman zuten negua eta hurrengo urtean etxera itzuli ziren. Martin Villafrancakoa zuzendutako eskifaia, berriz, bitan banandu zen: talde batek Ísafjarðardjúp fiordo alderantz jo eta besteak lehendabizikoz Bolungarvíkera eta gero Þingeyrirantz jo zuen. 1615eko urriaren 13an Martin Villafrancakoa, kapitain donostiarra, eta bere taldekideak ziren beste hamazazpi lagun Ísafjarðardjúpeko Æðey eta Sandeyrin herrixketan erail zituzten[1]. Urriaren 5ean eskifaiaren beste zatia Fjallaskagin eraso zuten, 13 hildako izanik. Bat baino ez zen bizirik atera.

Hilketaren erabakia Ísafjarðardjúpeko Ögurreko sheriffa zen Ari Magnússonek 1615eko urria eta 1616ko urtarrilaren artean hartu zuen. Bere itsasontziak urperatu eta gero egindako gaiztakeriak zirela eta, 1281eko islandar kodearen arabera, kriminaltzat eduki eta zigortzeko bide bakarra ahal zuten beste hiltzea zela erabaki zuen.

Jón Jakintsuaren istorioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jón Jakintsuak gertaerarekin kritikoa zen kontaketa idatzi zuen. "Sönn frásaga af spanskra manna skipbrotum og slagi" (euskaraz: "Espainiarren hondoratze eta borroken benetako kontaketa") bere liburuan bertako sheriffaren erabakia gogor gaitzetsi zuen. Jónek bidegabeki erail zituztela adierazi zuen eta sarraskian parte ez hartzeko asmotan, hegoalderantz, Snæfellsnes penintsularantz hain zuzen ere, ihes egin zuen[6].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b   Sigursveinsson, Sigurður, About the slayings of the Spaniards, Snjafjallasetur Heritage Centre, http://www.snjafjallasetur.is/basque.html .
  2.   Kurlansky, Mark (1999), The Basque History of the World, ISBN 0-8027-1349-1 .
  3.   Knörr, Henrike (2007), Basque Fishermen in Iceland Bilingual vocabularies in the 17th and 18th centuries, http://www.euskosare.org/euskara/basque_fishermen_iceland_bilingual_vocabularies_17_18_centuries .
  4.   Deen, Nicolaas Gerard Hendrik (1937), Glossaria duo vasco-islandica .
  5.   Bakker, Peter (1991), Basque Pidgins in Iceland and Canada, Gipuzkoako Foru Aldundia .
  6. (Ingelesez)(Islandieraz)  Eddurit Jóns Guðmundssonar lærða, http://www3.hi.is/pub/sam/eddurit.html .