Stan Getz

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu


Stanley Gayetzky, ezagunagoa Stan Getz edo soilik Stan gisa (Filadelfia, 1927 - Los Angeles, 1991), estatubatuar saxofoi-jotzailea izan zen.

Stanley Getz jazzaren historiako saxofoi-jotzailerik handienetakoa izan zen, eta eragina izan du, jazzean ez ezik, pop musikan ere.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errusiar etorkinen semea zen. Oso gazterik hasi zen saxoa jotzen, eta 1943. urterako profesional gisa jotzen zuen New Yorken. Harrezkero, garrantzi handiko bandetan jo zuen, besteak beste, Jimmy Dorsey eta Benny Goodmanen taldeetan.

40ko hamarraldiaren amaieran, bakarka hasi zen diskoak grabatzen. 1950ean, zenbait talderekin jotzen jardun ondoren, Verve etxearentzat hasi zen lanean, eta Lionel Hampton edo Dizzy Gillespieren mailara iritsi zen. Gillespierekin grabatu zuen, hain zuzen ere, Diz And Getz, bere disko ezagunenetako bat.

1956an The Steamer argitaratu zuen, eta handik bi urtera, Europara aldatu zen. Stanley Getzen karreraren bigarren aldia hasi zen orduan, Desafinado diskoarekin (1962). Bigarren aldi horretan, Bossa Novaren bideari ekin zion, urte hartan bertan egin zuen Jazz Samba lanak erakusten duenez. Disko harekin arrakasta handia lortu zuen, eta handik bi urtera, 1964an, beste disko bikain bat grabatu zuen: Getz-Gilberto.

70eko hamarraldian hainbat jazz-jotzailerekin elkarlanean jardun zuen, Chick Corearekin, besteak beste; hala ere, tarteka bakarkako diskoak argitaratu zituen, adibidez, zuzeneko diskoa 1977an eta The Dolphin 1981ean.

80ko hamarraldiaren amaieran minbizia diagnostikatu zioten, baina ez zuen musika alde batera utzi, alderantziz baizik. 1990ean Apasionado grabatu zuen, bere saxoaren doinu epel eta intimoa nabarmen ageri duena, eta ondoren Anniversary (1990) eta Serenity (1991).

Hil ondoren argitaratu zen bere azken diskoa, People Time, 1991ko ekainean.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Stan Getz Aldatu lotura Wikidatan


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]